Ainara Gorostitzu Mujika: "Informazioa eta galbahea emango ditugu, ez errezetak"

  • Hik Hasi pedagogia aldizkaritik sortu da Hazi Hezi hiruhilabetekaria, umeen etxekoei zuzenduta. Bere arduradunarekin mintzatu gara aldizkari honek beteko duen hutsuneaz, landuko dituen baloreez eta hazkuntzarako dauden kezkez.

Zein gurasori zuzenduta dago Hazi Hezi?

Guretzat garrantzitsua da zehaztea ez dela “gurasoentzako”. Sinesten dugu umeak haztea ez dela gurasoen ardura esklusiboa. Ez gurasoena eta ez eskolarena. Ardurak zabalagoa izan beharko luke, nahiz eta geroz eta zailagoa den gaurko gizartean. Etxeko komunitatearentzako da aldizkari hau, aiton-amonentzako, izeba-osabentzako eta gurasoentzako, noski. Baina pentsa amarentzako aldatu baldin bada heziketa eredua, aiton-amonentzako zenbat aldatu den! Bai eurak hezi zituztenekoa eta bai beraiek hezi zutenekoa. Beraiek ere eskatzen dute tresnaren bat: “Umeak negarra egiten duenean ez dakit besotan hartu behar dudan, dependentzia ari naizen sortzen ume horri edo autonomia ematen ari naizen”. Tresna bat eskaini nahi diegu, izan dezaten informazioa gero beraiek erabakitzeko.

Eta zer gurasorentzat? Bada kezka daukaten guraso denentzat. Eredu aldaketa handia eman da, eta egun guraso direnei beren gurasoengandik jasotako ereduak ez die balio. Askoren kasuan beren ama etxean zegoelako, edo aiten kasuan nabarmena da gaur egun aitek aktiboki parte hartu nahi dutela euren seme-alabak hazten eta euren aitaren kasuan agian ez zen hala izan. Guk eredu batzuk planteatu nahi ditugu, zeren Joxe Amiama psikologoak zioen bezala, guraso horiek badakite zer eredu ez duten jarraitu nahi (autoritarioa izan delako, permisiboegia izan delako, ausentzia izan delako...), baina ez dakite zer eredu jarraitu. Eredu bila dabiltzan horientzako ere bada Hazi Hezi. Galdera horiek erantzuten saiatuko gara atzean daukagun profesional taldearen bidez. Eta bestalde, oso irmoki sinesten dugun zenbait gauza ere zalantzan jarri nahi dugu. Kritiko izan; “betidanik horrela izan da eta umeak negar egin behar du”, a bai? Kezka daukan guraso horiei dago zuzenduta. Nik sinesten dut, beraz, deneri dagoela zuzenduta. Parkeko eta bulegoetako soziologia eginda, hori da ikusten dena: gurasoak ez dira utziak, lehentasun handia ematen diote umeen hazierari. Nabarmena da.

Hamazazpi urte daramatza Hik Hasik pedagogia lantzen. Zer hutsune betetzera dator Hazi Hezi, zergatik beste aldizkari bat?

Hik Hasin betidanik egon den nahia izan da. Irakasleek euskarazko gero eta material eta formazio gehiago izanik eskura, aldizkaria, topaketak... hutsunea gero eta nabarmenagoa zen. Gurasoek gero eta gehiago eskatzen zieten irakasleei, “ez dakit nora jo”. Irakasleek beraiek ekarri dute kezka hona, “behar da, eskolak baditu tresnak, baina gurasoek ere behar dituzte”. Bi sistema dira, baina helburua bera da, helburua umea da, ume horren zoriontasuna, premiak asetzea eta heziketa. Helburu hori lortzeko guraso eta irakasleen bideek paraleloak izan behar dute.

Eta euskaraz, zer esanik ez! Guraso.com webgunea oso ondo dago, eta herrietan argitalpenak badira, baina zabalpen orokorreko aldizkaririk ez dago. Erderaz mordoa dago, gaztelaniaz kontserbadoreenetik hasita beste muturreraino badira dozenatik gora aldizkari. Euskaraz hutsune nabarmena dago ordea, eta ez euskaraz bakarrik, Euskal Herrian pentsatutakorik ere ez dago. Ez da alferrik egon hemen urtetan tradizio bat, etxetik datorren heziketa eredu bat, eta adituek esaten dute gauzak oso ondo egin direla, ekintzailetza eta segurtasuna etxetik jaso ditugula, eta aldiz afektibitate gutxi xamar jaso dugula... Tradizio horretatik abiatuta, nazioartetik jasotzen ditugun korronte berriekiko galbahea edukitzea beharrezkoa da.

Zein eduki eta zer autore jarraituko dituzue?

Aldizkari bakoitzean adin tarte denak lantzea da gure helburua. Inguruan jaioberri bat edo berdin 6 urteko ume bat duenak alero izan dezala adin horretarako gairen bat irakurgai. Heziketa integrala landuko dugu, fisikoa, psikologikoa, afektiboa, emozionala... Horiei denei erantzuten laguntzeko tresna da Hazi Hezi. Gure erreferente nagusia dira Hik Hasin 17 urtean parte hartu izan duen talde profesionala: irakasleak, psikopedagogoak, eta Hazi Hezirako gehitu ditugun alorretakoak, emaginak, pediatrak eta homeopatak, osteopatak, sexologoak... Lantalde zabala dugu inguruan eta kazetariok kanala gara.

Maila teorikoan Euskal Herrian jende asko dago oso kontuan hartzekoa, HUHEZI Hazitegin egiten ari den lana esaterako, Rafael Cristobal, Alfredo Hoyuelos, Alex Barandiaran, Joxe Ramon Mauduit... Ez dira ezagutzen eta entzutekoak dira! Eta guretzat beste alor oso garrantzitsua arituak dira: gurasoak, aiton-amonak... Kalera atera eta eurek dituzten kezka errealak eta ematen dituzten soluzio errealak jaso nahi ditugu, zeren askotan joaten zara pediatrarengana adibidez, eta berak duen ikuspegia eta gurasoek dutena oso desberdina da. “Amaren bakardadea” gaiarekin, adibidez, beldurtuta geratu nintzen, hainbeste amari kontatzen entzun nienean; profesionalek deskribatzen dizute, baina oso modu diferentean.

Tresna izango da, baina ez errezeta sorta bat.

Errezeta sorta mordoa dago argitalpenetan, eta batez ere Interneten. Guk garbi dugu ez diogula esango ez guraso bati eta ez aitona edo amona bati zer egin behar duen. Egoera bakoitzean umeen beharrak zein diren azaltzen saiatuko gara profesionalen bidez, eta informazio horren arabera irakurleak kritikotasuna, askatasuna eta segurtasuna edukiko ditu zer egin erabakitzeko.

Gure oinarria da informazioa eta galbahea ematea, ez errezetak. Errezetak doktrina bihurtzen dira, eta gainera kontraesankorrak: “besotan hartzeak dependentzia sortzen du”, eta hurrengo webgunean irakurtzen duzu “besotan hartzen ez baduzu umeari esaten ari zara hor ez zaudela”. Errezetak doktrina bihurtzeak menpekotasuna eragin dezake gurasoengan, ez dauka askatasunik erabakitzeko. Garrantzitsua da kriterioa edukitzea, eta ez errezetak.

Gizarte eredu bakoitzak haurtzaro eta gurasotasun mota bat bultzatzen du. Hazi Hezik zer balore jorratuko ditu? Zer gizarte eredurako hazia?

Umeen premiak aseko dituen eredua. Gonbidatuko ditugu helduak umeen beharrak zein diren ulertzen saiatzera. Kulturalki, teknologikoki, ekonomikoki eraldatzen ari den gizarte honetan, kritikotasunez erabakitzeko gai izango den pertsona sortzen lagunduko duen eredua izan da Hik Hasirena, eta da Hazi Hezirena. Pertsona autonomo, solidario, kritiko eta zoriontsuak hazten lagundu nahi dugu. Gauzak hainbeste aldatzen ari diren honetan, norberaren segurtasuna, kriterioa eta horrek ematen dizun askatasuna bultzatuko duen jendarte eredua nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa da ume horien bueltan dabilen heldua, izan guraso, aiton-amona, edo eskola, bidelagun izatea eta balore horietan norabide berean joatea.

Helburu horiek lortzeko zein dira mugak gaurko bizimoduan eta sisteman?

Hazi Heziko lantaldeko adituek esaten dute inoiz baino zailagoa dela guraso izatea eta inoiz baino zailagoa dela ume izatea. Aditu hauek azaltzen dutenez, ume bat edo bi egoten dira etxean, lau hilabeterekin haurreskolara doaz asko eta profesionalek dituzten baliabideak izanda, ez da erraza haurren oinarrizko beharrak asebeteta edukitzea. Gauzak dauden bezala egonda, etxetik kanpo lan egiteak ekartzen dizu sozialki ez baztertuta egotea, eta etxetik kanpo lan egin eta ama izatea ez da erraza. Gaurko kaleak ere ez du zerikusirik, herri batzuetan oraindik umeak euren kasa dabiltza kalean, baina beste herri askotan ez. Leku askotan ez dira umeak bizilagunen etxeetan egoten. Orain asko jartzen da zalantzan lehen planteatu ere egiten ez ziren kontuak, eta gehien entzuten den galdera da “ondo egiten ari naiz?”. Hainbeste aldaketen eta zalantzaren erdian, gure aditu taldeko kideek esaten dute guraso asko gauzak oso ongi ari direla egiten. Mitoa dela esatea gaurko gurasoek ez dutela euren seme-alabengan pentsatzen. Gaurko gurasoek ere onena nahi dute euren umeentzat. Hori esatea beharrezkoa da, eta kroniken atal bat daukagu hori nabarmentzeko, “ongi ari gara gauzak egiten”. Uste dut gurasoek baieztapen hori behar dutela.

Haziera tripak nahasten dizkigun gaia izanik, lehen aldizkariarekin erreakzioak jaso dituzue?

Orokorrean, profesionalek oso eskuzabal hartu dute proiektua, “bazen garaia!” esan digute. Irakurleen aldetik ere erantzun positiboa jaso dugu eta horrek erakusten du Euskal Herriko gurasoen artean badagoela kezka eta gaiarekiko ardura


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude