"EiTBk eta bere politika prebentiboak kalte handia egin diote euskal kulturari"

  • Musika aditu gisa ibilbide luzea egin du Pedro Elias Igartuak, Bilboko Herri Irratian lehen urratsak eman zituenetik. Aspaldion Soinugela irratsaioa eskaintzen du astero Bilbo Hirian. Aldizkari espezializatuetan (Muscaria, El Tubo) eta eguneroko prentsan (Deia, Egin, Gara) artikulu ugari idatzi du, gehienak gaztelaniaz, 40 urte zituela euskaldundu baitzen.

"Jendeak uste du gaur egun ez dagoela zentsurarik, baina ereduak hor daude. ETBn musika saiorik ez egotea, Espainiako telebistetan euskal musikaririk ez agertzea, horiek ere zentsura dira".

Musika zaletasuna nondik datorkizu? Musikari izateko tentaziorik izan al duzu inoiz?

Gitarra jotzen dut, baina ez oso ondo, niretzat besterik ez. Ni, sukaldaria baino, gourmeta naiz. Txikitandik dut gustuko musika. Ikasketei dagokienez, Filologia Ingelesa ikasi nuen, eta rock and rolla ingelesez izanik, maite nuen testuinguru horretan murgiltzea. Egun musika mota guztiak ditut gustuko. Musika edota kantagintza bere testuinguruan ulertzen saiatu naiz beti, zein gizartetan edota zein unetan sortu den kokatzen, zein jendarteri begira azaldu den jakiten.

Musika eta Zentsura hitzaldia prestatzeko zein irizpideri heldu diozu? Musika arriskutsua da?

Izan daiteke, antza, musika edota musikarien lana. Zentsorearen figura historia bezain zaharra da, erromatarren garaitik ezagutzen da. Zentzura edota zentsuratzeko tentazioa beti izan da eta izango da.

Gaur egun ere bai.

Erlijioa eta kantagintza edo dantzarako musika, esate batera, beti izan dira konfliktoan. Herrialde arabiarretan, adibidez, kantariek izugarrizko arazoak izan dituzte azken bizpahiru hamarkadetan. Aljerian zentsuratu ez ezik, hil ere egin dituzte kantariak. Ezagunena Cheb Hasniren kasua dugu. Horregatik, herrialde horretako kantari asko Frantzian bizi da, ezin dute haien herrira itzuli. Sudanen eta Somalian ere arazo larriak dituzte. Maryan Mursan Somaliako kantari handiak seme-alabekin erbesteratu egin behar izan zuen, urtebete eman zuen ihesian. Hilko zuten bestela. Maliko estatu kolpea dela eta, irakurri dut Al Qaedakoen sokako tuaregek debekatu egin dutela telebista ikustea, futbolean aritzea, musika erlijiosoa ez den oro entzutea.

Botereak zentsuratzen du beti.

Botererik ez duenak ezin du ezer zentsuratu. Gobernu baten eskutik hel daiteke, edota poliziaren bidetik, edota hedabideren bateko zuzendariren baten eskutik. Zentsura mota askotakoa izan daiteke. Zentsurak beti aurkitu du bidea, eta euskal kantagintzan agerikoa izan da.

Frankismoaz ari zara?

Ordukoa oso nabaria zen. Bada liburu bat Frankismo garaiko zentsura aztertzen duena, Xavier Valiño galiziarrak gaztelaniaz idatzia: Veneno en dosis camufladas: La censura en los discos de pop-rock durante el franquismo. (Milenio). Francoren garaiko zentsore baten baimena lortutako disko bati buruz esandakoa da, hain zuzen, izenburua. Pozoia dosi ikusezinetan. Garai haietan Euskal Herrian zenbait disko Iparraldean argitaratu behar izan ziren, Hegoaldean ezinezkoa zelako. Imanolek eta Mikel Laboak, adibidez. Eta zer esan Michel Labeguerie kantagintza garaikidearen aitari buruz. 1961ean argitaratutako bere diskoa debekatu egin zuten Hegoaldean, azalean ikurriña agertzen zelako.

Ez zegoen logika handirik zentsuratzeko orduan, kantu batzuk ezin ziren irratietan jarri, beste batzuk ezin ziren grabatu, eta beste batzuk ezin ziren zuzenean jo. Oso arbitrarioa eta zentzugabea izaten da zentsura. Benito Lertxundik Lourdes Iriondoren hitzekin egindako Detroit 67 abestia debekatu egin zuten. Lertxundik, hala ere, gogo handia zuen abesti hura kantatzeko eta izena aldatu zion, Kantu beltza deitu zion bigarrengoan. Eta baimendu egin zuten.

Egun bada zentsurarik euskal kulturari dagokionez? Autozentsura, agian?

Zentsurak aurpegi ugari du. ETB1en, adibidez, ezer gutxi ematen da kulturaz. Azken 30 urteotan, kulturari buruzko saioak salbuespenak izan dira, eta arazoak izan dira beti. Gauzak horrela, gure musikariek ez dute tokirik ETBn. Ez dute errespeturik. EiTBk kalte handia egin dio euskal kulturari. Politika prebentiboa da hori: kultur saiorik ez badago, ez dago zentsura aplikatu beharrik.

Kafe Antzokia zabaldu zenean, euskal talde askoren areto bakarra bilakatu zen. Gaur egun ere, euskal talde askok ez du leku guztietan aritzeko erraztasunik. Ruper Ordorika behin besterik ez da izan Barakaldo Antzokian, hark esanda, eta urteak darama kontzertuak eskaintzen. Hori ere zentsura da, euskal taldeek zenbait tokitan duten agerpen eskasa, nahiz eta, aipatu dudan tokia udal antzokia izan. Guztien diruz egindako gauzek guztientzat behar dute izan.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak ere zentsuratzen al dute Kafe Antzokia?

Jeltzaleak ez dira inoiz eroso sentitu kulturako jendearekin, eskuineko alderdi gehienetan gertatzen den bezala, kultura ez da euren mundua, salbuespenak salbuespen. Euren jendea bakarrik axola zaie. Eta zein da euren jendea? Merkatariak. Artearen eta diruaren artean aukeratzekotan, negozioaren alde egingo dute beti. Esan bezala, eskuineko alderdi guztiez ari naiz.

Musikaren norabidea markatuta dago. Batzuen mesederako?

Musika-industria krisi latzak jota dago, eta orain, diskorik saldu ezean, zuzeneko saioak egitea besterik ez zaie geratzen talde gehienei. Telebistan agertzea garantzitsua da. Zaila da esatea musikariek zein neurritan autozentsuratu duten beren lana. Oskorriren Gora eta gora beti abestia hartzen badugu, “Gora Lapurdi” esaten da. Gabriel Arestik –berak idatzia baita– “Gora Euskadi” idatzi zuen hasiera batean eta gero eufemismoa erabiltzea erabaki zuen, Frankismo garai hartan, debekua saihesteko. Zentsuraren kontra bideak zabaldu dira, eta herriek, areago Euskal Herriak, debekuen aurrean erreakzionatzen ere ikasi du.

Sarea uste bezain askea da?

Debekuak izan badira, Txinan adibidez. Hemen ere, sabotajea egin zaie euskal kulturaren inguruko zenbait guneri. Jendeak uste du gaur egun ez dagoela zentsurarik, baina ereduak hor daude. ETBn musika saiorik ez egotea, Espainiako telebistetan euskal musikaririk ez agertzea, horiek ere zentsura dira. n


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude