Artzain gabeko ardiak bezalaxe?

  • Gaztelak erresuma konkistatu ostean, eztabaida itzela izan zen Gorteek Nafarroako bizitza politikoan izan beharreko parte-hartzeaz. Baziren defendatzen zutenak erregeren gainetik behar zutela Gorteek, eta iraganera jo zuten horretarako: erresuma erregerik gabe gobernatua izan zen interregno-aren bila.

Vianako Printzeak bere Kronikan (1455) dio nafarrak
Vianako Printzeak bere Kronikan (1455) dio nafarrak "artzain gabeko ardiak bezalaxe" ibili zirela Erresumaren hasmentan, erregea hil ondoan oinordekorik ez zutelako aurkitzen. Goian, José Morenok 1881ean egindako Printzearen potreta.

Konkistaren ondoren Gaztelak Nafarroako erresumako erakundeak eta legeak errespetatu zituelako mitoak onespen handia izan du zenbait historialariren artean. Konkista prozesua latza izan zela onartuta ere, Nafarroak ustez geroago izan zuen estatusa baliatu dute historialari navarrista anitzek, azken buruan Espainiarekin bat egitera behartua izana onuragarria izan zela defendatzeko.
Historia, ordea, konplexuagoa da. Izan ere, Nafarroako estatusa eztabaidagai izan zen XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, eta denbora luze horretan gertatu ziren gatazka eta debateetan ez da zaila ikustea Nafarroan eta Gaztelan arrunt ikuspegi diferenteak zirela, erresuma konkistatu berriaren egoerari zegokionez. Eta ez da luze esperatu beharrik: konkista akitu eta gutira hasi baitziren zenbait idazle nafar historiografia berritzen, egoera berriari buru egiteko asmoz. Izan ere, berriki Fernando Mikelarena historialariak aldarrikatu duen bezala, izan baitzen bizitza 1521. urtetik aitzina.

Hain zuten ongi gobernatu, ezen ez baitzuten erregeren beharrik izan

Vianako Printzeak 1453-1455 urteetan prestarazi zuen bere Kronika, artean Nafarroa independente zelarik. Printzeak helburu bakarra izan zuen testu hura idatzarazteko: errege bihurtzeko bere eskubidea aldarrikatu nahi zuen, Juan II.aren aitzinean. Kronikako narrazioan, beraz, dena da errege zilegien gorazarre, eta usurpatzaileen gaitzespen. Erregea baita, Vianako Printzearen ikusmoldean, piezarik ezinbestekoena Nafarroako arkitektura politikoan. Erresumaren hasmentan nolakoa zen kontatzen ari delarik, Printzeak aipatzen du nafarrak erregerik gabe ibili zirela denboraldi batez, erregea oinordekorik gabe hil ondoan: eginahal guziak egin arren, garai hartan “artzain gabeko ardiak bezalaxe” ibili ziren nafarrak.

Ikusmolde hori nabarmenki aldatu zen konkistaren ondorengo lehen urteetan. 1534 inguruan idatzitako Kronikan, Diego Ramirez Avalos de la Piscina historialariak ere, Vianako Printzearen antzera, interregno baten berri emanen digu. Oraingo honetan, ordea, erregeak, hil baino lehen, erresumako jaun gorenak deitu eta hamabi nobleri eman zien erresuma gobernatzeko agindua. Eta horrela, dio Avalosek, hamabi noble horiek “hain zuten ongi gobernatu, ezen ez baitzuten erregeren beharrik izan”. Are gehiago, haien autoritatea hain zen handia, ezen, “lege eta foruaren arabera, gaurdaino izan duten lehentasuna erregeren eta haren kontseiluaren gainetik”.

Avalos de la Piscina ez zen interesik gabeko antigoaleko kontuak aztertzen ari. Zuzen-zuzenean Nafarroako egoera berriaz ari zen: testuko hamabi nobleak XVI. mendeko Gorteak ziren, erregeren eta haren boterea defendatzen zuen Errege Kontseiluaren gainean zeudenak. Erregeak, alegia, ezin zuen legerik eman Gorteen iritzia aintzat hartu gabe –Gaztelan egiten zuen bezala–: Gorteen boza aditu beharra zeukan. Horra Avalosen mezua. Haren Kronikan, artzainik gabeko ardiak izatetik erregeren beharrik ere ez izatera pasatuak ziren nafarrak: iraganari begirada berria botaz, oraina berrasmatu nahian zebilen Avalos de la Piscina.

Ez baita erresumarik gabeko legerik, ezta legerik gabeko erresumarik ere...

Horrela, esaldi horrekin, eskatu zioten Gorteek Carlos I.ari Fuero reducido delakoa onar zezan, 1530ean. Fuero reducido hura –Foru batua izan liteke itzulpen egokia– osatzearena konkista aitzineko proiektua bazen ere, konkista gertatu eta gero gauzatu zen. Bertan, Erdi Aroko Foru orokorra eguneratu egin zuten, “gauza berririk gaineratu gabe”, edo hala adierazi zuten Gorteek behinik behin.
Foru batua dantzan ibili zen XVI. mendean, baina ez Carlos I.ak ez Felipe II.ak, Nafarroako erakundeak hainbeste maite eta errespetatzen zituzten haiek, ez zuten inoiz onartu nahi izan. Erabil dezatela nahi badute, baina hobe onespenik ez ematea, izan zen Gaztelako Kontseiluaren aholkua.

Eta, egia erran, Gorteek kontrakoa adierazi arren, Foru batuan bazen gauza berririk. Bitxikeria hau, kasu. Erdi Aroko Foru orokorreko sarrerak honela zioen: “Hasmentan, Foruak ezarri zuen Espainian erregea nola hautatu behar zen...”; proposaturiko Foru batuan, ordea, esaldi hori honela zegoen idatzia: “Hasmentan, Foruak ezarri zuen Nafarroan erregea nola hautatu behar zen...” Foru batuan ere, iragana berridazten ari ziren, orainari hobeki aurre egiteko.

Ordenantzetatik Sindikoen legeetara

Edonola ere, Gaztelatik ere saiatu ziren Nafarroako historiografia eta historia legala komeni zitzaien ikuspuntutik berridazten. Foru batua bazterturik baina legeak beharrezkoak zirela ikusita, Errege Kontseiluak bere lege bilduma bultzatu zuen. Emaitza Ordenantza zaharrak izeneko liburua izan zen, Pedro Balanza eta Pedro Pasquier abokatuek prestatua eta 1557an argitaratua. Bertan, mota guztietako legeak agertzen zaizkigu, erregeak berak emanak dira batzuk, eta erregeak Gorteekin batera adostuak, beste batzuk. Baina ez dira berdin-berdinak denak. Erregeak ezarritakoak lehen liburuan daude bilduak; Gorteen parte-hartzea izan zutenak, berriz, bigarrenean. Lehenbizikoen testua hitzez hitz dago kopiatua; bigarrenena, aldiz, laburbildua dago. Nabardurak dira, ia-ia oharkabean hierarkia txiki bat markatzen dutenak bi lege klaseen artean.

Bestalde, Pasquierrek erregeari egotziko dio erresumako ilustrazio legalaren meritu guztia. Antzinako garaiez geroztik, trebeak izan dira nafarrak mairuen kontrako borrokan, idatziko zuen Pasquierrek 1567an, baina ez dute inolako jakin-minik izan beren lege, foru eta ordenantzak bildu eta inprimarazteko. Ondorioa garbia zen: Erregearen aginduari eta Pasquierren lanari esker, legerik gabeko denbora basa hura finitua zen. Konkistak, hitz batean, ilustrazioa ekarri zuen Nafarroara.

Gorteek ez zuten inoiz Balanzaren eta Pasquierren lege bilduma onartu –nahiz eta, praktikan, erabili egin zuten–, baina XVII. mendera arte ez zuten lortu beren ustez egokia zen bilduma argitaratzea. Gorteetako bi “funtzionariok”, Pedro de Sada eta Miguel de Murillo sindikoek, prestatu zuten 1614an. Bilduma hark ez zekarren Gorteen parte-hartzerik gabeko legerik, eta, sarrerako lehen lerrotik beretik, Sadak eta Murillok Pasquierrek egindako interpretazio historikoa zuzendu zuten: “Nafarroan, gobernu onerako legeak egiteko ardura, hauek ongi administra ditzaten erregeak hautatzeko ardura bezain zaharra izan da beti”.

Eztabaida amaiezina eta amaigabea

XVI. mendearen hasmentan, konkistaren ondoren, “integrazio” kontzeptupean espazio zabala hedatu zen, borroka-gune bihurtu zena. Ez da egia Gaztelak Nafarroako erakundeak errespetatu edota bultzatu zituenik. Monarkiaren aldetik halako tolerantzia sumatzen zen, bakea mantentze aldera, baina horrek ez du erran nahi konkistatzailearen eta konkistatuaren arteko harremana ona edo gatazkarik gabea izan zenik.

Konkista gertatu bezain fite, nonahi kausitzen ditugun zantzuek argi erakusten dute Nafarroan abian zela historia berrikuste eta berridazte prozesu bat, egoera berrian erresumak ahalik eta independenteen –edo ahalik eta autonomoen– segi zezan. Baina historiaren begi berriekin idazte hori modu polemikoan gertatu zen, Gaztelatik –eta, zenbaitetan, Aragoitik– heldu ziren bertsioekin borrokan. Avalos de la Piscinaren Kronika aipatu dugu hemen, baina historiografia XVII. mendean loratu zen benetan, kanpoan osaturiko kondairekin solas amaigabean. Foru batua eta lege bildumak aipatu ditugu, baina erregeak uko egin zion lehenbizikoa onartzeari, eta foruen kontrako erasoak behin eta berriz gertatu ziren.

Nafarroaren integrazio zoriontsuarena fikzioa izan zen, baina, neurri batean, nafarrek berek asmatutako fikzioa, erresumarako hain onuragarriak ez ziren bestelako fikzio batzuei arrapostua emateko. Garai hartako perspektiba (nahita) ahantzita, fikzio horren zer-nolako erabilera egin duten XX eta XXI. mendeetako navarristek beste kontu bat da, beste momentu batean kontatu beharrekoa.


ASTEKARIA
2012ko uztailaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude