Hilberri den organo-emaile baten organoak egun batzuk mantendu daitezkeen bezala, ama-zelulen kasuan zer gertatzen da, pertsonaren heriotzarekin batera hiltzen dira ala aukera dago egun batzuetan mantentzeko eta transplanteetan, adibidez, erabiltzeko?
Zenbait ikertzaile frantziarrek frogatu berri dute helduen ama zelulek egun batzuetan irauten dutela heriotza gertatu ondoren. Ikerketarako bide berriak zabaltzen ditu horrek.
CNRSko ikerlarien arabera, giza muskuluetako ama zelulek hamazazpi egun iraun ditzakete heriotzaren ondoren; saguen orno-muinetako ama zelulek, lau egun. Heriotzaren ondoren ama zelulak “lotan” geratzen direnez, ez dute energia askorik behar izaten irauteko, eta berriro ingurune energetiko batera igarotzen direnean berehala hasten dira biderkatzen. Portaera horrek erabilera terapeutiko garrantzitsuak izan ditzake.