Urrutiko sagarrak hamalau…

Bazen, ez aspaldi, urtero sagar uzta oparoa jasotzen zuen jaun bat. Egundoko mauka zeukan sagasti hari esker! Bere bezeroak zorioneko ziren zapore, usain eta itxura hain zoragarriko sagar ale bikain haiekin. Sagarren ospea hedatu ahala, gero eta bezero gehiago zuen jaun hark, eta denak ase asmoz, auzotar batek gomendatutako ongarria nahastu zion sagastiko lurrari: tentuz eta xamurki zopizartu aurrena, hondeatu, oxigenatzeko denbora utzi eta ongarria lurrari nahasturik, dena prest utzi zuen.  

Uzta bildu orduko konturatu zen Jauna, urte hartan, zerbait bazela ezohikoa bere sagar aleetan. Biltegian xomorroak agertu ziren eta ale ustelak ugaltzen zihoazen. Horregatik, ahalik eta azkarren saldu eta irabaziak ziurtatzea erabaki zuen. Aisa lortu zuen! Puntako prezioan hartu zizkion erostun talde batek.

Erostun berriak ere laster konturatu ziren, itxura aparteko sagar haiek eta inguruko denak usteltzen hasi zirela. Zer egin? Denak pila handian erabat nahasturik zeuden; ezinezkoa zen banaka-banaka banantzea, hainbeste tona...

Ia neuronak eta euronak agortu arte pentsatzen aritu ondoren, urruntxoagoko herrietako sagarrekin batera pilatzea zatekeela hoberena pentsatu zuten, bestela uzta osorik galtzeak egundoko porrota zekarkielako... Baina beste herrietakoekin batzean, orduan eta azkarrago hasi ziren denak usteltzen. Bazirudien xomorroz eta xixarez egindakoak zirela haien barrunbeak...

Irtenbide bila egun dezente gautu eta gero, azkenean, euren sagar pila erraldoia beste estatu bateko patata ekoizleen uztarekin batzea adostu zuten. Sagarra eta lursagarra ongi konpon zitezkeen.

Noski, sagar jabeen artean osaturiko komisio batek egundokoak eta bi egin behar izan zituen patata ekoizle fidakaitz haiek beren nahietara lotu zitezen. Baina, azkenean, hain irtenbide ona eta negozio hobea xamurki eta marketin bitarteko modernoenez begien aurrean jarri zietenean, liluratuta, aho zabalik, balizko aberastasunaren kitzikadurak sortu lerdea lehortzeko mukizapia eskuetan... Bai! Esan zuten denek batera.

Usteltzeak baina, mugarik gabeko neurriak eta abiadura hartu zituen. Gero eta gehiagok zeukaten ustela eskuartean. Orduan otu zitzaien, bazirela bada euren aldean irabazi apalak baina ziurrak lortzen zituzten ekoizleak eta, gainera, haien produktua, zalantzarik gabe, askoz hobeto babesturik zegoen ustelari aurre egiteko! Geruza geruzaren gainean, kipulak ez zion ustelari zirrikiturik utziko eta han amaituko zen egoera nardagarri hura.

Txalo zaparrada luuuze batez amaitu zen akordioa; cavarik garestienaz egin zuten topa! Haren aparrak eta lurrunak mendean hartu zuen ipar haizeak kontinentearen beste puntatik zekarren ustel jarioa. Baina, ez zuen askorik iraun gure ekoizleen usain berriak. Topak, berehala egin zuen topo, aspalditxoan hain hurbileko zuten kiratsarekin. Oraingoan gainera, gas negar eragile baten efektu bera izan zuen: denak hasi ziren kipula saldustel (saldu nahiz salda ustel) lurrinarekin negarrez. Ez zekiten zerk eragiten zien malko jario hura baina, denak ari ziren kontu bera gai eta ardatz zuten harekin elkarrizketa amaiezinetan. Hobeto esan hitz-aspertuetan!

Eta honela, ustel usainak putreak legez, politikoak hurbildu zitzaizkien dena konpontzera... Inork dirua bikoiztu nahi bazuen, mugitzeko, zioen sermoian, bele abadeak ere... Horrelaxe sortu zuten Europako Bankua!
    
P. S. Olerki amandreak, bat-batean, sehaska kulunken erritmo eta neurriz, ilobak lokartzeko erditutako ipuina! n
 


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude