"Nork ordainduko ditu industria kimikoaren sarraskiak?"

  • Elkarrizketa irakurri aurre eta osterako aholkua: irten leihora eta hartu arnasa.

Eric Gueret
Eric GueretDani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pestizidak erein dituzten laborariak minbiziak jasaten ari dira. Alta, inork ez du deus esaten, denak berdin jarraitzen du.

Laboraria diskretua da izatez, minarekiko erresistentea, nekez kexatu eta bere zilborrari buruz oso gutxi mintzo dena. Isiltasun horri zinezko pudorea eta besteen begiradaren beldurra nahasten zaizkio. “Gaixo bagaude gure afera da”. Herri txiki eta landaguneetan denek erreparatzen diote elkarri, denek dakite denen berri, eta ez da samurra gaixotasuna onartzea. Berez gaixotasuna asumitzea zaila bada pentsa zer den sistema osoa zalantzan jarri eta gaixotasuna eta pestizidak lotuta daudela salatzea. Sistema hankaz gora jartzeko izuz bizi dira, kimikaren zepoan harrapatuta, oso nekeza baita laborantza intentsibotik ateratzea. Jende horri, 50eko hamarkadan, gizateria elikatzeko misioa eman zitzaion, gosetearen aurkako salbatzaileak ziren, eta gaur bazter utzi ezin duten sistema batean preso daude, kutsatzaile etiketa bizkarrean, azken ileraino zorpetuta, eta aro kimikoaren aurretik gauzak nola egiten ziren ahaztuta. Hala, psikologikoki erosoagoa da itota dauzkan sistema defendatzea berau hilgarria izan arren, orain arteko norbere lana eta existentzia dudan jartzea baino. Dena kolokan ezartzea zepotik irteteko ezintasuna onartzea litzateke. Hori gutxi ez eta kimikaren firma erraldoi bati aurre egin beharrak edonor kikiltzen du, eta gehie-gehienek nahiago dute gaixotasuna isilpean eraman edo ahopeka hil, ur handi arre horietan murgiltzea baino. Amorragarria da baina sistema guztia kimikaren industriaren esku dago.

Filmeko laborari batek dio ez duela berak landatutako tipularik jaten.

Etengabeko min baten isla da, uneoroko kalbario batena. Gizateria asetzeko misioan dena eman, eta 50 urte geroago kutsatzailetzat zauzkatenean, kontsumitzaileak eta lurra hiltzea egozten dizutenean, eta zure burua suntsitu eta zure bilobak arriskuan jartzen dituzula deskubritzean, nola biziko zara lasai? Mutu dauden askok ez dute arazoa begiz begi ikusi nahi, nahiago dute problemarik ez dagoela pentsatu. Zepoak samina eta sumina dakartza. Errua irensteak ez dizu beti aitzina egiten laguntzen. “Hiltzeko egiten dugu lan” esango dizu batek, bere tipularik ez duela jan nahi besteak. Zer balio du bere partaide behinenak hil eta asetzen ez dituen sistemak? Eta sistema hori gezur hutsean oinarrituta badago? Laborantza kimikoak gizateria elikatzeko balio izan duela esatea nuklearra berotze klimatikoaren aurkako soluzioa dela esatearen parekoa da, zakurraren putza. Errotutako jukutria egia absolutuaren heinekoa izan liteke ordea, eta jendea sinetsita dago laborantza biologikora pasatzea mundua gosez hiltzen uztearen sinonimo litzatekeela. Ba ez, Nazio Batuen Erakundearen txosten batek laborantza biologikoak gizateria ase dezakeela dio, eta Pierre Rhabi laborari eta filosofoaren arabera, laborantza intentsiboak du mundua gosetera eraman. Beraz, elikadura hondamendi honi iskin egiteko modu bakarra produkzioa birlokalizatzea eta gertuko laborantza garatzea da.

Hauteskunde kanpaina bukatu berri da Frantzian. Zergatik ez da gai horiez hitz egin?

Politikarientzat laborariak ez dira boto emaile interesgarriak, baina desesperazioaren desesperazioz FN alderdira lerratzen direnean, hor bai, hitz egin eta zerua hitzeman behar zaie. Alabaina, laborantza ez dago agintarien agendan, ezer gutxi daukate proposatzeko. Oso gai teknikoa da, europarra, eta galduta daudenez, ez dute sakoneko gai bihurtzen. Ulertzen ez dutena da noiznahi lehertuko zaien bonba baten gainean eserita daudela. Hori hala, benetako boterea lobbyen esku dago. Lege proposamenak lobbyek iradoki eta idazten dituzte, politikarien aholkulariak lobbyetako seme-alabak dira, eta inork inor trabatzen ez duen bitartean jo eta ke boterearen kimikatik kimikaren boterera pasa arte. Lehenik, laborarien artean gehiengoa duen FNSEA sindikatua kontrolatzera pasa ziren, gero politikarien itzalean eta finantza erakundeen administrazio batzordeetan kokatu ziren, eta hori hala deno jai dago. Politikariek firma kimikoen boterea berreskuratzeko erronkari aurre egin behar liokete. Nola liteke produktu kimikoak saltzeko interesa dutenek kontrolatzea sistema?

Nola ehundu da amaraun gupidagabe hori?

Azken 50 urteetan, arlo anitzetan, botere asko utzi dugu kimikaren esku. Errazena zen, praktikoena, etorkizuneko eredu modernoa. Pentsa, zergatik esaten dugu laborantza konbentzionala eta laborantza biologikoa daudela? Laborantza konbentzionala laborantza kimikoa da, eta orain mende erdi bat laborantza biologikoa baizik ez zen existitzen. Benetako laborantza konbentzional eta tradizionala biologikoa da, ez genuke laborantza kimikoa eta laborantza biologikoa beste kontzepturik erabili behar. Gezur hori irentsarazita, kezka guztien erantzunak laborarien esku jarri ditu industriak, mendeetako transmisioa ezabatu eta kimikarik gabeko laborantza ezinezkoa dela sinestarazteraino. Zergatik ezin dira laborantza kimikotik atera? Ez dakitelako bestela lan egiten. Firmen botere hartzea laborarien memoria reseteatzetik dator. Bigarrenik, estatuek kontrol zientifiko eta teknikoaren boterea guztiz abandonatu dute, eta ikerketa eta esperimentu horiek aurrera eramateko aukera duten bakarrak firmek subentzionatutako laborategi pribatuak dira. Pestizidak homologatzeko frogak enpresa horien esku uzten badituzu zer emaitza espero zenezake? Noiztik finantzatzen du epaiketa akusatuak? Botere publikoek produktuak ontzat jo eta homologatzen dituzten momentutik eskuak garbitzen dituzte, gainera. Arazo bat baldin badago, euren komertzializatzeko baimena erakutsi, eta nahita nahiez, denak itzultzen dira botere publikoen aurka.

Noiz arte?

Mugaren mugan gaude, eta ez dut uste amiantoarekin, Mediator-arekin edo pestizidekin gertatzen dena luzaz jasango dugunik. Aski da esatear gaude, mahaian ukabilkada jotzeko zorian. Atzetik arazo ekonomiko izugarria dator, ordea. Nork ordainduko ditu sendatze prozesuak, indemnizazioak, eta neurriz kanpoko triskantza hauek? Nork ordainduko ditu industria kimikoaren sarraskiak? Zergatik uste duzu gaur egun laborarien osasun erakunde nagusiak oso nekez jotzen dituela gaixotasun profesionaltzat pestiziden erabilerari lotutako minbizi eta abarrak? Bidea zabalduko balute, askoz kasu gehiago agertuko lirateke, baina nork ordainduko luke? Ez dago izurrite masibo honen aurrean iraun dezakeen osasun erakunderik. Ezinezkoa da. Soluzio bakarra dago: industria ordainaraztea.

Aurtengo otsailean, Monsanto kondenatuz, Lyongo epaitegiak eman duen sententzia mugarri izan daiteke?

Gauza bat da gaixotasun profesionalaren izendatzeari ateak zabaltzea, eta bestea industriari errua egoztea. Kasu honetan, Monsantok ez zuen onartzen bere produktua laborari baten eritasunaren jatorrian zegoenik. Alta, laboraria produktu hori arnastu eta bi ordura koman zegoen ospitalean. Eskerrak laborari horrek txibatazoa jaso eta Belgikako erakunde publiko batean zeuden dokumentu konprometitu batzuetarako sarbidea izan zuen. Agiri horietan argi eta garbi agertzen zen Monsantok bazekiela bere produktua toxikoa zela, eta Belgikatik erretiratu arren, Frantzian komertzializatzen segi zutela. Pentsa, hemen aspalditik debekatutako produktuak saltzen dira Afrikan. Industriak saltzeko zirrikituak dauzkano, ez da geratzen. Kostu humanoa ez zaio piperrik ardura.

Esaldi bera entzuten da hondakin nuklearrei buruzko zure filmean.

Nuklearrarena ere nahiko eredu klasikoa baita. Botere finantzarioa eta botere industriala aliatzen dira dispositibo osoaren kontrola lortu arte. Behin hori erdietsirik, legeak desbideratzen dituzte, politikariak erosten, jendea gezurrez konbentzitzen, eta ohartzerako hondamendirantz garamatzate. Halako batean, osasunarentzat ondorio lazgarriak datozela jabetzen gara, baina industria pauso bat aurrerago dago. Zer gertatzen da laborariekin? Pestizidak ekoizten dituzten firma berberak direla minbiziaren aurkako botikak saltzen dituztenak, baina inork ahotsik ozentzen ez duenez... Nuklearrera itzulita, zergatik hitz egiten da nuklearrari buruz hondakin nuklearrak aipatu gabe? Ez dagoelako irtenbiderik. Nuklearrak bi impasse handi ditu, arriskua eta hondakinak. Denok dakigu Txernobil eta Fukushima zerrendako lehen biak baizik ez direla izango, baina orain 50 urte nuklearra soluzio energetiko interesgarria zela deliberatu eta hondakinekin zer egin pentsatu gabe bidean abiatu ginenez, denak isilik. Gaur da eguna dakiguna hondakin nuklearren batez besteko biziraupena 200.000 urtekoa, 6.000 belaunaldikoa dela. Zer pentsatu liteke bere zakarren kudeaketa hurrengo 6.000 belaunaldiei delegatzen dien industriaz? Gainera, ez dira edozein zakar. Aski da lurpetik aktibitate altuko fluxua ateratzea denak karbonizatzeko. Nola nahi duzu horri buruz hitz egitea? Argia piztea bezalako keinu sinple batek 6.000 belaunaldi berantago zure oinordekoak hil ditzakeelako ideia integratzen baduzu ez zara argia piztera ausartu ere egiten! Oraingo buruzagiei berdin zaie ordea, ez dira hor egongo, baina nork onartu eta har dezake hori bere gain?

Zergatik iruditzen zaigu Txernobilgoa edo Fukushimakoa bezalako hondamendiak auzoan baizik ezin direla gertatu?

Arriskuaren ideia onartezina bezain jasangaitza zaigulako. Istripu nuklear baten ondorioak barneraezinak dira pertsonontzat. Frantzian, zentral bakoitzaren inguruan 50 kilometroko segurtasun perimetroa libratu behar balitz zenbateko lur-eremua geratuko litzateke? Gainera, nuklearraren eta frantsesen arteko harremana oso berezia da. Egizu froga, lau-bost lagun mahai-jiran biltzen direnero larrutu nuklearra, eta kasuen %90ean sekulako kalapitak sortzen dituzu. De Gaullen garaitik datoz urak. Frantziak galdu berri zuen indar koloniala indar nuklearrarekin ordezkatu zuen. Frantsesen buruan, Frantzia munduko potentzia handia bada, NBEko segurtasun batzordean beto eskubidea lortu bazuen, nuklearrari esker da. Gauzak horrela, nuklearra kolokan jartzea Frantziaren ohorea eta handitasuna zalantzan jartzea da, Frantziaren barrabiletan ostikada jotzea, eta bitartean gezur bolak eraikiz eta handituz doaz. Baina ez gaitezen engaina, Frantzia indar teknologiko handi bihurtuko bada ez da nuklearrari esker izango, nuklearraren desmuntatzeari esker baizik. Arlo horretan sekulako etorkizuna dago, enplegu andana sortu liteke, nuklearra mantentzeko baino askoz gehiago. Zergatik? Oraindik ere ez dakigulako zentral nuklear bat behar bezala desegiten.

Sistemaren gezurrak desegiten dakiten dokumentalak ere urriak dira oso.

Botereari aurre egitea erabakitzen duzunean zintzotasuna, zorroztasuna eta ardura zor dituzu. Lana da nire babesik handiena. Nik ez dut ausardiarik behar, ez noa Siriara gerra erreportajeak egitera, nik denbora behar dut. Nire protagonistei proposatzen diedan tratua oso xumea da. Ez noa eurei buruzko filma egitera, eurekin pelikula egitera baizik. Horregatik nire lan gehienak borrokatzen duen jendeari buruzkoak dira, eta ahaleginak eta bi egiten ditut euren ikusmolde eta funtzionamenduak ulertu, eta euren egoera eta psikologia azaleratzeko. Horrek ez du esan nahi onkeria zor diedanik, baina badakite nire begirada ez dela zauritzaile eta iraingarria izango. Begirada askatasun horrek bereizten ditu pelikula militantea eta film zintzo eta benetakoa. Horretarako denbora behar izaten da, denbora asko. La Mort est dans le Pré bezalako egitasmo bati ekiten diodanean badakit noiz hasten naizen baina ez noiz amaituko dudan. Nire ustez filmak izan behar lukeena erdietsi arte ez dut amore ematen. Hori indar handia da, baina baita luxua ere. Egungo kazetari eta dokumentalgileek ez dute bitartekorik euren lana ondo egiteko. Nik berdin kobratzen dut lan batekin bi hilabete edo bi urte pasa, baina niretzat ezinbesteko luxua da denbora. Lan lasterra lan alferra izaten da usu, eta erreportajea agian bai, baina dokumentala ezin da azkar egin.

Nortasun agiria

1965eko irailaren 24an sortu zen Suresnes-en (Frantzia). Parisko Louis Lumière eskola ospetsuan egin zituen zine ikasketak, eta geroztik etenik gabe dihardu gai sozial, ekonomiko, politiko eta ekologikoen inguruko dokumentalak eta filmak egiten. Horren adibide dira, sabela korapilatzen dizuten hondakin nuklearrei buruzko Déchets: le cauchemar du nucléaire eta pestiziden erabilerak laborarien osasunean sortzen dituen kalteei buruzko La Mort est dans le Pré.

Besteren ahotan
Pello Zubiria Kaminok

La Mort est dans le Pré dokumentalaz: “Europako nekazari industrialen lau historia gogor. Haria darama 50 urte inguruko laborarisa alargunak, senarra galdu zuen leuzemiagatik, oraindik malkoa ateratzen zaio. Berekin ari da Paul, nekazari ausarta, Monsanto auzitara eraman duena. Hirugarrena Fred mahastizaina, leuzemia dauka, ondo izorratua, orain mahastian botikak langileak botatzen ditu (ondo maskaratuta, hori bai), segi behar baita lanean bizitzeko. Laugarrena Denis paraplegiko geratua tumore batek bizkarrezurreko muina ukituta, Daniel auzoak laguntzen dio traktorearekin. Dokumentala da lau bizitza horien kontakizun minimalista, hitz bat bestea baino altuagoa ez. Drama aurrera doala, Denis hasiko da bere etxaldea biologikora bidean jartzen, laborari lagunei diotse ‘ezingo dut soportatu zuetako bat orain nigatik gaixotzea’. Paulek irabaziko dio auzia Monsantori, Belgikako berdeen espero gabeko laguntzari esker, kutsaduretan espezializatutako abokatuek defendatuta. Baina Fred pittinka itzaliz joango da... Latza. Ona”.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude