Mundua koadernoan kabitzen da

  • Paisaiak, koadernoak eta Internet, hiru osagai mugimendu bat definitzeko. Artistek euren kaieretan egindako lanak inoiz baino bizkorrago zabaltzen dira gaur egun sarearen bidez. Urban Sketchers mugimenduak lan horiei marko bat eman die.

(Unai Goieaskoetxea Arronategi).
(Unai Goieaskoetxea Arronategi).

Ikusitakoa momentuan bertan koadernoan marraztea; gero eskaneatu, eta Interneten erakustea. Hori da, pintzel lodiarekin esanda, Urban Sketchers mugimenduaren funtsa. Momentuan eta lekuan marraztutako planeta osoko eszenak aurki daitezke sarean eta honelako artelan guztiak biltzeko asmoarekin sortutako webgune bat ere badago, www.urbansketchers.org helbidean. Handik atera dugu artista hauen printzipioak biltzen dituen zortzi puntuko manifestua:

1.- Tokian marrazten dugu, barnean ala kanpoan, ikusten duguna zuzenean islatuz.

2.- Gure marrazkiek gure inguruko istorioa kontatzen dute, bizi garen eta bidaiatzen dugun tokietakoa.

3.- Marraztean, toki eta une jakin bat islatzen dugu.

4.- Ikusten ditugun eszenekin leialak gara.

5.-Estilo ezberdintasuna ospatzen dugu, eta edozein tresna eta euskarri erabiltzen dugu.

6.- Elkarri laguntzen diogu eta taldean marrazten.

7.- Gure marrazkiak sarean elkarbanatzen ditugu.

8.- Mundua marrazkiz marrazki erakusten dugu.

2007an hasi zen mugimendua indarra hartzen, argazkiak partekatzeko Flickr webgunean hasieran, eta irabazi asmorik gabeko erakunde gisa gero. Lekuko marrazkien balio artistikoa nabarmendu nahi dute partaideek, istorioak kontatzeko erabilgarri direla erakutsi, jendea marraztera animatu eta jada ari direnak elkarrekin harremanetan jarri. Otsailean The art of urban sketching: drawing on location around the world liburua plazaratu zen, ildo honetan lan egiten duten artisten lanen antologia.

Mundu osoko jendearen marrazkien artean bila, artistetako bat Bilbon bizi dela jabetu gara: Unai Goieaskoetxea Arronategi txikitatik aritu da marrazkigintzan eta Bordelen Arte Ederrak ikasten hastean garatu zuen zaletasuna modu profesionalagoan. Artistek euren lanak elkartrukatzen zituztela ikusi zuen Interneteko foroetan eta lotura batetik bestera jauzi eginez iritsi zen Urban Sketchersera. Ez da artista plastikoz bakarrik osatutako komunitatea, arkitektoak, diseinatzaileak, web garatzaileak... “Batzuek proiekzio profesionala ematen diote eta beste batzuentzat afizioa da. Nire lanek, adibidez, ez daukate copyrightik, libreak dira; eta ez dut nire lana saltzen. Inbestigazio iturria bakarrik da, esperimentu bat”. www.basquesketcher.com blogean ikus daitezke inbestigazio horrek orain arte eman dizkion fruituak –berak utzi dizkigu erreportaje honetako lehen orrialdeko Bilboko irudiak ere–.

Korronte bi antzematen ditu Goieaskotxeak marrazkigintza mota honetan. Batetik, errealitatea adierazteko bestelako moduak bilatzen dituztenak leudeke bere ustez. Beste multzoa berriz, marraztea jarduera erromantiko gisa hartzen dutenena litzateke –“eta oso sanoa iruditzen zait hori ere”, zehaztu du, zalantzarik gera ez dadin–.

Baina bada alderik. Batzuentzat, kaierako zirrimarrak bide luzeagoa egiteko lehen urratsa direlako; eta besteentzat, koadernoko marrazki horiek dira azken helburua. “Ni ez naiz erabat sartzen Urban Ske­tchersen filosofiaren barruan, gauza batzuk konpartitzen ditudan arren. Baina pentsatzen dut bestelako helburuak egon daitezkeela, sakonagoak-edo”.

Marrazkietan politika

Ikuspuntu baten isla den heinean, edozein artelanek dauka egilearen arrastoa, bere kezka eta iritziak jasotzen ditu zuzenean edo zeharka. Eta horrek obra handiagoentzat balio badu, berdin balio du koadernoetako marrazkiontzat ere; eszena bat marraztea ez baita ekintza inuzentea, baditu bestelako inplikazioak, autoreak aitortu edo ez.

Goieaskoetxearen blogeko ataletako batek “Gatazka” du izena: “Beti jotzen duzu egonezin batera eta nire lanetan Euskal Herriko egoera politikoa islatzen da, oso hurbiletik ukitzen gaituen gaia delako. Gatazka marrazteko ideia etorri zitzaidan, deskubritu nuenean blogarien artean bazeudela batzuk hau plataforma gisa erabiltzen zutenak. Euren herrian gertatzen diren gauzen berri ematen dute, agian deserosoak izaten diren gaiak, politikoki zuzenak ez direnak”.

Nina Johansson suediarra aipatu du, hura izan zelako aurrenekoetakoa squatter edo okupa mugimenduari buruzko irudiak bere blogean (www.ninajohansson.se) plazaratzen. Badira gehiago: murrizketen kontrako manifestazioak irudikatzen dituzten koadernoak edo Occupy Glasgow kanpaldikoak erraz aurkitu ditugu. Eta Goieaskoetxeak, bere marrazkiekin, indar polizialen presentzia edo Kukutzaren kontrako indarkeria salatu ditu, besteak beste.

Derrigorrez figuratiboa?

Manifestuko laugarren puntuaz galdetu diogu Goieaskoetxeari, ikusitako eszenarekin leial izate horrek marrazki figuratiboak egitera derrigortzen ote duen jakin nahian. “Nik ere alderdi horretan kontraesanak ikusten ditut” azaldu du, “baina uste dut ez dela literalki ulertu behar. Gure inguruan dagoena ahalik eta fidelen figuratzen saiatzea esan nahi du nire ustez; baina klaro, inguruan dauden elementuekin egiten dituzun hautapenak beti dira oso subjektiboak, nahiz eta marrazketaren arauak errespetatu”. Praktika honek produkzio arinaren afera, irudiak biltzeko metodoa, birplanteatzen duela uste du artista bizkaitarrak. Urban Sketchersen oinarrietako bat da, argazki batetik abiatuta lanik ez egitea. “Uste dut horregatik jarri dutela laugarren puntu hori zeren gero, lan batzuk ikusten dituzunean, jabetzen zara oso abstraktuak direla”.

Lanaren izaera gorabehera, bat-bateko marrazkion bidez inoiz baino errazago bihurtu da artisten eboluzioa jarraitzea. Internet arte galeria erraldoia da eta artistaren figura “demokratizatzen” lagun dezake edonork bere lana erraz erakutsi ahal izateak. Baina lan analogikoak digitalizatzean zerbait galtzen dela uste du Goieaskoetxeak, “enkapsulatu” egiten direla marrazkiak. “Ordenagailuko kolore sistema ez da berdina, argitasuna ez da berdina...”. Problema horri aurre egiteko, Urban Sketcherseko kideek erakusketak antolatu izan dituzte, jendeari koadernoak eskutan hartzen uzteko. Ez legoke gaizki Euskal Herriko sketcher-ek ere elkar hartu eta horretarako aukera eskaintzea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude