ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a
Maskaradak

Krisiaren atetik sartu dira berrikuntzak

  • “Maskaradarik ez da izanen datorren urtean Zuberoan”, hala adierazi genuen hainbat hedabidek 2011ren hondarrean, jakin gabe iragarpen hori ustel bilakatzeko lehen urratsak ematen hasiak zirela Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien (XIIO) elkarteko zenbait kide. Emango dira, baiki, maskaradak aurten. Alde askotatik ezohikoak izango dira, eta baliteke usadiotik aldenduko diren ezaugarrietako batzuetan egotea, justuki, maskaraden iraupenaren giltzak.

Unai Brea @unaibrea
2012ko martxoaren 25a
Aurtengo maskaradaren mustraka bat, Maulen. Kabana da zutik, gainerako kauterak aldamenean  dituela.
Aurtengo maskaradaren mustraka bat, Maulen. Kabana da zutik, gainerako kauterak aldamenean dituela.

Ez da lehen aldia izango, gerora arrakasta duen ekimen bat ordu txikietan eta alkohol pixka baten laguntzarekin sortu dela. XIIOko kideek ez dute lotsarik aurten maskaradak emateko ideia hala otu zitzaiela aitortzeko. Euretako lauri, hain zuzen. Meritu handiagoa du biharamunean bezperako asmoa aitzina eramateko adorea ukaiten segitzeak. Eguberritako bakantzak ziren, eta lan handia eta denbora urri zuten aurretik.

Halabeharrez, bost emanaldi baizik ez dute egingo, apirilaren 8tik maiatzaren 6ra bitarteko igandeetan. Ez da gutxi. Urtero maskaradak hasten diren sasoian, urtarrilean, beraiek osatu gabe zeukaten taldea, sakabanatutako kide askorekin harremanean jarri behar izan baitzuten. Mustrakak (entseguak) hasi orduko otsaila zen.

Berritasunik handiena horixe da: elkarte batek emango ditu maskaradak, ez herri batek. Gertatu izan da, urte batzuetan, elkarren ondoko herri txiki bik indarrak batu izana maskarada egiteko, bakarka ezin izango baitzuten. Baina beti herria izan da abiapuntu. “Zaila da, sei asteburu bakarrik ditugulako mustraketarako”, azaldu digu Agnès Aguergarayk, taldea prestatzen ari den bi irakasleetako batek, “eta hamar dantzariak Zuberoako bospasei herritakoak dira; behar da jakin Zuberoan herri bakoitzak baduela bere dantzatzeko manera, eta zaila da hain denbora gutxian dantza berdinaren irakastea”.

Alde onik bada, hala ere: XIIOko kide askok eman izan dituzte maskaradak beren herrietan, eta beraz denbora laburrean talde txukuna osatzeko modua izan dute, aitzindariez den bezainbatean bederen. Geure begiz ikusi ahal izan dugu mustraka bat, eta argi geratu zaigu dantzaren aldetik behintzat ez dutela aurtengo maskaradalariek beste inoren bekaitza zertan izan, justu kontrakoa baizik.

Behar da maskarada urtero?

Gamere-Zihiga zen berez aurten maskaradak ematekoa –omenaldi gisa, han egingo dute aurtengo azken saioa– , baina heriotza tragiko batengatik bertan behera utzi zuten. Hots, gertakari latza, baina konkretua, izan da maskarada kolokan egon izanaren zergatia, eta hala ere balio izan du arazo estrukturalei buruzko eztabaida berpizteko, inoiz itzali bada.

Azkenean aurten ere maskarada izango zela artean ez genekielarik, martxo hasieran Maskar ikusgarria plazaratuko zuela iragarri zuen Hebentik elkarteak, Mixel Etxekopar musikari eta sortzailearen ahotik (Maskar ere, azken unean, bertan behera geratu zen beste heriotza batengatik). Horren harira, eta ordurako piztuta zeuden alarmei erantzun gisan, Etxekoparrek adierazi zuen ez zela hain larria urte batez maskaradarik ez izatea Zuberoan. Hitz haiek berretsi ditu gure aurrean Gotainekoak: “Zuberoan lotzen gara, eta arrazoiz, gure bi zutabeei, pastoral eta maskaradei, baina kemenez bezainbat beldurrez lotzen gara. Beldurrez, zutabe horietako bat aldatzen badugu hilen garela. Baina gertatu dena da froga, ez zatekeela maskaradarik eta ez zela hori munduaren akabantza, eta alderantziz erran nezake, zeren sortu baita zenbait alternatiba. Badugu hutsaren beldurra, eta Oteizaren espiritua nire eginez, esan dezadan hutsak baduela indar osoa bere baitan, beste zerbaiten abiapuntua izan baitaiteke”.

XIIOkoentzat, xantza

Etxekoparrek esan zuen maskaradak utzitako hutsunea betetzeko emanen zela Maskar ikusgarria, tradizioan abiapuntua duen sorkuntza berritzailea. Hutsunea bete, diogu, berdin esan genezake hutsunea baliatu. Zuberoan, tradizioekin batera, kultur sorkuntza ere bizirik dela erakusteko baliatu, hain justu. XIIOkoak bat datoz Etxekoparren pentsamoldearekin: “Urte batez maskaradarik ez bada, ez da ezer gertatzen. Iduri du gehiago dela Hegoaldekoen beldurra. Maskarada 10-15 asteburuko gauza da, eta gero ere bada bizi bat. Bestalde, maskaradarik ez izatea xantza izan da guretzat, bestela ez baitzen onartua izanen elkarte batek hartzea herri baten lekua”.

“Onartzen dugu kritikatuak izanen garela herri bat ez baizik ikastoletako ikasle ohiak izateagatik”, diosku Xantiana Etxebestek. Baina, maskaradaren beste alderdi batzuekin gertatu bezala –dantzari gehienak gaur egun emazteak izatea, adibidez–, nork esan dezake gaur kritikatua dena bihar onartua bakarrik ez, funtsezkoa ere izango ez ote den? Bada, izan, Zuberoan dagoeneko hala uste duenik: herrietan gero eta gazte gutxiago, eta batez ere gero eta gazte euskaldun gutxiago dagoelarik, herrialde osoko jendeak bilduko dituzten elkarteen bitartez lortuko da maskarada iraunaraztea. Eta bitxia da, euskaldun faltaren arazoa sekula baino agerikoago bihurtuko du aurten, auskalo noiztik lehen aldiz, maskaradako parte hartzaile guztiak euskaldunak izateak. “Ikastolak ere Zuberoako gizartearen zati garela erakusteko balioko du honek”, diote XIIOtarrek. Arazoarekin batera, irtenbidea ere erakustea ez da hori?

Ausardia falta. Titika Rekaltek hortxe ikusten du mehatxu handiena, euskaldun kopuru urritzean ez ezik. Probokozioaren osagaia gehitu ezean, maskaradarenak egin dezake haren aburuz. Zer da, azken batean, inauteriaren funtsa, arau haustea ez bada? Mixel Etxekopar, ildo berean, maskarada fosilizazio eta turistifikazioranzko bidean ez ote den beldur da. Ikastoletako ikasle ohiak ausartu dira aurtengoz, auskalo zenbat ate irekiko duten horrela. Besteak beste, emazteen presentzia areagotuko dutelako, orain arte izan ez dituzten zenbait rol emanez. Beste aro bat ari da hasten, erresistentzia zaharren aurkako bidean?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2012ko martxoaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude