Bingen Mendizabal

"Espektakulua dagoen tokian gezurra eta fartsa dira nagusi"

  • Ikasketak gorrotatzetik estudioak maitatzera pasa zen.

Sustrai Colina
2012ko martxoaren 11
Dani Blanco

Ikasle txarra omen zinen.

Ikasle garaian, ikasketekin soilik arduratu behar zarela dirudi, denak errenditu behar garela moldera, baina horrek ez dauka bizitzarekin zerikusirik. Ni 3. BBBrako jabetuta nengoen asko aspertzen nintzela, arbelean esaten zirenak zein esateko moduak ez nindutela ez asetzen ez akuilatzen, eta hor erabaki nuen nirea musika zela. Eskolan irakasten dena metodo lehiakorra da, besteak baino hobea izatea, baina horrek ez darama inora. Esaterako, politikan dena da lehia, baina zertarako? Musikan eta artean saiatu dira logika hori txertatzen Operación Triunfo eta orotariko lehiaketen bidez, baina ez dauka zentzurik. Etengabe gizarte lehiakorragoa bultzatu beharrean, gizarte kooperatiboagoa ezarri behar genuke plantan, eta horren hazia eskolan ereiten da. Bestela, ikusi besterik ez dago, gizartearen erreferente gehienak kirolariak dira. Mundu euskaltzalera lerratuz, haluzinatuta geratzen naiz zenbat bertsolari eta trikitilari txapelketa dagoen ikusita. Artea lehiara eramateak senetik ateratzen nau. Bat Formulako txapelduna izateak pertsona hobe bat egiten zaitu? Berdin-berdin izan zaitezke idiota galanta! Antzekoa gertatzen zait lehen mailako deritzoten musika jaialdiekin. Halakoetara arrimatu eta “hau nazka!” irteten zait. Hor egoteko asko irentsi behar da, dena ez dela ofizioa eta profesionaltasuna argi izan. Zorionez, konturatu gara heziketa horrek irabazle/galtzaile gizarte bat sortzeko baizik ez duela balio, eta gainera, irabazleak tranpa eginda gailentzen direla. Baina badakizu, irabazleak boteretsuak dira, eta irabazi dutenez, ukiezinak.

Kultura ez dago eskema horietatik at.

Ikusten dugun orok babes instituzionala behar duela dirudi, dena dagoela erakundeen menpe, eta erakundeetan lan egiteko tituluak eskatzen dira. Noiz arraio hitz egingo dugu espresioaz? Pintatzen edo musika egiten hasten zarenean ez zara diploma bat ateratzeko hasten, ezta? Ados, ofizioari dagozkion tituluak behar dira, baina ezin dute bakoitzaren barne-espresioaren zentzuaren gainetik egon. Baina ez, masterrak kolekzionatzea eta lehiaketak irabaztea hartzen da kontuan, eta hori hala den bitartean, dena oso kontrolatuta dauka sistemak. Begira zer egiten duten AEBetan. Talde transgresore bat agertu orduko Grammy batekin saritzen dute, industriara erakarri, euren berezko indarra lapurtu eta arrastoan sartzeko. Sistemak dena asimilatzen du. Pentsa, zenbateko konpetentzia desleiala egiten dion kultura ofizialak subentzionatua ez dagoenari. Antzoki onenak dauzka, azpiegitura sendoenak, zabaltzeko medioak... Horrek gizartea erakundeen inguruan egituratzea ahalbidetu du, funtzionario kopurua emendatuz, eta sosak urritu direnean, dagoen apurra funtzionarioei ordaintzeko erabiltzen da. Antzerkian urtetan aritu den batek baino gehiagok esango dizu dena uzteko puntuan dagoela, baina programatzaile, antzokiko zuzendari eta abarrek hor jarraituko dute. Ez dago sistema hau baino perbertsoagorik. Azpiegiturak mantentzen dituztenek lana daukate eta artistek ez, teorian azpiegitura horiek sortzaileentzat eraiki ziren arren. Espero dut etorriko dela horri aurre egingo dion mugimendu sakon bat, baina momentuz, sistemak oso domestikatuta gauzka.

Euskal Rock Erradikala, domestikatzearen aurkako mugimendu transgresore bat izan zen?

Mugimendu itzela bezain garrantzitsua izan zen, ordura arteko gazteriaren irudiarekin errotik puskatu zuena, beste bizimodu baten aukera zabaldu zuena. Gustatzen zitzaizuna egin zenezakeen, ez zenuen estudiotik pasa beharrik, jotzen jakin gabe ekin zeniezaiokeen... Benetako espresio leherketa bat. Pilatutako amorruak haize fresko ufada goxoa ekarri zuen, frankismoko egitura antolatzaile, ordenatzaile eta kontrolatzaileak hankaz gora jarriz. “Zer arraio, beti horrela?” egin zuen oihu gizarteak, eta ordura arteko ordena guztia irauli zen. Gaztetxeak agertu ziren, kontzertuak ugaritu, eta kultura ofizialaren zinezko alternatiba bat eratu zen. Errebeldia mugimendu bat izan zen. Mugimendu inkonformista bat, abertzalea baino gehiago. Jende gaztea nazkatuta zegoen, beste zerbait nahi zuen, eta etorkizunik ez bazegoen oraina atsegina izan zedila. Horrek drogak eta orotariko gehiegikeriak ekarri zituen. Ez gaitezen engaina, dena ez zen arrosa izan. Bere garaian asko mitifikatu zen dena, baina oxala eragin handiagoa izan balu eta orduko arrastoak oraindik nabarituko balira.

Zuk Hertzainaken kontzertuen adrenalinatik zinemako soinu banden konposizio lan bakartira egin zenuen jauzi.

Hertzainakekin ari nintzela, konposizioa ikasten nuen kontserbatorioan Karmelo Bernaolarekin. Juanma Bajo Ulloa zuzendariarekin topo egin eta Reyno de Víctor film laburrean kolaboratzea proposatu zidan. Dena primeran joan zen, oso film labur saritua izan zen, eta hortik etorri zen Alas de Mariposa-ri musika jartzeko aukera. Filmari Urrezko Maskorra eman zioten Donostian, eta soinu-bandari idazle zinematografikoen zirkuluko saria. Hortik landa berez-berez etorri zait lana. Pixkanaka, Hertzainaken adrenalina purua estudioko berehalako emaitza eta oihartzunik gabeko lan orduen metaketarekin trukatu nuen. Hori bai, gogoan dut Alas de Mariposa publikoarekin lehen aldiz ikustea izugarri zirraragarria izan zela. Izan ere, musikak onerako zein txarrerako eragin dezake istorio baten kontaketan. Ni nire gustu eta estiloen arabera pelikulan ondo funtzionatuko duten piezak sortzen saiatzen naiz. Adibidez, komedia batekin banabil, apenas sartuko dudan sokazko instrumenturik, sokek dramatismo karga areagotzen baitute. Pelikula arintzen duen melodiaren bila ibiliko naiz, gag-ak azpimarratu gabe komedia kutsua duen musika baten xerka. Izan dezala ingenuitate puntu bat, ongi sentiarazi gaitzala.

Zaila da beti dagokizun lekuan egotea, nabarmendu gabe nabarmentzea?

Horixe zailena. Beti egon behar duzu kontatu nahi den istorioaren mailan, ez beherago, ez gorago. Lantalde osoak ez badio lema horri eusten, eta bakoitzak bere gisara egiten badu arraun, malo! Zinematik irtenda sarri entzuten da, “zer ona den aktore hori, denak jaten ditu!”. Ba ez, gainontzekoak jaten baditu bere lana oker egin duen seinale. Ezin duzu pelikula bat erabili zer ona zaren erakusteko. Maila ematea dagokizu, baina istorio baten barruan, kontatu nahi denaren mesedetan, zure interes eta egoa lehenetsi gabe. Zinema munduan, ordea, dena da egoa, denok daukagu gurea, baita nik ere. Horregatik, bere lozorroan atxiki behar duzu, ez dadila atera, ez dezala hitz egin. Berbarako, Hitchcock-en filmetako soinu-bandak hain dira izugarriak, Hitchcocken talentu eta ospearekin soilik orekatu daitezkeela. Gaur egun, sotilagoa izan behar du denak, oharkabearen klabean funtzionatzen da. Orekaren izenean, inork ez du ego kontrolagaitzik nahi. Are gehiago, artearen munduan egoa galbidea den konbentzimendua oso zabalduta dago. Alabaina, denok daukagu gurea, zenbat eta gorago orduan eta handiagoa. Gainera, egoak mila aurpegi ditu, eta betiko otzandu duzula dirudienean, edozein unetan lehertu daitekeen munstroa ezkutatzen ari zara. Bistakoa da zinema munduan espektakulu asko dagoela, eta espektakulua dagoen tokian gezurra eta fartsa dira nagusi.

Megaupload auzia eta Internetetik filmak edo musika jaistea ahalbidetzen duten atariei buruzko eztabaida ere fartsa hutsa da batzuentzat.

Niretzat Internetek industria diskografikoa hondoratzen eta zine-aretoak husten lagundu du, baina erabiltzailearen ikuspegitik primerako aukera da. Bai, erabiltzaileentzat sekulako asmakizuna dena, azken labankada izan da profesioarentzat. Telefonia konpainiek dirutza egin dute gure lepotik, eta bideoak zein musika jaisteko atariek patrikak bero-bero dauzkate. Aitzitik, disko dendak apenas geratzen diren, saltokietan diskoentzat gordeta zegoen lekua murriztuz doa, eta neurri batean, ongi iruditzen zait horren aurka egin eta produktu artistikoa babestea. Musikak, zinemak edo arteak orokorrean, jendearentzat inongo baliorik ez dutela iruditzen zait, dohainik dena ez dela baloratzen. Politikariek hori garbi daukate, eta murrizketak ez dituzte hezkuntzan edo osasungintzan egiten. Ados nago osasun sistemari eustearekin, baina agian liburu batek botikak baino gehiago sendatzen du, musika pastillak baino onuragarriagoa izan daiteke. Baina ez, agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi. Ez dakit nola egiten zaion horri aurre. Nola mantendu errebeldia bizitzak arrastoan sartzen zaituenean? Nola transformatu sistemaren atzaparretan ez erortzeko? Batetik ez bada bestetik hipnotizatzen gaituzte, eta gu etxean geratzen gara telebista ikusten eta etengabe burutik behera egiten diguten kaka irensten.

Produktu artistikoa babestu beharraz mintzo zara, baina teorian horren ardura duen SGAEn nola dabiltzan ikusita...

Denborarekin jabetu naiz klaseko ordezkari izateko bere burua aurkezten zuena ere anbiziotsuena zela, altruismoaz gutxien zekiena. Ez da erraza izango goi-kargu horietan ibiltzea, baina geroz eta konbentzituago nago ardura horiek pertsona usteldu egiten dutela. Goizago ala beranduago, denei antzematen zaie kiratsa. Oso zaila da ustel-usainik gabeko politikari bat topatzea. Ez dut ukatzen hastapenean asmo sano, baliotsu eta lagungarriekin sartzen direnik, baina historiak erakusten du poltronak pertsona usteltzen duela. Ez politikan bakarrik, baita lehen maila deitzen dugun guztian ere. Etengabe agertu nahiak, hor egon beharrak, besteak baino gehiago zarela sentitzeak, zepoan harrapatzen zaitu beti. Hori hala, orain SGAEn sartu diren buruzagi berriak lehengoak baino hobeak izango dira? Nire dudak dauzkat.

Dudaz jositako galdera bat: krisi honek zer utziko du?

Erruak Interneti egozten dizkiogun honetan, ez dezagun ahantzi musikariak langabezian uzten hasi zen lehen euskarria diskoa izan zela. Ordura arte, musika entzun nahi zuenak kontzertuetara joan beste erremediorik ez zuen, eta zuzenekoa zen bere ahaleginaren ordaina. Diskoarekin hasi zen musika berezko balorea galtzen, musika ez baita musika bakarrik, ikus-entzuleak jasotzen duen energia deskarga ere bada. Orain diskorik ere ez da erosten, dena dago eskura, dena debalde. Hala, ez da gauza bera orain ehun urte edo gaur musika entzutea. Askoz balio handiagoa zeukan orduan. Orain dena da oso sinplea, baina gauzak zenbat eta errazagoak eta eskuragarriagoak izan, orduan eta balio gutxiago dutela dirudi. Horregatik, imajinatzen dut dimentsio izugarriak hartu dituzten ekimen kulturalak txikitzen joango direla, eta hasieratik abiatu beharko dutela berriz. Instituzioek euren kasa programatzen segituko dute, baina lehengo dirurik ez daukatenez, nekez izango dute garai bateko indarrik, eta ezin izango dute orain bezainbateko konpetentzia desleialik egin. Hortik landa, espero dut urak beren onera itzuliko direla, eta zuzenekoak geroz eta pisu handiagoa hartuko duela.

Sortzaileak dauden artean beti egongo dela bizitza, alegia.

Sormenak sortzailearen bizitzarekin zerikusi zuzena du. Nire bizitza musika jarri diedan pelikulen arabera oroitzen dut. Film horien errepasoak laguntzen dit nire memoriaren kaosa ordenatzen. Horregatik, uste dut sormen prozesuaren lehen etapan zure baitako zentsuratzailea akabatuta ekin behar diozula lanari. Ez dezala zentsuratzaileak sortzeko duzun energiak baino gehiago agindu, ez zaitzala blokeatu. Zentsuratzaile hori zure bizitzan izandako zentsuratzaile guztien baturaren mamua baita: zure gurasoena, irakasleena, erreferentziatzat izan eta epaitu zaituzten pertsonena... Mozartek, esaterako, zuzenean konposatzen zuen, bulkada baten gisan irteten omen zitzaion dena, eta hori pentsaezina da zure baitan zentsuratzen zaituen mamua badaramazu. Sortzeko nire arma denbora da, egunero nire lana txekeatu ahal izatea. Bai, egunero sortzen ditut hainbat piezatako txatalak, baina era berean, egunero neurtzen dut aurreko egunetan sortutakoa. Horrek segurtasun itzela ematen dit. Ohituraz eta jarraikortasunez lan eginez gero, ez baituzu zure zigilua bilatu beharrik, berez ateratzen zaizu.

Nortasun agiria

1962ko abenduaren 5ean sortu zen Gasteizen. Herriz herri Hertzainak taldearekin ibili ostean, 1989tik hona, pelikuletako soinu-bandak arrakasta handiz egiten dihardu. Alas de Mariposa, Airbag, Secretos del corazón, El juego del ahorcado edo Arriya bezalako filmak bere notekin girotu ditu eta han eta hemen sari ugari jaso du (2009an Goya sarietarako izendatua izan zen). Horrez gain, Bar Puerto eta Zaharregia, txikiegia agian egitasmoetan ibili da Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberekin.

Azken Hitza
Buruan Zer?

“Ez naiz Mozart, eta ez dut sekula konposizio osoaren ideia buruan izaterik lortu. Ez dut sekula konposizio osoa buruan entzun. Oso zaila iruditzen zait. Nik rafaga intuitiboak dauzkat, erritmo edo melodia modukoak, harmonia aldaketa bat... Horren harira, David Lynch zine zuzendari estatubatuarrak bere pelikula arraro baten muntaia bukatzean esan zuenarekin akordatzen naiz beti: ‘Orain bai, orain badakit zer egin nahi nuen!’”

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude