Leilaren iturri begiak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

La source des femmes / Emakumeen iturbegia (2011). Zuzendaria: Radu Mihaileanu. Aktoreak: Leïla Bekhti, Hafsia Herzi, Biyouna, Sabrina Ouazani, Saleh Bakri. Hiam Abbass. Generoa: Komedia dramatikoa.

La source des femmes filma komedia dramatikoa da. Radu Mihaileanu, bere zuzendaria, Bukaresten jaio zen 1958an. 1980an, Nicolae Ceausescuren Errumaniatik ihes egin zuen Israelera, aitaren sorlekura, errefuxiatzeko. Alta, bada, zine errealizadore frantsesa da.
Istorioa –historia garaikidea– herri txiki batean gertatzen da, Iparraldeko Afrikaren eta Ekialde Hurbilaren arteko lurralde zehaztugabean. Emakumeak antzinako denboraz geroztik iturrira doaz urketara egunero, mendi patarretan goiti eta beheiti, eguzki bero astunaren pean. Leila (Leïla Bekhti) gazte ezkonberriak maitasuna ez egiteko (Grève de l’amour) proposatu die herriko emakumeei: “Gizonek ura herrira ekartzen ez duteno, agortu dira eurentzako gure laztanak”.

Gizon-emazteen arteko gatazka herrixka musulman batean gertatzen da, hots, Koran-en legeak agintzen duen lurraldean. Ilargia sekula ezkutatzen ez den lur idorretan, gizonezkoen irudira antolatutako jendartean. Emakumeak arbasoen usadioen menpe bizitzera behartutako inguruabarrean, eiki. “Emakumeak ur bila joan ohi dira mendez mende, gizonezkoen menpean errotutako tradizioa da” diotso Leilari Fatima amaginarrebak. Fatima Sami-ren ama da (Hiam Abbass eta Saleh Bakri, hurrenez hurren). Sami eta Leila bikotekideak dira. Jakina denez, amaginarreba ama politikoa da. Ama munduko izate zoragarrienetakoa da, baina “politikoa” izenordea daramanean bestelako izakaria dukezu –Leila– maitea.

Gizonezkoen aburuz “eguzkiak emakumeen kaskezurrean jo ezezik, burmuinak usteldu dizkie”. Ez dago beste azalpenik. Emakumea eguraldia igartzen duen txoria da, denborari aurre egiten dion izakaria, azal zuloetatik kalipua bor-bor isurtzen duena...
Antigoalekotik heldu zaigun kondaira, to!

“Zergatik ez dugu erabakiko gizonek bezala, zergatik? Ez dugu amore emanen”, dio Leilak. Leilak Sami dauka alboan: “Borrokatzeko eskubidea duzu printzesa, ekiozu. Egin maitasunaren gerra, baina egin maitasunez eta errespetuz” diotso Samik. Leila baina, deabruak hartuta dago tribuko Allah-en gizonen begietara. Leilak Vieux Fusilen (Biyouna) sostengua dauka hala berean, andre kuraiosa: “Eutsi, ez etzi Leila! Erakutsi iezazkiezu zure kuraia eta sentimenduak!” diotso arbasoen usadioen ekarle den herriko atso-agure sorginak.
Gerra hasten denean bukatzen jakitea da zailena. Amaitzen jakin behar da ordea. Gerran, gainera, gure izatearen alderdi ezezagunak azaleratu ohi ditugu, Leilaren azal izerditsutik kuraia nola.

Baina, hara, horiek guztiak zuk zeuk idoro beharko dituzu irakurle, emakumeen iturbururaino bide eginez.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude