Claude Labat

"Oraina da interesgarria, ez iragana, ez geroa ere"

  • “Claude Iruretagoyenak iraganaz biziki interesatua naizela dio, eta egia da, iragana baina, horrela ulertua: autoa aitzina begira gidatzen dugu, baina ezin dugu aitzina egin atzerako ispilura so egin gabe. Eta, alta, funtsezko egiten ari garen bidea da, ez dugu atzera egin behar. Iragana erretrobisorea besterik ez da”. Ele horiek girotu dute
    Claude Labatekin izandako solasaldia.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2012ko otsailaren 19a
Claude Labat
Claude Labat

Aita miarriztarra eta ama baionarra zenituen...

...alabaina, lana eta beharra zirela-eta, Orthezera joan behar izan zuen aitak. Ni Orthezen jaio nintzen, baina bi urtetan Baionara itzuli nintzen. Ama anartean hil zen, nik ez nuen ezagutu. Baiona Tipian hazi nintzen, aitarekin hezi ginen arreba eta biok, ene amaren amaren –amatxiren– laguntzarekin. Ene aita sukaldari xumea zen, oporraldian ere lanean ziharduen. Ene amatxi gaskoia zen, etxean gaskoia eta euskara entzuten ziren, bi kulturak bizi izan ditugu harridurarik gabe.

Zer da Baiona zuretzat?

Baionak aparteko historia dauka, etorkinei ateak zabaldu dizkien hiri da. Itsasportua izan du bisitarien atari, munduko jendeak bildu dituen portua da Baiona. Iparretik nahiz hegotik datozen bide nagusietatik Europa eta munduko kulturak jaso ditu halaber. Baiona munduko kulturei zubiak eraikitako hiria da.

Pirinioetan gaindiko kulturen bilgunea, betiere.

Baiki, Euskal Herria eta Gaskoniaren magalera, Athurri eta Errobi ibaietatik euskal eta gaskoi kulturak bildu dituena. Gaur egun, Baiona muga hiria da, baina ezaugarri hau ez da bertan mugatzen, gaskoia ere Donostiaraino eta harago ere iritsi baita historian.

Itzul gaitezen zure haurtzarora.

Ene haurtzaroa xumea izan zen, alta, biziki zoriontsuak ginen, karrikan bizi ginen. Portura joan ohi ginen sarri. Ni itsasoari begira eta handik arribatzen ziren jendeek eta kulturek inguratuta koskortu nintzen.

Haurtzaroan ainguratutako pertsona zara, menturaz.

Ez baitezpada. Haurtzaro zoriontsua ukan nuen, baina ez naiz inola ere hartan ainguraturik. Irakasle bilakatzean, “pertsonak zoriontsuak dira haiek bizi duten unean” adierazpidea nire egin nuen. Hots, ez ditut ikasleak sekula etorkizuneko helduak bezala tratatu, unean uneko pertsona bezala baizik, garaian garaikoa bizi behar dela erakutsi diet, edo saiatu naiz behinik behin. Hori hagitz inportantea da. Nik ez dut esaten “ene haurtzaroa ene urrezko garaia izan zen”. Hori ez da batere egia. Enetzat orainean bizi dudana da interesgarria, aurrekoa eta gerokoa baino interesgarriagoa betiere.

Zure gaztaroaz, berriz, zer oroitzen duzu?

Ene gaztaroa partikularra izan zen. Familiaren inguruabarrak ene ikasle izaeran eragin zuen nolabait. Ez nintzen batere ona ikasketetan. Halere, maite nuen eskolara joatea, ziur aski lagunekin egoteko, baina enetzat eskola ez zen leku erakargarria. Hiru ikasturte errepikatu nituen. Zorionez, Lizeoko bigarren urtean, geografia irakasle batekin topo egin nuen. Novet izena zuen. Irakasle hark geografiaz interesarazi ninduen, zinez, zerabilen metodoak liluratu ninduen. Munduko kartak jartzen zituen mahai gainean eta “baduzue bost minutu errateko zergatik instalatu duten lantegi hau edo hori ingurune horretan” erraten zigun. Gauza zehatzen gainean buru-belarri murgilarazten gintuen, inguruan eta errealitatean oinarrituak betiere.

Eskolako sistemaren arrastoa nozitu duzula erran dezakegu?

Eskolak markatu ninduen, nolabait. Irakaskuntza sistemak Frantzia eta Ipar Euskal Herria bereziki arras markatua ditu. Ene garaian, irakaskuntzaren aurkako erreakzio gisako bat izan zen, eta egun ere, irakaskuntzak krak egiten du hein handi batean. Izan ere, sistemak soberako eragina du ikasleengan.

Erlijioak ere eragin zuen zure bizitzan, jakin dugunez.

Eskola erlijiosoan hezi nintzen... Fraide izateko bidean egon nintzen une batez, baina utzi egin nuen. Gure etxean erlijioa ohikoa zen, aita sinestuna zen biziki. Alabaina, emeki-emeki deslotu nintzen. Novet irakasleari esker ikasketa zientifikoak eta literarioak egin nituen, poliki-poliki bizitza beste gisaz begiratzen ikasi nuen. Unibertsoaren funtsa bestela ikusten eta ulertzen ikasi genuen belaunaldikoa naiz, 67-68 urteetakoa. Harrez gero, erlijioaren eta honen inguruko galderen aurrean lasai sentitzera iritsi nintzen.

Horrek eraman al zintuen mitologia aztertzera? Nola bizi duzu erlijioa?

Erlijioa ez dugu behar bezala ezagutzen. Nik erlijioaren eta mitologiaren arteko lotura bizi dut, Euskal Herrian oraindik ere bien lotura agerikoa da. Euskaldunek biak nahasten dituzte. Adibidez, sarritan erlijioa mitologiaren kontra dagoela entzuten dugu. Anuntxi Arana antropologoarekin lan egin dut gai honen inguruan, eta, erlijioak ez duela mitologiaren aurka egin ohartu gara. Zoritxarrez, norbaitek kontrakoa erran duenez, baiezpen hori pentsamendu orokor bilakatzeko arriskua dago. Egia da, erlijioak “edan” duela mitologiatik, baina baita mitologiak erlijiotik ere, hau da, elkarrekiko harremana izan da. Ongi litzateke euskal erlijioaren hainbat alderdi berrikustea. Izan ere, erlijiosoek idatzi dute erlijioaren historia eta horrek baldintzatu du bere irakurketa.

Claude Iruretagoyena zure lagunaren aburuz “laminak ikusi dituen jauna” zara.

[Irriak]. Mitologiarekiko ene harremana 1979. urtetik dator. Irakasle lanetarako gaiak xerkatzen nituen. Irakaskuntzan arazoak zituzten ikasleekin ene lana errealitatean funtsatua ematea bilatzen nuen, ene ikasgaiak eguneroko beharretan oinarritzea. Arazo handiak zituzten nerabeak ziren, haiek motibatzeko herriko errealitatetik abiatu nahi nuen, baina ez nuen dokumentaziorik, ez gure historiari ez geografiari nondik heldu ere. Lauburu Elkartea aurkitu eta historia ezagutzeko egiten zuen ahaleginaz ohartu nintzen. Behinola, Jacques Blot arkeologoak Euskal Herriari buruzko hitzaldia eman zuen, eta eskolentzako historia liburu bat egitea proposatu nion. Begietara so egin zidan eta, “liburu bat nahi duzu? Bada, zuhaurek egin ezazu”. Horra! [irriak]. Eginbide horretan Jose Migel Barandiaranengana zuzendu nituen urratsak, gauza ezohikoak deskubritzen joan nintzen: Apanizeko Damaren legenda. Oin palmatuak dituzten izakiak, hots, laminak. Mundu horretan murgildu nintzen, gero eta gehiago jakin nahian, gero eta liluratuagoa... Gaur egun arte.

Zer du euskal mitologiak besteek ez dutenik?

Beste mitologiez doi-doi dakit, euskal mitologiaz interesatu naiz zehazkiago. Barandiarenen bidea urratu dut, eta maleruski, uste dut ez dugula gure mitologia aski ikertu, eta oso garrantzitsua da. Hilabete honetan kaleratuko dudan liburuan Egiptoko mitologiaz idatzi dut, euskal eta egiptoar mitologiak alderatu ditut. Gurean, egiptoarrenean ez bezala, eguzkia izarren ibilbidetik ostentzen da. Alegia, euskal mitologian lurrak eguzkia etzanarazten du. Euskaldunok lurrari garrantzi berezia eman diogula ohartu gara. Juan Ignazio Hartsuaga antropologoaren tesia apartekoa da zentzu horretan, euskaldunok kosmosa ikusteko moldean zerurik ez da ageri, lurra besterik ez dago. Horrek euskaldunak lurrari biziki lotuta daudela agertzen du, lurrari lotuta izate sedentarioak direla, leku bati atxikiak. Horrek azaltzen du euskal etxearen garrantzia.

Historiaren interpretazioak beraz, berealdiko munta dauka.

Historia lanabes politiko bihurtu da irakaskuntzan, boterearen faborerako eratua. Berdin telebista ere. Zentzu horretan, nihaurek irakaskuntza, ikasleei begira betiere, abentura jarraitzeko ekimen gisa ulertzen dut, edota horrela erakusten saiatu naiz. Ikasleei erran diet: “Historian bizi izan zena biziberritzeko aukera baliatu behar duzue”. Egun, adibidez, hor dago suminduen edo indignatuen arazoa. Gertakari horiek oinarrian hartu eta historiako esklusioari buruzko iragana erakutsi behar da, antigoalekotik datorren esklusio egoera hori. Historian ikaspen asko dugu egoera horri buruz irakasteko, jendarteko arazoak konpontzeko erak aztertzeko, edo elkar ulertzen hasteko bederen. Bestela erranik: orainaz jardun behar dugu gazteak laguntzeko, geroan jarraitzeko, gizateriak aitzina egin dezan. Historiak, batez ere, nazio historiaren laborria dauka berekin. Nik Suzanne Citro irakaslearen liburuak gomendatzen ditut. Hizkuntzalari honek historia modu diakronikoan erakusten du, zibilizazio guztiak aldi berean azalduz. Unibertsitateak ikuspuntu hori errefusatzen du, noski. Bera ez baita boteretsuek nahi bezala ari, bera munduko nazioez ari da. Kulturak beste kulturekin lotuta daude, baina hori ez da argi erakusten. Frantziako historian frantziarrak dira bakarrak eta onenak.

Euskal nazioaren ideiaz zer iritzi duzu?

Nazioaren ideia ez zait bereziki interesatzen, beraz, euskal nazioarena ere ez. Euskal Herria Europako eskualdea izatea begi onez ikusten dut. Asmo zabalagoen aldekoa naiz, ez naiz nazio itxien aldekoa, ez ditut banderak maite. Konparazione, Gernikako Arbola ez da bandera bat, sustraiak ditu. Arbolan txoria imajinatzen dut, kantuz ari. Arbola ezin dut bandera legez irudikatu, enetzat bandera gauza murritza da-eta.

Inauteri aroa da. Zer iritzi duzu Euskal Herriko inauteriez?

Laborantza munduan salbu, Iparraldean eta Frantzian orobat, populazioak erabat galdu du inauteriaren zentzua. Baionan jendea gai zehatz baten inguruan mozorrotzen da. Iazko gaia Mexiko zen, aurten Asia. Beraz, txinatarrak eta hango dragoiak ikusiko ditugu desfilean, euskal kulturako herensugea bazter utzirik. Gaitza da gero, norbaitek erratea zuk zer jantzi behar duzun soinean. Inauteria mundua alderantziz jartzeko agerraldia da, eta hori galdu dugu. Duela zenbait urtetik Baionako herriak galdu du irudimena, ez daki zer egin. Halaber, Baionako agintariak herritarren beldur daude. Alta, bada, herritarrek inauteria berea dela jakin behar dute.

Baserri inguruko inauteria bizirik dago: Hartzaroa, Libertimendua, Anhauzekoa... Zuk azken hau ontsa ezagutzen duzu. Nolakoa da?

Anhauzen saiatu dira errespetatzen inauteriaren tradizioa, baina orainera ekarriz. Anhauztarrek badakite inauteria ikertu dudala eta estimatzen naute. Anhauzeko [Baxenabarre] inauteria erdi emakumeek eta erdi gizonek jokatua da, berria da Euskal Herrian. Emakumeak Xilintxadunak dira, gizonak berriz Basaldunak. Izen berriak dira. Biziki interesgarria da, mundua binperrez jartzen xerkatu baitute. Inork ez daki nor den emakume nor gizona. Argiaren eta ilunaren kontrastean ari dira, emakumeak zuriz eta gizonak ilunez jantziak. Basak dira, joareekin, tximaz eta zarpail dabiltza munduaren inkoherentzia agertuz, inauteriaren senean, Anhauzeko karrika luzean barna, etxez etxe.

Zuberoako Maskarada ez da izan aurten.

Bilkura funtsezko bat egiteko tenorea heldu zaie zuberotarrei. Zuberoako gazteek egoerari heldu beharko diete gogotik. Menturaz, garai berrian gaude, maleruski tradizio hori desagertzeko zorian.

Krisian? Hitza erabil dezakegu zentzu horretan?

Bai, prefosta. Krisian euskararen erabilpen eskasa sartu behar da. Halaber, Maskarada landako agerraldia da, eta horrela izatea normala eta beharrezkoa da, baina hein batean. Beharbada, engoitik ez du ehunetik ehun landako Maskarada izan behar. Gazte horiek unibertsitatean ari badira –kanpoan ikasteak eta bizitzeak ez du errazten jendartea saretzen– mundu hori ere naski agertu beharko litzateke Maskaradan. Nola egin, besterik da. Ez da ere dakien zuzendari baten eskutik egin behar, ezta ni neu izanagatik ere, adibidez. Maskaradak bere jitea atxiki behar du, alta, egungo jendarteari begira sortu eta berritu behar du bere izatea.

Nortasun agiria

Ortheze, 1947. Baiones petoa da, alta. Lauburu kultur eta ondare elkarteko arduraduna eta ikerlea. Irakasle izana da duela lau urtera arte. Euskal mitologia aztertu du bereziki. Libre parcours de la mythologie basque avant qu’elle ne soit enfermée dans un parc d’attraction (Euskal mitologiaren ibilbide librea, jolas-parke batean sartu izan aitzin) bere azken liburuaren titulua, luzea bezain esanguratsua da.

Besteren ahotan
Claude Iruretagoyenaren eletan

“Laminak ikusi dituen jauna. Claude Labat aspaldi ezagutzen dut. Berak ni, galtzamotzetan nenbilenetik ezagutzen nauela dio; Baionako Saint Bernard ikastetxean irakaslea zelarik. Thierry Truffaut-i esker aurkitu nuen Claude, eta harrezkero sarritan gurutzatzen gara. Lauburu Elkarteko ikerlea da, arkitekturaren zale sutsua, euskal etxearekin maitemindua, baita euskal estela diskoidalaren defendatzaile gartsua ere. Ezinezkoa zait lau lerrotan bera eta bere gaien subjektuak azaltzea. Historia urratzen du grinatsu, berezko argitasuna emanez iraganari. Mintzatzen entzuten baduzu, azkar antzemanen diozu zure baitakoa pizteko duen gaitasuna. Nik, 1995ean, Ixtorio Mixtorioren sorkuntzan sentitu nuen hori, euskal mitologiari ekin behar izan nionean. Bere hitzek elikatu naute engoitik, eta behin mundu horretara iritsita, aitzina segitzen laguntzen naute. Bere hitzak elur maluten irudikoak dira. Zenbat urte ditu Claudek? Oin-palmatuak ote dituen pentsu dut sarritan. Bere oin-palmatuek ene unibertsoa bete dute! Mari baitago hor, Claudek Mari bere egiten du eta harrokeriarik gabe azaltzen. Berak erakusten du eta nik... nik ikasten dut. Hona ene nahia: harekin izandako ‘kontsulta’ guztiak Gizarte Segurantzak ordainduak izatea proposatzen dut. Milesker Claude!”

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak

2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.


Osasunbideari ere errieta, euskara egoki ez baloratzeagatiik

Osasunbideko deialdietan, lehiaketaldian 40 puntutik euskarak 4’29 puntu eman beharko lituzke eremu euskaldunean, eta 2’73 puntu eremu mistoan. Baina euskararik jakin gabe ere 39 puntu lortu daitezke, beste merezimendu batzuekin. Beraz, praktikan, ez da betetzen euskarari buruzko foru dekretu berriak dioena.


2018-10-17 | ESK sindikatua
Pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako 51.000 sinadura

Euskal Herriko Eskubde Sozialen Kartak pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako herri-ekimen legegilea butzatzeko beharrezkoak diren sinadurak entregatu ditu.


Bardean benetako bonbekin maniobra militarrak eginen dituzte asteazken honetatik aurrera

Urriaren 17tik 19ra eginen ditu Espainiako Armadak maniobrak, beste behin. Tiro Poligonoaren Aurkako Taldeak salatu du "Parke Naturalean gailentzen dela maniobra horiek egiteagatik Armadak ordaintzen duen kanona segurtasuna eta ingurumenaren gainetik".


2018-10-17 | ARGIA
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute

Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.


2018-10-17 | Iņigo Igartua
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko

Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.


2018-10-17 | ARGIA
Karlos Apeztegia kartzelaratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Hernanin duen bulegoan egiten du lan Karlos Apeztegiak. Asteartean bertatik atera zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta asteazken goizean, espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta.


2018-10-17 | ARGIA
Iruņeko sutea indarkeria matxista kasu bat izan daiteke

Hipotesi hori darabil gertakaria ikertzen diharduen Espainiako Poliziak. Hala bada, ikerketa bere gain hartu zuen instrukzio epaileak Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko du kasua.


2018-10-17 | ARGIA
Eider Rodriguez, Irene Aldasoro eta Kepa Altonaga Euskadi Sarien irabazle

Asteazken honetan jakinarazi dituzte literaturako Euskadi Sarietan falta ziren kategorietako irabazleak: Eider Rodriguezek aurtengo bigarren saria eskuratu du, oraingoan haur eta gazte literaturari eskainitako kategorian, Santa familia liburuari esker.


2018-10-17 | Iņigo Igartua
Kalean bizi den jendearen zenbaketa: errefuxiatuen auziari erantzun ezean, ez espero miraririk

Ostegun honetan zenbatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbat pertsona bizi diren kalean. Erakunde publikoak konprometitu ziren etxegabeen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzun eskasa ikusita, zaila dirudi aurreikuspena betetzea. Bilboko kasuari erreparatu diogu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude