Santurtzi lilura-bidez

  • Victor Goikoetxea (Urretxu, 1965) margolari muralista Hernanin bizi da, bertan du lantokia. Bere muralak ezagunak dira munduan: Titanic-en eskailera edo Donostiako Aquariumaren ateak adibide bi baino ez dira. Santurtziko Torre Jauregian egindako horma-irudia ezagutu dugu berarekin. Danel Bringas kultur zinegotziak ireki dizkigu Dorretxeko ateak.

Victor Goikoetxea.

Muralista honen beste definizio bat eman digu Danel Bringas zinegotzi (EAJkoa) eta gidariak: “Victor Goikoetxea memoria historikoaren berreskuratzailea izan da gurean”. Ederlana dagoen tokian gaude, dorretxearen eskailera nagusian, eraikinaren kubo txikian: “Jauregia bi kubo dira: Torrea eta eskailera nagusia. Erdiko kuboa, kubo nagusiaren barnean dago”.

Iraganera egin dugu oraina ulertu aldera: udal bulegoak hemen egon ziren 1990era arte. Artean, eraikinak termiten eraso latza jasan zuen. 2008an, berregite lanak hasi zirenean, Torreak bost solairu zituen. Orain hiru solairu nagusi ditu. Sarrerako solairuan erakusketa aretoak daude. Bigarrenean, berriz, kultur ekimenerako guneak. Udal kulturako Serantes izeneko bulegoek eta interpretazio zentroak –hirugarrenean eta ganbaran– inguratzen dute Goikoetxearen artelana.

Santurtziko historia islatzea zen egitasmoa: “Victorri ez genion beste baldintzarik ipini”. Baita termino horietan jaso ere margolariak: “Espazioa bikaina iruditu zitzaidan udal ordezkariek zuten asmoa gauzatzeko”. Santurtziarren asmoa Arte Ederrak ikasitako Bringas zinegotziaren ardurapean garatu zen. Torrearen errestaurazio integrala egitea erabaki zuen udalak. Garai berrira egokiturik, iraganaren idiosinkrasia agertu behar zuen lanak. Halaber, Torrearen hezurdurari eta artisautzari eutsiko zion berritze estrukturala egin nahi zuten. Setakeria handia eta artearekiko guraria behar dira eraikin zaharrak berreskuratzeko, eta areago, jauregiko kubo txikikoaren proiektuan sartzeko: “Bai horixe! Normalean espazio hau dekoratzeko koadroak erosteko joera baitago, kito” diosku udal kultur kudeatzaile honek. Zorionez, ez da dorre honen kasua izan.

Baserria, meatzaritza, arrantza

Muralak hiru gai islatzen ditu: baserria, meatzaritza eta arrantza. Xedea herri honen memoria historikoa berreskuratzea izaki, espazioa ikustean orain arte zertutako lanaz harago joateko aukeraz ohartu zen Goikoetxea: “Proiektua aurkeztean ‘ez dut pintura soila egingo, hainbat gai landu eta nahastu nahi nuke’ esan nien. Eta bozetoak egiten hasi nintzen”. Eskailerako lau muralak Hernanin eginak daude: “Lanaren %95a estudioan egin nuen. Gainerakoa, sabaiaren berrestrukturazioa egiteaz batera hemen amaituta dago”. Zortzi hilabete luze eman zuen gaia ikertzen: “Lana ondo egiteko lehen urratsa gaia ongi ezagutzea da. Duela 50 urteko Santurtzi irudikatu behar nuen. Baserria ezaguna nuen, baina arrantza, eta meatzaritza batez ere, oso arrotzak zitzaizkidan”.

Lau muralak bat eginik kuboan

Dorretxe erdiko kuboa lau muralek hartzen dute. Nagusiak bederatzi metroko luzera du, arrantzaleen omenezkoa. Bigarrenak baserria du gai nagusia; hirugarrena meatzariei buruzkoa da. Laugarrena beste hiruren arteko nahasketa da. 100 metro koadroko obra da guztira: “Bozetoak egitean, adin eta sen guztietako jendea hartu nuen kontuan, baita artea ikasi duena ere. Zerbait ulergarria egin nahi nuen, baina ez garaikidea”. Santurtziko langileriaren lanabesen arrastoa agertu nahi zuen: arrantza-ontzi baten sareak, baserriko zurak edota meategiko hautsa bera: “Santurtziko elementu singularra arrantza zen, beraz, pareta handiena arrantzari eskaintzea eskatu zidaten. Arrantzaleen kofradia berritu zuten garaian ekin nion. Herritarren elkargune nagusia zen (arrantzaleak eta erosleak...), lonja zoragarria zen. 1960ra arte bete-betean iraun zuen arrantzaren historia birsortu nuen, sardinerak tarteko. Portugaleteko zubi zintzilikatua ageri da hondoan. Hori ez da aldatu...”.

Baserritarren mundua ageri da eskailera-buru nagusian. Antigoalekoa da baserria, pertsonaiak berriz, egungoak. Neska Hernanikoa da, adibidez. Baserria Santurtzikoa da, Mamariga auzoan dago, zutik dagoen azkenetakoa: “Denbora eta lana... biak islatzen ditu egur zati horrek” diosku Goikoetxeak. Muralak kare-hondarrak dauzka, eguzkilore handia ere, gure arima gaiztoak uxatzeko edo; gurutze txikiak ere alboan ditu. Kristautasunak lagatako seinaleak. Balendin Enbeitaren bertso bat ere badago, baserriari kantatua: “Txirua dozu izakeria, alan be urrezko bizitza; ez-eukiaren laguna zara, baña zoriz aberatsa”.

Zugastietako meatzeak

La Arboleda edo Zugastietako meategiek burdinak herrian izan zuen indarra agertzen dute. Muralik ausartena da. Abstrakzioak berebiziko indarra hartzen du, badauka arte figuratibotik ere haatik. Materialek osatzen dute murala: burdinak, baita zinkak eta bestelako mineralek ere. Santurtziko meatzeak “mendia jaten egiten ziren” zen. Mendia arrakalatu ahala burdinazko barruak zabaldu zituzten langileek: “Meatze horietako pareta bat irudikatu dut, meatzari eta burdina ateratzeko makina. Meatzeen izenak ere idatzi ditut. Mural gogorra da, lana ere hala zelako”.

Danelen berbak dira hurrengo hauek: “Jendeak uste du Santurtzi arrantzale herria izan dela, baina hiru ogibideak funtsezkoak izan dira. Mea asko Santurtzin atera zen, ez Gallartan edo Zierbanan soilik”. Goiko auzoak baserritik bizi ziren, baina eurek eta euren ideiek atera zuten lehen minerala.

Ibilbide landuaren ondorioa

“Lan bati ekitean, zalantzak ugari dira” diosku Goikoetxeak. Lanaren parte bat aliritzira geratzen da. Artistak buruan daukan ideia eta horren muntaia bi gauza dira. Muralista honek esperientzia dauka obra handietan, ohituta dago, baina hortik emaitza ikustera alde handia ei da: “Estudioan zatika ikusten nuen obra: lientzoak, zurak, sareak, sokak... Bozetoak egiteak ematen dit sosegua, oinarria horiek dira”. Kartoi mehean egindako bozetoek lana izango denera hurbiltzen du artistaren ideia: “Ez naiz lanaren muntaia ausaz egin zale, inprobisazioa ez zait gustatzen, nire inprobisazioa estudioan amaitzen da”.

Artelanaren kritika

Lanak oso ondo funtzionatu duela diote solaskide biek. Lortutako giroa oso egokia dela eraikinarentzat. Lanaren aurrean kritika egitea ez da erraza, Danelek eman digu bere iritzia ordea: “Victorren lanak irakurketa jarraitua dauka, ez zara galtzen, hormirudiak ez dira paretetan itsatsiak, zatiak izan arren orekatua da”. Murala figuratibo errealista da, Santurtziko historiarekin oso ondo egokitzen dena: “Lanaren kontzeptua material eta teknologia berrien uztarketa da. Argazkiak mikro-filmen bidez txertatu ditut. Tatuajea ere erabili dut. Teknika berriak zurean daude inpregnatuak. Teknologia tradizioarekin uztartu dut teknika berrien bidez, tradizioa materialean integratuz. Ez nuen murala irudi tradizionalaren isla soila izatea nahi” gehitu du Goikoetxeak.

Gotele egitetik muralak egitera

Goikoetxeak gouttelette egiten zuen, pintura-irakasle batek “nik ez dakit nola eta non, baina zu artetik bizi zaitezke” esan zion arte: “Ni ez naiz arte eskoletatik pasa [klaseak hartzen eta ematen ditu urtero, halere], ez naiz teorikoa. Eta ez dut mundu horretan sartu nahi, ez dut nire lanetan dekodifikagailua erabiltzerik nahi berau ulertzeko. Nire ibilbidea sentsazioek eta senek markatuta dago. Ikuslea hunkitu nahi dut. Jendea ez dadila lanaren ondoan ezaxola geratu, eta ez dezala ere ‘ez dut ulertzen’ esan. Ez naiz lanaren azalpen asko ematearen aldekoa, bat bera barik hobe”.

1.760 urtekoa da Torrea. Goikoetxearen muralen gainean, sabaian, Jauregiaren leinua ageri da: Markes de Casa Torre. Linaza eta Ormaza markesaren ezkutua beiraterian egina dago. Torrearen berritze lanek 2.000.000 euro kostatu zuten. Artistak, berriz, 70.000 euro jaso zuen bere lanaren truk. Bere esanetan, egile ospetsu batek hamar bider gehiago kobratuko luke: “Lan hau edozein sortzaileren ametsa da, alabaina. Espazio hau zuretzat libre uztea... Gainera, ni diruz ere ondo ordainduta sentitu naiz”. Artelan hau orain arteko bere ezagutza osoaren kulminazioa da, bere esperientziaren goia: “Ez baita pintatzea soilik izan, herri baten historia ikastea eta berreskuratzea izan da”.

Danel Bringasen berba hauek islatzen dute muralaren ingurumaria: “Ez pentsa erraza denik udaletxean tamaina honetako egitasmo batean denek bat egitea. Zorionez, denek bat egin genuen –orain ez dago sosik-eta– . Jauregi osoa berritzean diferentziak izan ziren, murala egitean ez. Herritarrak muralaren alboan adi geratzea lorpen handia da”. “Zenbat boto eman dizu Victorrek” esan diogu maltzurki Daneli: “Asko” erantzun digu irribarrez. “Tira, apostua itzela izan zen, eta emaitzak poztasun handia eman digu, herritarrei atsegin zaie. Muralak jendea liluratu du.Victorri lanerako eman genion askatasuna ere ageri da muralean”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude