Banantzea garesti ordaintzen da

  • Egoera ekonomikoak gizarteko alor guztietan bezalaxe eragin du dibortziatzeko orduan ere. Dibortzio kasuak ez dira jaitsi, baina larritasun ekonomikoak behartuta aterabide berrietara jo dute bikotekide bananduek; muturreko soluzioa, etxe berean bizitzen jarraitzea.

Dibortziatu ostean etxe berean bizitzen jarraitzea beste erremediorik ez du hainbat bikotek. Ez da konponbide egokia, Yolanda Gumbao gizarte laguntzailearen esanetan: "Bikote batek banantzea erabakitzen badu, etxea indarkeria gune bihur daiteke une horretatik aurrera. Horregatik, egokiena bata bestearengandik ahal bezain laster aldentzea izaten da".

“Nire gurasoek dibortziatzea erabaki zuten unean elkarrengandik aldendu izan balira, eta etxe ezberdinetan bizitzea lortu izan balute, gaur egun nire aitarekin dudan harremana askoz hobea izango litzateke, ziur”, dio bere izena eman nahi ez duen 21 urteko alaba hernaniarrak. Gurasoak bananduta izan arren, etxe berean bizi dira hirurak, duela bi urtetik. Krisiak mundua astindu zuenetik, egoera bertsuan aurkitzen dira hainbat familia: etxea saldu ezinik, ezin diote hipoteka berri bati ekin eta norbaitek pisua erosi bitartean –epe motzean lortuko duten esperantzan–, elkarbizitza aterpe berean mantentzea erabakitzen dute, beste irtenbiderik ezean.

AGIPASE Gipuzkoako aita eta ama bananduen elkarteko gizarte laguntzailea da Yolanda Gumbao; azpimarratu digunez, etxe berean bizitzea ez da konponbide egokia: “Bikote batek banantzea erabakitzen badu, etxea indarkeria gune bihur daiteke une horretatik aurrera. Horregatik, egokiena bata bestearengandik ahal bezain laster aldentzea izaten da”. 21 urteko hernaniarrak egoera deseroso hori bizi du egunero, duela bi urtetik; etxera heldu, eta aita leku batean dagoen bitartean ama bestean egoten da. Ez daramate familia baten bizimodua eta behar-beharrezkoa baino ez dute hitz egiten. Sostengaezina dela adierazi du, eta ikasketak etxetik kanpo egiteak errealitate horretatik aldentzeko aukera ematen diola: “Gogorra da horrela bizitzea, zure gurasoek elkarri begiratzen ez diotela ikusten baituzu, eta gainera, azkenean nahigabe zu ere beraien arteko eztabaiden parte izaten zara, batak gauza bat esaten dizulako eta besteak bestea. Ni aitarengandik izugarri urrundu naiz, eztabaida asko izan ditugu egunerokotasuneko gauzengatik eta gure arteko harremanak nabarmen egin du okerrera”.

Krisi ekonomikoa testuinguru, zaila izaten da beste pisu bat erostea edo alokatzea eta sarri senide edo lagunen etxera joaten da bizitzera bikotekideetako bat. AGIPASE elkarteak aita bananduentzako pisuak jarri zituen martxan duela urte gutxi, baina ez dute pertsona askorentzako lekurik eta beraz ez da hain irtenbide ona suertatu. Gumbao gizarte laguntzailearen arabera, gizonak izaten dira dibortzioan, seme-alabak badituzte behintzat, ekonomikoki kaltetuenak. Kasuen %90ean emakumea da haurrekin geratzen dena, eta haurra eta haren zaintzailea geratzen dira familiaren etxebizitzan. Gizonak alde egin behar izaten du etxetik, beste etxe baten hipoteka ordaindu behar izaten du eta familiaren etxebizitzaren kargu jarraitzen du hein batean, titularretako bat bera delako. Horrez gain, seme-alabak 18 urte egin edo ikasketak amaitu arte, pentsioa ordaintzea derrigorrezkoa zaio. “Nik 18 urte baino gehiago ditut, baina ikasketak bukatu bitartean aitak pentsioa ordaindu beharko dit, legeak hala dioelako, eta ordaindu beharrekoa amarekin adostuko du. Diru kontuak dibortzioetan arazo nagusi bilakatzen dira eta eztabaida askoren muina dira”, berretsi du hernaniarrak. 

Esan bezala, kasu ia denetan amak hartzen du seme-alabaren zaintza bere gain, baina haurraren zaintza partekatzea adosten hasi dira geroz eta bikote banandu gehiago. Hala, biek eskubide berdinak dituzte umearen heziketan eta biek dute haurrarekin denbora luzez egoteko aukera. Batez ere krisiak bultzatuta, zenbaitetan beste irtenbide bati ekin dio hainbatek: haurra ohiko etxebizitzan geratzen da beti eta gurasoak dira etxe horretan bizitzeko txandakatzen direnak –bi astero, adibidez–. Adituen ustetan, ordea, kaltegarria da banandu berri den bikotearentzako, eztabaida gehiago eragin ditzakeelako. Azken finean, dibortziatzeko erabakia hartu aurretik harremana egokia ez bazen, etxea diskusio gehiagoren iturri izan daiteke sarri askotan.

Prozesu bi

Dibortzio tasa mantendu egin da azken urteotan, ez gora ez behera. Baina elkarteko abokatu batek azaldutakoaren arabera, egoera ekonomikoak badu ondoriorik banaketa prozesuan. Bi dibortzio mota daude: adostutakoa eta adostasunik gabea. Adostasuna dagoenetan, bikoteak abokatu eta prokuradore bat kontratatzen ditu, eta etorkizuneko bizitza edo eginbeharrak adosten dituzte, hau da, hitzarmen bat egiten dute, irabazpidezko ondasunen likidaziorekin edo gabe. Hori osatuta dagoenean, dibortzio eskaera aurkezten zaio epaileari, adostutakoa azaltzen duen hitzarmenarekin; ez da epaiketaren beharrik izaten. Epaileari eskaera aurkezten zaionean tartean haurrak badaude, ministerio fiskalak kasua aztertzen du, baina ez da tramite luzea izaten, hilabete baten buruan lor daiteke dibortzioa horrelako kasuetan. Azken finean, bikotea bera da beraien etorkizuneko bizitzaren egitura zehazten duena; eurek erabakitzen dute bai aitak eta bai amak zenbat denbora izango duen haurra ikusteko, zenbatekoa izango den pentsioa, etxea noren esku geratuko den…

Adostasunik gabeko dibortzioetan, abokatu eta prokuradore banak hartzen dute parte. Bikotekide batek dibortzio eskaera aurkezten du, berak eskatzen duena agiri batean azalduta, eta besteak ezezkoarekin erantzuten dio orrialde horri. Beraz, epaiketara jotzea izan ohi da hurrengo pausoa. Luze jotzen duenez, dibortzioaren epaiketa egin bitartean bete beharrekoa arautzen da beste epaiketa batean. Epaileak hartzen du azken erabakia, aldeetako baten mesedetan edo erdi-bitarteko epaia ebatziz. AGIPASEko abokatuak onartu duenez, dibortzioa berez da ekintza traumatikoa, betiko izango dela pentsatzen duzun zerbait amaitzen delako, baina adostasunik gabekoa askoz ere mingarriagoa da, prozesua gogorragoa delako eta epaiketa nekagarria delako oso. Banaketak berak, premia ekonomikoek eta abarrek sortzen dituzten haserre eta frustrazioei aurre egiteko, laguntza psikologikoa eskaintzen du elkarteak. Tratu txarren zantzuak egonez gero ere, dagokien instituzioekin eta terapia psikologikoekin beharrezko neurriak hartzen dituzte berehala.

Kontuak kontu, azken urteetan gora egin du adostutako dibortzioen kopuruak eta krisi ekonomikoak eragina izan dezakeela uste dute elkarteko kideek. Azken finean, adostu gabeko dibortzioetan bikoitza ordaindu behar izaten da eta luze jotzen duen bidea da. Horrez gain, adostutako negoziaketetan, lehen gertatzen ez zen fenomeno bat ematen ari da: dibortziotik denbora batera, haurraren zaintzaz arduratzen den bikotekide ohiari pasa beharreko pentsioaren kopurua aldatzea eskatzen du zenbaitek. Horretarako, epailearen aurrean frogatu beharko da soldatan edo diru-sarreretan murrizketa jasan duela eta ekonomikoki estututa ikusten duela bere burua. Epaileak hala berretsiz gero, egoera ekonomiko berrira egokituko luke pasa beharreko pentsioa.

Bestalde, eta bitxia dirudien arren, krisiaren ondorioz iruzurrak areagotu direla azpimarratu du AGIPASEko abokatuak, dibortzio faltsu deiturikoak egiten dituztela, alegia: “Askotan, ofiziozko abokatu gisa bikote batekin lan egitea egokitzen zaizu, eta lehenengo unetik ohartzen zara beraien helburua ez dela benetan banantzea, dibortzio paperak lortzea baizik, erakundeetatik diru-laguntzak lortu ahal izateko, baina gero batera bizitzen jarraituko dutela”. Hain zuzen, gerora hainbat bikotek iruzurra onartu izan diotela diosku abokatuak. Aita edo ama banandua izateagatik eta umea zaintzapean izateagatik, instituzioen laguntza jasotzen da.

Izapideen kostuak

Eskaintzen dituen zerbitzuen artean, aholkularitza fiskala eta zerbitzu juridikoa ematen du AGIPASEk. “Hona jende asko etortzen da, batzuk bikotea mantendu eta bikote-harreman ona eduki ahal izateko aholku bila, eta besteak dibortzioa tramitatzera”, diosku Yolanda Gumbaok. Dibortzioak elkarteetatik tramitatzea bakoitzak bere kabuz egitea baino askoz merkeagoa da. Dibortzioa bideratzeko abokatua kontratatzea 3.000 euro inguruko gastua izaten da, baina elkarteko abokatuek 1.500 euro baino gutxiago kobratu ohi dute. Gizarte laguntzailearen hitzetan, askotan neurrigabeko prezioak ordaintzen dira dibortzioen izapideengatik, ezjakintasunak eta desesperazioak bultzatuta jendea edozein prezio ordaintzeko prest egoten baita batzuetan. “Behin gizon batek 18.000 euro ordaindu zituela esan zidan. Horretara iritsi aurretik, abokatuak orduko zenbat eskatzen duen galdetzea da egokiena eta prezioen konparaketa egitea, hau da, hainbat abokaturen prezioak alderatu eta ondoren erabakitzea. Ezinegonak bultzatuta erabakiak azkar hartzen dira, eta hori ez da ona”. Batez beste, elkarte gipuzkoarra astean bost bat familiaren dibortzioaz arduratzen da, hots, urtean 600 familia inguru pasatzen dira bertatik eta gehienetan dibortzio tramiteak egin behar izaten dituzte.

54 urterekin banandu berri den emakume donostiar batek esan digunez, prozesu gogorra izan da, baita ekonomikoki ere: “Bikotekide ohiak eta biok duela zenbait hilabete erabaki genuen banantzea. Tramiteak egiteko abokatu bana hartu dugu, eta bakoitzak 1.000 euro inguru ordaindu beharko dizkiogu gure abokatuari”. Horrez gain, etxea saltzea asko kosta zitzaien, eta azkenean prezioa izugarri jaitsi behar izan zuten. Batera zuten etxebizitza horretako %70 emakumearena zenez, saldutakoan lortutako diru-kopuruarekin etxebizitza berria erosteko aukera izan du berak. Senar ohiak aldiz, senideei eskatu die dirua, hipoteka berri bati ekin ahal izateko. Batera duten alabari aitak pentsioa pasa beharko dio 25 urte egin bitartean, baina eman beharreko diruaren inguruko adostasunik lortu ez dutenez, epailearengana jotzea erabaki dute, eta horrek prozesua garestituko du.

Berez erabaki zaila da dibortzioarena, ez dago dudarik, baina egoera ekonomiko gogorrean dagoen jendearentzako oraindik lazgarriagoa da. Ez dago konponbide samurrik, latza da etxe berean bizitzen jarraitu behar izatea, senide edo lagunen atea jotzea, bi hipotekaren ardura hartzea… eta bizitza berri bati ekitea. Adituen esanetan, dibortzio kopurua mantendu egingo da datozen urteetan eta hala bada, garbia da ondorioa: krisi garaiotan, zailtasun ekonomikoek are mingarriagoa egingo dute banaketa.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude