Energiaren azken "pagotxa"

  • Energia-krisiaren eztanda ahalik eta gehien atzeratu nahian, hidrokarburoen industria etengabe ari da erregai fosilen iturri berriak bilatzen. Horietako bat da arbel-gasa edo eskisto-gasa. Eusko Jaurlaritzak esan duenez, EAEk hortik lortu lezake energia-burujabetasuna datozen hamarkadetan. AEBetako esperientziak erakutsi du, ordea, gas mota hori ateratzeko erabiltzen den teknikak, hausketa hidraulikoak, kalte ugari egiten diola ingurumenari.

Subillako (Araba) legar-harrobi abandonatu honetan hasiko dira aztertzen arbel-gasaren bideragarritasuna, 2012 hasieran. Ikus ditzakezuen instalazioak harrobi zaharrarenak dira; gas bilaketarako azpiegitura jarri gabe dago oraindik.

Kolpea kolpearen ondotik, iritzi publikoaren aurrean lorpenak aurkezteko premian da Patxi Lópezen gobernua. Begi ninietako bat energiaren alorrean aurkitu du: eskisto-gasa, edo arbel-gasa. Izen horiek eta gehiago ere baditu. Lehendakariak urriaren 14an igorri zuen berri ona Texasetik (AEB), eta harrezkeroztik hedabide irakurrienek eta ikusienek lau haizetara zabaldu dute Euskadiko biztanleei pagotxa oparitu diela naturak. Hainbat urtez euskal lurpean hidrokarburoen bila aritu eta gero, ondorioztatu da 185.000 milioi metro kubo arbel-gas egon daitezkeela Arabako Lautadaren lur azpian. Erkidegoaren beharrak 60 urtez asetzeko adina erregai. Akabo gasa urrundik ekartzea, akabo dependentzia. Eta gainera, ingurumenari kalterik egin gabe.

Historia polita itxuraz, baina ez horrenbeste irakurketa zorrotzagoa eginez gero. Gas konbentzionala nahiko erraz ateratzen da lurretik, eta errentagarria izaten da. Baina arbel-gasa ez da konbentzionala. Porositate txikiko haitz iragazgaitzean gordeta dago, eta azaleratzeko ohikoa baino teknika erasokorragoa eta garestiagoa erabili behar da: fracking-a edo hauste hidraulikoa.

Arbel-gasa ustiatzen eskarmentua daukan munduko herrialde ia bakarra AEB da. Hamarkada bat daramate gas naturala fracking bidez eskuratzen, eta denbora horretan inportatzetik esportatzera igaro dira. Baina hamar urteko ustiapenak agerian utzi ditu hauste hidraulikoak sortzen dituen ingurumen arazoak: ur kutsatua, metano emisioak, lurrikarak... Azkenean, administrazioak neurriak hartzera behartuta ikusi du bere burua. AEBetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak (EPA) gas ez-konbentzionalaren ustiapenak ingurumenean eta giza osasunean duen eragina ikertzen hasita dago, eta 2012 amaieran jakinaraziko omen ditu emaitzak.

Gasak kutsatutako ura

2005ean, George W. Bushen gobernuak Energia Politikaren Legea onartu zuen. Horren ondorioetako bat zen hauste hidraulikoa erabiltzen zuten enpresak ez zirela, aurrerantzean, Ur Edangarriaren Segurtasunaren Legea betetzera behartuta egongo, ez eta EPAk ezarritako arauetako asko ere. Urte hartatik 15.000 putzu zulatu dituzte AEBetan, eta gero eta herritar gehiagok azaldu dute kezka hauste hidraulikoaren inpaktuak direla eta. Gauzak horrela, New York eta New Jersey estatuek moratoria ezarri diote arbel-gasaren ustiapenari. Lehenengoaren kasuan, arrazoia izan da New York hiriko ur edangarria dagoen eremu asko kaltetuak izan direla.

Uraren kutsadura da, izan, fracking-aren inpaktu ezagunena. Zuetako askok ikusiko zenuten 2010ean Josh Foxek zuzendutako Gasland dokumentala. Film horretan gogoari itsatsita geratzen diren irudi horietako bat ikus daiteke: sukalde bateko txorrota ireki eta, pizgailu bat hurbilduta, sua dario urari. Ez da ura erretzen dena, noski, harekin batera datorren metanoa baizik. Gas naturala, %90etik gorako portzentajean, metanoa da.

Interneteko bilatzaileetan “Gasland” hitza idatziz gero, Foxen dokumentalarekin batera agertuko zaizkizu hura kritikatzen duten bideoak, gas konpainiek sustatutakoak. Errealitateari bizkar emanda, funtsik gabeko beldurra zabaltzea leporatzen diote Gasland-i. Ahots Berriak webgunean irakurri dugunez, antzeko argudioak erabili zituen Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, fracking-aren arriskuengatik kezka agertu zioten hainbat talderekin egindako bileran, joan den azaroan. Garretan dagoen txorroteko uraren irudia anekdotatzat jo zuen sailburuordeak. “Texasen 15.000 putzu ustiatu dituzte, eta ez da ingurumenarekin lotutako inolako ezbehar larririk izan”. Beste estatu batzuetan arazoak izan zirela onartu bazuen ere, hausketa hidraulikoaren segurtasuna defendatu zuen Garmendiak: “Teknikak aurrera egin du, horrelako gauzak gerta ez daitezen”.

Ez daukagu daturik esateko AEBetan metanoa darien txorroten kopurua anekdotikoa den ala ez. Baina esan dezakegu Duke Unibertsitateko ikerlariek maiatzean argitaratutako lanaren emaitzek gutxi dutela anekdotikotik. Pennsylvania eta New York estatuetako 68 ur putzu aztertu ondoren, metanoa aurkitu zuten horien %85ean. Konturatu ziren, gainera, gas hobietatik kilometro bat baino gutxiagoko distantziara zeuden putzuetan metano kopurua hamazazpi aldiz handiagoa zela, batez beste, gainerakoetan baino. Metanoa jatorri naturalekoa edo gas ustiaketaren ondoriozkoa zen ere behatu zuten: gehien zeukaten putzuetan, ustiaketa zen gasaren iturri nagusia.

Ehunka substantzia kaltegarri

Metanoa ez da fracking-aren ondorioz uretara iristen den kutsatzaile bakarra. Hauste hidraulikoa, funtsean, zera da: sakonera handiko putzuak egin eta horietatik ura eta silizea sartzea presio handian, harria puskatuz gasa askatzeko. Hodiak beherantz doaz hasieran, eta gero aldeetara zabaltzen dira. Ehunka konposatu kimiko ere sartzen dira, urarekin eta silizearekin batera.

Urtetan, AEBetako gas konpainiek uko egin diote konposatu horien izenak publikoki esateari, industria-sekretua babesten duten legeen aitzakia erabilita. Azkenik, eta presioek bultzatuta, zabaldu dituzte substantzia batzuen izenak, baina ez denenak.

Presio horien arrazoietako bat Theo Colborn zientzialari estatubatuarrak egindako azterketa izan zen. Colbornek bere kabuz bildu zituen ustiategietako hondakinak, eta analisia egin eta gero ia 649 konposatu kimiko aurkitu zituen. Horietatik, 286 ez daude katalogatuta, eta ingurumenean edo osasunean eduki dezaketen eragina ezezaguna da. Gainerakoetatik, %55ek eragina dute burmuinean eta nerbio-sisteman, %78k arnas-aparatuan, azalean, begietan, gibelean eta hesteetan, eta %47k sistema endokrinoari egiten diote kalte, eta beraz ugalketari. Aztertutako konposatuen %58 uretan disolbagarria da, eta %36 haizeak garraiatu ditzake. %25 kantzerigenoak dira.
Konposatu horien zati bat lurpean geratzen da, eta bertako akuiferoetara iristeko arriskua dago. Aldiz, hoditik sartutako jariakinaren portzentaje bat –%15 eta %80 bitartekoa, EPAren arabera– berriro ateratzen da gainazalera. Hasieran zituen substantziez gain, lurzorutik dakartzanak gehitu behar zaizkio: metal astunak, elementu erradioaktiboak, bentzenoak... Erabiltzen den ur kopurua eskerga denez –horra beste inpaktu bat–, bueltan datorren hondakinen arazoa ez da txikia.

AEBetako arbel-gas ustiategi gehienetan, hondakin-ur horiek lurperatu egiten dituzte, Kantabriako Hauste Hidraulikoaren Aurkako Taldeak helarazi digun txostenak dioenez. Baina beti ez da horretarako aukera egoten. Hala gertatzen denean, lurruntze-baltsetan uzten dituzte hondakinok, edo bestela araztegi publikoetara eraman eta administrazioaren esku uzten dute arazoa. Gehienetan, araztegi horiek ez daude behar bezala prestatuta ez hondakin mota hori tratatzeko, ez eta hain kopuru handietan. Okerreko jardunen ondorioz, behin baino gehiagotan ibairen bat izan da ur kutsatuaren azken geltokia.

Gauzak ustez ondo egitea, hau da, hondakinak lurpean sartzea, arazo iturri da halaber. Ohikoak ez diren lekuetan erregistratu diren ehunka lurrikara txiki, Richter eskalan hiru gradu baino gutxiagokoak, hondakinen lurperatzearekin lotuak izan dira. Lurrikara horien errua hauste hidraulikoari berari ere bota diote. Eta ez edonork, AEBetako Geologia Zerbitzuak baizik. Hots, gobernuak. Gugandik hurbilago, udaberrian Britainia Handian gertatutako lurrikara txiki biren kausa fracking-a dela ebatzi du afera ikertzeko beren-beregi sortutako batzorde independenteak.

Kutsadura atmosferikoaren eragile

Urak eta lurrak ez ezik, aireak ere jasaten du hausketa hidraulikoaren eragina, ustiaketaren urrats guztietan konposatu organiko lurrunkorrak igortzen baitira atmosferara. Azken hiru urteetan egindako hainbat ikerketak frogatu dute Fort Worth hiritik hurbil dauden arbel-gas ustiategiak segurtasun mugetatik gorako kutsatzaile kontzentrazioak jaurtitzen ari direla eguratsera. Non eta Texasen. Southern Methodist Unibertsitateak 2008an egindako azterketa baten ondorio nagusia izan zen Dallas-Fort Worth metropoli eremuan –sei milioi biztanle– gas erauzketek kutsadura gehiago eratzen zutela garraiobide guztiek baino.

Era berean, hauste hidraulikoak klima aldaketa azkartzen laguntzen du. CO2-aren sona ez badu ere, metanoak negutegi efektuaren areagotzean duen eragina 23 aldiz handiagoa da. Cornell Unibertsitateko lantalde batek kalkulatu du lurpetik ateratzen den gasaren %3,6 eta %7,9 bitarteko portzentaje batek ihes egiten duela airera.

Europan bi jarrera

Aurreko guztia ikusita, ez gintuzkete harritu behar Europako Parlamentuak eskatuta Alemaniako aholkularitza enpresa bik ekainean burutu zuten txostenaren ondorioek: hauste hidraulikoak inpaktua dauka ingurumenean eta giza osasunean, eta gaur egungo europar legediak ez du argi esaten enpresa jardun hori nola arautu behar den.

AEBetako gas konpainiek gure kontinentea begiz jota daukaten honetan, Europar Batasuna finkatzen ari da bere posizioa. Baina estatu guztiek ez dute bide bera hartu. Euskaldunoi dagokigunez, Frantziak debekatu egin du hauste hidraulikoa, eta Europa osoan hala egin duen bakarra izan da gainera. Oso bestelakoa da Espainiaren jarrera, bistan dena: Madrilgo Industria Ministerioak arbel-gasaren aldeko politikak sustatu ditzan eskatu dio Europar Batasunari. Ingurumen arazoez atariko haizeaz bezain ezaxola ageri da espainiar gobernua afera honetan, eta hala, Araban hastear dauden produkzio probetarako aurretiazko inpaktu azterketarik ez dela behar uste du Industria Ministerioak.

Hau baino orrialde bi lehenago dagoen mapan ikus daitezke Euskal Herrian baimenduta edo baimentzeke dauden gas ez-konbentzionalaren ikerketa eremuak. Ez zaitzatela nahasi ia Araba eta Bizkaia osoak eta Gipuzkoako zati handi bat koloreztatuta ikusteak. Oraingoz putzu bi besterik ez dira zabalduko, biak 5.000 metro inguruko sakonerakoak, Enara izeneko eremuan, Subilla Gasteiz herritik gertu. 2012ko lehen hiruhilekoan hasiko dira lanak, eta ustiapenak sortuko lituzkeen arazo teknikoak, bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumenaren gaineko inpaktua neurtzea da helburua.

Emaitzak onak balira, eremua benetan ustiatzen hasteko baimena eskatuko luke xede horrekin eratu den partzuergoak. Hiru kide ditu itunak: aro jeltzalean Jaurlaritzak sortutako SHESA konpainia(Euskadiko Hidrokarburo Elkartea), Heyco Energy Group –Texasen Patxi Lópezi ostatu eman ziona– eta Cambria Europe. 100 milioi euro gastatuko dituzte bizpahiru urte iraungo duten aurre-produkzio lanetan, eta ohartuko zinenez, irakurle, ez du ziurtatuta arrakasta. AEBetan hamaika analistak, zientzialarik eta industriako kidek agertu dituzte arbel-gasaren errentagarritasunaz zalantzak. Errentagarritasun ekonomikoa zein energetikoa. Batzuen ustez, oso litekeena da hau guztiau urte gutxi barru lehertuko den burbuila izatea, zeinetik inbertsore handienek garaiz irteten jakingo baituten. Izango dugu horretaz zabal jarduteko aukera.

“Ustiaketa segurua posible ez bada, ez da ustiatuko“

Xabier Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea

 

Zenbait taldek kezka agertu dute hauste hidraulikoak ingurumenari eragingo dizkion kalteak direla eta. Zuk erantzun diezu teknikak hobetu egin direla eta ez dagoela zertan kezkatu. Zeintzuk dira, zehazki, teknika horiek?

Eusko Jaurlaritzak planteatu duena zera da: hobiaren bideragarritasuna aztertzen hastea, alde teknikotik, ekonomikotik eta ingurumenari dagokionetik. Bideragarritasun hori frogatzekotan baizik ez litzateke hasiko ustiapen fasea. Hala da, besteak beste, ez daudelako hauste hidrauliko bidezko estimulazio-teknikei modu berean erantzuten dioten hobi bi. Erabiltzen den ur, silize eta gehigarri nahastea ere ez da berdina hobi guztietan. Hobi bakoitzak bere neurriko jantzia behar du, bai estimulazio teknikei bai inpaktuak zuzentzeari dagokienez.

Edozein kasutan, onartzen duzu ingurumenaren gaineko inpaktua badela?

Onartzen dut inguruan egiten den edozein interbentziok inpaktua duela. Jakin behar dena da ea inpaktu horiek kritiko eta atzeraezinezkoak diren, hau da, baliabidea ustiatu daitekeen ingurumenerako arrisku onartezinak hartu gabe. Ustiaketa segurua posible bada, hobia ustiatuko da. Eta posible ez bada, ez da ustiatuko, zuhurtzia printzipioari men eginez. Hori da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa. Berriz diot esplorazio-lanak egiten ari garela, ez ustiaketa-lanak. Ustiaketa gerora hartu beharreko erabakia da.

AEBetan ikerlanak egin dituzte hauste hidraulikoan erabiltzen diren konposatu kimiko gehigarriez; dozenaka konposatu toxiko aipatzen dituzte. Industria Sailak badaki zehazki zeintzuk diren gai horiek? Zer duzu esateko haien arriskuaz, edo arrisku faltaz?

Hauste hidraulikoa egiteko beharrezkoa da haitzean ur, silize eta gehigarri nahaste bat txertatzea. Gehigarriak substantzia kimikoak dira, hainbat funtzio dituztenak: hausketan erabiltzen den tresnen lubrikazioa, babes mekanikoa, bio-babesa, eta abar. Dozena bat dira gutxi gorabehera, eta ondo ezagunak. Hobi bakoitzerako desberdinak dira, eta proportzio egokian erabili behar dira beren zeregina ondo beteko badute inguruari kalte egin gabe. Europak orain gutxi onartu du REACH izeneko araudia, substantzien konposizioaren ezagutza gardena segurtatzen duena, hala nola erabilpenaren kontrola, ingurumenean eta pertsonen osasunean eragin ditzakeen ondorioena barne. Substantziok behar bezala identifikatuta daude, eta haien ezaugarriak eta konposizioa publikoak izango dira. Gure kasuan, gainera, EEE, hau da, Eusko Jaurlaritza da Enara Handiko Esplorazio Partzuergoaren %44aren jabea, eta hori beste gardentasun berme bat da.

Estatubatuar enpresen ustezko gardentasun faltari buruzko informazioek AEBetako araudiarekin zerikusia dute, eta baita enpresa bakoitzak bere nahastearen konposizio egokia bilatzearekin ere. Enpresek ez dute informazio hori euren lehiakideekin partekatu nahi, eta badirudi estatubatuar legediak hala jokatzea baimentzen duela. Gure kasuan ez da hala izango. Administrazioak beti jakingo du zer substantzia erabiltzen den, eta haren ezagutza ingurumenari buruzko informazio-eskubideari lotuta egongo da.
Substantzia horien arriskuak dosiarekin zerikusia du. Dosiarekin, eta inguru hartzailearen sentiberatasunarekin. Bota ezazu Errioxako ardo uzta oso bat tamaina egokia duen aintzira batean, eta haren urak eutrofizazioz ustelduko dira. Beharbada hondakinaren definizio onena hau da: kopuru desegokian, leku desegokian eta une desegokian dagoen substantzia.

Arbel-gas ustiapenaren errentagarritasun faltari buruzko literatura ugari. Hainbat egileren esanetan, ateratzen den gas kopurua hasiera bateko estimazioak baino txikiagoa izaten da.

Bada, horretarako egingo dugu esplorazioa. Gasa ez bada behar bezalako kopuruetan ateratzen, Enara Handia ez da ustiatuko. Ez bada errentagarria, ez da ustiatuko. Eta ezin bada ustiatu ingurumenerako arriskurik gabe, ez da ustiatuko.

Dena den, uste dut baieztapen horiek egiten dituztenak okerreko webguneetan sartzen direla. Sartuko balira datu errealak ematen dituztenetan, jakingo lukete AEB gasa inportatzetik esportatzera igaro dela, eta 2009an munduko gas natural ekoizle nagusi bihurtu zela, Errusia gaindituta, gas ez-konbentzionalari esker hain zuzen. Eta horrek merkatu estatubatuarrean gas naturala merkatzea eragin duela. Badirudi batzuek ez dakitela beren nahia eta errealitatea bereizten.


ASTEKARIA
2011ko abenduaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude