"Galego bakarra egin genuen, leku guztietakoa, eta inongoa ez"

  • Santiago Compostelako Unibertsitateko katedradun eta Galiziako Hizkuntzaren Institutuko kide da. Galegoaren atlasaren lehen alea ondua zuen duela hogeitaka urte, Euskal Herrian gure hizkuntz atlasaren egitasmoa aurkeztu zuteneko. Harrezkero, joan-etorri franko egina da Galiziatik euskararen herrira, galegoaren dialektoez eta hizkuntza estandarraz gogoetan.

"Ez dugu dialektoen kontzientziarik, batasun handia du galegoak".

Zertan da galegoaren dialektologia, zertan galego estandarra hizkuntzalaritzaren argitan?

Lehenengo, absentzia, horixe esan behar da... Hizkuntza galego-portugesa eratu zela bai, baina Erromanistika tradizionalak ez dio besterik. Hori esanik, Erromanistikak esan du esan behar zuen dena, haren argitan desagertu egiten da galegoaren historia. Arrazoi bila abiaturik, esan dezagun, hasieran, garai batean, gure hizkuntzari buruzko oso lan gutxi zirela. Baziren Galiziatik kanpoko galegoaren gaineko ikerketak, Amado Alonsok egindako lanak, batik bat. Horietan, Asturiasko galegoa, Leóngoa, Zamorakoa… aztertu zen. Monografiak ziren. Baina Galizia bertako galegoaren azterketarik ez zen!

Bigarren, Zamora Vicentek, iragan mendeko 40ko hamarkadan, lau monografia klasiko argitaratu zituen galegoaren lau fenomeno dialektalen inguruan –non gheada, seseoa, moito/muito banaketa eta beste aztertzen zituen–, eta kexu zen, kanpo lanik ez zegoelako egina, eta kanpo lanik ezean, topikoa zelako nagusi. Galegoa portugesaren dialektoa zela besterik ez zen entzuten bazterretan! Esan behar da hizkuntza galaiko-portugesetik bi hizkuntza landu sortu zirela: galegoa, batetik, eta portugesa, bestetik; antzekotasun handiekin sortu ere.

Esan behar den hirugarren gauza, galegoaren mugei dagokiena, muga lausoak dituela, hizkuntzetan ohi denez. Hor bada kasu aski bitxi bat, hizkera galaiko-portugesari dagokiona, Xalima ibarreraino sartzen baita. Hau da, Salamancatik Caceresera bidean, badira hiru udalerri –Eljas, San Martín de Trevejo eta Valverde del Fresno–, non hizketa bat duten, ez asturiera, ez portugesa dena… Izeberg bat da, galaiko-portugesaren erakusgarria. Azalpena ere ez da zeharo bihurria: Galizia eta Leóngo erreinuko jendeek birpopulatu zuten alderdi hura, Galizia eta Portugal bereizi ondoan. Errege Alfonso IX.ak –IX.a, Gaztelako historiografiaren arabera, baina VII.a Galizia eta Leóngo erreinuaren historiografiari jarraiki–, birpopulatu zuen inguru hura, bere erresumako jendeekin. Bidenabar, Santiagoko katedralean dago lurperatuta delako erregea...

Galegoaren “muga lausoak” esan duzu.

Zaila da-eta mugak zehaztea. Erraz antzean mugatu genezake euskara Araban, adibidez. Enrike Knörr zenak Aramaioko uda ikastaroetara gonbidatu ninduen duela urte batzuk. Harrigarri zitzaidan, Arabatik igarotzeko ohitura nuen, bertan geratzeke. Gasteiz alderdi honek Gaztelaren antza du nirekiko, eta Aramaiora heldu, aldiz, eta dena berde! Zuen kasuan, hizkuntzak –bateko euskara, besteko gaztelania–, guztiz diferenteak dira. Gurean ez da horrelakorik. Galegoak mugak, baina zeinekin? Partez, astur-leonesarekin, eta, partez, gaztelaniarekin… Hizkuntzak antz handikoak izanik, ez da erabateko mugarik, continuum bat baizik. Are, esaterako, continuum delako hori Galiziatik Italiaraino heltzen da. Amado Alonsok “erromaniko jarraikia” zioen. Jakina, orain, estatuak, autonomia erkidegoak, estaturik gabeko herrialdeak eta gainerako abarrak ditugu, eta sintetizatu beharra dago nahitaez. Baina, berez, erromanikoaren munduan, continuum horixe da ezaugarri, prozesu gutxi-asko erregularra.

Galegoari dagokionean…

Horretara noa. Gurean, problema da iparraldean galegoak asturierarekin eta Leóngo hizkerarekin muga egiten duela. Kantauri alderago, zailago dugu muga azpimarratzea. Badira bi udalerri, bata Navia, eta bestea Villalón de Bajo, non zaila den muga zehaztea. Garai batean, Navia ibaia esanda konpontzen zen mugaren auzia alderdi hartan, muga historikoa nahi baduzu, baina guztiz horrela ez dena. Gogoan dut doktorego tesi bat, neuk zuzendu nuena, non Naviatik zazpi-zortzi bat kilometro hona egin eta galegoa hitz egiten zen. Esan nahi dut, badirela fenomeno fonetiko inportante batzuk, diptongazioa, bokal arteko galera… eta, horiek, galegoarenak dira. Bokal arteko galerak, bestalde, fenomeno fonetikoa izanik ere, morfologiari eragiten dio, hitzen pluralak era batekoak edo bestekoak izatea eragiten du-eta. Eta, eragin, galego estandarraren ezaugarririk hedatuena gertatzeraino! Hizkuntzalari ari naiz, eta besterik da jendeak, hiztunak, esaten edo uste duena. Baina, berez, fenomenook Kantauritik Ayamonteraino zabaltzen dira, Santo Antonioraino Portugalen. Horra muga, non galaiko-portugesaren mundua, astur-leonesarena eta gaztelaniarena bereizten diren.

Horra mugak, beraz.

Baina ezer ez da matematikoa. Badira beste gertakari batzuk, galego-portugesarenak, Leónen sartzen direnak. Beheranzko diptongoak, adibidez. Pidalek, hizketa leonesaren monografia klasikoa egiten duenean, hiru leones modu bereizten ditu, ei>ou beheranzko diptongazioari begira. Horren arabera bereizten du Pidalek Mendebaldeko leonesa. Hala ere, esan behar da gertakari hori galaiko-portugesa dugula, dudarik batere gabe. Eta mugak direla-eta, gure chamar, chover horiek, asturieraren barruraino sartzen dira… Alderantziz ere gertatzen da, alegia, astur-leonesaren gertakariak ere iritsi dira galegora, hau da, Galizia administratiboaren barru diren lurretan hitz egiten den galegora… Hori esanik, esan nahi nuen zaila dela hizkuntza mugatzen, baina mugatzea dagokigu. Jendearen kontzientziak ere laguntzen du horretan.

Galegoaren dialektologia ikertzen jardun duzu urte luzean. Zertan da dialekto ezberdintasuna?

Dialektologia ikertu dut, ez dugulako dialektoen kontzientziarik, batasun handia du galegoak. Guk ez dugu Bartzelonarik izan. Vigo, zer zen bada, duela hirurogei urte? Santiago, zer zen, bada? A Coruña, izatekotan, bazen, baina ez zen Bartzelonarik. Kontuan hartu behar da, bestalde, Espainiako leku despopulatuen herena Galizian dugula. Jendea hirira joan da, baina lehen, dispertsioa ikaragarria zen, gune nagusi bat falta izan zaigu, eta, hala ere, hizkuntzaren batasuna da azpimarragarriena, barietateak gorabehera. Gure galegoa, nahiko batuta dago. Baditugu grafia gorabeherak oraindik, baina txikikeriak direla esango nuke, garrantzizkoena batuta dugula.

Nola liteke batasun hori?

Ez da kontu berria. XIX. mendean hasi zen batasuna, Rosalía de Castrorekin, Fondal-ekin, Manuel Curros-ekin… Lexikoa zein morfologia batzera jo zuten. Beste izen bat, sortzaile handia, Castelao, prosa kultu modernoa landu zuena. Garai hartan –poesia nahiz prosa–, zientzia egiten zuten. Ahalegin handia egin zuten, bai Castelaok eta bai beste zenbait lagunek ere, hizkuntza lantzen, batasunera eramaten. Esaterako, portugesarekiko lotura egin zuten, hipergailegismoa baztertu, lexiko popularra biziberritu zuten. Nekazaritza arloko hitzei bestelako dimentsio semantikoa eman zieten. Horretan, adibidez, maisu izan genuen Castelao.

Galego estandarra arautzea berriagoa da, hala ere…

Bai. 1977an hainbat bilkura eratu zituen Galiziako Hizkuntzaren Institutuak, hots, Galegoaren Akademiak. Sei hilabetez gogoetan jardun zuten hainbat hizkuntzalarik, literatok, idazlek, eta galegoaren batasunaren oinarriak finkatu zituzten. Aldi berean, atlas linguistikoa egiten hasteko urratsak egin zituzten. Niri dagokidanez, galegoaren eremu linguistiko osoa ibili genuen hiru lagunek, eta, ondoren, mintegi formal eta informaletan aztertu genituen aurkitutako hizkuntz formak, eta erabakiak hartu ziren. Hortik etorri zen galegoaren aditz paradigma literarioa erabakitzea, adibidez. Atlas linguistikoaren lehen zirriborroak hizkuntzaren batasunaren handia erakutsi zigun. Ordu arteko galegoaren gramatikaren fotografia egiteko balio izan zigun.

Batasuna egina da, hortaz.

Kontu horiek ez dira inoiz bukatzen. Italian, duela 500 urte hasi ziren batasuna planteatzen, eta ordutik hona ez dira isildu. Italian De vulgari eloquentiarekin hasi zuen batasun prozesua Dantek XIII. mendearen amaieran. Poeta handia Divina Comedia egiten hasi zenean, gogoeta egin zuen, italieraren inguruan, estandarraren bila… Esan dudanez, gu 70eko hamarkadan lotu gintzaizkion buru-belarri batasunari. Ordu arte, hizkuntza loreak mendian bezala zegoen… eder, baina egituratu gabe, aurreko mendeetako idazleek ahalegina egin zuten arren. Atlasa eginez, ordu arteko panorama erakutsi genuen, tradizio literarioa bildu, galego arrunta azalera ekarri… Hizkuntza bat egin genuen, estandarra, leku guztietakoa, eta inongoa ez, noiz Mendebaldeko Galiziakoa, noiz Ekialdekoa. 1990ean argitaratu zen Atlas Linguistikoaren lehen alea, aditz morfologiari buruzkoa, nire tesia izana. Handik bost urtera, bigarren alea etorri zen, izen morfologiaren gainekoa. 2005ean bosgarren alea atera zen eta hamaika-hamabi ale aurreikusiak ditugu, galegoaren arlo lexiko osoa biltzeko bidean, ahozkotasuna eta tradizio literarioa batera. Orain abian gara, gauza asko ari gara egiten. Duela hogeita hamar urte, aldiz, oso gutxi genuen egina…

Euskal Herrian izan zinen garai hartan, atlas linguistikoa zela eta ez zela…

Atlasa asmatzen hasi ziren hemen, eta bertara etorri nintzen. Zinez liluratu ninduen hemen ikusi nuenak. 1990-1991 izango zen, eta guk han atlasaren lehen alea argitaratua genuen, oso sostengu txikiarekin, ez politikariek ez nazionalistek lagundu zuten askorik. Hona etorri, euskararen atlasaren abiatzea, proiektuaren aurkezpena, eta lan patriotiko bat ikusi nuen martxan. Han ziren, mahaian, Ardanza EAEko lehendakaria, Alli, Nafarroako burua, eta, are, lehenengo ilaran jarrita, Arzalluz eta Patxi Zabaleta, askoren artean. Zabaleta, jakina da, euskaltzain osoa zen ordurako. Horixe pentsatu nuen neure kautan: “Hemen dira denak! Aberri asmoa dute, inondik ere! Gurea ere aberri asmoa da, Xuntaren laguntza izan du argitaratzeko, bai, baina hau beste mundu bat da. Badakite zer nahi duten!” Nik Herri proiektu bat ikusi nuen hemengo aurkezpen hartan. Lehen mailako politikariak ikusi nituen proiektua bultzatzen. Arzalluz eta Ardanza, eta Alli, eta euskaltzainak. Patxi Zabaleta, Herri Batasunakoa orduan. Herri Batasunakoa, euskaltzaina… Gure Akademiari begira galdetzen nuen: “Noiz sartuko da Méndez Ferrín galegoaren Institutuan?” Ni 1999an sartu nintzen… eta, nire ondotik, Méndez Ferrín. Neuk egin nuen horretarako behar zen paper-lan guztia… Orain, berriz, Institutuko buru dugu Ferrín!

Galegoaren Institutu edo Akademiaren zuzendaritzako kide zara. Zertan zarete?

Ohiko bilerak ez ezik, duela urtebetetik hona, zuzendaritzan gaudenetik –Xose Luis Méndez Ferrín idazlea Akademiako presidente dela–, oker makur bat zuzentzen ahalegindu gara. Akademiak ez du euskaldun eta katalanen neurri bera jaso izan, eta zer esanik ez, Espainolaren Akademiak jaso duen parekorik. Euskaltzaindiak diru kopuru jakin bat jasotzen du estatuaren aurrekontutik, milioi bat euro, gutxi gorabehera. Eta euskal erakunderen batek edo bestek ere diruz laguntzen du. Katalunian, Katalan Ikasketen Institutuak ere, milioi bat euro jasotzen du iturri hartatik. Espainolaren Akademiak, lau milioi jasotzen ditu. Gureak, Galegoaren Akademiak, ez du sosik jaso izan estatuaren aurrekontutik. Kultura Ministerioaren mende egon dira akademiak duela gutxi arte, eta biltzen genuen diruak proiektu jakin bat izan ohi zuen helburu. Ahalegin handia egin behar izaten genuen dirua batzeko, ez zegoen luzaro begirako egitasmorik lantzerik. Galiziako Xuntak, gutxieneko bat ematen zion Akademiari, 50.000-60.000 euro, zenbait ekitaldi antolatzeko eta, bestalde, Kultura Kontseilaritzak, eta Hizkuntza Politikarakoak, oso helburu jakinetarako baino ez zuten dirua ematen. A Coruñako Diputazioak ere, 30.000 euro eman ohi zituen… Alegia, handik eta hemendik dirua batuta ere, arrunt diru guti, lan handiak egin nahi izatekotan. Ezin ezer asmatu. Eskean joaten zen denbora.

Aurrera baino lehen, zergatik Euskararen eta Katalanaren Akademiek Espainiako Ministerioaren dirua bai, Galegoaren Akademiak, aldiz, ez?

Hemen inork ez du ezer opari ematen. Euskaldun eta katalanek Madrilen pisu espezifiko handia duzue; guk ez duguna, alegia. Guk baditugu diputatuak Madrilen, bai, baina gureak, PPko eta PSOEko diputatu galiziarrak, alderdi nagusi bi horien sostengatzaile dira, ez besterik. Duela urtebete, zuzendaritza berritu genuenean, horixe egin genuen lehenengo, oker hori zuzentzen saiatu. Orain erritmoa mantsotuta gabiltza, baina hasierako hura zer izan zen, bada! Frenetikoa! Erakundeetara jo, egoera azaldu, ezberdintasun hori konpondu beharra zegoela erakutsi… Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariarekin mintzatu ginen, alderdi politikoekin, diputazioetako presidenteekin... Denek ezagutzen dute Méndez Ferrín, idazlea, eta lan instituzional ikaragarria egiten ari da, jokoz kanpo utzi du mundu oro. Bere burua presidentetzarako aurkeztu zuenean esan zuen: “Niretzat inportantea da Akademia hedabideetan ez azaltzea, lan egin dezan erraztu behar dugu, isilik lan egin, gramatika egiteko, hiztegia lantzeko…” Eta, egia esan, horretan ari gara, lanean, isilik.

Ezberdintasuna konponduta…

Konpondu beharra zegoen! Erabateko gabezian ginen. Espainiako Gobernuak ohiz kanpoko laguntzak eman behar izan zituen egoeraren larria gozatzeko. Ezberdintasuna alimalekoa zen, eta erakundeei halaxe azaldu zitzaien. “Galiziak diru ekarpena egiten dio estatuari, eta, ordainetan, Akademian ez dugu dirurik jasotzen. Aldiz, euskaldun eta katalanek bai!”. Injustizia galanta zitzaigun. Hori, behintzat, zuzendu genuen, eta iazko aurrekontuetan 200.000 euroko diru partida agindu ziguten. Zenbait emendakinen bitartez, berriz, eta BNG, PP eta PSOEko diputatu galegoen bitartez, 800.000 euro arte jaso zuten diru hura. Milioi bat euro jasotzen dugu orain. Beraz, zenbait egitasmo egiten, arnasa hartzen has gintezke.

Dialektologoa, administrazio lanean…

Barrutik bizi dut orain. Lehen, inoren ordezkari joan ohi nintzen Akademiaren bilkuretara, eta kanpotik ikusten nuen egoera. Baina zeharo bestela da barrutik bizitzea. Méndez Ferrínen lana, berriz, bikaina da. Bere asmo politikoari zipitzik ere uko egin gabe, lan orbangabea egiten ari da Akademiako presidente. Ez du aitzakiarik


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude