Idatzizkotik ahozkora jauzia egiteko arau bila

  • Idatzizko eta ahozko hizkuntzak elkarri lotuta agertzen zaizkigu batzuetan, kontrajarrita bestetan. Sarri, idatzizkoak ahozkoa jasotzen du, eta aldi berean, ahozkoak idatzizkoa du oinarri. Hala ere, errealitatea irudikatzeko bi modu erabat ezberdin dira, Mintzola Fundazioak antolatutako Ahoa bete hots jardunaldietan azaldu dutenez.

Ezkerretik eskuinera: Inazio Usarralde (Mintzolako teknikaria), Luis Mari Larringan (EHUko irakaslea) eta Arantza Ozaeta (HUHEZIko irakaslea).
Ezkerretik eskuinera: Inazio Usarralde (Mintzolako teknikaria), Luis Mari Larringan (EHUko irakaslea) eta Arantza Ozaeta (HUHEZIko irakaslea).Mintzola Fundazioa

Idatziak ahotsa jartzen duenean izenburupean egindako topaketetan, ahozkotasuna lantzen duten hainbat aditu aritu dira hiru egunez euren ikerketak, lanak eta ikuspegiak azaltzen. Unibertsitateko bi irakaslek, HUHEZIko Arantza Ozaetak eta EHUko Luis Mari Larringanek, ireki dituzte jardunaldiok, idatzizko eta ahozko hizkuntzak elkarren osagarri direla eta ez continuum bat argituz. Jauzi bat dago bi hizkuntza horien artean eta hizkuntza-sistemaren bi modalitate ezberdin diren heinean, hartzailearengana heltzeko beharrezkoa da horietako bakoitzaren ezaugarriak menperatzea. Horrela, idatzizkoaren nondik norakoak eskolan irakasten dira, eta Ozaetaren esanetan ahozko hizkuntzaren irakaskuntzan aurrerapausoak eman badira ere azken urteotan, batez ere eskoletan, horri buruzko ezagutza murritza da oraindik. Ondorioz, ahozkoaren lagungarri izan beharko lukeen idatzizkoa, honen oztopo bihurtzen da sarri, ez dakigulako idatzitakoa esaten.

Julia Marin antzerkizalea eta Itzulidatz lan-taldeko kidea da. Bere ustez, beharrezkoa da kontuan hartzea ahozko hizkuntzak askotan idatzizkoa izaten duenez oinarri, idatzizko testua sortzerakoan hori esateko dela eta entzuleak lehen kolpean jaso behar duela. Bere antzerkizale ibilbidean testu ugari landu ditu Marinek eta euskarak nola funtzionatzen duen aztertu du. Horri esker ahozkotasunaren naturaltasunera heltzeko metodoa garatu du.

Prosodia eta interpretazioa lantzen ditu metodo horrek. Lehenak ahoskera zuzena erabiltzea, hau da, Euskaltzaindiak ezarritako arauak betetzea, eta mintzamolde jatorra izatea, esaldien melodia errespetatuz euskal doinu naturalean aritzea, ditu helburu. Interpretazioan, berriz, beharrezkoa da testua komunikatiboa izatea. Horretarako doinua eta testuaren egitura landu behar dira, “ahotsaren energia dantzaraziko duen itxura emanez”. Horrez gain, interpretazioak naturala eta bizia izan behar du, eta abiadura eta erritmoa zaindu behar ditu.

Ahozkotasuna hainbat eragilerekin landu ostean, ahozko hizkuntza arautzea eta ikertzea komeni dela ondorioztatu du Marinek. Inguruan duenari erreparatuta, irakaskuntza (bai eskolei bai euskaltegiei dagokiena) oso gramatikalista dela deritzo, arauak erakustera mugatzen dira, hizkuntza erregistroak alboratuz. Gainera, ahoskera irakasteko gabeziak daude, eta hizkuntzalariek arlo hori aztertu, materiala sortu eta irakasleei helarazi beharko lieketela uste du. Izan ere, horren guztiaren ondorioz, hitzaren sortzaileek (kazetariek, esatariek eta abarrek) ez dute ahoskerari buruzko irizpiderik eta euren senari jarraituz aritzen dira. Oier Guillan antzerkigileak arte eszenikoetan ere testuak ahozko hizkuntzara moldatzeko eta idatzizkoaren zurruntasuna apurtzeko tresnen, foroen edo elkarguneen gabezia dagoela azpimarratu du.

EITBn ez dute doinurik

Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuko arduradunak, euskal hedabide publikoak ere antzeko gabeziak dituela azaldu du. EITBren sorreran agerian geratu zen idatzizko hizkuntza eredua ahozkora egokitzeko premia. Ahozko hizkuntzari buruzko zehaztapen askorik ez, ordea, eta orain arte erregistroaren inguruan aritu dira bereziki.

Hizkuntza eredua aukeratu zuten lehenik. Euskara estandarraren eta euskalkien arteko hautua ez zen garbia izan, hasieratik horietako bakoitza erabiltzeko hainbat eremu bereiztu baziren ere: albistegietan, esaterako, euskara estandarra erabiltzea erabaki zuten. 2005ean onartutako EITBrako hizkuntza funtsak dokumentuak arautu zuen hori, euskara estandarraren hizkuntza politika ezarriz.

Euskara estandarra ahozkotasunean erabiltzen hastean, ahoskerari lotutako zalantzak sortu ziren: nola ahoskatu txistukariak, <j> hizkia eta abar. Euskaltzaindiak hori arautu bitartean kazetariek euren senari jarraitu zioten ahozkotasuna euskaraz lantzeko. 1998. urtean argitaratu zuen Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua (EBAZ) eta Larrinagaren esanetan, “ekarpen handia egin zuen ahoskeran”. Aipaturiko zalantzak argitzeaz gain, hainbat hots multzori, besteak beste, diptongoei, hiatoei, eta <bait-> eta <-z gero> bezalako esamoldeei buruzko arauak ezarri zituen. Baina, doinua, erritmoa eta ahoskerari lotutako beste hainbat faktore arautu gabe geratu ziren eta hala jarraitzen dute oraindik. EITBk bere bideari jarraitu dio eta euskarazko doinu guztiak ematen ditu ontzat, galdegaiaren eta mintzagaiaren jokoan ezarriz gakoa. Gainera, doinuari dagokionez, euskara idatzitik aldentzea, ahoskera eta doinuera gehiago lantzea, eta hizkerak bereiztea hartu ditu erronkatzat.

Euskararen beharrizanak

Ozaetak eta Larringanek euren aurkezpeneko ondorioetan adierazi dutenez, ahozko hizkuntza indarra berreskuratzen ari da. Euskaldunok arlo horretan zer ikertu asko dugula agerian utzi dute Mintzola Fundazioaren jardunaldiek. Horretan lagun dezakeen ekarpena egin du Julia Marinek, euskararen zazpi beharrizanak identifikatuz:
1- Esatezko testuaren ezaugarriak ikertu eta deskribatu behar dira.
2- Idatzizko euskara estandarra dugun moduan, zergatik ez ahozko euskara estandarra sortu? Horren ezaugarriak deskribatu eta prosodia eredu bat eskaini behar da.
3- Hitzaldi on baten ezaugarriak aztertu, deskribatu eta plazaratu behar dira.
4- Aurreko edukien ezaugarriak didaktizatu eta ahoskera metodo berriak sortu behar dira, oraingoek 50 urte baitituzte.
5- Formazioa eskaini behar zaie irakasleei, eskolaren lana baita ahozko hizkuntza landuaren transmisioa.
6- Hizkuntzaren alderdi ludikoa landu eta zabaldu behar dira. Euskaltegiak laborategi gisa erabili behar dira.
7- Gogoeta sakona egin behar da euskalkien eta erregistroaren erabileraz.

Beharrizan horiek asetzeko eta euskararen prosodia ikertzeko erronka bota dio Marinek Mintzola Fundazioari eta Euskaltzaindiak arlo horretan egin dezakeen lana ezinbestekoa dela gaineratu du.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude