Teologoa, ekonomialaririk hoberena

Guraizeak eskutan harturik, gure agintariak buru-belarri ari dira mozketa lanetan, administrazioen diru-sarrera eta gastuak orekatzeko asmoz. Gizarte zerbitzuak kinka larrian eta ahulenak ahulago utziko dituen mozketaldiak gizartean haserrea eragin badu ere, politikariek non eta nola moztu, horixe dute eguneroko erronka nagusi. Pernandoren egia izan arren, merezi du gogoratzea: kontuak orekatzeko bide bakarra ez da gastuak murriztea, diru-sarrerak ere handi litezke; zuzeneko eta zeharkako zergen arteko oreka, iruzur-maila, honaino ekarri gaituen hazkunde-eredua edo bankuen lotsagabekeria gogoetagai interesgarriak lirateke; eta armetan xahutzen den dirutza ikaragarria gizarte-zerbitzuetara bideratuko balitz?

Kontua da ekonomiak, krisia eta mozketak direla-eta, inoizko tokirik zabalena hartu duela komunikabideetan. Erredakzioetan gaiaz zerbait dakien kazetaria oso espezie arraroa izanik, komunikabideek ekonomialariengana jo dute laguntza eske, haiek krisiaren gakoak behar bezala azaltzea ahalbideratuko digutelakoan. Eta hortxe dituzue, jo eta ke, egunkari, irrati eta telebistetan, krisia gora eta behera. Periodikua leituz ilustratzen gerala jakitun, nik ere azterketa horiek irakurtzen ditut, argia noiz ikusiko. Gehienetan, ordea, alferrikako ahalegina izaten da. Aurretik igarri ez zutena, orain begi-bistakoa zela azpimarratzea ez dago gaizki. Iragana etorkizuna baino argitsuagoa baita, letretakook ere hau dena zergatik gertatu den ulertu-edo egin dugu. Gertaturikoaz ez ezik, ba al da horien artean geroaz zerbait esatera ausartuko denik?

Ekonomia ekonomialarien esku uzteko gauza serioegia delakoan, hortik urrun dabiltzanen ideietan ere arakatzeari ekin diot, krisiaren tunel beltzetik ateratzeko argi-printza amets. Bada, ametsez ari garela, hortxe Hans Küng teologoak Was ich glaube (Sinesten dudana) liburuan gogorarazi diguna: “Ekonomia politikaren menpe jarri behar dugu berriro, eta ekonomia eta politika, etikaren menpe”. Erronka zaila? Jakina, baina letretakook hori aiseago ulertzen dugu azken hilabeteotan bolo-bolo dabiltzan estres azterketa edo erreskate funtsaren erreforma baino. Nago suitzarrak proposaturikoa dela krisiari etekina ateratzeko modu bakarra, ezinbestekoa mundu hobea amesteko.
Ez dakit Küng teologoarena Jainkoaren hitza ote den, baina jainkotu diren ustezko adituen iritziak baino askoz argiagoa eta interesgarriagoa iruditzen zait.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude