Sarrera merkeak ez du museoa betetzen

  • “Artea ez da elitista. Gutxiengo batentzako jarduna bai, baina ez elitearentzat. Artera gerturatu eta berau ulertu eta partekatu nahi duen ororentzat da”, azaldu zion arte garaikidean aditua den Lourdes Fernandezek Argiari iaz. Baina artea ez bada elitista, herritar guztientzat bada, zergatik daude museo asko eta asko hutsik edo erdi hutsik? Jendeari artea ez interesatzea ote da horren arrazoi nagusia? Ala prezioak dira hutsunearen errudun? Nolako egoera bizi dute Euskal Herriko museoek krisi ekonomiko betean?

Euskal Herriko museoen artean sarrera garestiena Bilboko Guggenheimekoa da. Horrek, dena den, 
ez du eragin museoaren bisitari kopurua jaistea oraingoz.
Euskal Herriko museoen artean sarrera garestiena Bilboko Guggenheimekoa da. Horrek, dena den, ez du eragin museoaren bisitari kopurua jaistea oraingoz.

Euskal Herrian badaude doako museoak, esaterako Durangoko Arte eta Historia Museoa, baita Arabako arte museo guztiak ere. Beste zenbaitek ateak zabalik izaten dituzte astean egun batez edonorentzat, eta gehienek gazte eta helduentzat eskaintza bereziak dituzte. Halere, Euskal Herriko museo batzuetan sartzeko sei euro inguru ordaindu behar izaten dira. Askok ohiko sarrera prezioa bost eurotik gorakoa izaten dute, horren adibide dira Baionako Euskal Museoa (5,50 euro), edo Bilboko Arte Eder Museoa (6 euro). Horiez gain, munduko museo garestienen artean dagoen bat ere badugu Euskal Herrian: Bilboko Guggenheim. Gehryren titaniozko barkura sartzeko txartelaren prezioak aurrekoak bikoizten ditu, 13 eurokoa baita.

Mundu osoan daude adibideak, azaltzen dutenak horrelako prezio desberdintasunak ohikoak direla: Londresen museo gehienak doakoak dira, Madrilgo El Pradoko sarrera 10 eurokoa da, Pariseko Louvrekoa 8,50, Vaticanoko museo guztiena 15 eta New Yorkeko Arte Modernoaren Museokoa 20.

Zein da prezio desberdintasun horien eragilea? Instituzioek nola laguntzen diete arte museoei? Eta nola eragin du krisiak bisitari kopuruan?

Laguntza publikoa

Egoera oso ezberdinak bizi dituzte museoek egun Euskal Herrian. Baina guztiek izaten dute instituzioen eskutik jasotako diru kopuru jakin bat. Doakoak diren museoak dagokion probintziako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu. Arabako museo guztiak, esaterako, horregatik dira doakoak, Arabako Foru Aldundiaren esku daudelako. Baina jabetza pribatukoak direnek ere instituzio publikoen diru-laguntza jasotzen dute. Bilboko Guggenheim, adibidez, %75 pribatua da eta %25 publikoa. Urtarriletik ekainera bitartean gutxi gorabehera, ireki ahalko luke diru-laguntza publikoarekin soilik.
Bilboko Arte Eder Museoak ere instituzio publikoen laguntza jasotzen du, baina beste zenbait museori gertatu zaien bezalaxe, krisiaren ondorioz diru partida murriztu berri diote. 2010. urtean %13 jaitsi zen, 5.269.416 eurotik 4.663.200 eurora. Halere, murrizketak murrizketa, sail guztietako helburuak bete ahal izan zituztela jakinarazi dute Arte Eder Museoko arduradunek.

Krisi ekonomikoaren ondorioak

Murrizketez gain, gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa ere kontuan hartu behar da bisitari kopuruari erreparatzean. Etxeko gastuak murrizteko unea iristen denean aisian sartzen dira artaziak aurrena eta horrek museoen bisitari kopuruari eragiten dio zuzen-zuzenean. Zentzu horretan ere diferentzia harrigarriak ikus daitezke euskal museoen artean. Batetik, badaude krisi ekonomikoan murgildurik egon arren bisitari kopurua hazi dutenak, Guggenheim adibidez. Udan 266.699 lagun pasa ziren Bilboko museotik, sortu zenetik pasa diren 14 urteetan bosgarren uda onena izan duela azaldu dute arduradunek. Baina, bestetik badaude krisiaren ondorioak gogor pairatu dituztenak. Azken hilabeteetako adibide argiena Chillida-Leku Museoaren itxiera izan da. Chillida familiak ohar baten bitartez azaldu zuen defizitak nabarmen gora egin zuela eta ezinezkoa zela ekimen pribatuen bidez eustea. Instituzioen diru-laguntza eta esku-hartzea beharrezkotzat jo zuten, baina adostasunik lortu ez zutenez behin-betiko itxi zuten Hernaniko (Gipuzkoa) museoa.
Azkenik, badaude krisia hasi aurreko emaitza paretsuak izaten jarraitzen dutenak ere, Bilboko Arte Eder Museoa esaterako. Urtetik urtera bisitari kopurua antzekoa izaten du, 200.000 lagun ingurukoa da eta azken hiru urteetan mantendu dela azpimarratu dute bertako arduradunek.
Museora noizean behin egiten du bisita jende gehienak, ez da ohitura, ez dago ia inoren asteroko planen barruan. Baina bisita horiek azken urteetan asko murriztu dira eta doakoak direnetan ere antzematen da jaitsiera; ordaindu behar diren museoetan baino gehiago, sarritan. Bide horretan murgilduz gero, zein izango da museoen etorkizuna? Haur eta gaztetxoei artearekiko interesa pizten saiatzen dira askotan ikastetxeak txangoak eginda, baina heltzen diren heinean txangoetan interesa zirudien hori ezerezean geratzen da gehienetan. Instituzioen eta museoen arduradunen esku dago jendea horietara joatea? Ala herritarron ardura da? Ez al da paradoxa guztietan garestiena dena, Guggenheim, urtetik urtera beteago egotea eta merkeagoak, aldiz, kinka larrian?
Ematen duenez, “marka”-k asko erakartzen du, baita arte museoen alorrean ere, eta “marka” horregatik gure poltsikoak astintzeak ez gaitu gehiegi arduratzen, bai aldiz hain ezagun ez diren erakustokietara joateko ipurdia mugitzeak.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude