Nafarroari leial hiltzeraino

  • Nafarroako Pedro, gure historiako bertze pertsonaia bat galdurik memoriaren trastelekuan, bertako hauts lodiek lausotua ikusezin suertatzeraino. Bortz mende duela, Gaztelak gure erresuma konkistatu zuenean, nafar indar armatuen arduradun nagusia zen, Nafarroako mariskala alegia, eta berari egokitu zitzaion galtzaileen mentura. Ez da plazaratu, nik dakidanez, monografia bat bera ere akabera tragikoa izan zuen gizon honetaz. Ezta memoria kolektiboaren leku gisa ere, ezin aurkitu gure hiri-planoetan ez oroitarririk, ez kale-izenik.

Atienzako gaztelua; hortxe eduki zuten preso mariskala Simancasera eraman aurretik
Atienzako gaztelua; hortxe eduki zuten preso mariskala Simancasera eraman aurretik

Ez dakigu ez noiz ez non jaio zen Pedro II.a Nafarroako, erreinuko 7. mariskala. Tafallan seguruenik, bertan baitzuen oinetxea. Badakigu, ordea, zein girotan: tradizio luzeko elkarrekiko etsaigo giroan, Nafarroa-Peralta eta Beaumont etxeen artekoan. Familien izenak baino tradizio luzeagoko herrak. Izan ere, jada XIII. mendean ikus ditzakegu Agaramont eta Luxa leinuak elkarren aurka etengabe, zeinek lortuko, gaur bai eta bihar ere, ohore eta abantaila gehiago nafar gortean eta erreinuan. XIV. mendean, Karlos II.aren bi seme sasiko senidetu ziren korda luzeko leinu horietako banarekin, eta Nafarroa eta Beaumont etxe berriak fundatu, Agaramontarren kide lehena, Luxakoena bigarrena. Karlos III.a Nobleak, II.aren seme legalak, maila gorenera igoarazi zituen bere anaia-erdiak, eskubide hereditarioekin. mariskal izango ziren Nafarroa-Peralta etxekoak, kondestable –nobleziaren estamentuaren buru gorteetan– Beaumontekoak. Euskal Herri osoko ahaide nagusien arteko liskarretan, eta mendebaldeko Europa osoko jaun feudalenetan, kokatu behar ditugu agaramontar eta beaumondarren arteko herra haiek.

Erreinuko gure 7. mariskala bizi izan zen urteetan, beaumondarrak zeuden galtzaile eta agaramontarrak garaile, erbesteraturik eta bere ondasunak bahiturik izateraino beaumondarren buruak. 1507an, adibidez, bukatutzat ematen dute historialari anitzek leinuen arteko gerra; baina ez bi bandoen arteko bake itun batengatik, baizik eta agaramontarrek eta errege-erreginek lortu zutelako beaumondarrak kontrolpean jartzea, Leringo kondea zigortzea eta Nafarroatik egoztea, nora eta Gaztelara.

Agaramontarren eta errege-erreginen garaipena izan zen 1507koa, baina behin-behinekoa baizik ez zen izan. Leringo kondearen eta Gaztelako orduko erregeorde Fernandoren interesek bat egin zuten Nafarroa menpean hartzeko. Garai berriak dira, bai Frantzian bai Gaztelan lehen europar monarkia modernoak eraikitzen ari dira, feudalismoari ez zegokion bertze sistema politiko baterantz, errege-botere absoluturantz, eta bi-biak dabiltza hegemoniaren bila kontinentean, Mediterraneoan eta Italian. Lehia hartan, gerra-oinak gehienbat Italian bazeuden ere, erretagoardiako mehatxu halako bat ikusten zuten biek Nafarroa ahulean, nork erakartzen zuen berera elkarren beldur, gure erreinutik etsaiaren balizko inbasioen aurrean. Eta Nafarroako errege-erreginek Frantziarekin zituzten senide-loturak aitzakia hartuta, erraz aurkitu zuen Fernandok ziorik beaumondarrei laguntza emateko eta berak inposaturiko itun batzuen bidez nafar erreinu txikia indargabetzeko ez ezik, azkenik manu militari konkistatzeko ere bai.

Agaramontarrei, ordu arte ahaide nagusietako gerra izan zena, independentzia-gerra bihurtu zitzaien. Hura ekiditeko joan-etorri asko eta lan diplomatiko zailak egin behar izan zituzten Frantzian, Gaztelan, Erroman…, baina gerra zuzena piztu zen 1512tik aitzina, nafarren aliatu bakarra Frantzia zela.

Diplomazia lan zailetan

Haurra zen gure pertsonaia 1471n bere aita Pedro I.a Nafarroako, erreinuko 5. mariskala, beaumondarrek hil zutenean Iruñeko Comptos Ganberako patioan. Felipe seme nagusiak jaso zuen mariskal kargua, baita aita bezala hil ere 1480an beaumondarren zelata batean Olibako monasteriotik gertu. Hor hasten dira Feliperen anaia Pedro II.aren zerbitzuak, 7. mariskal gisa, 1516an gaztelarrek atxilotu arte.

Bere kargutik, beaumondarrak militarki kontrolatzeko ahaleginez gain, misio diplomatiko ugaritan arituko da, bai gaztelarren, bai frantsesen aurrean, Katalina I.a eta Joan III.a errege-erreginek gorde nahi zuten oreka korapilatsuaren zaintzan.

Horrela, 1506an Tudela del Dueron ikusiko dugu mariskala, ituna sinatuz Gaztelako Felipe I.a Ederrarekin, elkarrekiko defentsan edozein erasoren aurrean, eta Inperio Erromatar-Germaniarraren buru Maximilianoren onespena lortuz. Fernando Katolikoa Gaztelako erregeordetzatik bazterturik zegoela, ez zen gutxi Nafarroak eskuratu zuena oreka zail hari begira. Baina urte berean hil zen bat-batean Felipe I.a; Fernandok agintea berreskuratu eta hutsaren hurrengo bihurtu zen adosturikoa.

Are frustragarriagoa izan zen 1512ko ekaina-uztailean mariskalak Burgosen izandako misio diplomatikoa, gaztelarren inbasioa saihesteko azken ahalegina. Badirudi Fernandok adar jotze hutsa egin ziela nafar mezulariei: izan ere, deliberaturik zegoen jada “Katolikoa” Nafarroan sartzera, zirenak zirela mariskalaren bermeak Frantziari laguntza ez emateko. Pedro mariskala Burgostik itzuli orduko, inbaditurik zegoen erreinua eta Biarnora bidean errege-erregina.

Bertze misio diplomatiko bat eginen zuen mariskalak 1516 hasieran, Erroman, Leon X.aren aurrean, Nafarroako errege-erreginen eskumikua bertan behera geldi zedin; alferrik berriro ere.

Gerlari nekaezina

1512ko uztailaren 21ean-edo, Burgostik itzultzean, errege-erreginen bila doa Ilunberrira, Biarnora ihes-bidaia zaintzera. Luze gabe ikusiko dugu berriro Nafarroa Garaian, gotorleku agaramontarren buruekin bildurik, plazak gaztelarrei ordena batean entregatzen eta Fernandori mementoz leialtasuna zin egiten, erreinua berreskuratzeko Biarnon prestatzen ari den armadaren zain. Abuztu hasieran, Logroñon dago Fernandoren pean. Laster eginen du ihes, ordea, iraila amaieran, Biarnotik sartzear dagoen armadarekin bildu eta 1512ko udazkeneko kanpaina askatzailean parte hartzeko. Azaroan, Iruñearen aurrean, abangoardiako erasoetan ikusiko dugu. Porrotaren ondoren, iparralderantz erretiratzean, Amaiurko gotorlekuaren setio gaztelarra apurtuko du, berehala ostera ere ihes egin behar izateko.

1515eko amaieran hasiko da Pedro Nafarroakoa bere azkeneko kanpaina prestatzen, Fernandoren heriotzak Gaztelan sortu zituen tirabirez baliatu nahian. Estrategikoki ongi pentsatu baina taktika aldetik presaka antolatu zuten nafarrek bigarren saio berreskuratzailea. 1516ko martxoan oraindik luzaturiko negu hartan Biarnotik sartu, erreinu barneko agaramontarren altxamenduak bultzatu, eta are beaumondar batzuk ere inplikatuz. Azkar erreakzionatu zuten gaztelarrek. Hiri garrantzitsuenetako agaramontarrak badaezpada bahitu zituzten, eta tropak Pirinioetara mugitu zituzten nafarrei aurre egiteko. Donibane-Garazin gelditu behar izan zuen nafar erregearen armadak egun batzuetan, hiria askatu bai baina gaztelua hartu ezinean, eta Orreaga aldera segitzea deliberatu zuen. Bitartean, mariskala, bertze armada batekin, Erronkaritik pasatu zen Ilunberri eta Zangozako bidean, gero Iruñean erregearenarekin batzeko asmoz. Alta, Ilunberri eta Zangozako agaramontarrak hirietatik egotzirik zeudela jakinda, planak aldatu zituen: erregearen bila joan zen Aezkoatik Orreaga aldera, baina jada Auritzeko lautadan zeuden tropa gaztelarrek moztu zioten bidea. Atzera berriro, gaztelarrak segika, Burgirantz Biarnora itzultzeko, eta Izaban entregatu behar izan zuen bere burua, martxoaren 25ean. Dena, zortzi egunetan.

Heriotza biologikoa eta historikoa

Apirilaren hasieran Atienzan itxi zuten. Negoziazio anitz egin zituzten Nafarroako erreginak, senideek eta agaramontarrekiko loturak zituzten gaztelar handiki batzuek –nabarmenena, Pedro II.aren koinatu Alburquerqueko dukeak eginiko saioa– haren alde. 1516ko abenduan, onartu zuen Gaztelako errege gazte berriak, Karlos I.ak, mariskalaren askatasuna, dukearen bermepean. Baina hura gauzatu baino lehen, Gaztelako Errege Kontseiluak –beaumondarrekin aliaturiko gaztelar handikiek kontrolaturik– atzera egitea gomendatu zion erregeari, eta 1517ko otsaila amaieran bertan behera utzi zuen honek aurreko erabakia. Hurrengo urtean, Atienzatik Simancasera eraman zuten mariskala.

Simancasen egin zion uko, 1520an, Karlos I.ari leialtasuna zin emateari askatasunaren truk, irmotasun osoz, “Labriteko Joan eta Nafarroako erregina Katalina Andreari, eta bere aberriari” zin egina zegoelako, XVII. mendeko Sandoval historialariaren hitzetan. Ihes saio bat ere prestatu zioten urte bereko uda partean. Gaztelako Komuneroen gerra hasia zela aprobetxatu nahi izan zuten, baina ezin. 1522ko azaroaren 22an, hiltzear edo hilda, ez dago garbi heriotza-agirian, aurkitu zuten gelan, bakarrik zegoela, bi laban zauri larrirekin, nahikoa ei zelarik bietako bakar batekin heriotza sortzeko. Zantzu anitz daude dudan jartzeko bertsio ofiziala, bere buruaz bertze egin zuela zioena. Eta dudan jarri zuten hainbatek laster.

Edonola ere, heriotza biologikoa izan zen hura. Baina haren heriotza historikoa, nafarren memoriatik egotzi izana, honek behintzat ez du zerikusirik mariskalak nahita bilatutako inolako heriotzarekin.


ASTEKARIA
2011ko urriaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pedro II.a Mariskala
Pedro II.a mariskala
Mariskalen kripta galdua: ezpatak, hezurrak eta misterio bat

Lizarrako San Pedro de la Rua elizan zabaldu dute Nafarroako mariskalen kripta, hiru mendez “galduta” egon ondoren. Bertan omen dira Pedro II.aren hezurrak. Omen.


Eguneraketa berriak daude