Munduari ezin lotuago

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Errealitatearen eta fikzioaren artean harriduraren amildegia dago. Amildegi sakona. Al Kaedak Amerikako Estatu Batuen “bihotzari” eraso egin zion egunak amildegia bezalako harridura sakona sortu zuen mundu osokoak ginen telebista ikusleen artean, World Trade Centerren aurkako erasoaren irudi haiek zalantza izpirik gabe oso benetakoak zirela sinestu genuen arte. ¡Qué barbaridad Bagdad! (B. Atxaga). Basakeria, bai. Izugarri. Baina arreta gehiagoz ibili beharko lukete egun hartako ekintzek mundua aldatu zutela behin eta berriz errepikatzen duten adituek, mundua baino zerbait gehiago aldatu izan delako beti, askatasunaren eta demokraziaren izenean beste mila basakeria egin diren bakoitzean. Ez orain hamar urte bakarrik. Izan ere, oinarrizko giza eskubideen kontrako hondamendi prozesua ez da inoiz gelditu, ez 2001eko irailaren 11ren aurretik, ezta geroztik ere. Okerrago oraindik, inpresioa daukat babestea, errespetatzea eta defenditzea merezi duen oro lehenbailehen gainetik kentzeko gehiengo oso baten grina bizia dagoela. Sindikatuak, ekologistak, feministak, irakasleak, tabako erretzaileak, poetak edota alarde mistoaren aldeko lagunak, besteak beste, erradikaltzat hartzen ditu orain iritzi publikoak. Ez da hori paradoxa bakarra. Beldurraren aurkako mitoa handitzen doan heinean, eta mendebaldeko gobernuek beren ideologiaren zakutoak gezurraren diskurtsoarekin puzten dituzten bitartean, bertsio ofizialaren benetako aurpegia birrintzen, degradatzen eta itsusten doa gupidarik gabe. Errealitatearen eta fikzioaren artean paradoxa dago. Paradoxa itzela. Eta erantzukizunak eskatu ahal izateko, erru-sentimendua edota delitu-kontzientzia egon beharra dago, baina ez dut nik sekula halako ezer ikusi, eta uste dut ez dudala ikusiko, estatubatuar agintarien keinu texastarrean. Eta Benedikto XVI.aren eskari bitxietan ere ez. Errealitatearen eta fikzioaren artean linboa dago. Linbo zabala. Erromako Aita Santua bakea eta askatasun erlijiosoa errespetatu behar direla eskatzen entzutea, Erromako Aita Santuari gizadiaren esperientzia moralaz hitz egiten entzutea bezain nardagarri egiten zait. Gero Madrilgo Munduko Gazteen Jardunaldietako gerizpean, komunitate kristauaren diskriminazioa eta presio laizista salatu zituzten bere aingerutxoek, M15 mugimenduko kideak deabrutzeraino. Etxe Zuriko ordezkarien antzera, Vatikanoko ordezkariek ere beren buruei inposatzen ez dietena inposatzen diete besteei. Errealitatearen eta fikzioaren artean pazientzia dago. Pazientzia galanta. Gaur egun, pazientzia da behar dena gure munduan. Pazientzia galanta, ordu puntetan errealitatea zeharkatu nahi bada. Eta hasi da ikasturte berria. Eta fikzio zaleak bere postuetan daude jada, mundu guztiari errealitateari buruzko lezioak emateko prest. Errealitatearen eta fikzioaren artean haietaz itxuratzen diguten presondegia dago. Presondegi neurrigabea. Inork ez die deus sumatzen, diskretuegiak dira bakoitzari dagokigun zigor-gela banatzeko orduan. Erabakirik daude guztiak. Nirea ere bai. Eta hori guztia egia ez dela jakin dakidan arren, errealitatea eta fikzioa batere horrelakoak ez direla, inoiz ez dut ihes egin ahal izango. Inolaz ere. Errealitatearen eta fikzioaren artean hona hemen berriro ere mundua.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude