'Corium' esatea debekatuta dago Fukushiman

  • Hitz tabua da, Fukushimaz iritziak ematen dituzten milaka aditu eta kalakarien arteko bakan batzuek aipatzen dutena. Askok ezagutuko ere ez dute. “Corium” diozu?  Zentral nuklearren jabe eta arduradunek badakite zer den, baina isilaraztea hobetsi dute. Nola azaldu jendeari erregai nuklear urtuek sortutako magma goriak kontrol barik darraiela?

Irakurle: jateko puska lehorra gerta dakizuke aste honetako Net Hurbil. Beharrezkoa, ordea, Fukushiman zer gertatzen ari den eta batez ere aurrerantzean zer pasa daitekeen ulertu nahi baduzu. Goazen eskolara.

Frantsesezko Fukushima-over-blog  aberatsa idazten duen Pierre Fetet-ek dioenez, “corium hitza tabu da TEPCOrentzako. Zergatik ez duen sekula aipatzen munduan jazo den hondamendi nuklear handienaren arduradunak? Argi eta garbi, horixe delako gizakiak inoiz sortu duen materiarik arriskutsuena, ezin kontrolatuzko eta ezin kudeatuzko magma bat, ondorio kalkula ezinak dakartzana”.

Corium hitza ingeles hiztunek sortu neologismoa da. Wikipedian azaltzen da ingelesezko, alemanezko eta frantsesezko edizioetan, ez aldiz gaztelaniazkoan edo euskarazkoan.  Agian horregatik zenbait jendek nahasten ditu coriuma eta kurioa (ingelesez curium, espainolez curio). Kurioa gai ezagunagoa da, gaztetxotan ikasi genuen taula periodikoan 96. zenbakia dauka eta plutonioaren manipulaziotik sortzen da. Coriuma beste gauza da.

Coriuma sortzen da istripu nuklearretan, erreaktoreen muinean –core ingelesez– elkarrekin nahastuta urtzen direnean erregai dauzkaten uranioa eta plutonioa, eta erreaktore barruan ipinitako gainerako gaiak: zirkonioa eta bestelako aleazioak, erregaiei eusteko barra eta beste mekanismoak, erreaktorearen ontzia eginik dagoen altzairua bera, errefrijerazioko hoditeria, eta abar.

Naturan existitzen ez den gai berri hau sei alorretan da txit muturrekoa: oso-oso ahalmen handiko, toxiko, erradioaktibo, bero, trinko eta korrosiboa da.

Fukushimako corium guztien  artean daukaten ahalmena kalkulatzeko, hona datua: urtu diren hiru erreaktoreek batuta 33 milioi pilula erradioaktibo hatz baten lodierakoak zeuzkaten erregaitzat, eta horietako bakoitzak tona bat ikatzek adina energia darama. Kontuak atera zer nolako beroa dagoen hor pilatuta.

Fusioan ari diren gaiok eten gabe gas eta aerosol arras toxikoak isurtzen dituzte, haizeak oso urrun eraman ditzakeen partikulaz osatuak. Izugarri erradioaktiboa ere bada ore hau, ezin zaio inor hurbildu ingurura, segundo gutxitan hiltzeko arriskuan legoke eta.

Corium hau txit bero dago. 2.500 gradu inguruan, 3.200etaraino iritsiz.  Konparaziorako, sumendi batek  700-1.200 gradutan jaurtitzen du laba. Bero horiekin coriumak inguruko dena urtzen eta desegiten du bere saldatan, hormigoia ere bai. Txernobylgo zentralaren leherketak sortu zuen coriuma “hotzean egonkortu” fasera heltzeko 6-7 hilabete behar izan ziren. Egia esan, “hotzean” hori hitz egiteko modu bat da: 2004an, 18 urte beranduago, 1986an urtutako erregaiaren inguruan 36 gradu neurtzen ziren.

Fukushiman coriumak sortu dira lautatik hiru erreaktoretan, ordu luzez egoteagatik hoztu gabe. Hiruen artean 257 tona erregai zeuzkaten; Three Mile Islandeko istripuan 20 tona ziren, Txernobylgoan 50-80. Fukushimakoetako batean, gainera, plutonioa ere bazen. Tona guzti horietatik zenbat atera dira ontzietatik? Bestelako zenbat material gehiago bildu zaie urtuta? Non eta nola ari dira ore guzti horiek irakiten?

Hoztu ezin den orea

Laborategietan egindako simulazioek erakutsi dute Fukushimakoak bezala erreaktoreak urik gabe geratu eta 6 ordura urtzen hasten zaiela barneko muina, 7 orduren buruan ontziaren ipurdia desegina dago eta 14 ordu pasatakoan  zortzi metroko hormigoizko oinarria zeharkatu lezake.

Pierre Fetetek bere laburpen argia idazteko erabili duen iturrietako batean, Radioprotection Cirkus foro teknikoan, eztabaidatu da noraino heldu ahal izan diren Fukushimako coriumak. Baliteke zentralak zorupean daukan hutsune zabal batean hiruak elkartu izana, edo-eta horietako batek edo batzuek hormigoi geruza osoa zulatu eta lur geologikoan barna abantzatzen segitzea, edo bi-hiruren artean ore handia osatu ostean berriro olagarroa bezala beso bereizietan banatu izana. Baina datuak falta dira, ez TEPCOk eta ez Japoniako Gobernuak erakusten dituzte dauzkatenak.

Agian agintariek corium hitza bahitu dute ongi dakitelako hori inola geldiarazterik ez daukatela. Magma gori horri gainetik ura jaurtitzea alferrikako ahalegina da. Dagoenekoz zoruko hormigoian barnatuta ote dago? Txernobylen sobietarrek zentralaren azpialdea zulatu eta bigarren zoru lodi betonezkoa egin zuten –milaka gizonen osasuna sakrifikatuz– coriuma lur geologikoan barnatu ez zedin, inguruko lur eta urak areago kutsatuz. Zergatik ez ote dute gauza bera egin japoniarrek? TEPCO dirurik gabe dagoelako? Ura dagoelako azpian? Ala dagoenezkoz horretarako beranduegi delako?

Arrisku handiak sortzen ditu corium kontrolaezinak. Leherketak eragin ditzake, eten gabe hidrogenoa sortzen duelako. Dagoenekoz lehertu dira lau eraikinak. Hori gutxi balitz, 4.ean erregai usatuak lurretik 20 metrora daude zintzilik, eta azpia lehertuko balitzaio... Eztandarik gabe ere, coriumak hormigoizko zimenduak hondatu litzake.

Baina bestelako leherketak ere eragin ditzake coriumak, lurrinezkoak. Agian –diote aditu batzuek beren hipotesietan– horregatik hustu zituzten itsasora apirilaren 4an zentralaren sotoetako 11.500 tona ur erradiatu, lurrindurik eztanda egingo zuten beldurrez. Hori hala balitz, esan nahiko zuen coriumak hiru aste behar izan zituela erreaktoreen azpiko hormigoi lodia zulatzeko, zorionez ez dela lurtutako ore guztia ontzitik atera.

Beste arrisku bat gehiago Fuku­shimako coriumek: leherketa nuklearrena. Hain zuzen, badira adituak uste dutenak hori jadanik gertatu dela 3. eraikinean, uranioaz gain plutonioa –MOX famatua, zehazki Frantziako Marcoulen ekoizten dutena– zeukan hartan. Baina horrelakorik jazotzekotan, bonba militarren aldean milioika aldiz txikiagoa litzateke. Albiste onen bat behar zen.

Bukatzeko, magma goritu horrek ura erabili lezake barnean daraman erradioaktibitatea inguruetan barreiatzeko. Hori gerta liteke bai lurpeko geruza freatikoetan aurkitutako urak edo bai itsasokoak kutsatuz. Ez ahaztu hondartzatik 200 metrora daudela erreaktoreak. Azken finean coriumak dakartzan txikizio guztiak arrisku nagusi honi daude loturik, dozenaka urtez hoztu ezinik eta ondorioz kontrolatu gabe egongo den saldak planeta osora barreiatuko dituela partikula erradiaktiboak.

Honetan ere, coriumaren ezagutzan alegia, laborategi ari da suertatzen Fukushima Daiichiko zentrala, hiru erreaktoreetako coriumak kontrolik gabe lagata. Inongo laborategitan simulatu ezin izan dutenez, ondoko urte luzeetan geu gure seme-alabekin izango gara esperimentuaren lekuko. Eta akuri nagusiak, Japoniako herritarrak.

Interneten coriumaren oso argazki gutxi aurkitzen dira, eta bitxia da, laborategietan egin diren esperimentuen edo orain arte gertatutako irudietan hartutako irudi asko egon behar dute hortik barrena... inoren giltzapean. Frantziako Erradiazioekiko Segurtasun Institutuaren –ISRN frantsesezko sigletan– guneak erakusten du bideo bakarretakoa, 2009an Vulcano esperimentuan grabatua: metal urtua gori daukan arragoa dirudi ikusi batera. Bideoak ere oso urri dira; horietako batean Ex-sfk blogari famatuak dauka hartuta Japoniako Ekonomia Ministerioaren simulazio didaktiko bat, non erakusten den nola gertatzen den istripua. Gaur horrelako materialak zentsuratuta daude Japonian. Lerroon ondoko irudia Philipe Hillion-ek atera eta jarrita dauka sarean: horrela aurkitu zuen 1987an urtutako coriuma Txernobylgo sotoetan 2005ean, oraindik bero eta erradiazioz gainezka.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude