"Euskara da euskalduna berezi egiten duena"

  • Horra kazetaria, horra idazlea, horra bisitari irlandarra… sobera ez ezagutzeko moduan Euskal Herrian barrena ibili eta liburua ingelesez idatzitakoa. The Basque Country. Francoren heriotza urtean gurera heldu eta harrezkero lotura eten ez duena.

Paddy Woodworth
Paddy WoodworthZaldi Ero
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zer ari zinen zarata artean?

Horixe dela gutxien gustatzen zaidana, nazka ematen didana. Zarata. Zarata tabernan, telebista zarata, txanponjaleen zarata… Horixe da, esate baterako, Iparretik Hegora dagoen aldeetako bat: hemen, sartu jendea tabernan, eta buila, eta kinki eta kanka, plater eta kristal hotsa, Iparraldean ez da horrelakorik. Eta gure kasuan, berriz, Irlandan, pub batean sartu eta zer edo zer hoska eskatzea oso heziera txarrekoa da. Irlandan, belarrondokoa emango zidan zerbitzariak. Larri ibili! Hemen, aldiz, buruko mina egin arte dago zarata! Niri, horretan, budismoak baduela arrazoi zati bat iruditzen zait, isiltasuna garrantzizkoa dela, alegia, ez dela posible aldi berean bost leku ezberdinetan egotea. Zenbait euskal musikarik ere horixe esana didate: Irlandan hemen hainbeste bizio dugula zoritxarrez, baina han, zuzeneko musika entzuteko kulturari bizirik eutsi diogu: etxe ondoan, Irlandan, badut taberna bat, barra luzea duena, L itxuraduna. Alde batean, zuzeneko musikarako espazioa, jo nahi duenak bertan jotzeko, txandaka. Alderdi hartan jartzen den edaleak badaki han isil antzean ibili behar duela. Badaki, legerik ez badago ere. Tabernako beste muturrean, berriketarako aldea, bozgorailuetatik datorren musika tamainako bolumenean entzuteko aukeran. Era hori gehiago gustatzen zait, taberna –nire ustez– berriketarako da-eta, edo irakurtzeko, edo garagardoa edanez batera honetaz eta hartaz pentsatzeko.

Tabernan irakurri? Ikusi duzu inor irakurtzen Euskal Herrian?

Ez da galdera makala! Askorik ez. Neure buruari galdetu beharko nioke ea jende asko ikusten ote dudan irakurtzen han, Irlandan. Esaten zuten, garai bateko Sobiet Batasunean asko irakurtzen zuela jendeak, metroan zihoala. Bai, Londreskoan ere bai, baina Sobiet Batasunean bereziki zuten fama. Nire liburuan idatzi nuenez –Joseba Zulaikari hartutako ideia bat, inondik ere–, “Europako indioak bagina bezala ikus gaitzaten nahi dugu, eta, une berean, kontinenteko kulturarik postmodernoena bagina bezala”. Kultura honen ezaugarririk behinena da, aberastasuna! Amerikarrak ibili ditut nire ondoan uztailean, eta harriturik zeuden, hemengo herrietan ikusi duten aberastasun maila zabaldua. Eta neurrigabeko kontsumoa. Euskal literatura irakurtzen saiatzen naiz –Bernardo Atxaga dut irakurria, gehienbat–, eta hemengo lagunekin hizketan, ez dutela irakurtzeko ohiturarik. Edo, eman dezagun, nork irakurtzen du hemen Pio Baroja, nork Unamuno? Hori ere interesgarri zait: euskarazko literatura eta gaztelaniazko euskal literaturaren arteko etena. Gernikan izana naiz, euskal idazleei eskainirik den erakusketan: han ez zen ez Barojarik, ez Unamunorik. Aberastasun bat, zeuena, alferrik galtzen uztea iruditzen zait. Sinestezina. Beharbada, gaelikoaren ahuldadearen seinale da, baina guk ez daukagu ingelesez idatzi duten gure idazleak lehen mailan jartzeko eragozpenik, dela W.B. Yates, dela Seamus Heaney… Nigerian, Indian, koloniaren errebantxa aipatzen dute, alegia, hobeto hitz egiten dutela ingelesek beraiek baino! Kar, kar, kar. Gurean hitz egiten dugun ingelesak, berriz, gaelikoaren sintaxiaren eragina du, hein batean, bederen. Baina Baroja euskal idazleen erakusketan ez agertzea… Barrua behar du! Euskara ez da Euskal Herriko hizkuntza bakarra, badituzue frantsesa eta gaztelania, eta rock-and-rollarekin eta filmekin, baita ingelesa ere. Kultur aberastasuna, zinez! Nazionalismo guztien arriskurik handiena da, nire iritziz, esklusiora jotzen dutela. Tira, zeinahi komunitateren sorreran izpiritu horixe dago oinarrian: gu, eta besteak. Esklusioa, betiere. Izan liteke kaltegabea, edo, alderantziz, erasokorra...

Kultur aberastasuna aipatu duzu. Beste inor baino aberatsago ote gara, bada, euskaldunok? Ez ote dugu parerik?

Ez dakit munduan besterik ez ote dagoen, baina uste dut euskaldunok duzuen tradizio eta modernitate konbinazio hori guztiz berezia dela. Irlandarrok, esaterako, dantza tradizionalak egiten ditugunean, gauza bat guztiz folklorikoa egiten ari gara, ez du beste dimentsiorik, lan bat zinez artifiziala, turistentzat ez beste inorentzat egina. Hemen, Lesakara joan, Lekeitiora, Guardiara… beren buruarentzat egiten dute festa! Festa astegun gorrian baldin badator, askoz hobeto niretzat, herrian herrikoek beste inor ez dute jai egiten. Halaber, ikaragarria zait jendea alardearen inguruan eztabaidan ikustea. Sartu elkarte batera afaltzera eta eztabaida sutsu eta beroa. Aitzitik, ez duzu jakingo, haren arrazoien arabera, nor den zein alderdi politikotakoa! Eta jendeak hemen festa nola bizi duen froga, emakume batek esan zidana: “Paddy, kantinera irten nintzen eguna, ezkondu nintzen eguna baino handiagoa izan zen!”. Alardea dela-eta, mingarria zait gertatzen ari dena, nik inon aterpetxerik izatekotan Hondarribian izan dudalako, han bizi bainintzen urtebetez 70eko hamarkada hartan… Baina grina hori, alegia, inbidia ematen dit. Edo meza kontu hori! Lesakan, familia batean, semea ateoa omen. Egun batean, ni bertan, etxekoekin hizketan eta, seme hori bazihoala, joan beharra zuela, koruan kantatzera! “Korura, elizara? Ez haiz, bada, ateoa?”.”Bai, baina herriko jaia duk, eta hori sineste guztien gainetik zagok!”.

Zenbateko eragina dute zure iritzietan Euskal Herrian dituzun lagunek?

Galdera interesgarria… Nire liburua, The Basque Country, eta aurkezpenean garbi adierazten saiatu nintzen, ez da Euskal Herriaren historia bat. Horixe ez zitzaidan gustatu, niri batere eta ezertan galdetu gabe, argitaletxeak delako azpititulua jartzea: A Cultural History. Idazten hasi orduko garbi esan zidaten: “Hik segi heure obsesioei!”. Liburua, finean, Paddy Woodworthen Euskal Herri bat da, balio lezake asko, gutxi, edo ezer ez, baina ikuspegi pertsonala da, neure-neurea. Esaterako, niri asko gustatzen zait Donostia, baina liburuan ez du hiru paragrafo besterik. Aldiz, kapitulu oso bat du Asteasuk! Kar, kar, kar.

Kar, kar, kar.

Liburu idiosinkrasikoa da, neurea, pertsonala, partziala, Paddy Woodworthen Euskal Herria duzu. Eta orain berriz egin beharko banu, bestela egingo nuke. Ingelesezko irakurleari zenbait abiapuntu eman nahi nizkion Euskal Herriari buruz, batzuetan sakonago, besteetan axalago. Abiapuntuok hartu eta beste leku batzuetara abia dadin nahiko nuke. Ni, izan ere, Franco hil zen urtean etorri nintzen lehenbizikoz hona, hemengorik batere ez nekiela, herrialde ezberdina zela besterik. Tira, txapela bazela, ETA ere bai… baina ganorazkorik ez. Dena dela, jakin-mina nekarren, paralelismorik ba ote zen orduan hemen ziren bi ETA haien eta Irlandako bi IRA haien artean. Ingeles irakasle abiatu nintzen lan bila, jakina. Ez nuen inor ezagutzen, baina laster egin nituen lagunak, irlandarrok ohi dugunez, beharbada, eta joera politiko guztietako jendea ezagutu nuen.

Dirty War… liburuaren hazia erein zenuen.

Ez da gaizki esana. Gerra zikinari buruzko liburua egin ahal izateko, nahitaezko nuen hangoak eta hemengoak ezagutzea. CESIDekoei ere esan nien, ETAko jendearekin hitz egin behar nuela. ETAkoei, berdin, CESIDekoekin hitz egingo nuela. Kazetari nintzen, eta elkarrizketa, nortara edo hartara, seduzitzeko modu bat da. Harreman pertsonala da. Ez zara mahaira jartzen –ez Jose Amedorekin, ez Josu Urrutikoetxearekin– bera kondenatzeko, hari entzuteko baizik. Heldu nintzenean, ezkerrekoa nintzen, ezkerreko alderdi bateko militantea nintzen Irlandan, eta hemen ere errazago gertatu zitzaidan ezker “sukurtsalista”-rekin harremanetan sartzea, orduko sigla saltsa hartakoekin, dela PSOE, PC, PT edo ORTkoekin… Deustuko apartamendu batean egon nintzen lehenengo, Irlandako lagun batena izana zelako ordu arte.

Uste nuen bakarrik heldu zinela.

Hiru lagun heldu ginen, neu lehena, beste bi lagun min, ondoren. Hala ere, erabakia harturik etorri ginen: ez ginen hemen elkarren ondoan biziko, ezta atzerritarren artean ere. Hemen bertako jendearen artean biziko ginen. Hiru apartamentutan bizi izan ginen. Lagun hura, hasteko, Irlandara itzuli zen apirilean. Bi PT, bi PC, bat anarkista, beste bat hippya, bi PSOEkoak. PSOEko haietako bat, Julian Sancristobal zen. Harreman estua izan genuen sasoi hartan, baina gora igo ahala, kito gure harremana. Ez zitzaion interesatzen nire modukoekin harremanik izatea. Azkena ikusi nuenean, hileta baten karietara izan zen, Komando Autonomoek Zumaian edo Zumarragan hil zuten German baten mezatan [German Gonzalez Lopez, 1979an Urretxun hila]. Orduantxe kantatu zuten PSOEkoek Eusko Gudariak kalean, ukabila jasorik. Omen.

ETArik izan ez balitz, kanpoko jendeak hona begiratuko zuen, herri honetara?

Ona galdera. Baietz uste dut. Zoaz XIX. mendera, hona etorri ziren antropologoak, hizkuntzalariak… Rodney Gallop, A Book of the Basques idatzi zuena, liburu zoragarria… Bai, ETA gabe ere izango zen jakin-min hori. Nire ustez, euskara da euskalduna berezi egiten duena. Euskararekin batera, dantza, kantua eta gainerakoak datoz. Baina euskara da lehenengo. Jakina, hor dago industria ere. Ingelesak, esaterako, XVI. mendean bertan konturatu ziren hemengo burdinaz, Shakespeareren bilboak eta. Berdin, industria postmodernoa… Badut lagun bat, nazionalista… euskal nazionalista –nazionalista era asko baitago, Jaime Mayor Oreja ere nazionalista baita, euskalduna, baina nazionalista espainola eta kito!–, bada, lagun horrek –eta ez dut uste kalterik egingo dionik haren izena esanik, hau da, Txema Montero da nire lagun hori–, esan zidan liburua egiten ari nintzela: “Paddy, badakit aski eszeptiko zarela euskal nazionalismoarekiko, eta, aldi berean, aski modu erromantikoan begiratzen diozula Euskal Herriari, baina, gogoan har, Bilbo ez dela, bakarrik eta besterik gabe, Sabino Aranaren sehaska. Bilbo, PSOEren eta PCEren sehaska ere badela. Gure aita oso zen langilea, guztiz on eta zintzoa, naif xamarra politikari dagokionean, oso kristau ona –hitzak duen esanahirik zuzenean–, eta gogoan dut goiz hura, Carrero Blanco hil zutelako berria zabaldu zenean. Gure aitak hirira eraman behar ninduen egun hartan. “Heriotza bat ospatzen ari haiz, Paddy!”. “Bai, putaseme galanta zen!”. Berak, berriz: “Sekula ez huke poztu behar inor hil delako”. Beharbada aita bakezalea nuen, oso jarrera ausarta. Nik ez daukat jarrera hori partekatzeko ausardiarik. Ez naiz horren balientea. Nik uste, hala kanpokoentzat nola bertakoentzat, oso zaila izan dela ETAren bidea ulertzea demokrazia –demokrazia inperfektua izan bada ere– ezarri zutenetik. Nola justifikatu atentatuak? Nola justifikatu ekintza armatuak areagotzea? Ez da erraza…

Nortasun agiria

Paddy Woodworth (Bray, Irlanda, 1961), kazetaria, Irish Times egunkarian lan egin zuen 1988tik 2002ra. Bi liburu ditu Euskal Herriaren inguruan argitaratuak: Dirty War, Clean Hands: ETA, the GAL and Spanish Democracy, 2001ean, eta The Basque Country, A Cultural History, 2007an, biak ere kritika ezin hobeak jaso dituztenak. Orain berriz, ingurumenari buruzko gaiak aztertzen ari da Chicagoko Unibertsitatearentzat. Era berean, han eta hemen, Erresuma Batuko nahiz Espainiako irrati-prentsetan idatzi ohi du. Ibilaldiak antolatu ohi ditu urtero Euskal Herrian barrena, amerikar nahiz ingeles turista talde txikientzat (www.sansebastianfood.com), bertako gastronomiak eta kulturak Ipar eta Hegoan dituen bereizgarrien arrastoan.

Euskal herri tourra

“Tourra zuzentzen dut Euskal Herrian barrena, gidari lanak egiten ditut, eta, zinez, egiten dudan lanik esker onekoena zait. Euskal Herria ezagutu nahi duen jendeari erakusten diot herrialdea –interesa duenari, beraz, ordaindu ere horrelaxe egiten baitu–, eta maite ditudan zoko eta bazterrak erakusten dizkiet. Ez da pribilegio makala, horratik! Jakina, hainbat adiskidek laguntzen didate lantegi honetan, Lesakako Rafael Eneterreagak, kasu. Harriz harri erakusten digu Lesaka, bertako etxeen historia eta berezitasunak oro. Plazer itzela da, atsegin hutsa. Erronka ere bai, idazteak ez dituen zailtasunak baititu, baina era berean, nik nezakeen atseginik handiena”.
 

Traidorea

“Estreinako urtean, Gasteizko kalean, neska batekin topo egin nuen, ezagutzen nuena. Gabonak ziren, eta afaltzera eraman ninduen beraienera. ETA politiko-militarrekoen inguruan zebilela uste dut. Ni Sinn Fein ofizialeko burkidea nintzen, ETA-pm bat, esaterako, baina hemengo ‘mili’-ekin harremanetan zegoena. Bitxia da orduko harreman gurutzaketa: ETA-pm-koak IRA probisionalarekin zeuden harremanetan, hango ‘miliak’ nolabait. Gu, Sinn Fein ofizialekoak –hango pm-ak, ‘nolabait’, berriz ere–, hemengo ‘mili’-ekin… Aurrerago, neska hark esan zidan, pm-ek esan ziotela ni neure herriaren traidorea nintzela”.
 

Artola, Zulaika, Atxaga

“Txomin Artolarekin aspaldikoa dut harremana. Berriagoa, Joseba Zulaikarekin eta Bernardo Atxagarekin, adibidez. Hauekin, egia esan, bigarren liburu hau idazten hasi nintzen arte ez nuen batere ezaupiderik. Zulaikaren Identidad Vasca, Metáfora y Sacramentok eragin handia izan zuen nigan. Gatazkari buruz, eta euskal kulturaz, inork idatzi dituen pertzepzio zorrotz, sotil, aberatsenak ageri dira liburu horretan. Atxagaren Obabakoak irakurri nuen, eta liburu zoragarria iruditu zitzaidan, izan Euskal Herriko liburua edo nonahikoa. Nire lana idazten ari zela publikatu zuen Soinujolearen semea, Euskal Herria entenditzeko liburu funtsezkoa, nire ustez”.

Azken Hitza
Herriaz maitemindu

“Niri zeharo ezinbesteko zait giza harremana, dela elkarrizketa bat Mayor Orejarekin, edo Rufi Etxeberriarekin. Herri bat entenditu nahi bada, maitemindu beharra dago, baina honetaz eta hartaz maitemindu, guztiaz, hein batean, bederen!”.


Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Epai euskarafoboen gainetik, euskaraz jarraituko dutela jakinarazi eta protestara deitu du UEMAk

​UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]


Eguneraketa berriak daude