"Espainiartasun sentimendua areagotzeko diru-laguntzak erraz ematen dira"

  • Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzear dago, baina txirrindulariak baino lehenago iritsi dira protestak, espero zitekeenez. Espainiar itzulia hemendik pasatzea salatu duten hamaika eragileren artean ESAIT nabarmendu da; hark hartu du gidaritza, nolabait. Horretaz eta beste kontu batzuez mintzatu gara, ondoko elkarrizketan, Martxel Toledo oiartzuarrarekin.

Dani Blanco

Uztailaren 5ean eman zenuten lehen prentsaurrekoa Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzea salatzeko...

Vuelta orain hamazazpi urte pasa zen azken aldiz Euskal Herritik, baina orduko hartan Nafarroako errepide batzuetatik igaro besterik ez zuen egin. 33 urte dira, berriz, EAEtik pasa ez dela. Ez dago esan beharrik garai hartan zergatik utzi zioten Vuelta hona ekartzeari. Iaz, Jaurlaritza PSE eta PP kudeatzen hasiz geroztik, bi alderdi horiek planteatu zuten normalizazioaren, erabiltzen duten hitz potolo horren aitzakiapean, hainbat kirol ekitaldi ekartzea hona. Espainiko saskibaloi selekzioa Gasteizen egon zen, errege eta erregina kopa finalak ere egin izan dira Euskal Herrian, eta dena borobiltzeko Vuelta ekarri dute.

Probokaziotzat jo duzue hori.

Bai,  badakigulako alderdi hauek “normalizazio” hitza erabiltzen dutenean zertan ari diren. Uste dugu Vuelta Euskal Herritik garai honetan pasatzea, eta espreski guk herri “komantxe” esaten diegunetatik pasatzea –Zornotza, Elorrio, Bergara...–, probokazioa dela.

Vuelta antolatzen duen erakundeari, Unipublic-eri, bilera egiteko eskatu zenioten ekainean, baina hark ez dizue erantzun.

Adierazi nahi genien hemen hainbat kezka badaudela zaletuen artean, eta horietako bat da Vuelta hona ekarriz normalizazio itxura eman nahi dutela, baina gure ustetan argi eta garbi egin nahi dutena  Euskal Herrian espainiartasun sentimendua indartzea dela.

Euskal Herriko etapak bertan behera uzteko eskatu behar zenioten Unipubliceri?

Gu ez gaude txirrindularitzaren aurka, ez gaude kirolaren aurka; guretzat garrantzitsua da Euskal Herriak horrelako ekitaldi bereziak bere gain hartzea, baina beste kontestu batean eta beste planteamendu batekin. Badakigu Espainiako Vuelta Espainiako Estatutik kanpo atera dela, Tourra ere Donostira atera izan dela, eta ez gaude horrelako ekimenen kontra. Dioguna da gutxieneko errespetu bat zor zaigula nazio bezala. Normaltasunaz hitz egitera ausartzen dira, baina normaltasun eza da, tamalez, hemengo kirolariak Espainiako eta Frantziako selekzioekin aritu behar izatea. Normalizaziorik egokiena izango litzateke kirolari horiek beren selekzioekin aritzeko aukera izatea, eta horretarantz pausoak emanez gero, guk ez genuke inolako arazorik izango Vuelta bezalako ekimenak hemen ongi etorriak izateko.

Vuelta Euskal Herritik igarotzeagatik lehen protesta ekintzak egin dituzue honezkero, eta izua ere zabaldu da, etapak egiten diren egunetan gerta daitekeenarengatik.  

Bere momentuan esan genuen erantzun koherentea emango genuela, eta baita ere ez genuela Vuelta hankaz gora jarriko, ez zela hori ESAITen asmoa.

Diru asko bideratuko da Euskal Herritik igaroko diren Vueltako etapa biak finantzatzeko. Aipatu izan duzue  hobe litzatekeela sos horiek euskal ziklismoa indartzeko erabiltzea...

Aspalditik badaude, eta ez maila profesionaletan bakarrik, desagertzen doazen lasterketak, diru-laguntza falta dutelako. Aipatu  genituen batzuk, ezagunenak: Urkiolako igoera, Arrateko igoera... Euskal Bizikletak berak bat egin behar izan du Euskal Herriko Itzuliarekin, Eusko Jaurlaritzak laguntza murriztu zuelako. Eta zaletu mailan kasik eguneroko ogia da hori. Guretzat koherenteagoa da dirua Vueltako etapak pagatzeko erabili beharrean bertoko lasterketak indartzeko erabiltzea.

Krisi garai honetan, herritarrok estutu beharrean gabiltzala, Gasteizek 110.000 euro inguru jarriko ditu mahai gainean etapa bukaera bat antolatzeko. Aldiz, euskal futbol selekzioak eduki zuen aukera kanpora joateko, joan zen izan ere, eskatu zion diru-laguntza bat Eusko Jaurlaritzari eta ez zioten eman. Espainiartasun sentimenduak areagotzeko dirulaguntzak erraz ematen dira, eta beste gauza batzuetarako ez dago edo murrizten ari dira.

Kontuak kontu, Vuelta hemendik igarotzear dugu. Benetan, zein uste duzu izango dela euskal zaletuen erantzuna? Gerta liteke gehienak normal-normal kalera ateratzera animatzera, eta protestetan parte hartzen dutenak txirrindularitzarekin harreman gutxi izandako jendea izatea?

Ez dakit. Herri hau anitza da eta era guztietako iritziak daude. Izan ere badira, esaten dutenak pozik egon beharko genukeela Vuelta hemendik igarotzeaz, hori ona dela guretzat. Ziklismoa zintzo-zintzo ikustera joango direnak egongo dira; gertatzen dena da kontu hau herri kontzientziatik ikusten dutenek, inposaketa modura ikusten dutenek, badutela eskubidea protestatzeko. Gure helburua izango da behintzat istilurik ez egotea zaletuen artean. Hori ez da gertatuko, ez dut uste. Gure asmoa da Vuelta hemendik pasa ondoren, bai antolatzaileak bai Vuelta ikusten duten guztiak jabetzea hau Euskal Herria dela, ez dela Espainiako beste zati bat, beste nazio bat dela, bere eskubideak dituela.

Hitz egin dezagun txirrindularitza ez beste kontu batzuez. Gizonezkoen senior mailako futbol selekzioa, azken batean pasio gehien sorrarazten dituena, berriz itzuli da pare bat urtean jokatzen egon gabe. Gatazka konpondu dela esan daiteke?

Ez, ezin da hala ziurtatu. Jokalariek argi esan zuten aurten jokatuko bazuten ez zela arazoa konponduta zegoelako, baizik eta ikusten zutelako zaletuen aldetik beharra bazegoela partidua jokatu zedin. Guk behintzat argi daukagu bi urteko etena zeinen erruz gertatu zen.

Jokalariek kritika asko jaso zuten, alde askotatik gainera. Klub batzuek ere, batik bat Athleticek, gogor hitz egin zuten haien aurka.

Fernando Garcia Macua eta haren inguruko jendea ezagututa, nahiko logikoak dira horrelako presioak. Beste klubek, eta klub txikiagoek ere, bideratu zuten presio hori, esanez selekzioaren partidutik ateratzen zen dirua harrobiarentzat izaten zela, eta ez jokatuta harrobia ahultzen zela. Guk argi eta garbi esan dugu hori ez dela inola ere logikoa. Selekzioaren partidura joaten den jendeak, bere poltsikotik dirua jartzen duenak, selekzio horri laguntzeko eta horren alde urratsak emateko jartzen du diru hori, eta ez harrobira bideratzeko. Harrobiak behar bat du, eta zentzu horretan Athleticek eman du bere urratsa, lagunarteko partidua antolatuz, baina selekzioaren partiduaren ondorioz ateratzen den dirua bideratu behar da, gure ustetan, eta pentsatzen dut jokalarien ustetan ere horrela dela, federazioak ofizialtasuna lortzeko erabiltzera. Besteak aitzakiak dira.

Jokalariei –batzuei– egiten zaien beste kritika bat da ez dela koherentea euskal selekzioaren alde hain jarrera gotorra agertzea eta gero Espainiako selekzioarekin aritzea.

Kontraesanik ez daukanak eskua altxa dezala. Oso erraza da kritika hori egitea. Gertatzen da futbolari bat behartuta dagoela, federazio batek deitzen badio, joatera. Zigorrak daude, lizentzia galdu dezakete. Alde horretatik, horrelako kontraesanak bilatzea erraza da. Baina horren aurrean erantzuna ere erraza da: aukera eman dezatela Euskal Herriko selekzioek ofizialki jokatzeko, eta horrela ikusiko genuke jokalariak zer hautu egiten duen, Espainiakoa ala Euskal Herrikoa. Oraintxe bat bakarra dago, jokalaria behartuta dago, eta ez du ez hanka ez bururik horrelako kritikak egiteak. Kritika horiek, beti, zaletuen aurrean jokalarien izen ona zikintzeko helburua dute. Ez dut esan nahi Espainiarekin jokatzen duten jokalari batzuk espainiar sentitzen ez direnik, baina segur aski beste batzuek, aukera emanez gero, gurea aukeratuko lukete.


Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude