"Jakin dezatela: gaztelania hitz egiten dutenean min egiten digute"

  • Gaztelania hiztun askok ez omen daki katalan hiztunari gaztelaniaz hitz egiten dionean min egiten diola. Katalan hiztunak sufritu egiten duela hizkuntza desagertzen ikusita. Inork adierazi ez badie, norbaitek esan behar die. Larreulak liburua bete du minez.

Katalan hiztunek, minak ezkutatzeko, gaztelania hiztunei gezurrak nola esaten dizkien irakurtzen ari zaigu Larreula etxeko egongelan.Pello Zubiria

Katalan hiztunak bere hizkuntzagatik hainbat min sufritzen ditu. Zein dira min horiek?

Asko dira, baina nagusia bat da: justizia-mina. Herriari ezin zaio bere muina debekatu. Ondoko esaldia hainbeste aldiz esanda, sinestu ere egin dut nik asmatua dela, baina norbaiti lapurtuko nion: Herriaren hizkuntza maite ez duenak ez du herria maite. Oso erraza da. Ezin duzu herria maite haren muina maite ez baduzu, eta bere muina berea da, eta ez besteena. Etorri dira besteak, jakina, magrebiarrez, txinatarrez eta jende anitzez beteak daude hemengo kaleak, pozten naiz, baina hemen jaio zen hizkuntza bakarra katalana da, gainerakoak...

Justizia-mina da, baina hortaz gain, amorrazio amaigabea. Nola izan daitezke hain putakumeak? Nola gerta daiteke estatuek bertako espezieak lagundu, errespetatu eta babestu beharrean akabatu nahi izatea? Nire parametroetan ez da sartzen.

Indar gehiago eman dit amorruak maitasunak baino. Egia esan, hitz oso diferenteekin esanda, baina gauza bera da. Ez dut nahi izan berea egin zezaten, eta ahal dudan guztia egin dut hala gerta ez dadin. 

Minak ageriko egin behar direla diozu.

[Liburua hartu eta 17. orrialdeko pasartea irakurtzen hasi da]. Gezurra esaten dugu. Gezurra esaten dugu, besteak asko direlako eta gai honetaz konfiantzarik ez dugulako. Gezurra esaten dugu, uste dugulako barru-barruko halako kontuak ez dituztela ulertuko. Gezurra esaten dugu, ondo geratu nahi dugulako. Gezurra esaten dugu ez diegulako minik egin nahi, gure auzokideak direlako, bizilagunak, lankideak, lagunak, eta zorionez gero eta gehiago, gure gurasoak, eta hori ona da... Gezurra esaten dugu, maite ditugulako, elkarrekin bizi behar dugulako eta elkarrekin bizi nahi dugulako, arraioa!

Horregatik idatzi dut liburua. Jakin dezaten, hemen gaztelania hitz egiten dutenean min egiten digutela, min egiten digula gure hizkuntza desagertzen ikusteak. Haien intentzioa ez da guri min egitea, baina hainbeste dira, nire hizkuntza erabat babesgabe dago. Hizkuntza desagertzen ari bada, neurri handi batean, haien inozentziagatik eta fede onagatik da. Bizitzan arazoen aurrean erabakiak hartu behar dira. Oiloak desagertzen ari badira ezin duzu azeria aldamenean jarri! Gaztelania hiztuna ez da konturatzen arazoaz.

Zuk uste duzu ezetz?

Era askotako gaztelania hiztunak daude. Askorekin izan ditut elkarrizketa inteligenteak eta oso ondo ulertu dute. Baina gehiengoak ez du ulertzen.

Adibide garbi bat: Cristinaren ama [Cristina bere bikote argentinarra da] Argentinako Mar de Platan bizi da. Planeta erdia zeharkatzen zuen, Bartzelonako Prat aireportura heltzeko. Etxetik atera izan ez balitz bezala hitz egiten ateratzen zen hegazkinetik. Ni etxetik ez nintzen mugitu eta hizkuntza arraroan hitz egin behar nion hari. Beno, ez da hizkuntza arraroa niretzat... beno bai, arraioa, bada! Bada, andre horrek ez luke sekula ulertuko eta ez naiz saiatuko horretan. Baina nahiko nuke, gutxienez, katalanek uler dezaten hau.

Katalanaren aldeko borrokak pozak ere eman dizkizu.

Gaztetan, txantxetan bazen ere, esaten nuen, “nolako inbidia diedan gaztelania hiztunei, ez dute kezkatu behar hizkuntzagatik eta beraiengatik, munduko estatuek babesten dituzte, toki guztietan errespetatzen dituzte”. Orain hala diot: “Nolako zortea daukadan katalan jaio naizelako!”. Borroka honek indarra, autoestima, eman dit. Bi estatu batuta, hipokresiaz, armadaz eta telebistaz josiak. Haiek baino indartsuago sentitzen naiz, ez naute eraitsi. Zoriontsu egin nau horrek.

Gaztelania hiztunek borrokaren gozamenez ez daukate arrastorik ere. Aldizkari batek bizirautea lortzea [Argiaz ari da], konturatzea zure izateko eragatik konbentzitu duzula norbait, zure adibideak balio izan duela besteek kontzientzia har dezaten...

Katalanez jakin ez eta horregatik sufritzen dutenekin ere hitz egin duzu.

Autoestima baxua daukate. Fede oneko gaztelania hiztunen arazoa ez da ezin dutela katalana hitz egin, baizik eta ez direla ausartzen. Norbanakoak gaitasun espresibo guztia garatu du ama hizkuntzan, eta nabarmentzeko balio dion gaitasun espresibo hori gorde eta beste hizkuntza batean lehen pausoak ematea, gaizki hitz eginez... Bere irudia distortsionatuta geratuko da.

Beraz, katalanez hitz egiteko ahalegina egiten duten guztiek gure errespetua eta babesa merezi dute. Sarri kontrakoa gertatzen da. Ez da fede txarrez egiten, baina barre egiten zaie. Jendeak ez dauka gauza hauen kontzientziarik.

Nola bideratzen dituzu minak?

Ahal dudan bezala, ia inoiz ez egoki, alegia, beti sufritu dut. Akordatzen naiz behin ikastaro batean irakaslea nola gaztelaniaz ari zen, katalana izanda. Banaka hitz egiten ari ginen eta guztiek gaztelaniaz egiten zuten. Nik hitz egin behar nuen eta ari nintzen, “indartsua izan behar duzu orain, ni neu izan behar dut...”. Altxatu eta brrrr [amorrazio aurpegia jarri du]. Esaten duzunak ez dauka interesik, kontua da katalanez ari zarela eta mundu guztiak horregatik begiratzen dizu. Espezimen gogaikarria zara! [Geroago azaldu digu horrelako egoerak gaur egun ez direla gertatzen Katalunian].

Gaur egun bizitzako beste momentu batean nagoela iruditzen zait. Agian ez naizelako jada irakasle, agian zahartu naizelako eta ez adinez, baizik eta pertsona gisa. Orain bigunagoa, negoziatzaileagoa naiz, ez naiz hain agresiboa. Onerako bilakaera izan dudala uste dut. Ondo etorri zait gaztelania hiztun batekin elkartu izana.  

Gutxiago sufritzen duzu.

Sufritzea ez da ona, ez da ona ezta estrategikoki aritzeko ere. Sinestarazteko ondo egon behar dugu, lasai. Bilobak [bikote argentinarrarena] esan izan dit katalanez niregatik hitz egiten duela. Nik ez diot inoiz esan katalanez egiteko, baina nik ez dut besterik hitz egin etxean. Uste dut irabazi dudala. Bada jendea miresten nauena nire jarreragatik. Amore eman duenak, etsenplua ematen ez duenak, ez du konbentzitzen. Etsenplua eman behar da hainbeste sufritu gabe.

Asertibitateaz hitz egiten da asko han.

Mundu honetan obligazioren bat baldin badugu, zoriontsu izatea da. Zoriontsu denak askoz indar handiagoa dauka konbentzitzeko oinazez bizi denak baino. Hizkuntza-minak besteak baino atseginagoak izatea ere eskatzen digu. Katalanez hitz egiten duzu eta era berean eskua bizkarrean jartzen diozu. Etengabe egon behar dugu erne, baina modu askotara egin dezakegu, modu okerrena oinazez beteta egotea da. Baina kontuz, zerbait ondo ez dabilela ikusiz gero, salatu eta erridikuluan utzi bestea.

Nola dago katalana?

Asko aurreratu dugu. Onarpena dago. Katalana hizkuntza normalizatua da. Ez dago normalizatuta kalean, baina erakunde publikoetan bai. Justizian ez, baina Generalitatean, udaletan, diputazioetan, bulegoetan bai. Enpresarentzat lotsagarria da katalanez ez dakien bulegaria izatea. Hori irabazita daukagu, oraingoz, PP armatzen ari da-eta.

Katalana kalean ez dagoela normalizatuta esan duzu.

Onera egin du katalanak. 1969an, eskola batzuetan irakasleok katalanez erakusten genuen, ez zegoen baimenduta, baina eskola batzuetan uzten ziguten. Gure ilusio gorena eskola guztietan katalanez egitea zen. Orain dena ari gara katalanez egiten. Gure espektatiba handienak gainditu dira. Katalunian katalana beste hizkuntzarik hitz egin gabe ibiltzen naiz. Valentzian ez da hala.

Baina kalean katalana ez dela erabiltzen esan duzu. Nola ikusten duzu egoera?

Oso-oso-oso hauskor. Nahiz eta ofizialki irabazi dugun, sozialki hauskortasun egoera muturrekoan gaude. Eskoletan ipuinak kontatzen dizkiedan haur horiek, emozioz beteta katalanez hitz egiten didaten haur horiek, guraso direnean gaztelaniaz egingo die umeei.

Kaleko bataila galduta dago orduan?

Nik uste dut baietz, baina ni ez naiz ezeren garantia, erratu naiteke. Bizitza honetan gehien desio dudana erratzea da. Baina nire diagnostikoa negargarria da, bi belaunalditan katalana erabat bazterreko kontu  izatera igaroko da. Hiri nagusietan hala da.

Baina, badira medikamentu alternatiboak, belaunaldi berriak... Adibidez, orain independentzia egarria lehertu da, eta sintoma oso positiboa da. Hemen inoiz ez zen hau ikusi. Lau ginen, orain asko gara! Mugimendu hau ez dute geldituko.

Kontua da beldur naizela ez ote garen berandu helduko, Irlandan bezala. Irlanda estatua da, baina hizkuntza ez dute erabiltzen. Jada ez die minik egiten ingelesez hitz egiteak, eta minik egiten ez dizunez ez daukazu defentsarik goardia egiteko eta ekintzarako. Lehen esan dut maitasunak baino amorrazioak mugiarazi nauela, amorrazioa minak eragin dit, nahiz eta orain lasaiago nagoen. Gorputzak min egiten ez dion jendea hilda dago, mundua justua dela uste duena galduta dago. Ni ez nago galduta eta salbatuko naiz. Eta horrek poza ematen dit eta orain jende asko ari da mugitzen, jende gaztea, bileretara joaten naizenean zaharrena naiz.

Beraz, nola dago katalana?

Perfektu dago, inoiz ez da hobeto egon, inoiz ez da hainbeste pertsona egon katalana jakin, ondo hitz egin eta idazteko gai. Etorkizuna? Beltza. Hizkuntza idatziaren bidean doa, baina hitz egingo ez den hizkuntzaren bidean. Hala ere, denborak alde jokatzen du, prestigioa duen hizkuntza da, datozenek badakite hori eta haurrek ikastea nahi dute, prestigioko hizkuntzaz gain lanerako balio duen hizkuntza delako. Hori hemen, Valentzian eta Mallorcan ez.

Egoera hau sinestezina zen duela urte batzuk, baina katalanak tontotuta daude, ez dakite nola funtzionatzen duen hizkuntza ordezkapenak. Kontua da kontzientzia izatea eskubide osoa daukazula zure hizkuntzan hitz egiteko. Eta anomaliaren bat baldin badago ez duzula zuk eragin, baizik eta 2.000 kilometro haragotik etorri den horrek. Beti gara ahulago, zeren besteak gehiago dira eta tontoagoak. Hizkuntza bakarra dakite, guk bi, zoritxarrez haiena badakigu. Hain erraza da gu menperatzea.

Salbatuko al da katalana?

Nik uste dut, era batera edo bestera, bai zuek eta bai guk, salbatuko dugula gure lurraldea eta hizkuntza. Zergatik? Ez daukat arrastorik ere... Jendea dago, jendea dago ados ez dagoena. Ipar Katalunian hizkuntza galduta zegoen, orain ilara dago katalanezko eskoletarako. Han jolastokietan katalanez egiten dute. Hizkuntzak errekuperatu daitezke, baina gauza bat behar da: herriaren borondatea, baldin eta guztiz ordezkatua izan ez bada. Belaunaldi batean hitz egiten ez bada jada ez dago hori errekuperatzeko beharrik.

[Etorkizuna beltz ikusten du, baina Enric Larreulak ez du errenditzeko asmorik, eta ez dago saminduta].

Hizkuntza izateak esan nahi du talde bat daukazula eta talde horrekin hitz egin dezakezula. Noski beste hizkuntza bat zureganatu dezakezula eta komunikatu zaitezkeela, baina horrek ez dauka graziarik, grazia dauka milaka urtetan gizakiek landu duten hizkuntza hori mantentzeak. Zergatik izorratu behar dugu hori dena? Defendatu egingo dugu, eta zergatik? Arrazoi oso sinple bategatik: hala nahi dudalako.

Nortasun agiria

Enric Larreula Bartzelonako alde zaharrean jaio zen 1941ean. 14 urterekin hasi zen lanean. Etorkin andaluziarren haurrei katalan eskolak ematen hasi zen 1960ko hamarkada bukaeran. Han ohartu zen orduko immigrazioaren eraginaz, “edo integratzen genituen edo desintegratuko gintuzten. Katalanon arazoaz arrastorik ez zeukaten, alegia, herri gisa desagertzen ari ginela”. Ezin izan zuen lan hori utzi, oraindik ere eskolaz eskola ibiltzen da ipuin kontatzen. 40 urterekin Filologia Katalana ikasi zuen eta hizkuntzaren didaktikako irakaslea izan da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, erretiratu den arte. Haurrentzat literatura asko idatzi du.

    Katalan hiztun gisa asko sufritu du, eta bere eta besteen minak bildu zituen Dolor de llengua liburuan (Edicions 3 i 4, 2002). Hizkuntza ikuspegi emozionaletik lantzen ez zen garaian hiztunen minak agerian utzi zituen. Liburua idaztea terapia izan da. Orain, hizkuntzagatiko sufrimendua alboratu eta bigarren liburua egin nahiko luke, hizkuntzak eragindako gozamenak nabarmentzeko.    
 

Immigrazioa

Bartzelonako alde zaharrean jaio nintzen, Raval auzoaren ondoan. Bazen norbait gaztelaniaz egiten zuenik, baina ezagunek katalanez egiten zuten. Orain, han inork ez du katalana hitz egiten. Katalan hiztun batzuk oraindik zer diren ere jabetu ez direnean etorri zaigu hau dena. Nola integratu dezakezu kanpotik etorritako masa bat bertako indigenak indigena gisa ere portatzen ez badira? Kikilduta, konplexuz beteta eta ezkutatuta daude, inor ez gogaitzeko.

Loturak

Erratu gaitezke, baina pentsatzen duzu hizkuntzaren gaian bat egiten badugu, beste gauza askotan ere bat egingo dugula. Hizkuntza bezala, lurra, paisaia, animaliak, zuhaitzak gustatuko zaizkiola. Loturak azkar asko egiten dira. Azken finean, jendeak egiten du hizkuntza, jenderik gabe ez legoke hizkuntzarik.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude