Iñaki Soto

"Kazetaritza guztia politikoa da"

  • Filosofo bat egunkariko zuzendari, bertsolari bat elkarrizketatzaile... Gora euskal kazetaritza!

Sustrai Colina
2011ko uztailaren 17a
Iñaki Soto
Iñaki SotoDani Blanco

Iruindarra, familia internazionalista ezkertiar eta abertzale batekoa, udal ikastolan ibilia… Ez da artikulu hasiera txarra.

Iruñea oso herri makarra izan da, musikalki, politikoki… oso bipolarra. Batetik, Opus Dei-ren indargune handi bat dago, ez dakit zenbat preso politiko bestetik, eta gatazka oso nabarmena da. Agian euskaldunen eta espainolen arteko segregazioa beste toki batzuetan baino handiagoa da, eta horrek konfrontazioa beste modu batera bizitzea dakar. Gu Zaragozarako errepidean bizi ginen, hegoaldera begira, eta gure blokeko hamasei familietatik bi baizik ez ginen ikastolara joaten. Hori gutxi ez eta ikastola pribatuaren eta publikoaren arteko eztabaida puri-purian zegoen orduan, eta udal ikastolaren aldeko borrokak, esanguratsua izateaz gain, arrastoa utzi zuen nigan. Gure etxean beti izan gara euskaltzaleak, beti izan dugu kulturarekiko miresmena, eta beti bidaiatu dugu asko. Pentsa, 18 urterekin, anaiari eta bioi, gurasoek Kubara brigadetara joateko aukera eskaini ziguten.

Horrek ere lagako zizun arrastoa…

Urtebete lehenago osaba-izebekin Nikaraguan izan nintzen, osaba bertakoa delako, eta bitxia badirudi ere, Kuban izugarri ikasi nuen Euskal Herriari buruz. 1992an joan ginen, “periodo especial” deitzen zuten tarte batean, Sobietar Batasun erori berriak sortutako ezegonkortasuna nagusi zenean. Sasoi latzak ziren Kubarentzat. Horrek ere izango du eraginik oroitzapenetan, baina ordukoa izan zen beste herrialdeetako euskaldunekin, pertsona heldu gisa, harremanetan jarri nintzen lehen aldia. Horri esker Euskal Herriari buruzko irudi argiagoa ekarri nuen motxilan, euskal herritarron argazki zehatzagoa, gure gaitasun, bertute eta miseria guztiekin.

Motxila betetzen segitzeko, filosofian lizentziatu eta nazionalismoaren etikari buruzko tesiari ekin zenion.

Egoera desberdinetan aplikatu zitekeen eredu teoriko orokor bat planteatzen ahalegindu nintzen, ona eta txarraren arteko etikaren kontzeptua baztertu, eta etika pluralistaren alde eginez. Herri bakoitzean, garatu den kultura politikoaren araberako balore sistemak osatzen dira. Zentzu horretan, nazio bat garela defendatzen dugunean, kontua ez da gurea ez dela Espainia edo Frantzia bezalako nazio bat eta hortik aurrera nazio guztiak berdinak direla. Balio sistema horrek tokian tokiko ezaugarri propioak dauzka. Ez da kasualitatea nazioartean nazionalismoarekiko dagoen miresmen eta interes akademikoa. Tesi asko egiten dira nazionalismoari buruz, ikuspuntu eta diziplina oso desberdinetatik. Euskaldunok oso modu pribatiboan ikusten dugu gaia, gurea balitz bezala, baina Unamunok esaten zuenaren kontrara, ez zara bidaiatuz sendatzen. Bidaiatuz, besteek beste nazionalismo klase bat daukatela konturatzen zara.

Zer toki behar luke nazionalismoak euskal identitatean?

Pluralismoaren kontzeptu hori sortu behar dugu. Hori hala, identitateen garrantzia justifikatzeko modu asko daude. Lehenik eta behin, unibertsalki, jende guztiarentzat da garrantzitsua identitatearen gaia, kontra egiteko besterik ez bada ere. Niretzat, ez dago munduko hiritarrik, nahiz eta askok euren burua hala definitu. Identitate hori ere sortu egiten da, eraiki, errealitatetik urrun dagoen ikuspegi batetik abiatuz. Munduko hiritar horiek ohartu behar lukete lapsus logiko bat dagoela euren planteamenduan. Txinatar batean bazkaldu, japoniarrean afaldu, Estatu Batuetan ekoitzitako serie bat ikusi eta tekno nordikoa entzun nahi badute, aurrera, baina gauza horiek guztiak nonbait ekoizten dira ikuspuntu abertzale batetik. Horregatik diot, identitatearen garrantzia justifikatzeko dauden modu guztietatik edan behar dugula gure identitatea justifikatzeko, eta batzuetan ikuspuntu esentzialistago bat izan dezakegula, eta hurrena instrumentalagoa. Arrazoi andana daukagu independentziaren edo euskal identitatearen alde egiteko, gure alternatibak, frantses edo espainolak izatea, defendagaitzak direlako egungo munduan. Ez gara erredukzionistak izan behar, eta identitate hori eraikitzeko dauden modu positibo posible guztiak integratzen asmatu behar dugu. Noiz arte eztabaidatu behar dugu gure artean euskaldunak garela Nafarroako erreinua izan zelako, edo euskara dagoelako, edo independentismo instrumental bat daukagulako? Pluralismo hori errespetatu behar da, osagarria delako, eta bidea ikuspuntu zabalago, aurreratuago eta interesgarriago batetik urratu behar dugulako. Ez zait barne-lehia hori gustatzen, emaitzak emaitza, lehia horretan beti euskaldunak ateratzen garelako galtzaile.

Erreferendumek ere asko dute lehia eta emaitzetatik, eta zu, 2006an, Montenegrokoan egon zinen.

Lehen oroitzapenak oso emozionalak dira, han bizitakoa ere oso emozionala izan zelako. Batetik, hura izan zen nire lehen harreman zuzen eta profesionala kazetaritzarekin, eta bestetik, esperientzia askatzailea gertatu zen hitzaren zentzu guztietan. Intelektualki, irakaspen handiak utzi zizkiguten. Independentismoak garapen handia izan zuen denbora laburrean, eta independentzia lortu arren, independentistak ez ziren garaile atera. Oraindik minoritarioa den posizio politiko askoz aurreratuagoa eta ezkertiarragoa daukate egungo Montenegro independentean. Baina independentzia jarri zuten lehentasuntzat, eta garai hartako erregionalistekin akordio estrategiko bat lortu zuten aurrera egiteko. Beraien txikitasunean, bestalde, Javier Solanari pultsua irabazi zioten Serbiarekin batera akordio inklusiboetara helduz, Solanak Kosobo eta Montenegroren arteko elkartruke moduko bat nahi zuelarik. Hori hala, garbi eduki behar da ez dagoela eredu askatzailerik ehuneko ehunean inportatu daitekeenik, baina elementu batzuk zure dinamika eta kultura politikoan txertatu ditzakezu. Esaterako, sezesio prozesuak hasten direnean, nazioarteko komunitateak egoera deserosoa bizi du. Gehiengo batek eskatzen duen momentutik derrigortuta dago atea irekitzera, baina ezin du atea gehiegi zabaldu. Iruditzen zait gu ere hor gaudela, ate horren mugan, gure momentuaren zain, zirrikitua ikusi orduko sukalderaino sartzeko prest. Hori bai, ezin dugu ahantzi garaipen horiek ere mugak dauzkatela, eta ordurako, lan handia egin beharko dela hainbat alorretan.

Gara ari da lanean. Orain bi urtetik honako zuen apustu editorialak zerikusi zuzena du egungo eszenatokiarekin.

Ezer garbi ez zegoenean finkatu genuen ildo editoriala, eta horrek gure lanaren ardatzetako bat den sinesgarritasuna ematen digu. Guk, eszenatoki hau ekarri duen eztabaida piztu zenean, garbi genuen gertatzen ari denaren alde egin behar genuela, sinesten genuelako eszenatoki hau positiboa zela gure irakurleentzat, gure oinarri sozialarentzat, sortu gintuen komunitatearentzat, baina baita euskal herritar guztientzat ere. Hori gutxi ez eta konbentzituta geunden, herri bezala, irabazteko gehiago geneukala koiuntura honetan. Aurreko prozesuak herri honen indarguneak bistan utzi zituen, eta kazetaritzatik horien alde egitea zegokigun. Guk kazetaritza eredu bat defendatzen dugu, eta bai, kazetaritza guztia politikoa da. Horrekin batera, argi daukagu gure eredua independentea dela, gure editoriala politikoa izanagatik ez dela partidarioa. Horrek eman zigun posizionatzeko askatasuna. Horrez gain, aparteko garrantzia ematen diogu sortu gintuen komunitateari. Oso modan dago enpresa batetik abiatuta komunitateak sortzea. Sobreko saldak kontsumitzen dituztenen komunitatea, alkoholik gabeko garagardoa edaten dutenen komunitatea... Enpresa munduan bideragarritasuna bermatzeko modua hori dela uste da, egun. Gure kasuan, aitzitik, badaukagu komunitate hori, komunitate hori da gu sortu gintuena, baina ez gintuen sortu bere burua ezagutzera emateko, inpaktu sozial bat edukitzeko baizik. Misio horretan, ezinbestekoa da herri bezala aurrera egitea, herritarrentzat egoera hobe bat lantzea, eta horregatik ere egin genuen eszenatoki honen aldeko apustua.

Apustuak apustu, aldaketa aro orotan rol pedagogiko handia omen daukate hedabideek.

Komunikabideek pedagogia politikoa egiteko muga bat daukate: politikarien lana. Politikariek egiten dutena ez bada batere pedagogikoa, nekez egin dezakete komunikabideek lan hori. Alderdiek bestela uste duten arren, hedabideek ezin dute beraiek konpontzen ez dutena konpondu. Nire iritziz, egunkariek asko irabazten dute kazetaritza egiten dutenean, eta izugarri galtzen dute historia, pedagogia edo soziologia egiten hasten direnean. Gai horiek ikuspegi periodistikotik tratatu daitezke, baina muga gainditzen duzunean, zure lanak zentzua galtzen du, kalterako bihurtzeraino. Zergatik den kalterako? Nekez egin dezakezulako pedagogia lana zure interesak hain agerikoak badira. Nolanahi ere, iruditzen zait oraindik ere komunikabideek badaukatela indar pedagogiko bat, baina ez horrenbeste arlo politikoari lotua, gizarte bizitza eta botere harremanen ingurukoa baizik. Zentzu horretan, pedagogia lanak lehia politiko hutsa gainditu behar du, eta dimentsio politikoa daukaten baloreetan oinarritu.

Hori posible da hedabideei informazioa ez den guztia axola zaiela dirudien garaiotan?

Krisi orokorraz gain, prentsak badu krisi partikular bat. Alde batetik, negozio eredua bertan behera geratu da, eta bestetik, gure lanari balioa kendu diogu. Alegia, euro baten truke jasotzen baduzu 80 orriko egunkari bat, DVD bat, Realeko zapatilak, Athletic-eko forrua, pijama bat, Arzak-en labana, tupperware bat eta TDT sintonizadore baterako kupoiak, zer balio du kazetaritzak? Zer balio du gure lanak? Horrekin batera, erronka teknologiko eta kulturalari ez diogu aurre hartu. Uste dut jendeak aldaketa murriztu egiten duela garapen eta berrikuntza teknologikora, baina aldaketa sakonena gure bizimoduetan dago, gure informazioarekiko harremanean. Hala ere, Euskal Herrian, politikarekin bezala, kazetaritzarekin konpromiso garrantzitsu bat dago, eta beste herrialde batzuekin alderatuta, egoera hobean gaude. Horrek esan nahi du kazetaritzak eta politikak bat egiten duten erpin horretan oso gauza interesgarriak daudela egiteko, eta neutralak izan gabe lehia partidariotik askatuz, gure balio nagusia berreskuratu dezakegula. Ildo editorial esplizituarekin eraikitzen da sinesgarritasuna.

Orain esplizitua dena zera da: lurralde batzuetan, Gara boterearen egunkaria izango dela.

Ingelesezko “fight the power” eta “take the power back”-ek laburbiltzen dituzten bi modu daude boterearekiko harremana ulertzeko. Injustua denean boterea borrokatu egin behar da, baina horrek ez du esan nahi boterearen aurkako posizio metafisiko eta antipolitiko bat mantendu behar dugunik. Nik boterearen aurkako diskurtsoa baino nahiago dut boterea berreskuratzearen aldekoa, ikuspuntu ezkertiar eta internazionalistatik helburua boterea lortzea delako. Boterea lortzen dugunean, kudeatuko ditugu kontraesanak, gizarte hobea eratzea baita xedea, eta ez kontraesanik ez izatea. Hori hala, egia da kazetaritzak boterearen kontrola daramala bere kode genetikoan, baina kontrol horrek ez du zertan antisistema izan. Oso herri paradoxikoan bizi gara, eta gehiengo abertzale eta aurrerakoia dagoen tokietan ere, oso erraz gerta liteke grebara atera zen pertsona batek irakurtzea, gehiengoak irakurtzen duen egunkarian, ez zela inor grebara atera. Paradoxa horren aurrean gaude, eta horri aurre egiteko modu bakarra boterea berreskuratzea da, botere hori badaukagulako, eta botere horrek instituzioetan ere isla izan behar duelako.

Boterea berreskuratzeko sasoiotan, egon liteke irabaztera jokatu beharrean ez galtzera jokatzeko tentazioa?

Gauzak egiteko beste modu bat behar dugu, ekarri behar dugun Euskal Herria desberdina delako. Asko daukagu ikasteko bizi izan dugun tragedia honetatik, eta gauzak bestela egite horretan ez dezagun ahaztu tragikotasunaren elementuak oraindik bizirik daudela. Presoen gaia hor dago, biktimak daude, tortura kasuak, atxiloketak... Oraindik gauzak okertzeko arrisku handia dago. Hala ere, nahi dugun herria irudikatzen hasi behar dugu, herritartasunaren kontzeptua nolakoa izango den, zer harreman edukiko dugun atzerritik datozenekin, gizarte mailako erlazioak nola saretuko ditugun, ekonomikoki nola garatuko garen, naturarekin zer harreman izango dugun... Elementu horiek agenda politikoan sartu eta denon artean adostasun batera heltzen baldin bagara, herri honek potentzial izugarria dauka eskaintza oso positiboa gauzatzeko, bai bertan bizi garenontzat, baita besteontzat ere. Ezin dugu galdu/irabazi eskemaren arabera jokatu, denok baitaukagu asko irabazteko, eta hala, Bilduk erakutsi beharko du eszenatoki hau positiboa dela guztiontzat.

Nortasun agiria

1975ean sortu zen Iruñean. Filosofian lizentziatua, 2006an Montenegroko erreferenduma zela-eta izan zuen kazetaritzarekin lehen harreman profesionala. Gara egunkariko iritzi saileko arduradun izan ostean, egunkariko zuzendaria da urte hastapenetik.

OFF THE RECORD
Tertuliak

Kuartelek hegan eta hilotzek garrasi egiten zuten garai ez hain urrunetan gogoratzen dut Iñaki irratiko tertulia politikoetan. Kanpoan, arerioak egindako legeekin, eta etxe-aldeko arbitroekin jokatu arren, beti ematen zuen berea. Aldekoak zein kontrakoak, denak konbentzitzeko arrazoitzen zuen, konbentzituak konbentzitzen ohituegiak dauden politikariak ipurdi-bistan utziz. Pozik entzungo nituzke orduko tertuliak, egoera zenbat, eta diskurtso batzuk zer gutxi aldatu diren frogatzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-20 | ARGIA
"Maskarada, horixe ari dira antzezten Gipuzkoako Aldundia eta Ehiza Federazioa"

Gipuzkoako Ehiztarien Federazioak grebara deitu ditu ehiztariak, Gipuzkoako Aldundiari presio egin asmoz. Ehiztarien argudioak, baina, iruzurra direla salatu du Naturkon talde ekologistak eta datuak eman ditu: hamar urtetan 1.768.567 euroz lagundu du Aldundiak Federazioa.


2019-03-20 | Topa Gaitezen
Oraina euskaratik eraikitzeko... Gazteok korrikan Plentziara!

Bi urtetik behin gertatu bezala, badator berriz ere Korrika gurera. Herri euskaldun batean amesten dugun gazteoi ezinbesteko zaigu ekimen hau gure buruan kokatzea, bi urterik behin bada ere, zentroan kokatzea. Ez zen nolanahiko apustua izan bere garaian ez. 1980an, aurreko urteetan taberna bateko mahai inguruan ernaltzen hasitako ideiari hasiera eman zitzaion; eta horrela, herri honen euskalduntzearen alde inoiz egindako ekimen handienetariko bat martxan jarri zen. Euskal Herriaren eraikuntzan... [+]


2019-03-20 | ARGIA
'Roundup'ak kantzerra eragiteagatik bigarren aldiz kondenatu dute Monsanto-Bayer AEBetan

San Franziskoko (Kalifornia, AEB) epaitegi batek ebatzi du Monsanto –gaur Bayer multinazionalak erosia– dela  Edwin Hardeman 70 urteko nekazariak nozitzen duen minbiziaren errua, bere linfoma Roundup (glifosatoa) erabiltzeak eragina.


2019-03-20 | ARGIA
Verdes liburu-dendak euskal kulturari egin zion ekarpena omenduko du Bilboko Loraldiak

Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendako azken kudeatzaileei omenaldia eskainiko die martxoaren 24an Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren 5. edizioaren baitan.


2019-03-20 | ARGIA
"Kazetaritza ez da delitua" aldarrikatu du ARGIAk Donostiako epaitegi aurrean

ARGIAko lantaldeak Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du asteazken goizean.


2019-03-20 | Guaixe .eus
Altsasuko gazteen gurasoak Bruselara joango dira auziaren berri ematera

Altsasuko Auzia nazioartekotzeko bidean, Altsasu Gurasoak taldeko eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideak, atzera ere, Bruselarako bidea hartuko dute asteazken honetan eta ostiralera arte han izanen dira.


2019-03-20 | ARGIA
Uber enpresa Bilbon: VTC-ekin ezin lan egin, janari-banatzaile prekarioekin bai

Eusko Jaurlaritzak VTC ibilgailuen sektoreari galga jarri dien arren, Uber enpresak kudeatutako etxez etxeko janari-aplikazioak ez du inolako eragozpenik aurkitu Bilbon.


2019-03-20 | ARGIA
50 lagun itsasotik erreskatatu dituen barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak

Mare Jonio barkua konfiskatzeko agindu du Italiako Gobernuak, itsasontzi horrek astelehen honetan 50 lagun erreskatatu ondoren. Italiako bandera dauka barkuak eta Mediterranea Saving Humans proiektuko partaidea da.


2019-03-20 | Usurbilgo Noaua
Atez ateko bilketak 10 urte bete ditu Usurbilen

Ohitura aldaketa txiki batek hondakinen kudeaketa eredua irauli zuen duela 10 urte. 2009ko martxoaren 16an albiste genuen Usurbil, ez herri mailan baita udalerritik kanpo ere. Aitzindari bilakatu zen udalerri hau Euskal Herrian, hondakinak lehengai bihurtu eta herritarrak "teknologia" aurreratuenean bilakatu zituen atez ateko bilketa sistemari esker. Atez atekoak 10 urte bete ditu joan den larunbatean.


2019-03-20 | ARGIA
Galizian eukaliptoak ezabatuz ospatuko dute Basoen Mundu Eguna

Larunbatean, martxoak 23, Basoen Munduko Eguna dela eta, aldarrikapen giroan ospatzeko kanpaina antolatu dute Galizian: bertako mendi eta ibarretan monolabore bilakatua diren eta azken aldian sekulako suteak eragin dituzten eukaliptoak erauziko dituzte egun eta ordu berean, baso iraunkorrez ordezkatzea aldarrikatuz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude