Lurraren eskola

Goibelaldiak hartu nau, nongoa den ez dakidan arren, kanpotik Euskal Herrira etorritako 50 urte inguruko gizona 20 m2ko lur sailtxoari berea atera nahian ikusi dudanean. Eguna joan eta eguna etorri, nonbait utzi zituen lurrak gogoan, erreka ertzeko saila izerdiz ontzen diharduen gizonak zer pentsatua eman dit.

Pirinioetara joan zait gogoa, behea jotako hamaika herri haietara. Urteen ondoren sorlekura itzuli eta denborak eta elurrak eraitsitako teilatu eta pareta zaharretatik euren jaioterria berreraikitzen diharduten haietara. Lanbide alternatiboak aurkitu, haurrak ekarri eta hazi, eskolak sortu… Atarietan eta jarlekuetan ez da nagusirik ageri. Ez dago nagusirik, ilusioa eta bestelako mundu bat amesten duten gazteen kemena baizik. Ez dago bizitza bukolikorako lekurik, eguneroko errealitatea aurrean, lanak markatzen du bidea. Zerk eraman ditu paraje haietara bueltan? Zerk bultzatu ditu lur gogor haietan bizibide eta ogibidea bilatzera?

Ilusioz betetako herri horietatik hurbil, hutsetik hasita eraikitako herrixkak. Paisaiarekin bat, estetika perfektuan eraikitako etxeak zein baino zein dotoreago. Eliza itxurakoren bat ere bai tarteko, paisaiaren osagarri. Bakea da nagusi hemen urteko sasoirik gehienetan. Urbanizazio pribatuetan, mantentze lanak egiten dituen langilearen tresnek ateratzen duten zaratak bakarrik hausten dute bakea. Itxitako ate, leiho eta bentantxilak, gezurretako herria salatzen dute. Ez zahar eta ez gazte, inor bizi ez den herri perfektuak, dirudunen gozagarri eta bertakoen lotsagarri. Sikiera, bertaratzeko ahalegina egin dutenei lana ematen dienean ere, bada zerbait.

Euskal Herrira nator orain, Gipuzkoara zehatzago esateko. Gure herri txiki honetako 25 herri txiki, euren iraupenaren alde lanean: Larraul, Itziar, Ereñozu, Errezil, Aizarnazabal, Angiozar... Seme- alaben nortasuna eraikitzen lagunduko dien kulturaren, hizkuntzaren eta horien berme izan nahi duen eskolaren alde lanean. Lurra eta zoruaren arteko orekan, lehenengoaren aldeko apustua, bertan bizi nahi dutenen adierazgarri.

Ekainaren 12an, Abaltzisketan elkartu gara herri txikietako eta Eskola Txikietako ikasle irakasle eta gurasoak. Etorkizunari esperantzaz begiratzeko arrazoiak, egon badaude.


ASTEKARIA
2011ko ekainaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude