Natura eta sorkuntza aisialdirako abiapuntu

  • Natura, sorkuntza eta ondarea oinarri dituzten ekimenak sustatzen ditu GaraiON NaturArtea aisialdi taldeak. Orain dela lau urte sortu zen, eta pixkanaka biziberritzen ari diren Otaza baserrian dago kokatuta.

Elkarteak antolatutako ekimenen artean daude, adibidez, lorategi ezberdinak egiten ikastea, naturatik hartutako elementuekin artelanak sortzea eta auzolanean Otaza auzoa bera moldatzea. Irudian, habia erraldoi bat egiten ari dira.
Elkarteak antolatutako ekimenen artean daude, adibidez, lorategi ezberdinak egiten ikastea, naturatik hartutako elementuekin artelanak sortzea eta auzolanean Otaza auzoa bera moldatzea. Irudian, habia erraldoi bat egiten ari dira.GaraiON-ek utziak

Arabako Ozaeta herrian, Ulibarri-Ganboa lakuaren ertzean, bada aisialdia eta sormena helburu dituen etxalde bat: Otaza baserria. Hutsik zegoen, harik eta GaraiON NaturArtea elkartea bertan lanean hasi zen arte. Duela lau urtetik, auzoa eta baserria biziberritzeko lanean ari dira, jabeek hala baimenduta, eta tailerrak eta aisialdi proiektuak aurrera eramateko erabiltzen dute baserria.

Pixkanaka ari dira etxaldea eta ingurua moldatzen, Amaia Gabilondo elkarteko kideak dioenez: “Oraindik elkarte txikia gara. Otaza baserriko teilatua hondatuta daukagu, esaterako, eta konpontzen ari gara”. Aldi berean, aisialdiari lotutako programekin dihardute hastapenetatik. Milaka gazte eta edadetuk hartu dute parte beraiek antolaturiko ekimenetan, atzerrikoak izan nahiz Euskal Herrikoak izan. Ekimen horien artean daude, adibidez, lorategi ezberdinak egiten ikastea, naturatik hartutako elementuekin artelanak sortzea edota auzolanean Otaza auzoa bera moldatzea. Jarduerak ez dira baserrira mugatzen, herriz herri ere hedatzen dituzte.

Elgea mendilerroaren magalean

Otaza baserria aparteko inguruan kokatua dago, Elgea mendilerroaren magalean, eta lakuaren albo-alboan. Debagoiena bailararako birika dela dio Gabilondok, hondartza moduko bat, eta antolatzen dituzten aisialdi ekintza asko bertan egiten dituztela. Inguruaren aberastasunaz baliatzen dira, tailer eta programen bidez natura babestearen aldeko jarrera bultzatu nahi dutelako. “Balio berezia eman nahi diogu naturari, derrigortuta baikaude gure ondorengoei guk jaso duguna baino inguru hobea uztera”.

Horrez gain, ongi pasatzea ere helburu du elkarteak, aisialdira zuzendutako taldea baita. Aisialdia, sorkuntzaren eta parte-hartzearen bidez sustatu nahi dute: “Edozer gauzarekin artea egitea ondo pasatzeko modu ona da”. Zentzu zabalenean ulertzen du GaraiON-ek artea, eta edonor sortzaile izan daitekeela ere ziur da Gabilondo: “Denok gara artistak, eta denok daukagu sen artistikoa gure baitan. Lo baldin badago, sen hori piztea da gure egitekoa”. Sortzaile izateak norberari eta oro har gizarteari onurak ekartzen dizkiola uste dute elkartekoek, eta beraien ekintzetan parte hartzen dutenei hori helarazten diete, gizarte berri bat garatzeko bidea izan dadin.

Ondarea zaintzea ere elkartearen beste oinarrietako bat da, eta batez ere ondare sozialarekin egiten dute lan. “Ondarea ez da bakarrik etxea edo herria. Harreman sozialak ere ondarea dira, eta oso inportanteak. Harreman sare berriak sortzeko bideak zaindu behar dira, garai batean zeuden harreman bideak berreskuratuz”, dio Gabilondok. Hala, bailaran zeuden harremanak berpiztu nahi dituzte: “Guk Debagoienan eta Arabako lautadan egiten dugu lan, ustez Elgeako mendikateak banatzen baikaitu, baina hori ez da horrela. Araba eta Gipuzkoa beti egon dira lotuta, eta gure bailarak harreman estua eduki du Arabako herritarrekin. Harreman hori galtzen ari da, eta berreskuratu egin nahi dugu”.

Auzolana bizirik mantentzea xede

Auzolana ondare aberatsa dela azaldu du Gabilondok, jakituriaren oinarrietako bat baita, eta naturarekiko sentsibilizazioa eta sorkuntza bultzatzeko balio du. Elkarteak auzolanean egiten du lan beti, tailerrean nahiz bestelako ekimenetan. “Euskal Herrian oso presente dagoen gauza da, eta ezin dugu hiltzen utzi. Atzerriko hainbat herrialdetan herrigintzan inbertitzen ari dira, bizirik mantentzeko. Londresko Brixton auzoan, adibidez, dirutza jarri dute guk egiten duguna egiteko. Berlingo Udala ere horretan ari da, jende sortzailea erakarri nahian”.

Batik bat gazteei transmititu nahi diete auzolanaren garrantzia: “Zer den erakusten diegu, auzolanaren historia, baina batez ere bizipenetan oinarritzen gara, auzolana egiten ondo pasatzen dugula erakusteko”. Artea eta natura oinarri, talde lana ardatz duten programak osatzen dituzte. Gazteartean ekimena da horietako bat. Gipuzkoako eta Arabako 800 gazte inguruk hartu du bertan parte. “Nitasunaren” eta “gutasunaren” arteko oreka bilatzen du programak, “nitasunean ezin baitzara zoriontsu izan, gutasunean ez baduzu parte hartzen”, Gabilondoren hitzetan. Nitasuna lantzeko, gazteek buztinarekin irudikatu dute beren burua, begiak itxita, eta irudi horien inguruan hitz egin dute gero. Taldeka landu dute hortik aurrerakoa, beraiek egin beharreko erretratu artistikoen, abestien eta film labur baten bidez.

Debagoienako Batxilergoko ikasleekin ere aritu dira ikasturte honetan, Auzolanartean izeneko programarekin, eta Land-art izeneko arte mugimenduan oinarritu dira. Naturako elementuekin, adarrekin edo harriekin adibidez, artelanak osatu dituzte. “Gazteek eurek aukeratzen dituzte proiektuak, eta baita non egin nahi dituzten ere. Guk hori behar bezala garatzen laguntzen diegu”, kontatu du elkarteko kideak. Atzerriko gazteekin, Auzolan Internazioanalak antolatu dituzte. “40 gazte etorri dira Otazara, mundu osokoak: korearrak, errusiarrak, frantziarrak...”. Esperientzia oso positibotzat jo du Gabilondok, Euskal Herriaren eta euskal kulturaren inguruko gauza asko jakinda itzuli baitziren euren herrialdeetara.

Erretiratuentzako aisialdia

GaraiON elkartearen eskaintza ez zaio soilik gazteei zuzentzen. Erretiratuentzako ekimenak ere antolatzen dituzte, premia dagoela ikusi dutelako. “Gizarteak alboratuta dauzka erretiratuak. Helduon egozentrismoaren ondorioa da, eurek baino jakintsuagoak garela uste dugulako. Ez ditugu entzuten, eta erretiratuen jakituria baztertua daukagu”. Aisiartean programari esker, 400 erretiratuk hartu zuten parte elkartearen aisialdi ekintzetan. Otaza baserrira iritsi ahala, zentzumenen ibilbidea egiten zuten erretiratuek. “Bidezidor txiki batetik joaten ginen. Isilik, inguruko soinuak entzuteko, eta elkarri lagunduz egiten zuten bidea”. Ondoren, tailer ezberdinak eskaintzen zitzaizkien, esaterako, irrati tailerra. “Erretiratuek hitz egiteko beharra daukate, eta irratia banan-banan hitz egiteko modu bat da”, dio Gabilondok. Norberaren bizitzaren inguruan gogoetatzeko ariketak ere egin zituzten. Paper handi batean euren burua marraztu zuten, eta gorputzeko atal bakoitzean bizipenei lotutako elementuak irudikatu edo idatzi zituzten. “Gerra azaltzen da, lehenengo etorkinen kontakizunak... Eurentzat oso terapeutikoa da”.

Lehen pausoak

“Uneoro jarduera ezberdinak asmatzen ari gara gure hiru zutabeei eutsiz, baina elkartea oraindik hastapenean dago”, argitu du Amaia Gabilondok. Hartutako abiadari esker, erraz antolatzen dituzte tailerrak, eta gero eta eskaintza aberatsagoa sortu nahi dute. Helburua, dena den, ez dute ahazten: Otaza baserria egoki jartzea, eta jendea bertara gerturatu dadila. Hala, ikuskizunak hartuko dituen gune berezitua osatu nahi dute lastategian; 300 metro koadro ditu tokiak, eta arte eszenikoetarako laborategi bilakatuko dute. Baratze ezberdinak ere lantzen ari dira, bisitariei baserriko elikagaiak eskaini ahal izateko. Azken asmoa da elkarteko kideak baserrian bertan bizitzea, eskaintza zabala egiteko. Gabilondoren hitzetan, “GaraiON-era datorren jendeak txoko berezi bat aurkitzea da gure ametsa, ikus-entzunezkoekin aritzeko, performanceak egiteko, edota zirku ekitaldiak eskaintzeko, adibidez. Horrelako espazio bat eskaini nahi dugu”.

Otaza berpizteko bidea

Otaza baserria aisialdirako aparteko lekua dela ziur dira ERKOOP kooperatiba elkartekoak. Horregatik, baserria eta inguruko landa eremua beraiena izan arren, Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) eta Txatxilipurdi aisialdi taldeei eskaini zieten. Zenbait ekimen soltetarako erabili zuten baserria, baina ezer gutxi gehiagorako. “Baliabide gutxi zeuden Otaza martxan jartzeko, dedikazio berezia behar zuelako”, dio Amaia Gabilondo GaraiON taldeko kideak. Dedikazio berezi hori eskaintzea eta GaraiON elkartea sortzea erabaki zuen hainbatek.

Heziketa programekin abiatu zuten egitasmoa, AED eta Txatxilipurdi elkarteen lan ildoei eutsiz, eta 2007. urtean lan taldea sortu zuten, Arabako INEM Espainiako Enplegu Institutuaren laguntzarekin. “Enplegu tailer bat sortu genuen INEM-ekoekin batera, lan taldea osatzeko. Tailer horretan ezarri genituen gure helburuak, eta gure hezkuntza proiektuak josi eta garatu genituen”, azaldu du Gabilondok. Hemezortzi pertsonek hartu zuten parte tailerretan, eta horietatik hamahiruk jarraitu zuten aurrera. Zailtasun eta gorabehera ekonomiko ugari jasan ostean, bost kide baino ez dira geratu azkenean. “Geratu garen bost kideok kooperatiba bat osatu dugu elkartea kudeatzeko eta obrak egiteko”. Kooperatiba oinarri hartuta, eskaintza geroz eta zabalagoa garatzea du helburu GaraiON elkarteak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude