Zianuroa

Arbendolondoaren (<em>Prunus dulcis</em>) loreak.
Arbendolondoaren (Prunus dulcis) loreak.José García Gabarrón.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gu baino animalia azkarragorik bada. Gehienak. Guk ez bezala, zein landare jan eta zein ez ederki asko dakite. Guk? Hik neuk? Aste pare baterako mendian libratu behar...

Mendian eta etxean fruitu gozoak ematen dituztenen artean Prunus generoko landare jendea erruz topatuko dugu: muxikondoa (Prunus persica), aranondoa (Prunus domestica), albertxikondoa (Prunus armeniaca), basagereziondoa (Prunus avium), gereziondoa (Prunus cerasus), brinoiondoa (Prunus persica var. nectarina), oilarana (Prunus mahaleb), otsagereziondoa (Prunus padus), paraguaiondoa (Prunus persica var. platycarpa), Portugal erramua (Prunus lusitanica), gerezi-erramua (Prunus laurocerasus), elorri beltza (Prunus spinosa) eta, izenari kasu egiten badiogu behintzat, denetan gozoena arbendolondoa (Prunus dulcis).

Arbendolondo honen fruitu arbendolak, ordea, landare genero honekin azti ibiltzeko aholkua ematen digu eta gure arreta piztu behar luke. Arbendola mikatzak, alegia. Prunus genero osoa pozoitsua da; gutxi edo gehiago pozoitsua. Eta behor jendeak badaki; gure jendeak ez baina hark bai. Pozoi honi “Arbendola mikatza” izena emana zaio, fruitu mikatz horrek duen usain eta dasta bereziek ederki laburbiltzen baitute. Napoleon handia hiltzeko erabili omen zuten eguneroko arbendola mikatz dosiaren kontua txoko honetan azaldua dudala urteak dira.

Bada, zianuroa da du pozoi arbendola mikatzak. Baita fruitu gozo askoak ematen dituzten landare jende honek ere. Edo, landare jendilajea esan beharko ote dugu? Hostoa, azala, egurra, sustraiak... Landareari nonahi hozka eginez gero zianuroa hartuko dugu. Zaldi, mando eta asto, hau da, behor jendeak ez dio berehalakoan kosk egingo ez. Astakume zoro edo moxal txororen batek dastatuko du, apika, baina laster jasoko du ingurukoen lezioa, baita “arbendolondo mikatzaren” dasta ezagutzen ikasi eta memorian betirako gorde ere. Ez denek, inondik ere. Zianuro pozoitzeaz gain, beste gaitz larri batzuk eragin ote ditzaketenaren susmo ugari bada, han eta hemen. AEBetan, adibidez, genero honetako landare batzuk, MRLS gaitza medio behorren abortua eragiten dutenaren zantzuak aurkitu dituzte.


Irakurri gehiago: Bestelakoak Ingurumena Landareak
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.