Udaletan ere, hordago handira

  • Bilduk udal hauteskundeetan sortutako olatuaren tamainaz jabetzeko nahikoa da Gipuzkoako mapa ia monokromoa ikustea. Bilduren gorakadaren ondorioz, EAJk herri askotan hegemonia galdu du, paradoxikoki honek ere bototan gora egin duen arren. PSOE krisiak zigortu du, Ezkerraldeko herri garrantzitsu batzuk galtzeraino. Nafarroan, PPk UPNri egindako koskada oso arina izan da. Eta herritar gehienek txikira paso egin dute partida honetan.

EAJk boto kopuruz gora egin du apur bat udal hauteskundeetan, baina zinegotzi ugari galdu du Bilduren gorakadaren eraginez. Aitzitik, Bizkaian udalerri nagusienak mendean dituzte jeltzaleek, eta Iñaki Azkunak marka historikoa lortu du Bilbon.
EAJk boto kopuruz gora egin du apur bat udal hauteskundeetan, baina zinegotzi ugari galdu du Bilduren gorakadaren eraginez. Aitzitik, Bizkaian udalerri nagusienak mendean dituzte jeltzaleek, eta Iñaki Azkunak marka historikoa lortu du Bilbon.Jon Hernaez / Argazki Press
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gipuzkoako emaitza ikusgarriak dira udal hauteskunde hauetako ikurretako bat. Posta bidezko botoen zenbaketak eragin ditzakeen aldaketak gorabehera, Bilduk 43 gehiengo oso lortu ditu Gipuzkoako udaletan (Arrasate, Hernani, Bergara, Azpeitia...) eta beste 13tan alkatetza lor lezake (Tolosa, Zarautz, Errenteria...), paktuen arabera. Koalizio berriak 441 zinegotzi eskuratu ditu Gipuzkoan, EAJren 187 zinegotzietatik oso goiti. Bizkaiko kostaldean ere Bildu nagusi da (Bermeo, Lekeitio, Gernika, Ondarroa...) eta herrialde horretan zinegotzi kopuruari dagokionez jeltzaleen kopurura hurbiltzen da lehen aldiz (524 EAJk eta 407 Bilduk). Araban, Laudion eta Agurainen irabazi du, besteak beste. Nafarroan NaBai-ren aurretik jarri da Sakanan, Bortzirietan, Baztanen... Auztegi Konstituzionalak Bildu legeztatzea onartu zuenean, bistakoa zen Hego Euskal Herriko udaletako eserlekuen berregituratzea gertatuko zela, baina inork ez zuen pronostikatu boto kopuruz hain gorakada itzela izango zuenik, “3” zenbakira iristeraino –Euskal Herritarrok-en garaia gaindituz–.

Bilduren emaitzak ulertzeko faktoreen artean aurki liteke ilegalizazio epe luze baten ondoren egon den eztanda. Esaterako, Lazkaon (5.000 bizt.) 12 urteren ondoren ezker abertzaleko ordezkaritza bati bozkatu ahal izan diote herritarrek, eta EAJren hiru hamarkadatako agintaldiarekin amaitu du Bilduk, gehiengo absolutuz gainera. Odoltsuagoa izan da Ondarroako (9.000 bizt.) kasua, 2007an ANVren boto baliogabeak gehiengo absolutu izan ziren eta azkenean EAJk gidatutako gestora baten esku geratu zen udala. Egoera horretan, ezker abertzaleak udalaren legitimitatea auzitan jarri du behin eta berriz. M-22an Bilduk botoen %60a bereganatu du Ondarroan, 13 zinegotzietatik 9, zalantza barik aurreko lau urteetan gertatutakoak izan du zerikusirik emaitza horiekin.

EAJren kasua paradoxikoa da. 2007arekin alderatuta, boto kopuruan gora egin du, baina udaletako alkatetzetan eta eserlekuetan behera, batez ere Bizkaian (634 zinegotzitik 524ra). “Bildu efektuaren” beste ondorio bat. Lehen zituenez gain irabaztea lortu duen udalerri bakarretakoak PSEren bizkar irabazi ditu: Sestao eta Basauri.

Krisiaren faktura PSE-EEri

Espainiako Estatuan gertatu den moduan, PSE-PSN gogor zigortu dute hautesleek, krisi ekonomikoa dela-eta. Nafarroan PSNk ez du udal ordezkaritza hainbeste jaitsi, aldiz Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian nabarmena izan da beherakada –soilik 6 udaletan dira gehiengo–. PSE-EEren kolorea ez da sekula nabarmendu udalen mapan, baina irabazi ohi duen udalerrietan biztanleriak pisu handia du. 2007an, 25.000 biztanletik gorako 11 udalerritatik 7tan irabazi zuten sozialistek, eta EAEko udaletako aurrekontu likidazio osoaren %21 kudeatu ahal izan zuten udalerri horiekin. 2011n PSE-EEk Errenteria, Sestao eta Basauri galdu ditu –paktuek eragozten ez badute– eta udal boterea nabarmen gutxitu du.

Krisiak gogor kolpatu ditu Ezkerraldeko udalerriak –gehienetan %17tik gorako langabezia tasa dute– eta horrek izan du eraginik sozialisten emaitzetan. Esaterako, herritarren %21a lanik gabe dagoen Sestaon (29.000 bizt.), PSE-EEk bi zinegotzi eta 1.300 boto galdu ditu. Dena den, harrigarria da Portugaleteren (48.000 bizt.) kasua, bertan EAJk 1.600 boto egin du behera eta PSE-EEk eutsi egin dio bere hauteslegoari; jeltzaleek aztertu behar lukete zer gertatu zaien Patxi Lópezen jaioterrian.

Txikira paso

Batzar Nagusietako hemizikloetan gertatu den polarizazioa udaletan ere islatu da, eta ondorioz zenbait alderdik ordezkaritza galdu du udal askotan. Aralarrek eta Ezker Batuak okerrera nabaritu dute bakarka aurkeztu izana. 2007an 145 zinegotzi lortu zituzten koalizioan eta 2011n Aralarrek 38 eta EBk 13. Gainera, bi alderdiok ordezkaritzarik gabe geratu dira Araban. Aralar Elgetan nagusitu da boto bakar batengatik eta Zallan (8.000 bizt.) sorpresa eman du gehiengo osoa lortuta. Nafarroako EBren eta Batzarreren Ezkerra koalizioak, aldiz, zertxobait arindu du bi alderdion beherakada, eta Tuteran lortutako 4 eserlekuek erakusten dute Erriberan segitzen dutela boto fidelak izaten.

Banaketetatik sortutako alderdi zenbaiten patua ere gaitza izan da. PPk apenas egin dion igurtzirik UPNri Nafarroan –48 zinegotzi 322ren aldean– eta gauza bera esan liteke Gipuzkoan EAren banaketa den Hamaikabat-ekin. Galdosen alderdiak lehendik zituen alkatetza guztiak galdu ditu eta ziento erdi zinegotzitik 12 zinegotzi edukitzera pasa da.

Atez ateko zabor bilketari erreferenduma

Hamaikabat-ek lortu dituen 12 zinegotzietatik ia erdia atez ateko zabor bilketa ezarri den herrietan bereganatu ditu. Udalerri horietan atez atekoaren kasik erreferedum gisara aurkeztu dituzte zenbait alderdik hauteskunde hauek. Dena den, adierazgarria da Hernanin, Usurbilen, Oiartzunen eta baita Antzuolan ere atez atekoaren aldekoak atera direla garaile, kasu batzuetan gorakada nabarmenarekin. Hain zuzen, Gipuzkoan Bilduk izan dituen emaitza bikainek kolokan jar dezakete Zubietako erraustegia, udalerri gehiagotan atez ateko sistema jartzeko planek aurrera jarraituko luketeelako, eta mankomunitateetan eta hondakinen partzuergoan indar korrelazioak irauli daitezkeelako.

Lasaitasuna Bilbon eta balizko aldaketak Donostian, Iruñean eta Gasteizen

Donostian udal hauteskundeek egoera benetan konplexua utzi dute. Alderdi-Ederreko egoitzan nagusi zein izango den jakitea ez da erraza. Bilduk emaitza historikoa lortu du, Odon Elorzaren 20 urteko nagusitasunarekin amaitu dute koalizioak jasotako 21.000 bozkek. Odon Elorzak berak esan du “deabruzko” emaitzak direla: Bilduk 8 zinegotzi, PSE-EEk 7, PPk 6 eta EAJk 6. Alkate izateko 14 zinegotziren babesa beharko dute hautagaiek. Juan Carlos Izagirre Bilduko alkategaiaren esanetan denekin hitz egiteko prest dago koalizio irabazlea. Bestetik, Elorzak berak kanpainan esan zuen lehen indarra ez bazen, ez zela alkate izango... Dena den, Elorzak askotan erakutsi izan du akordioetara iristeko gerria eta abilezia. Besterik da EAJren eta PPren babesa lortzea, edo lortu nahi izatea.
Gasteizen, lau urteko agintaldi sozialistaren ondoren, zantzu guztiek adierazten dute popularrak berriz itzuliko direla Udalera. Eusko Jaurlaritzako PP-PSE ituna errepikatzea nahikoa litzateke horretarako. PPk askotan erakutsi izan du Arabako botereguneak berreskuratzeko grina, Lakuari emandako babesa horren baitan jartzeraino. Ikusi beharko da baina, EAJk zein rol jokatzen duen horretan guztian, bai Batzar Nagusien eraketan –indar abertzaleak eta EB nagusi lirateke, nahi izanez gero– eta baita Gasteizko Udalean PSErekin edo PPrekin lor ditzakeen akordioetan ere.

Askoz garbiago dago Bilboko gobernu eraketaren lehioa. EAJko hautagai Iñaki Azkunak sekulako erakustaldia eman du eta euskal hiriburu populatuenean izandako emaitzarik onenak lortu dituzte jeltzaleek, gehiengo osoz gainera: 15 zinegotzi izango ditu EAJk Bilbon, eta 75.000 bozka. Bistan da Azkunaren irudiak eta izaerak pisu handia izan duela bilbotar askok EAJko zerrendari bozkatzeko orduan. Datu esanguratsu bat: Bilboko zirkunskripzioan EAJk 11.000 bozka gutxiago jaso ditu Batzar Nagusietarako Udalerako baino. Bestalde, aipagarria da PSE-EEren galera, Bilduren azpitik geratu baita, baina baita PPk 7.000 boto gutxiago jaso izana ere, Iñaki Azkunak arrantza zein lekutan egin duen erakusten dute datu horiek.

Iruñeko kasuan, PSNren borondatearen arabera egongo da, beste behin ere, balizko gobernu aldaketa. PPk ez dio uste bezain beste kendu UPNri, soilik bi zinegotzi. Bestalde, bozka kopuruari dagokionez, bloke navarrista-k (UPN-PSN-PP) dozena bat mila boto galdu ditu eta indar euskaltzaleek (NaBai, Bildu, Ezkerra) zinegotzi bat gehiago dute. NaBai-k eutsi egin dio Bilduren oldeari Uxue Barkosen tiradizoari esker.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude