Badira lau hankak, orain mahaia falta da

  • Abertzaleen eremuan EAJ eta ezker abertzalea, espainolismoaren esparruan PSE-PSN eta PP-UPN. ETAren ondorengoan lau indar nagusi hauen espazio politikoa egonkortuko zela esan da sarri. Barianteekin, baina hasi da gauzatzen.

Beste behin ere EAJ gailendu da hauteskundeetan, baina protagonismo nagusia Bildurena izan da.
Beste behin ere EAJ gailendu da hauteskundeetan, baina protagonismo nagusia Bildurena izan da.argazkilaria

Bilduren hauteskundeak izan dira hauek, edozeren gainetik eta Euskal Herriko egoera politikoari dagokionez, biondorio nagusi nabarmendu daitezke, biak normalizazio politikoari lotuak, bata bakearen eremukoa, bestea jarduera politiko-instituzionalari lotua.

Munduko beste bake prozesutan gertatu den bezala, gatazka bortitzaren erdigunean izan eta hortik ateratzeko ahalegina egiten duen indar politikoak haustesleriaren saria jasotzen du. Irlandan Sinn Feinek jaso zuen sari hori eta hemen ezker abertzaleak Bilduren emaitzekin. Emaitza hauek borroka armatua alboratzea erabaki zuen ezker abertzalearen bidea modu atzeraezinean bultzatzen dute, eta bake prozesu serio bat abiarazteko oinarri sendoak jartzen dituzte.

Estatuaren erabaki irmoa bakarrik falta da orain. Batetik, eta Bildurekin erabakitakoaren lorratzari segituz, Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatuko du datozen hilabeteetan. Eta bestetik, Parot doktrina-ren inguruan izan diren filtrazioetan oinarrituta, badirudi presoen eremuan ere izan daitezkeela mugimendu batzuk. Funtsean, erronka nagusiena da Euskal Herriko kultura politiko nagusienak bake prozesu serio baten inguruan egituratzea, eta guztien artean hamarkadetako gatazka bortitzari irteera duina ematea, behingoz gatazka politiko normalizatuari atea ireki ahal izateko.

PSOErekin egin ahal izango da hori? Edo PPrekin? Horra zalantza nagusia. Dilemaren giltza PSOEn eta Espainiako 2012ko hauteskunde orokorretan izango da. PSOErentzat oso gaitza izango da hauteskunde horiek irabaztea, baina badirudi euskal gatazka garrantzitsua izan daitekeela beretzat. Giltzarria egoera ekonomikoa izango da, baina hor ez dirudi hain epe laburrean emaitzak hobetuko zaizkionik. Giltzetako bat behintzat, “iparreko arazoa” behingoz konpontzea izan daiteke.

Gaur egunetik begiratuta, ez dirudi PP hemengo bake prozesu bat bultzatzekotan dagoenik. Guztiz kontrakoa. Baina Espainiako Gobernua hartuta, oso ongi pentsatu beharko du zer egin euskal gatazkaz, bere gotorlekuan jarraitzeak epe ertainera soberanismoa indartu besterik ez baitu egingo.

Lau bloke nagusi

Bakearen eremu zehatzaz gain, bistan da hauteskunde hauek normalizazio politiko-instituzionala bultzatuko dutela. Hainbat arrazoirengatik, baina batez ere, ezker abertzalearen ia hamarkada bateko ilegalizazioaren ondoren, hauteskundeok herritarren borondatea islatu dutelako. Orain inoiz baino argiako antzematen da euskal herritarren gehiengo oso handiak historiaren orrialde bat pasatu nahi duela. Horrek bakarrik sekulako indarra du normalizazio politikoa akuilatzeko.

Baina nola demontre hasiko da gauzatzen normalizazio hori? Hauteskundeek argi utzi dute, hainbatetan azpimarratu dena, normalizazio politikoak apurka lau bloke nagusi utziko dituela: abertzaletasunaren eremuan EAJ eta ezker abertzalea, azken hau gaur egun bloke soberanistan integratua eta espazio horren bultzagile nagusi moduan; eta espainolismoarenean PSE-PSN batean eta PP-UPN bestean.

Asko hitz egin izan da ETAren osteko garaiko transbertsalitateaz eta orain ikusiko da hori nola gauzatzen den. Josu Jon Imazen agintaldian, transbertsalitatea izan zen jeltzaleen ikur nagusia, eta Urkulluren aroan diskurtso teoriko gisa apaldu bada ere, praxi politikoan indarrez gauzatu da, batez ere Ferrazekin lortutako akordioak medio. Ohiko gobernagarritasunean ere, EAJk eta PSEk helduleku bateratu asko dituzte, azpiegituren eremu zabalak erakusten duen legez. Eusko Legebiltzarrean ez ezik, biltzar nagusietako unean uneko akordioetan behin baino gehiagotan islatu da sintonia on hori, aurrekontuekin sarri ikusi den gisan.

Loiolako bake prozesuko garai hartan, halaber, asko hitz egin zen PSE eta Batasunaren arteko sintonia onaz; prozesu hura, finean, bi indarren artean egikaritu zuten eta hura ondo atera izan balitz, epe laburrera indar bien arteko harremanetik atera zitekeenaz ugari idatzi zen. Gaur egun fikzioa dirudi, baina orduan Otegi-Egiguren bikotearen harreman onak ate guztiak zabalik uzten zituen.

Eta, azkenik, akordiorako beste gune nagusiena abertzaleen artekoa da. Bilduren emaitzek argi erakusten dute indar metaketak abertzaleen artean duen arrakasta. Joan den asteko Argian Juan Mari Ollora jeltzaleak argi adierazten zuen etorkizunean Bilduk EAJ definitzera bultzatuko zuela. Aurten dira EAJko barne hauteskundeak eta hor ikusiko da orain arteko barne oreka mantentzen den –seguruenik hala izango da– edo Egibarren sektoreak EAJ soberanistagoa bultzatzeko gaitasunik ote duen. Bilduk bere zabalkunde prozesuan asmatzen jarraitzen badu, EAJk bereziki zaindu beharko du bere sektore independentistena.

Garai berrian, halaber, egungo alderdi txikien biziraupena oso aldapa goran jarri da. Alderdi moduan irauteko, Aralarren espazio logikoa Bildu edo espazio soberanista litzatekeela dirudi. Bilduren operaziotik, ezker abertzaleak biltzen jarraitu behar duela ikasi beharko luke, eta metaketa soberanistan parte hartu nahi duten guztien parte hartzea erraztu eta bultzatu beharko lukeela. H1!-en norabideaz ere zalantza gutxi dira, sortu zenean ere EAJko norabidea iragartzen zitzaion eta hauteskunde hauek bide hori konfirmatzen dute. Ezker Batuaren espazioa ere gaitza da eta, seguruenik, PSEk ezkerrera uzten dion tarte horretan mugitzen asmatu beharko du.

Nafarroako korapiloa

Nafarroan, ohi bezala, egoerak erabat korapilatua jarraitzen du. Eskuina nabarmen nagusi izan arren, abertzaletasunak gora egin du eta inoizko ordezkaritza onena lortu du NaBai eta Bilduren eskutik. PSNk, aldiz, porrot egin du berriz ere, eta ondo baino hobeto pentsatu beharko du noiz hartuko duen UPNren itzaletik aldentzeko erabakia. Abertzaleekin Nafarroako Gobernuko lehendakaritza eskura zezakeen eta behingoz Nafarroa beste norabide batean jarri. Baina badirudi halako kontuekin oraingoz politika fikzioaz ari garela. Duela lau urte Ferrazetik geldiarazi zen PSNren jauzi ausarta. Orain, aldiz, eta bake prozesua bultzatzearen testuinguruan ez ote litzaioke komeni Ferrazi berari UPNren kanporatzea gauzatzea? Agian bai, baina aurreko legealdian PSN NaBairekin ituna egiteko gai izan ez bazen, are eta nekezago egingo du orain Bildurekin.

Baina konstituzionalisten jarreraz gain, funtsean, abertzaletasunak berak egin behar du Nafarroari buruzko eztabaida sakona eta hori egiteko posizio onean da. Ertz ugari izan dezake hausnarketa horrek, baina bi nabarmentzen dira besteen gainetik. Batetik, Nafarroaren erabaki esparruaz behin betiko erabaki, eta hau funtsean ezker abertzaleak egin behar du (NaBaik berea egina du). Loiolako prozesuko garaian urrats garrantzitsua eman zuen Anaitasunako Adierazpenarekin, baina ez zen bere edukietan sakondu ezta bere sozializazioan. Bestetik, Bixente Serrano Izkok orriotan egindako analisian azaltzen duen legez, zer egin behar dute abertzaleek, metatu edo zabaldu? Hau da, epe motzean adibidez, indar bakarrean batu behar dira abertzaleak edo abertzaletasun garbitik haragoko indarretara zabaldu behar dute?


Azkenak
2024-05-07 | Jonathan Cook
Hauxe da Gaza suntsitzeko Israelen eta AEBen plana

Su-eten bat lortzeko Mendebaldearen ahaleginak serioak direla itxura egiten dute Mendebaldeko komunikabideek. Baina argi dago aldez aurretik idatzitako beste gidoi bat dagoela. Artikulu honetan Jonathan Cook kazetari britainiarrak aurreratu digu zein den Israel eta AEB... [+]


2024-05-06 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak kontzentrazioa egingo du maiatzaren 7an Jaurlaritza aurrean

Capital Energy multinazionalak Urretxu ondoan dagoen Irimo mendian zentral eolikorik egin ez dezan eskatzeko egingo dute elkarretaratzea maiatzaren 7 goizean.


Israelek Al Jazeera hedabidea debekatu du

Hamasen tresna izatea leporatuta ezarri du debekua estatu sionistak. Al Jazeerak akusazioak ukatu ditu eta ahots kritikoak isilarazi nahia salatu du. Nazioarteko hainbat elkartek kritikatu dute “prentsa askatasunaren aurkako erasoa”. Debekua 45 egunekoa da momentuz,... [+]


Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


Eguneraketa berriak daude