Ikasturte osoan ikasten aritutako ingelesa praktikatu beharra dagoela-eta, Silvolde-ko (Herbehereak) Isala ikastetxeko ikasleen etxeetara joan dira aurtengo Ibilaldia antolatu duten Ondarroako Zubi Zahar eta Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastolako gazteak. Azaldu digutenez, herbeheretarrak ere Ibilaldirako egunak kontatzen ari dira.
Hizkuntza, praktikatu ezean, ahazteko arriskua dago. Galdu egiten dira hango eta hemengo arau eta salbuespenak. Beraz, txikitatik ingelesa ikasten sartutako orduei etekina ateratzeko, duela hamar urtetik tratua dute atzerriko ikastetxearekin Ondarroako eta Lekeitioko ikastolek. Beste hainbat ikastetxerekin egin izan dute trukea aurretik, baina duela lau urtetik Silvolde herriko Isalarekin dute harremana: azaroan, euskaldunak hara joaten dira; martxoan nederlandarrak etortzen dira hona. Hain zuzen, martxoko egonaldian gerturatu gara Lekeitiora, esperientzia nolakoa izan den konta diezaguten.
Ikastolan oso txikiak direla hasten dira ingelesa ikasten. Lau urterekin jada lehenengo hitzak eta abestiak barneratzen dituzte. Ikastolen Elkarteko Eleaniztun Programari jarraiki, gazteak astean hiru bat orduz aritzen dira ingelesez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan, Gizarte Zientziak ingelesez ematen hasten dira, eta handik urtebetera egiten dute trukaketa herbeheretarrekin, 15-16 urterekin. Helburu bakarra ez da, gainera, hizkuntza hobeto barneratzea: hamar egunetan kultura, ingurune eta ohitura berrietara egokitzea ere erronka da ikasleentzat.
“Ingelesa aitzakia da beste gauza asko egiteko” dio Idoia Barinaga Zubi Zahar ikastolako Ingeles eta Gizarte Zientzietako irakasleak. Azken finean, lekeitiarrak eta ondarrutarrak lehen egunetik nerderlandarrekin hartu-emanean aritzera eta elkar ulertzera “derrigortuta” daudela dio Barinagak, egun batzuetarako baino ez bada ere haien etxeetan biziko direlako, eta hango bizimodura egin. “Aldamenean ez dute irakaslerik, euren kabuz moldatu behar dute” argitu du irakasleak.
Baietz, hasieran gogorra egiten dela onartu digute ikasleek, baina azkenerako esperientziak merezi duela. Hala diote Imanol Goitia, Iraide Juaristi, Gorka Intxausti eta Nahia Azkaratek, eta berriz ere joango liratekeela baieztatu dute aho batez. Egokituko zaizkien lagunekin eta haien senideekin izaten dute hasieran beldurrik handiena, elkarren berri jakin gabe baitoaz. “Behin jendea ezagututa hobeto moldatu gara”, dio Goitia lekeitiarrak. “Hasieran, lehenengo egunetan, txarto pasa genuen baina gustura aritu gara gero”, gogoratu du Juaristik. Denbora kontua, beraz. Salto handienetakoa otorduetan nabaritu dute, bestelako ordutegia dute-eta. “Arinago egiten dute dena, eta bazkaritarako sandwich bat baino ez dute jaten”, zehaztu du Azkaratek.
Ohitura aldaketak gorabehera, ingelesarekiko jarrera hobetzeko eta motibazioa areagotzeko balio du trukaketak. Miraririk ez dago, baina aurrerapauso handiak egiten dituzte ikasleek. “Beharbada ez dute ikasiko dakitena baino gehiago, baina praktikatzeko oso aproposa da esperientzia”, argitu digu Barinagak. Iritzi bera dute ikasleek, Gorka Intxaustik dioenez: “Soltura hartzeko balio izan digu, ez hainbeste ikasteko, astebetean ezin delako askorik egin”.
Komunikatzeko beste modurik ez dutela igaro dituzte bi asteak, Herbeheretan lehenengo, Euskal Herrian ondoren. Gazte herbeheretarrak nederlanderaz aritzen dira beraien ikastetxean, eta ingelesa bigarren hizkuntza dute. Beraz, bi aldeek badute zer ikasia. Azkenerako lotsa kendu eta erraztasuna lortu nahi da, eta lortzen dutela azpimarratu du Barinagak: “Nahiz eta gramatikalki ez egin %100 zuzen, ikusten dute moldatzen direla, gai direla elkar ulertzeko”.
Irakasleak urte batzuk daramatza jada trukean parte hartzen eta nabarmendu du ikasleak urtero kezka berdinarekin joaten direla: “Pentsatzen dute nederlandarrek maila hobea dutela, eta egia da, baina aldea ez da uste dutena bezain handia, txikia da maila ezberdintasuna”. Han, jarriagoa dute belarria, telesailak eta filmak ingelesez ikustera ohituta daudelako, azpitituluekin. Ez dute, gurean bezala, bikoizketarik, eta jatorrizko bertsioan ikusten dituzte pelikulak. Horregatik, hizkuntza etxekotuagoa izanik, ingelesez ausardia handiagoz aritzen direla gaineratu du Barinagak.
Herbeheretarrek, gainera, badute trikimailurik: nederlanderazko hitzak sartzen dituzte tartean, eta euskaldunek hasieran uste dute ingelesez ari direla. Azkenerako, ordea, jabetzen dira bi herrietako ikasleen arteko aldea ez dela hainbestekoa, ingeles mailari dagokionez.
Ikasle ondarrutar eta lekeitiarrak ez dira izan kultura berri batera moldatu behar izan duten bakarrak. Nederlandarrei ere kostatu zaie hemengo hainbat ohiturara egokitzea. “Esaterako, ulertzen zaila egiten zaie eguerdian bazkaltzeko esertzea”, kontatu du irakasleak. Kontuak kontu, ondo moldatu dira Silvoldeko gazteak Euskal Herrian, eta horren adibide da Hilde Begeman ikasleak adierazi diguna: “Gustatu zaizkit hemengo jendea eta ingurua. Hondartza inguru hau oso polita da”.
Bestalde, euskararekiko interesa erakusten dutela azaldu du Barinagak, eta hitz solte batzuk ere ikasten dituztela: “Ikusten dute hizkuntza aldetik bereizi egiten garela espainiarrengandik, eta horren zergatia galdetzen dute”.
Agian Ibilaldirako ez dute euskaraz hitz egiten ikasiko, baina ikastolen aldeko jaiarekiko jakin-mina ageri dute. “Batez ere, hango irakasleek galdetzen digute ikastolen baliabide ekonomikoei buruz. Harrigarria egiten zaie, haiek ez dute-eta horrelako arazorik. Oso berezia iruditzen zaie Ibilaldia bezalako jai bat”. Gazteek berriz, soinean daramatzate Ibilaldiko kamisetak eta txapak.
Bi herrialdeetako ikastetxeak Conbenius programari esker daude harremanetan, ia urte osoan. Horren bidez erabakitzen dituzte ikasleek landu beharreko proiektuak. Aurten adibidez, Herbeheretan eta Euskal Herrian landu beharreko gaia ura izan da. Sei laguneko taldeetan bilduta landu dituzte beren proiektuak, eta gero aurkezpenak egin dituzte. Ura aitzakia, txangoez ere gozatu ahal izan dute: Bilbon izan dira esaterako, hiriko iturriak bisitatzen, baita araztegi batean ere. Hain juxtu, aurtengo Ibilaldiko leloak badu urarekin zerikusirik: Boga! arrantza munduko hitza da, aurrera egiteko erabiltzen den hitza.
Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]
Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal.
Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.
95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.
Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.