Elkarrekin joan behar duten idia eta harria

  • Kirol ugari eta kirola egiteko modu asko dago. Modu guztiak eta espezialitate denak uztartzea ez da erraza, baina ahalegin horretara bideratuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko eskola kirolaren eredua.

Zumaian futbolean, eskola kiroleko orduetan.
Zumaian futbolean, eskola kiroleko orduetan.

2008an onartu zuten eskola kirola: adostasuna egon zen kirol eragile, federazio, eskola eta administrazioaren artean. Desadostasun handienak Gipuzkoan egon ziren. Ikastetxeak eta Foru Aldundia alde batetik, eta hainbat federazio bestetik; futbol federazioa, batez ere.
Eskola kirolarekin kirola egitea sustatu nahi dutela azaldu digu Iñaki Ugarteburu Aldundiko Kirol zuzendariak, ondorengo oinarriak ardatz harturik: “Kirol aniztasuna da ezaugarri nagusia, eta ez dago soilik lehiaketara bideratua. Hainbat modalitate ezagutzeko aukera eman nahi zaie haurrei, ondoren aukeratu ahal izan dezaten”. Futbol federazioko arduradunen iritziz, eredua erreferentea da, eta berritzailea, baina era berean futbolari kalte egiten diola argi dute: “Adin batzuetan desagerrarazi egin du futbola. Benjaminen eta alebinen kasuan, gure kirolean aritzeko dituzten orduak ez dira nahikoa futbolean jokatzen ikasteko. Ez da ahaztu behar hankekin jokatzen dela, eta gorputz atal hori dela erabiltzen zailena. Horregatik, ordu asko sartu behar dira”.

Duela 20 urte zegoen ereduarekin, nahiko modu askean jokatzen zuen kirol bakoitzak. Denborarekin ikusi da eredu horrek partaidetza bai, baina teknifikazio maila egokia ez zuela behar adina bermatzen, eta horregatik etorri zen ondoren egokitzapena. Eskola kirola da egokitzapen horren zutabea. Aldekoen hitzetan, kirola egiteko zaletasuna sustatzen du haurrengan, eta gero askatasun osoa ematen die kirol federatuan aritzeko. Ugarteburuk emandako datuen arabera, 40 modalitate baino gehiago eskaintzen ditu eskola kirolak eta partaidetza altua dago; benjamin eta alebinetan %70-80ko partaidetza lortu da.

Modalitate kopuru handia kontuan hartuta, denbora eta antolaketa egokia behar dira horri guztiari lekua egiteko. Horri lotuta daude futbol federaziokoen kritikak: “Guk proposatzen dugu eskola kirola eskolako orduetan egitea, eta ez horietatik kanpo, orain egiten den bezala. Hartara, asteburuak libre izango lituzkete gustuko duten kirola egiteko. Edo bestela, eskola kirola eta kirol federatua uztartzeko, haurrek egin dezatela eskola kirola larunbatetan, eta federatua igandetan, gustuko duten kirolean”.

Gazteengan kirola ez egiteko joera gero eta handiagoa dela diote federaziokoek, eta hori aldatu egingo litzatekeela beren proposamenekin: “Sendagileek proposatzen dute egunean ordubete egin behar dela kirola, eta orain, ordutegi banaketa horrekin urruti gabiltza hortik”. Ugarteburuk beste gabezia bat aipatu du: “Monitoreen prestakuntza hobetu behar dugu, eta ari gara horretan. Hiru diputazioen artean, ikastaroak eskainiko ditugu, eta laster hasiko gara”. Beste hutsuneren baten berri ere eman du: “Kirolarien babesaren inguruan, arauak ez du baimentzen kirolari gazteak beste lurralde batek fitxatzea 16 urte bete arte. Eta gai honekin adibidez arazoak izaten ari dira”. Ohiko bihurtzen ari baitira halako kasuak, eta gehienetan, futbolean gertatzen dira. Horrek esan nahi du 16 urtetik beherako gazte horiek futbolean baino ez dutela jarduten, kasu honetan bere klubarekin, eta geroz eta adin txikiagoarekin fitxatzen dituzte haurrak. Federaziokoen iritziz, “eredu berriarekin lehen uzten ez zitzaizkigun gauza batzuk egin ditzakegu; esaterako, benjaminetan futboleko eskolak sortzea, eta alebinak futbol federatuan jardutea. Baina ez da nahikoa, aurrerapena den arren”.

Lehiakortasuna

Hitza entzun eta kirol federatua etorri ohi zaigu gogora. Lehiaketan oinarritzen dira, puntuak banatzen dira partidetan, puntuen araberako sailkapenak osatzen dira… Baina eskola kirolean ere antzeko antolaketa dago sarri. Uztartu al daitezke lehiakortasuna eta eskola kirola? Ugarteburu baiezkoan da: “Lehiaketarik gabe ez dago kirolik, jarduera edota ariketa fisikoa bai, baina kirolik ez. Dena den, lehiaketa, bere neurrian ona eta aproposa da, motibagarria, baina ez du horrek helburu bakarra izan behar, baliabidea baizik. Beste arlo asko ere baditu eskola kirolak: sustapen kanpainak, ikaskuntzako eta aisialdiko jarduerak, eta abar. Lehiaketa baino askoz gehiago da”. Argi esan du noren ardura den lehiakortasunari neurria hartzea: “Entrenatzaile, irakasle eta gurasoen lana da zein neurritan baloratu hobekuntza, jarrera eta emaitzak”.

Gurasoak kezka iturri dira zenbaitetan, neurriz kanpoko jarrera izaten duenik badagoelako eskola kirolean. Hala dio Kirol zuzendariak: “Gai honekin ere arduratuak gaude, guraso batzuen jarrera ez delako batere egokia, baina noren ardura da? Guztiona, gu eskola kirolaren bidez balore positiboak transmititzen saiatzen gara, eta hainbat arlo arautzen ditugu, baina ikusleen portaera kontrolatzea oso zaila da. Denon artean aldatu behar ditugu jarrera desegokiak”.

Ia-ia erabateko lehia, kanpotik begiratuta behintzat, futbolean dago, kirol federatuan. Haurren mailetan ere irabaztea lehenesten da formakuntzaren aurretik. Ondorioz, haurrak ume-umetatik hasten dira lehia bizian. Gerta dakieke lehenago aspertzea ere, eta kirol federatua uztea. Futbol federazioan onartzen dute badela adin tarte bat gazteek kirol federatua egiteari uzten diotena, baina ez dute uste lehiakortasun neurriz kanpokoa denik arrazoi bakarra: “Gazte mailatik helduetara igarotzean uzten dute futbola batzuek. Unibertsitateko ikasketekin hasten dira, eta orduan bukatzen zaie kirol federatuko etapa. Asko eskatzen zaie, eta ikusten dutenean ez daukatela aukerarik kirol mailan gora igotzeko, beste jarduera ‘lasaiago’ batzuetan hasten dira: enpresen arteko 7ko futboleko txapelketetan, adibidez”.

Adin horretakoek kirola egiten jarraitzea ez da helburu makala. Ez eskola kirolaren ereduaren aldekoentzat, ez kirol federatua lehenesten dutenentzat. Bien ardura da, biei dagokie lan egitea. Azken batean, elkarren osagarri izan behar dute biek. Hala uste du Iñaki Ugarteburuk: “Eskola kirolak harrobia, lana eta hainbat baliabide ematen dizkio kirol federatuari, eta kirol federatutik ezinbesteko laguntza teknikoa eskaintzen diote eskola kirolari”. 


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 24a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude