"Kontua ez da euskaldun izan nahi dugun, izan bagara"

  • Apirilaren 7an, hemen da Korrika, Trebiñutik Donostiara. Badugu Gipuzkoako berri. Goazen Arabako erdiguneko enklabera, Trebiñuko Konderrira eta Argantzunera, Roberto Gonzalez de Viñaspre herritarra lagun harturik.

1998an egindako kontsultan trebiñuarren %70ak Trebiñu Arabako administrazioaren barruko izateko mekanismoa martxan jartzea eskatu zuen. Argazkian, herritarrak Trebiñu Arabari lotzeko aldarrikapen afixa prestatzen.
1998an egindako kontsultan trebiñuarren %70ak Trebiñu Arabako administrazioaren barruko izateko mekanismoa martxan jartzea eskatu zuen. Argazkian, herritarrak Trebiñu Arabari lotzeko aldarrikapen afixa prestatzen. Raul Bogajo/Argazki Press

Hasteko, zertan da euskara Trebiñun?

Susperraldi egoeran gaudela esango nuke nik. Susperraldi neurtua, mantsoa, baina aurrera goaz, behintzat. Euskara Trebiñun desagertu zenetik, ez dugu izan haren egoera ezagutzeko modurik, ez geneukan berririk, ikerketa soziolinguistikorik, errolda daturik, ez beste. 2001ean, Eusko Jaurlaritza Euskararen III. Mapa Soziolinguistikoa egiten abiatu zenean, Trebiñun ere eskaria egin genuen, inkesta hura bera Trebiñun eta Argantzunen aplika zedin, hau da, enklabe osoan. Eta onartu ziguten, eta egin zen, eta, emaitzak eskuan, ustekabe atsegina izan nuen. Jakina, nik banekien Trebiñun euskaldunak bazirela –gu geu, tartean, kar, kar, kar…–, baina ikerketak erakutsi zuen uste baino gehiago ginela euskaldunok Trebiñun. 2006an, IV. Mapa Soziolinguistikoa egin zuen Jaurlaritzak Euskal Herrian, Trebiñu barne, eta hor ere zenbait datu jaso genituen. Garrantzi handikoa da, hortaz, aurten egingo den V. Mapa Soziolinguistikoan Trebiñu sartzea Jaurlaritzak.

Inkesta soziolinguistikoan, oker ez banaiz, jendeak berak du aitortzen zertan duen euskararen ezagutza maila…

Hala da, bai… Beraz, datuek diotenez, Trebiñun, zazpi biztanleetan batek dio ondo dakiela euskaraz, ahoz zein idatziz, hau da, %13,5ek badaki euskaraz. Horri, euskaldun pasiboen kopurua gehituz gero, euskaraz trebe ez izanagatik ere, ulertzeko gai direnak, %13 gehiago izango genuke: denera, % 26,5ek euskaraz daki, neurri batean bada ere. Horrekin batera datoz hizkuntzarekiko jarrerak eta gainerakoak. Datuak bat datoz, guztiz koherente dira, Arabako egoerarekiko.

Erakundeen bultzadak eta sostenguak lagundu du euskara aitzinatzen Trebiñun? Herri mugimenduak? Biek batera jardun dute?

Norbanakoen ahaleginaren emaitza dela esango nuke nik. Bere burua euskaldundu nahi izan duten guztien fruitu eta ondorio. Zenbait taldek ere lagundu du; Gutxisolo euskara elkarteak lan ederra egiten du. Erakundeetatik, berriz, hutsaren hurrengoa jaso du euskarak Trebiñun, minus-a jaso ez duenean! Alegia, erakundeez ari garenean, gaur egun, oraindik, Trebiñukooi dagozkigun instituzioak Gaztela-Leongoak (Espainia) dira. Esan egin behar da: trebiñutarren errealitatea zein den azaldu dugu, euskararen ezagutza, euskararekiko jarrera ireki eta positiboa… Bada, errealitate hori ez da existitzen Gaztela-Leongo erakundeen aurrean. Hango autonomia estatutua 1983koa da, nahiz eta gero, 2007an egokitzapenak egin dizkioten. Tira, bada, lehenengo estatutu hartan ez zen gaztelania besterik aipatzen, huraxe hizkuntza bakarra. Egokitzapenak egin dizkiotenean, berriz, aipatu egiten da –eta, beraz, errealitatea da juridikoki, existitzen da– galegoa, Bierzo inguruan (Salamanca, Zamora, Espainia), baina, aldiz, euskararen presentzia Trebiñun ez da batere aipatzen. Inexistenteak gara, alde instituzional horretatik.

Horren inguruko eztabaidetan parte hartua zara, Trebiñu-Euskal Herria, Burgos…

Sarritan galdetzen digute: “Aizu, baina zein da benetako interesa, muin-muinekoa, Gaztela-Leonek Trebiñu bere mendean nahi izan dezan?”. Nik diodanez, kontu identitarioa da, gaztelarren nazionalismoa da tarteko, existitzen da-eta gauza hori. Horren adierazgarri bat da, anekdotikoa, baina esanguratsua aldi berean, Burgoseko toki-telebistan egin zen eztabaida batean entzun behar izan nuena. Ari ginen hizketan eta argudioa ekarri nuen plazara, esanez, artean Franco bizi zela, lur-permuta egin zela Gaztela-Leonen bertan, modurik naturalenean eta batere haserrerik gabe: 1973an izan zen. Burgosko San Quirce udalerriak Palentziara pasatzea eskatu zuen eta aldaketa hura gauzatu zen, eta ez zen batere espanturik izan! Nik, eztabaida hartan, zertan izan behar zuen Trebiñun bestela, esan nuen. Ez nintzen inozente ari, jakina, ondoren entzun nuena entzun nahi nuen. Deitu zuen emakumezko batek, nire galderari erantzunez: “Erantzuna erraza da, orduko hura gaztelarren arteko akordioa izan zen. Trebiñuri dagokionean, gaztelarrek Trebiñu euskaldunei ematea da kontua, eta amu hori ez dugu irentsiko!”. Herritar soil bat zen, baina esanguratsua da, Arabako diputatu nagusi ohi Ramon Rabanerarekin honetaz hizketan berdintsua esan zidan-eta. Arabako ahaldun nagusi izan aurreko garaian zen, Arabako PPko presidente zen sasoian. Bileran ginen berarekin, Uda elkartearen izenean. Eta esan zigun: “Trebiñuko kontu hau hain da konplikatua, izan ere! Trebiñu Guadalajaran balego –eta Guadalajara aipatu zuen, gogoratzen dut–, Trebiñuko kontentziosorik ez genuke izango… Eta izango bagenu, di-da batean konponduko genuke, bihar bertan! Arazoa da Euskal Herrian dagoela!”. Eta horixe da problema, ez besterik, eta hor gaude katigatuta, Euskal Herrian beste gauza askotan bezala.

Euskararik irakasten da Trebiñuko eskolan?

Trebiñuko eskolako guraso-elkarteak urte askoan administrazioari egin dion eskaria izan da euskara irakats dezan bertako eskoletan. Euskara txertatu eskola barruko jardunean, horixe nahi dute gurasoek. A eredua litzateke EAEn, baina hasteko modu bat da Trebiñun, eta ez da gutxi. Eskaera zehatza egin arren, eta behin eta berriz eginagatik ere, ukazioa izan da erantzuna, ezetz eta ezetz. Nahia aspaldikoa da, beraz. Bitartean, eskolaz kanpoko jardueretan euskarazko eskolak eskaintzen dira, eta, oraintxe, oker ez banago, ikasleetan erdiek parte hartzen dute ekintza horretan. Irakaslea, bistan da, Gasteiztik joan ohi da Trebiñura, horretarako. Hamabost-hogei urte dira jarduera gauzatzen hasi zenetik… Duela zortzi bat urte, Franku herrian, udalak haur eskola sortu zuen, Jaurlaritzak diruz laguntzen zuela. Sorreratik, euskaraz eta gaztelaniaz jardun du. Irakasle-begiraleak hartu ziren, euskaraz zekitenak, bistan da, eta are, EGA agiriaren jabe zirenak, EAEn eskatzen dena baino gehiago. Ume mordoa joaten zen haur eskolara. Aurten, berriz, Trebiñuko udal-gobernuak beste gela bat ireki du, haur hezkuntzakoa, Armentiako Bentetan, nahiz eta horren beharrizanik ez zegoen.

Premiarik ez zegoen?

Eredu elebidunaren ordez, sistema hirueleduna jartzeko aprobetxatu dute: gaztelania, euskara, ingelesa. Horrek ezinbestean euskararen presentzia gutxituko du, ingelesaren parean jarriz. Ikusiko ditugu emaitzak… Argantzunen, ikastola pribatuak gela bat irekia du. Herri berean, umerik ez eta eskola itxi egin zen duela urte batzuk. Gurasoek Gasteiza bidaltzen zituzten umeak, besteak beste, euskaraz ikas zezaten. Trebiñun, berdintsu gertatu zen. Kontzentrazio-eskola zen, Arabako herrietako umeak ere joaten ziren bertara, Urizaharretik eta beste hainbat tokitatik. Momentu honetan, Trebiñuko umeetan erdia baino gehiago ez doa horra, Gasteiza baizik, D eta B ereduko eskoletara. Egunero ikusiko dituzu autobuskada batzuk, umeak hartu eta Trebiñutik Arabako hiriburura bidean, sare publikoko ikastetxeetara.

Zer esan Trebiñuko euskararen iraganaz?

Hasteko, esan dezagun, badakigula noiz galdu zen. Horra toponimia historikoa, argi-emaile paregabea. Leku-izenen argitan ikusten dugu zein hizkuntzatan sortuak diren. Oso gauza praktikoa da leku-izena, bertan sortua ohi da, tokian tokiko jendeak halako edo halako lekua izendatzeko asmatutakoa. Gaur egun, oraindik, toponimoen erdia baino gehiago euskarazkoa da Trebiñun. Jakina, horiek oso ongi gorde dira enklabe ekialdean, itxura antzean erdialdean, eta galera handiagoa dutela –baina euskarazkoak direla nabarmen erakutsiz–, mendebaldean. Euskaraz sortutako leku-izenak dira, euskarazko toponimia. Toponimo dentsitateari dagokionez, denboran zenbat eta atzerago egin eta, ageri denez, orduan eta gehiago dira euskarazkoak. Izenen deformazioa aintzat harturik, berriz, deformazio mailak erakusten digu noiztsu gertatu zitzaion identifikagarri trebiñutarrari, halako toponimo bat. Eta, ondorioz, esan genezake XVIII. mendearen bukaera-bukaeran galduko zela euskara Trebiñuko azkeneko herrietan. Trebiñu irla administratiboa da, jakina denez, baina ez da irla geografikoa, ez sozio-kulturala ere, eta, beraz, euskararen galera Trebiñun, gure hizkuntzak Araban izan duen atzerakadarekin batera dator. Ez dago aparteko historiarik. “Trebiñun lehenago galdu zen euskara, Arabako beste lekuetan baino?”. Ez. Olatu baten moduan sartu zen gaztelania, euskararen kaltetan, eta elebidun fase eta guzti, galduko zen euskara.

Olatua izan zen, ala tsunamia?

Hara, datuek erakusten dute benetako etena, haustura, belaunaldi bakarrean gertatu zela. Joakin Landazuriri esker dakigu. XVIII. mendean Arabaz idatzi zuen lanean [Historia de Alava, 1798], mina adierazten du, bera lekuko da, ikusiz euskara arrapaladan galtzen ari zela Araban. Dioenez, aitona-amonak euskaldun hutsak ziren, haien seme-alabek euskaraz bazekiten eta gaztelaniaz moldatzen ziren, baina hurrengo belaunaldiari erakutsi zioten hizkuntza bakarra gaztelania izan zen. Aitona-amonek, batetik, eta lobak, bestetik, ez zuten elkar ulertzen. Landazuriren lekukotasuna duzu, gutxi-asko esanda. Hortik, batzuek diotena: “Jendearen borondatez galdu da euskara Trebiñun!”. Ez dago horrelakorik. Nahikoa da soziolinguistikara jotzea, hemen gertatu dena ez baita hemengo gauza esklusiboa, beste hamaika lekutan gertatu dena baino. Agintean dagoenak halako mezu jakina transmititzen duenean –inposizioa erabiliz, eskolatik euskara baztertuz…–, eta betiere zabalduz delako hizkuntza horrek onurarik ez dakarrela, ezpada pisua dela… autogorrotoa ereiten du, eta horixe lortzen du: hiztunak berezko hizkuntza bazterrera uztea. Baina ez da borondatezko hautua. Utik!

Euskararen koloreari dagokionez, zein hizkelgi egiten zuten gure arbasoek hemen?

Ez dago dudarik, mendebaldeko hizkera, Arabako gehienean hitz egiten zutena. Gaur egun ere, Bizkaia gehienean kontserbatzen dena, eta Gipuzkoan Deba arroan egiten den euskara. Continuum bat da. Jakina, alde batean era bateko ezaugarriak ageri dira, beste aldean beste era batekoak, baina, enborra, mendebaldeko euskara da. Esaterako, Imiruri herrian Olabarri toponimoa dugu. Olabarri, eta ez Olaberri. Sasetan, Elexaldea dugu; Lejaldia gaur egun. Baina, hor ere, elexa, eta ez eliza. Eta beste hamaika. Trebiñu ekialdean, padura ordez, madura dugu, Nafarroako hizkeratik gertuago… Duela berrehun bat urte bizi izan zen trebiñutarrak burua jasoko balu, badakigu nongo euskaldunekin moldatuko litzatekeen errazen, hizketan behintzat.

Zer iruditzen zaizue trebiñutarroi euskaldun egozentrikoek zuen lurrarekiko duten irudipen arrotza? Lurralde “exotikotzat” ere badute, askotan, Trebiñu…

Tira, Korrikarentzat, behintzat, Trebiñu ez da arrotza. Azkeneko edizioetan ez du hutsik egin eskualde honetan. Bestalde, aurreko Korrikaren amaieran, Gasteizen bukatu zen hartan, jende multzoa hizketan hasi zen. “Ondo da, Korrika Trebiñutik pasatu da, pasatzeko ohitura du… baina, bertan hasteko eskatuko bagenu?”. Eta halaxe bideratu zuen eskaria Gutxisolo elkarteak, ilusio handiz. Batzuek ilusioz egindako eskariari bestek jator erantzun, eta horra, Trebiñun hasiko da Korrika. Egia da diozun hori, alegia, Trebiñu zerbait exotikotzat, bitxitzat du euskaldun askok. Halaxe entzuten dugu, edota irakurtzen. Baina kontua ez da Trebiñukook euskaldun izan nahi dugun jendea izatea, ez da-eta horrela. Euskaldun, izan, bagara. Izatea barne-muinari dagokio, eta horretan ez du agintzen ez administraziok, ez bestek. Euskal Herriko hango eta hemengo euskalduna bezain euskaldun gara Trebiñun. Ez dugu ezer izan nahi, bagara! Nahi izatekotan, aitortza nahi dugu, errekonozimendu ofiziala.

Gure begian da lausoa, beraz. Begiak garbi dituzue zuek…

Gurea ere gizarte anitza da, iritzi bat baino gehiago dago, baina herri-kontsultak ez dira alferretan eginak, eta 1998an egin zen kontsultak, esaterako, erakutsi zuen gizarteak zer nahi zuen. %70ek eskatu zuen jar zedila martxan beharrezko den mekanismoa Trebiñu Arabako administrazioaren barruko izateko. Sentimendu hori ez da berria, belaunaldiz belaunaldi guregana iritsi dena baino: Araban sartzeko nahia 1646an dokumentatu zen lehenengo aldiz. Ondoren, 1710ean, eta harrezkero, gaur egun arte segitu du bizirik gogo horrek. Beste zera bat, hitzen erabilerari dagokiona: “Trebiñu Araban integratzea”, esan ohi da, baina, zuzen esatekotan, Historiarekiko begirune osoz, “berrintegratzea” esan beharko genuke. Araba agertzen den lehenengo dokumentuetarik batean ere, bertan dira Trebiñuko herriak. Donemiliagako errejan, esaterako, halako zerga bat ordaintzen zuten herrien zerrenda ageri da. 1025ekoa da, eta latinez dator. Badiotsut, han dira Trebiñuko herriak. Araba gara, hasieratik beretik.
 

Zirrikiturik ez

“Gaztela-Leongo (Espainia) instituzioek ez dute, juridikoki, euskararen errealitatea aitortu nahi. Ez dute interesik. Udalek bestela jokatzen dutela esango nuke. Trebiñu herrian, adibidez, PPk izan du agintea joan den lau urtean. Berez, jakina denez, Trebiñu administrazio jardunean Burgosi lotzeko alde da PP, baina, hala ere, Trebiñun ez dute euskararekiko jarrera aurrez aurrekorik. Bada zerbait. Eta diruz lagunduko du Korrika bera… Toki-mailan, behintzat, bada halako jarrera bat euskara konfrontazio-gai izan ez dadin. Badiot, Trebiñu barruan. Hortik harantz ez diote zirrikiturik ireki nahi”.

Lautadako populazioa

“Trebiñuko enklabeak bi udalerri hartzen ditu, Argantzungo Udala, batetik, eta Trebiñuko Konderrikoa, bestetik. Horixe da ‘enklabea’. Trebiñuko Konderria ez da Argantzun, sekula ez da izan. Argantzunek, bestalde, badu alkate-auzo txiki bat, Billa-Oka. Trebiñuko Konderriak, aldiz, berrogeita zazpi ditu bere jurisdikziopean, Trebiñu buru delarik; udalerri bakarra, 200 kilometro koadro inguru dituena. Populazio urriko parajea da, nahiz eta joan deneko hamarkadan gorakada itzela egin duen: Trebiñuko Konderrian 1.500 lagun izango gara, eta Argantzunen, ordea, ez dira mila izatera iristen. Eta, badiot, konderriko 1.500 lagun horiek 47 gunetan banaturik gaude! Sasetan bertan, esaterako –gu bizi garen herrian–, hamalau pertsona gara erroldatuak; gure etxekoak dituzu lau!... Lautadako populazio-sistema da, hala da Araban. Beste herri batzuetako euskaldunek irudi bat izan dezaten, eta, esateko moduan, baserri-auzoen egiturako herriak dira Trebiñukoak”.

 


Azkenak
2024-06-20 | Gedar
Kolonbiako hainbat gazteri iruzur egin dio Arrasateko pertsona batek

Futbolarien agente bat dela antzeztuta, gazteei dirua eskatu eta Kolonbiatik migratzera bultzatu ditu iruzurgileak, sinetsarazita Euskal Herriko futbol talderen batek interesa izan zezakeela haiengan. Gutxienez 25 pertsona engainatu ditu, eta pilatuta izan ditu azpialokatutako... [+]


Felipe VI.aren hamar urteko agintaldiaren alde ilunak

Felipe VI.ak hamar urte bete ditu boterean ekainaren 19an. Vilawebek bildu ditu erregealdiko unerik ilunenetako batzuk. Horien artean daude bere aita Juan Carlos I.ak Arabiar Emirerri Batuetara ihes egin zuenekoa eta 2017ko urriaren 3an Kataluniako erreferendumaren aurkako... [+]


Paleolitoko labar-arteak askotariko funtzioak zituela baieztatu dute Euskal Herriko kobazuloetan

Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela. [+]


2024-06-19 | Axier Lopez
EHUk ez du akordio berririk sinatuko CAFekin, giza eskubideak urratzen dituen Jerusalemgo tranbia utzi arte

Hainbat lagun elkartu da ekainaren 19ko goizean EHUko Gipuzkoako errektoreordetzaren egoitzan, Ibaetan EHUk CAFekin dituen harremanak eten ditzala eskatzeko. Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak adierazi die EHUk ez duela akordio berririk sinatuko... [+]


2024-06-19 | Estitxu Eizagirre
Nola biziberritu herriko azoka? Bergarako esperientzia

Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria,... [+]


Eguneraketa berriak daude