Sorturen legalizazioa ETAren amaieraren truke

  • Bilboko Euskalduna Jauregiak ez du zerikusirik tunel batekin. Behingoagatik, ordea, otsailaren 7an tunel itxura hartu zuen, besterik ez bada, egun hartan, Sorturen aurkezpen ekitaldiak hainbatetan aipatu den tunelaren amaieran argia ikustea ahalbideratu zuelako. Eta segidan, Bilboko kaleetan, hamaikagarren jende uholdeak, ezker abertzalearen legeztatzea eskatu zuen.


2011ko otsailaren 27an
Sortuen estutuen aurkezpena Euskalduna Jauregian
Sortuen estutuen aurkezpena Euskalduna Jauregian

Euskal gizartean esperantzari leiho zabala ireki zaio, horren inguruan kontsentsu zabala dago. Garaile eta garaituekin amesten dutenek ere, onartu dute zerbait aldatzen ari dela ezker abertzalean, hori bai, berehala aldaketa-tranparen teoriara itzultzeko.  Behin ezker abertzaleak posizio argia hartu ondoren, orain ETAk zer dioen itxaron behar, baina bere azken bi agiriei jaramon eginda, orain arteko ildo beretik jarraituko duela suma liteke, besteak beste ezker abertzaleak ez diolako tarte gehiago utzi. Isiltasuna ez litzateke seinalerik onena.

Euskaldunaren aurrekari hurbilak

2007an Loiolako elkarrizketen ondoren ezker abertzalean barne egoera deserosoa bizi zen. 2009ko udarako, ezker abertzaleko zuzendaritzak eztabaida txostena prestatu zuen eta azarora bitartean milaka militantek eztabaida mamitsua gauzatu zuten. Horren guztiaren amaiera irudikatu zuen Altsasuko Adierazpenak:  “(…) Konfrontazio armatua, blokeoa eta itxaropen ezaren ordez elkarrizketa, akordioa eta Euskal Herriarentzat bidezko konponbide egonkor eta iraunkorra ekarriko dituen ziklo aldaketaren garaia da”. “(…)Prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik gabe eta esku sartzerik gabe garatu behar da, soilik bitarteko politikoak eta demokratikoak erabilita“. Ziklo baten amaiera zen eta berriaren hasiera.

Eztabaidaren ondorioak  2010eko otsailean plazaratutako Zutik Euskal Herria agirian bildu ziren. Ondorengoa, ibilbide orria gauzatzen hastea izan da:  Bruselako Adierazpena, Gernikako Akordioa, Adierazi Euskal Herria, EArekin erdietsitako akordio estrategikoa, Euskal Herria Ezkerretik (EA eta Alternatibarekin), Sortu... Eta, ahaztu ezin dena, hau guzti hau posible egiten duen ETAren ezinbesteko su-etena tartean, lehen aldiz bere historia luzean nazioarteko eragileek egiaztatzeko modukoa.

Porrota ala garaipen?

Sorturen Euskaldunako aurkezpenean biolentziaren arbuiatze orokorra erabiliko zela uste zen. Baina ezustekoa itzela izan zen, Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek aise gainditu zuten langa hori, aurrera begira ETAren biolentzia ere arbuiatuz eta Alderdien Legea goitik behera betetzeko prestatutako estatutuak erakutsiz.  Belharrako olatuaren gisakoa izan zen.


Ezker abertzalea hala mugitu bada, Estatuak zokoratu duelako izan dela azpimarratu du berehala ikuspegi estatalistak. Eta neurri batean ez zaio arrazoirik falta, norabide aldaketa hau bultzatu dutenek ere onartua baitute ezker abertzalea blokeo egoeran zegoela, eta hortik ateratzea izan dela estrategia aldaketaren gakoa.


80ko hamarkadan “erresistitzea garaitzea da” (zehatzago esateko “resistir es vencer” esaten zen) izan zen  ENAMen ikurretakoa. Higadura handiekin bada ere, pentsamolde horrek Loiolako prozesurainoko sustraiak bota zituen. Loiolako porrotaren ondoren, lelo zaharra bazterrean utzi eta aldaketa estrategikoa laburbiltzen duen ikusmoldea barreiatu du ezker abertzaleak Arnaldo Otegiren ahotik: “Erresistitzeko ez, ezker abertzalea irabazteko jaio zen”.


“Ezker abertzalea diziplina militantez atera da Lerinetik  [Bigarren Gerra Karlistan karlistek erresistitu zuten herrietako bat] eta txapela kentzeko moduko ordena eta kohesioarekin. Klandestinitate gorrian eta espetxe zigor gogorrak bizkarreratuz, berau aurrera eraman duten erakunde guztietako buruzagiek herri honen gidaritza izateko moduko kemenez , malgutasunez  eta ahalmenez aritu dira“. Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko editoreak argitaratutako artikulu baten paragrafoa da eta seguruenik ondo islatzen du ezker abertzalearen baitan aldaketa estrategikoa nola bizi den.


Eta hauteskundeei begira zer?

Maiatzeko hauteskundeetan ikusiko dira indar metaketa soberanistaren lehen emaitzak. Baina horrez gain, ikusiko da baita ere Espainiako Gobernuak bake prozesuari adarretatik heltzeko duen borondatea. Hauteskundeetarako Sortu legeztatzea litzateke seinalerik onena. Hala ez bada, bake prozesua atzeratu besterik ez da egingo, berau bere zentzu zabalean eman dadin (presoak, biktimak, alderdien mahaia...) ezinbestekoa baita  lehenik ezker abertzaleak legezko erakunde politikoa izatea. Eta berandu baino lehen hala izango da, biolentzia bako egoera batean legez kanpoko egoerak ezker abertzalea indartu besterik ez du egiten eta.
    

PSOEren gobernuak badaki hori, baina Espainiako gizartearen aurrean dominarik desiatuena paparreratu nahiko luke eta horretarako honakoa erdietsi: Sortu legeztatzearen truke ETAk bere amaiera iragartzea. Bada arrazoirik pentsatzeko horretan saiatuko dela, eta alde horretatik Sortu orain ez legeztatzea interesatzen zaio, batetik PPren presioa saihesteagatik, eta bestetik amaiera hori aurrerago hobeto baliatu dezakeelako 2012ko Espainiako hauteskunde orokorrei begira. Besterik da Auzitegi Konstituzionalak aukera emango dion. 
    

Ezker abertzalea dela eta, aldagai zenbait izan ditzaketen bi aukera aurreikusten dira hauteskundeei begira: Sortu legezkoa bada, metaketa soberanista EArekin eta Alternatibarekin batera islatuko da EAEko hiru diputazioetan. Eta Nafarroan EArekin. Sortu legezkoa ez bada, udaletan herri hautagaitzen legalizazio-ez legalizazio jokoa errepikatuko da, 2007an bezala; eta diputazioetan EAk eta Alternatibak bilduko lukete boto multzo hori, baldintzen arabera ezker abertzaleko hautagai garbiekin edo gabe.
    

Inoiz eman gabeko egoera litzateke eta ikusmira handia dago polo soberanistaren lehen ernamu horrek bildu dezakeen boto kopuruaz. Abertzaleen artean erakarpen handia izan ohi duten osagaiak dituzte:  su-eten egoera, ezkerreko abertzaleen aliantza eta, garrantzitsuena dena, borroka armatua behin-betiko gainditzeko aukera.
    

Gipuzkoarako bederen lehia gogorra aurrikusten da EAJrekin eta ikusi beharko da apustu horretatik kanpo geratu den Aralarrek zein neurritan higatzen duen –izenak izen- Euskal Herria Ezkerretik. Aralarrek Euskaldunakoaren aurretik erabaki zuen EAEn bakarrik aurkeztea eta Sorturen aurkezpenak piztu duen giroak ataka estura eraman dezake. Hor ikusiko da 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortutako 62.000 botoen fideltasuna –Batasunak boto baliogabea eskatu zuen– noraino iristen den, baina ez da zalantzarik haietako askorentzat oso erakargarria egiten dela ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak eskaintzen duten etorkizuna.
    

Beti esan da ETArik gabeko ondorenean euskal mapa politikoa aldatu egingo dela. Nafarroan inon baino ageriago geratu da hori azken asteotan eta abertzaleak ezohiko bi bloketan lehiatuko dira: 2007ko NaBaitik geratu dena (Aralar , EAJ eta independente talde bat) batetik , eta ezker abertzalea eta EA bestetik. Gaur gaurkoz, ez dago oraindik garbi ezken hauek zein egituraketa izango duten, baina bai bi bloke horiek izango direla lehia bizian. Apirilaren 18rako behinik-behin zerrendek osatuak beharko dute.
    

Zenbakiei begira, izango da konparaketa ugari egiteko modurik, baina hara erreferentzia batzuk: Euskal Herritarrok (EH) hautagaitzak (HB + Batzarre) 47.000 boto lortu zituen Nafarroan 1999ko foru hauteskundeetan eta NaBaik ia 78.000 (ezker abertzaleko hautagaitzak legez kanpo zirela) 2007an. EAEri dagokionez, EHk 224.000 boto lortu zituen 1999ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
    

Zenbakiena ez da giltzarri garai honetan, edozelako etorkizunerako gatazkari amaiera duina jartzea da lehentasuna eta horretarako bake prozesuan sakontzeko sustraiak ondo finkatzea da garrantzitsuena. Bide hori errazten duenak uzta jasoko du; oztopatzen duenak zigorra. Edo hala beharko luke bederen. Baina, aldi berean, zabaltzen ari den etorkizun berriaren giltza ere badira zenbakiak eta, alde horretatik, zenbakien borroka latza bezain ikusgarria aurreikusten da hemendik maiatzaren 29ra arte.
 

Arazo bat sortu zaio epaitegiari

Iñigo Iruinek, Euskalduna Jauregian, garbi utzi zuen Sorturen estatutuak egiterakoan oso kontuan eduki dituztela Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdia ilegalizatzeko sententzian Auzitegi Gorenak esandakoak. Gorenaren auto horretatik interpreta liteke ezker abertzalearen alderdi berriak, aurrekoen “jarraipena” ez dela ziurtatzeko contraindictio gisa, ETAren biolentzia errefusatu behar duela. Sorturen estatutuek ez dute duda-mudarako tarterik uzten zentzu horretan. Are gehiago, alderdi berriaren “haustura” egituran (afilizioak, isunak...) eta eszenifikazioan (irudia, izena...) ere plazaratu dute.


Fiskalak baina, Sorturen inskripzioa eragozteko eskatuko dio Auzitegi Gorenari, Sortu Batasunaren jarraipena dela esanez. Fiskalak esku artean dituen polizia txostenek diote, Sorturen atzean, ilegalizatutako alderdi eta taldeetako kide ezagunak daudela. Hain zuzen ere. 2009an Iruñean agerraldi jendetsua egin zutenetik, behin eta berriz azpimarratu dute Alderdien Legea betetzeko asmoa, ados egon ez arren. Baina datu horrek ez luke ondorio juridikorik izan behar, Gorenak ASBren kontrako autoan hauxe ere baitio: “Ezerk ezin die eragotzi Ezker Abertzaleko kideei beraien borondate kolektiboa azaltzeko instrumentu politiko berria sortzea”. Justiziak ez ditu pertsonak epaitzen, hauen ekintzak baizik.


Agidanez, poliziek ez dute frogarik, analisi hutsak baizik –hori salatu du Demokraziarako Epaileak (JpD) elkarteak–. Ikusteko dago Auzitegi Gorenak botoi gorria sakatuko duenentz. Iniciativa Inter­na­cio­na­lis­tarekin sakatu zuen, eta Konstituzio Auzitegiak zaplazteko ederra eman zion. Arriskatuko al da berriz ere beste zaplazteko bat jasotzera?

 

Urko Apaolaza
 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude