Garaian garaiko beharren aginduetara

  • Garai bakoitzak bere lanbideak ditu, eta horrenbestez, asko dira eskariak eta modak eraginda desagertu direnak edo desagertzear daudenak; krisia ere ez da lagungarri. Artisautza tradizionalarekin lotura dutenen artean aurkitu ditugu horietako ugari.

Desagertzear dauden lanbideak
Forjari lanetan, MakinanKarmelo Urdangarinek utzia

Pregoilaria, aguazila, gauzaina, farozaina, telegrafista, fideo eta ehun fabrikatzaile ibiltaria, perratzailea, meatzaria... Orain arte gurean izan diren lanbideetako batzuk dira horiek, baina egun desagertuta daude, edo apenas dute presentziarik. Azken finean, herrialde bateko ogibideak hertsiki loturik daude bertako gizartearekin, unean uneko premiei erantzuten baitie gizakiak, eta horien konponbide gisa sortzen dira lanbideak. Elikatu nahiak eraman zituen ehizarako tresnak fabrikatzera, edota janzteko beharrak arropak egitera. Garai bakoitzak bere beharrak ditu eta profesioak aldatuz doaz; batzuk desagertu egin dira eta beste batzuk, sortu edo indartu.

Inguruak ere asko baldintzatzen ditu ofizioak. “Kostan, arrantzaren ondorioz, sareak edo itsasoarekin loturiko gauzak egin izan dira, eta Gallartako meategi zonaldera joanez gero berriz, meategian lan egiteko tresnak edo jantziak”, azaldu digu Karmelo Urdangarinek, lanbide tradizionaletan aditu. Artisauak, finean, bere inguruko behar eta eskariei erantzuten die.


XIX. mende erdialdera arte ogibide guztiak artisau lanak ziren, ez baitzegoen makinarik. “Artisaua eskuekin lan egiten duena da, eta makinaren laguntza oso-oso gutxi erabiltzen duena”. Emeki-emeki haziz joan ziren premiak eta horiei emandako konponbideak, lanbide berriak etengabe sortuz. Geroz eta soberakin gehiago agertzearekin batera, indartu egin zen merkataritza, eta fenomeno horrek produktu gehiagoren elkartrukea bultzatu zuen. Urteek aurrera egin ahala, langileak gero eta gehiago erabiltzen zuen makina bere lana egin ahal izateko, eta horrenbestez, artisauaren irudia indarra galtzen joan zen.


Urdangarin debatarra da Euskal Herriko ofizio tradizionalak gehien aztertu dituenetako bat. Hogei liburu baino gehiago argitaratu ditu beste hainbatekin elkarlanean, eta horietatik hamalau lanbide tradizionalei buruzkoak dira. Duela gutxi, Gipuzkoako lanbide tradizionalak hamaika liburukiz osaturiko bilduma kaleratu zuen. Jose Maria Izaga, Koldo Lizarralde, Julen Zabaleta eta beste hainbatekin batera, artisau lan zaharrenak jaso ditu argitalpenotan, desagertu aurretik bilduta gera daitezen eta ez ditzagun ahaztu. Dagoeneko, 200 artisau lan jaso dituzte eta horien garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Ezin da egungo industria ulertu, gure arbasoen lanbideak ulertu gabe”. Nabarmendu duenez, artisauaren lana etengabe aldatzen joan da, eta horretan zerikusia izan dute lanabesen alorrean edo lan egiteko moduan eman izan diren aldaketek. Gipuzkoako Foru Aldundiak desagertzen ari diren artisau lanak filmatu, deskribatu eta jasotzeko martxan jarri zuen ekimena txalotu du Urdangarinek: “Horrek bermatuko du hemendik 30 urtera berriz ere egin ahal izatea iraganean artisau batek egiten zituen lanak”.

Artisautza tradizionala kinka larrian


Aipatu 200 lanbide horietatik egun hamabost-hogei inguru desagertu direla dio Urdangarinek, eta Euskal Herriko artisautza tradizionalarekin lotura dutela: “Geroz eta gutxiago dira burdinarekin, egurrarekin eta lurrarekin lan egiten dutenak”. Gainera, oraindik orain hainbat lanbide erabat desagertu ez badira ere, azken urteetan horien gainbeherak abiadura handia hartu du. Hain justu, egurrarekin lan egiten duenetako bat da Larraulgo Karlos Irazu. Duela hamabi urte hasi zen artisau lanetan, eta orduan zainekin, enborrekin eta adarrekin armairuak, mahaiak, eskulturak eta irudiak egiten zituen. Gerora, merkatua zabaldu behar zuela oharturik gauza funtzionalagoak egiteari ekin zion: apaingarriak (egurrezko onddoak eta karakolak, kasu), ordulariak, txalaparta txikiak eta ispiluak, besteak beste. Horrez gain, material ezberdinarekin lanean ere hasia da, burdinarekin, esaterako. Orain lanbide du artisautza, baina beti ez da horrela izan. Lehen herriko taberna batean egiten zuen lan eta denbora librea baliatzen zuen egurrarekin esperimentatzeko; ondoren, lan horren fruituak tabernan bertan jartzen hasi zen apaingarri moduan. Horietako batzuk saltzen zituen eta azoketara ere joaten hasi zen, bokazioa ofizio egin zuen arte. Egun, Gabiltza artisau elkarteko kidea da.


Urdangarinek artisauen artean bi talde bereizten ditu: artisautzatik bertatik bizi direnak, alde batetik, eta zaletasun gisa hartzen dutenak, bestetik.

Eskaria, moda eta krisia


Lanbideak sortzeko eta desagertzeko arrazoien artean, zerikusi zuzena du ezbairik gabe eskariak; horren arabera moldatzen du artisauak bere egitekoa. “Burdinazko, egurrezko edo basazko lan gutxiago eskatzen dituzte egun, eta kontrara, beste gauza batzuek geroz eta arrakasta handiagoa daukate, hala nola, bitxiek edo jantziek”, dio Urdangarinek. Lehen, adibidez, uztarriak idiak elkarri lotzeko erabiltzen ziren eta bazen eskaririk; orain, ordea, sagardotegi edo taberna bakan batzuetan apaingarri gisa baino ez dira erabiltzen. Gauza bera gertatzen da egurrezko koilara-sardexkekin ere; lehen horrelakoxeak erabiltzen ziren etxeetan, gaur egun askoz gutxiago.
Eskari aldaketa hori egungo ohiturak eta baloreak bestelakoak direlako etorri da, eta horrek, Urdangarinen hitzetan, kalte handia egin dio Euskal Herriko artisau tradizionalari: “Demagun dekoraziorako bi figura daudela; bata eskuz egina dago eta 10 euro balio ditu, eta bestea, berriz, tornu bidez egina da eta 8 euroren truke eskura daiteke. Ziur azken hori salduko dela errazago, atzean dagoen lanaren aurretik jartzen delako gaur egun prezioa”. Irazuren ustez, jende askok zuzenean folklorearekin lotzen du artisautza, ez du beste edozein lanbide moduan ikusten, nahiz eta horrela izan. Horregatik, artisautzak –eta artisauak– gai izan behar du garai orotara egokitzeko eta gaur egungo gizartean bere lekua eta zentzua aurkitzeko.


Salmentari dagokionez, azokak izan ohi dira saltzeko gune garrantzitsuenak, artisauek beren produktuak bertan saltzen baitituzte nagusiki. Irazu maiz ibiltzen da azoketan, eta saltzeaz gain, jendeak bere lana ezagutu dezan ere toki aproposa direla aipatu digu. Hala ere, artisauen salmentak azokekiko duen menpekotasuna gehiegizkoa dela iruditzen zaio, eta horretako guneak nahiko arautuak ez daudenez, artisautzaren izenean edozer saltzen dela gainera. “Azoken antolatzaileek ez dute gehiegi kontrolatzen saltzen den hori benetan artisautza den edo birsaltzailearena den”.


Modak ere salmentak baldintzatzen ditu, baina Karmelo Urdangarinentzat oso zaila da zenbait artisau-produktu modan jartzea: “Zein moda susta dezake sardexkak zuhaitzaren sustraiekin egiten dituen batek?”. Esandakoaren harira, gehitu du artisau gehienek gauzak egiten –eta geroz eta hobeto egiten– oso abilak badira ere, salmentari oso tarte gutxi eskaintzen diotela, eta erakunde publikoek ez dutela sekula ardura hori beregain hartu. “Ez dakit zergatik ez dagoen eusko label izendapen antzeko bat hemengo artisautzari begira!”, kexu da. Irazuk ere erakunde publikoen inplikazio eskasa jarri du mahai gaineran: “Lehengo gobernuarekin aurrerapauso batzuk emanak genituen, baina gobernu aldaketarekin egindako lana hankaz gora geratu da”.


Bestalde, bizi dugun krisiak artisautzan eraginik baduela argi daukate bai Urdangarinek eta bai Irazuk, jendeak dirurik ez duenez gehiago pentsatzen baitu zer erosi. “Kontua ez da ez dutela artisautza lana baloratzen, batzuek baloratzen dute, baina ez dute erosteko ahalmenik”. Alta, alde baikorrik ere ikusten dio egur tailagileak egoerari: “Norberak bere lana gehiago findu behar du eta produktuen erakargarritasuna areagotzen ahalegindu”. Egun zehatz batzuetan salmentak nahiko onak direla gaineratu du; esaterako, eguberrietan Donostian jartzen den azokan.


Krisia, ordea, mesedegarria ere bada hainbatentzat. Hori izan daiteke konpontzaileen kasua. Orain ez dugu horren erraz jotzen erostera eta horren alternatiba kasurik gehienetan konponketak egitea izaten da. Hernaniko Xapatin zapata dendara jo dugu lanbidea nola dagoen jakin asmoz. “Nabaritu dugu aldaketa, orain jendeak lehenago jotzen du konponketak egitera erostera baino”, azaldu digu Mikel Olea bertako zapatariak. Zazpi urte daramatza Xapatinen lanean, eta baieztatu duenez, ordutik hona bezeroen profila ez da aldatu, jende berbera joaten da dendara, baina hori bai, maiztasun gehiagorekin. “Zapata berdinak behin baino gehiagotan ekartzen dituzte konpontzera, eta kasu batzuetan gainera, ganbaran zituzten zapatak dakartzate”. Kontrara, geroz eta zapata berri gutxiagori egiten omen dizkiete konponketak –zola aldatu, esaterako–. Hortaz, gaur gaurkoz lan gehiago badute ere, egoera ez dela asko hobetu argi utzi nahi izan du Oleak: “Orain egin behar ditugun konponketak zailagoak dira, denbora gehiago behar dugu eta berdina kobratzen dugu”.

Geroa bermatzeko urratsak


Aipatu moduan, etorkizun beltza ikusten dio Urdangarinek artisautzari erakunde publikoak salmentetan inplikatu ezean, bai behinik behin tradizionalari, eta modako gauzak saltzen dituztenek (arropa, bitxiak) etorkizun hobea aurreikusten die. Beste lanbide askok ere zailtasunak izango dituztela gogoratu du Urdangarinek: hamar urteren buruan 55.000 enpresa inguru itxiko dira enpresaren gidaritza hartuko duen inor ez izateagatik. Adierazi du egungo gazteak ez daudela prest sakrifikatzeko, eta ez dutela borondaterik haien gurasoek egindako lanari jarraipena emateko. Artisautzaren geroa ere horrelakoxea izango ei da: “Ez dut uste gazteen buruan sartzen denik artisautza lanbide moduan”. Karlos Irazuk azaldu du zaila dela gazteak sektorera erakartzea ofizioa ikasteko ezer arauturik ez dagoenean, eta norberak ahal duen moduan ikasi behar duenean. Bere ustez, “artisautza lanbideak merkatuan toki bat izango balu, gazteak erakartzea askoz ere errazagoa litzateke”.


Artisautzari eskela jarri aurretik, haren etorkizunaren alde lan egin behar dela gaineratu du Larraulgo tailagileak, aldaketak txertatuz. Sektorea arautzea, Euskal Herrian zentroak sortzea eta artisautza oinarri duten elkarte guztiak biltzea beharrezko ikusten du. “Egun elkarte bakoitzak bere azokak hartzen ditu eta horrek epe motzean etekinak ematen baditu ere, epe luzera begira ez da onuragarria”. Horretarako, baina, lehenik eta behin artisautza bera zehaztasun handiz definitu behar dela gogorarazi du. “Azokak antolatu beharko dira, dendak ireki, baita webguneak sortu ere, egungo garaira egokitu behar baitugu”, diosku. Errenteriako Ereintza, Gabiltza eta Lur Kolektiboa artisau elkarteak ikerketa jarri dute martxan elkarlanean, artisautzak aurrera begira zein urrats eman behar dituen zehazteko.
Finean, denen inplikazioa beharko da gure herrian horren garrantzitsuak izan diren artisautza lanbideak, beste hainbat ogibideren moduan memoriaren historiara igaro ez daitezen.


ASTEKARIA
2011ko otsailaren 20a
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude