200.000 lagunetik gora pobrezia arriskuan

  • Suteak lau biktima eragin zituen joan den azaroan Santurtziko eraikin abandonatu batean; bi gazte magrebtar hil egin ziren eta beste bi, larriki zauritu. Santurtziko tragediak mahai gainean ipini du gizarte bazterketaren eta pobreziaren arazoa, bereziki arazook larriagotu egiten dituelako egungo finantza krisiak eta gizarte, ekonomia nahiz lan egoerak.
Gizarte bazterketa
Gizarte bazterketa Haloocyn
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Santurtzitik Baionara, Barakaldotik eta Donostiatik igarota, gizarte bazterketak Euskal Herrian ere hil egin du eta hil egiten du. Ez dira soilik Madrilgo, Parisko, Londresko eta New Yorkeko aldirietan gertatzen diren bazterkeria egoerak. Hemen, gure artean, Euskal Herriko herri eta hirietan ere bazterketa egoerak gertatzen dira. Aspalditik datozen egoerak dira, baina egoera horiek areagotu egin ditu azken bi urteetan jasan dugun finantza, ekonomia, lan eta gizarte krisiak, finantza eragileek, espekulatzaileek, kapitalismo basatiaren aurpegi anitzak besterik ez diren “merkatuek” piztu zuten krisialdiak.

Gizarte bazterketak hildako eta zauritu asko eragin ditu Euskal Herrian, eta ehunka dira kalean eta kutxazain automatikoetan bizi diren eta bizia arriskuan duten pertsonak. Aipatu moduan, Santurtziko jatetxe abandonatu batean azaroaren 23an izandako suteak bi hildako eta beste bi zauritu larri eragin zituen. Biktimak etorkin magrebtar gazteak ziren. Gau hartan tenperaturak oso baxuak ziren eta lauak lotan zeuden goizeko 6etan sutea piztu zenean. Duela hilabete batzuk, kutxazain batean eta kalean lo egiten zuten beste bi pertsona ere hil ziren. Urriaren 31n beste pertsona bat hil zen Gasteizko Adulza auzoko aparkalekuan lotan zegoela. Abuztuan bi haur zauritu zituen oso egoera txarrean zegoen Kastrexanako (Bilbo) etxe batean piztutako suteak. 2009an emakume bat hil zen egoera oso kaxkarrean zegoen Baionako alde zaharreko etxe bat erre zenean. 2006an, etxerik gabekoak babesteko elkarte batek kudeatzen zuen Bilboko San Frantziskoko pentsio zaharrean gertatutako sutean, lau pertsona hil ziren.

Joan den azaro hasieran Groseko (Donostia) eraikin abandonatu bat suak hartu zuen. Bizilagunek adierazi zutenez, etxerik gabeko pertsonek gaua han pasa ohi zuten eta berotzeko suak piztu ohi zituzten. Zorionez, egun hartan ez zuten eraikina erabili eta, hortaz, ez zen biktimarik izan. Berdin gertatu zen hil honen 4an Algortan eta 17an Erandion erre ziren etxeekin: eskaleek erabiltzen zituzten, baina suteak ez zituen harrapatu.

Hona hemen gure arteko gizarte bazterketa eta pobrezia egoera adierazten duen beste datu bat: 2010eko lehen hiruhilekoan, Barakaldoko eta Sestaoko 59 familia beren etxeetatik legez kaleratu zituzten, beren konpromiso ekonomikoei aurre egin ezinda.

Euskal Herrian bizi diren etxerik gabeko, aterperik gabeko pertsonen egoera zein den jakiteko gaur egungo datu ofizialik ez dago. Eskuragarri dauden azken datu ofizialak 2005ekoak dira eta EAEko hiru lurraldeei dagozkie. Eusko Jaurlaritzako EUSTATek egindako azterketa batean bildu zituzten datuok. Ikerketaren arabera, sareko zentroetan etxerik gabeko 1.883 lagun hartu zituzten. Nolanahi ere, ikerketa Euskal Herri osora zabaldu eta eguneratuz gero, kopuru hori ziurrenik 5.000 pertsonara hurbilduko litzateke. 2005etik, azken azterketa ofiziala egin zutenetik, bereziki etorkinen kopuruak gora egin du eta egoera sozioekonomikoa nabarmen okertu da. Horrenbestez, logikoa da azken urteotan etxerik gabeko pertsonei gertatu zaizkien tragediak ugaldu izana.

200.000 pertsonatik gora pobrezia atalasean

Gaur egun Euskal Herriko 200.000 biztanle baino gehiago pobrezia atalasean bizi dira, 2006ko azken datu ofizialek adierazten dutenez. Kontuan izan behar da pobrezia atalaseari buruzko irizpideak aldatu egiten direla herrialde batetik bestera. Nazioartean egunean dolar batekin bizitzea jotzen da pobrezia atalasetzat. Espainiako Estatuan, aldiz, pobreziaren atalasea kontsumo unitate edo familia bakoitzeko urteko 6.278,7 eurotan dago. Pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako Euskal Herriko elkarteek atalasea diru kopuru handiagoetan kokatzen dute.

Ondoren eskaini ditugun datuak Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Europako Sareak nahiz Hego Euskal Herriko sareek emandakoak dira, baita Kataluniako Caixak 2006an burututako txosten baten barruan egindako bizi baldintzei buruzko inkestan jasotakoak ere.

Ikerketa horien arabera, Hego Euskal Herrian 232.851 pertsona pobrezia atalasean bizi dira, biztanleen %9,8 alegia. Ipar Euskal Herriari dagokion daturik ez dugu. Iturri berberen arabera, Espainiako Estatuan ia bederatzi milioi pertsona (8.897.084) bizi dira pobrezia atalasean, hau da, biztanleen %19,6. Eta Europa osoan 78 milioi pertsona daude egoera horretan.

UNICEFek egindako beste inkesta baten arabera, Nafarroan 18.000 haur pobrezia arriskuan daude (haur pobreziak ez du esan nahi goseak daudenik, elikadura urritasuna dutela baizik). EAEn, arrisku horrek haurren %9,3ari eragiten dio. Espainiako Estatuan batez bestekoa %24koa da.

Hiltzen, pobretzen eta baztertzen duen sistema

Arestian aipaturiko tragediak ez dira bakanak. Etxerik gabekoen eta pobrezia atalasean bizi direnen datuak hiltzen, pobretzen eta baztertzen duen sistema kapitalistaren adierazleak dira. Hiltzen duen gizarte bazterketa adierazten dute. Eta bazterketa eragiten duen kapitalismoak (“merkatu” ezagunak) sistema basatia delako hiltzen du.

Irlandan, Grezian nahiz Mendebalde osoan agerian geratu den moduan, zerga ordaintzaileen kontura galerak gizarteari egotzi eta etekinak pribatizatzen dituen sistema da gurea. Miseria, desberdintasunak eta gizarte bazterketa eragiten dituen sistema. Emigratzera, txabolatan edo kalean bizitzera eta erortzear dauden eraikinetan sartzera behartzen duen sistema. Gure zergen kontura banketxeak eta finantza entitateak “erreskatatzeko” mekanismoak dituen sistema. Hori guztia egiteko eskubideak eta gizarte zerbitzuak (erretiro sariak, langabezia sariak, oinarrizko errenta, etxebizitzarako laguntzak) murrizten dituen sistema. Krisialdia gorabehera, errentagarritasun ekonomiko eta sozial zalantzagarria duten azpiegitura zabalak eraikitzeko, hala nola AHT, Supersur, San Mames, Guggenheim Berria eta Pasaiako kanpo portua, diru kopuru handiak erabiltzen ditu, baina ez du dirurik jartzen aterpetxeak eraikitzeko edo etxerik gabekoei eta langabetuei gizarte laguntzak handitzeko. Pertsonak gizarte bazterketatik ateratzeko gai ez den sistema da.

Sistema honek, EAEn iruzurra saihesteko asmoz, banakako inspekzioa iragarri arren, soilik txiroenekin burutzen du inspekzio hori. Hala, pobrezia atalasean daudelako gizarte sariak jasotzen dituzten 80.000 pertsonen txostenak banan-banan aztertzeko prest dago. Eta ona da iruzurra saihestea. Hala ere, bankarien, notarioen, arkitektoen, erregistratzaileen, abokatuen, medikuen edo kirolari profesionalen sektorean iruzur fiskala ohikoagoa da eta haientzat ez dago halako inspekzio neurri zorrotzik.
Etxerik gabeko pertsonen soslaia
005ean EUSTATek burutu zuen ikerketaren arabera, EAEn etxerik ez duten pertsonen %75 gizonezkoak dira. Gogoan izan, azterketa horren arabera, EAEn 1.833 pertsona zeudela etxerik gabe. Talde horren batez besteko adina 38 urtekoa da. Hala ere, alde handia dago etxerik gabekoen adinaren eta sexuaren artean: gizonezkoen %43,5ek 30 eta 44 urte bitartean dituzte, eta emakumeen %45,7k 18 eta 29 urte bitartean. Emakumezkoen %68k eta gizonezkoen %39k seme-alabak dituzte. Etxerik gabekoen %57 bigarren mailako hezkuntzara iritsi dira eta %14k goi mailako ikasketak dituzte.

Etxerik ez duten pertsonen %40k adierazi dute ez dutela sekula drogarik kontsumitu. %25ek buruko gaitzen bat dute, baina portzentaje horrek urtez urte gora egiten du. Etxerik gabekoen bizi itxaropena gainerako biztanleena baino 25 urte gutxiagokoa da. EAEn pertsona horien %22,4k nolabaiteko erasoa jasan dute, eta %2k, hau da, etxerik gabeko 38 pertsonek, eraso sexuala.

Dena den, bada Bizkaiari buruzko ikerketa berriagoa, 2009an argitaratua. Hauek dira “Bizkaiko etxerik gabeko pertsonen profilen eta beharren ikerketa” horren emaitzak. Azkenaldian, pertsona horien kopuruak gora egin du, batez ere gizartean nahiz talde horretan etorkinak ugaritu egin direlako. Profil tradizionala indarra galtzen ari da errealitate sozial berriak direla-eta (immigrazioa, familia gurasobakarrak). Testuinguru horretan bi kolektibo nabarmentzen dira: arazo pertsonalak dituzten pertsonak (buruko osasuna, droga menpekotasuna, alkoholismoa eta abar) eta bizileku bazterketa arazoak dituztenak (nagusiki, magrebtar gazteak).
 
Halaber, txosten horrek etxerik gabeko pertsonen %91 gizonezkoak direla, batez beste 36 urte dituztela eta %47 Espainiako Estatukoak direla jasotzen du. Atzerritarren artean %59k jatorri magrebtarra dute. %48,5ek gaixotasun larriak dituzte, bereziki hepatitisa eta GIB. %38 espetxeratuta egon dira.
Bazterketaren aurkako plataformak
Euskal Herrian, bereziki Hego Euskal Herrian, gizarte bazterketaren eta pobreziaren aurkako herri plataforma ugari dago. Harresiak Apurtuz (www.harresiak.org) etorkinei laguntzeko eta pobreziaren nahiz gizarte bazterketaren aurkako EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeen koordinatzailea da. Dozenaka erakunde barne hartzen ditu. Halaber, pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako Europako sareak EAEn eta Nafarroan ere funtzionatzen du, eta estatu mailako hainbat erakundek ere egoitzak dituzte Hego Euskal Herrian, hala nola Caritasek edo UNICEFek.

Barakaldoko Berri-Otxoak plataforma nabarmendu nahi dugu, presentzia publiko alternatibo garrantzitsua duelako eta ekintza ikusgarri eta deigarriak burutzen dituelako. 1992ko abuztuaren 12an sortu zen. Egun hartan udaltzainek 1980ko hamarkadatik okupatuta zegoen Berriotxoa kaleko egoitza bat hutsarazi zuten. Emakume talde baten, bi elkarte ekologisten, euskararen aldeko elkarte baten, Zirika irrati librearen eta Kakitzat talde antimilitaristaren egoitza zen. Kaleratzearen ondorioz eta egoitza berri bat topatzearren, Berriotxoa Talde Koordinakundea sortu zen eta 1994ko martxoaren 19an Barakaldoko Apuko kalean egoitza bat okupatzea lortu zuen. Pixkanaka koordinakundea etxebizitza arazoetan, pobrezian eta gizarte bazterketan espezializatutako talde bihurtu zen. 1997ko abuztuaren 18an Ertzaintzak bertan behera utzi zuen Berrietxea, Apuko kalean okupatutako gizarte gunea. Baina eraso horrek ez zuen taldearen amaiera ekarri; maileguz utzitako espazioa baliatuta, gizarte bazterketaren aurkako plataforma bihurtu zen.

Azkenak
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Protesta egingo dute Los 40 Summer Live jaialdiaren aurka, Zarautzen

Beste urte batez Los 40 Summer Live jaialdia ospatuko dute Zarautzen, eta horren kontra agertu dira herriko hainbat eragile, haien ustez, garrantzi handiagoa ematen zaiolako ekitaldi horri herriko jaiei baino: "Argi erakusten du gure herrian zeinentzat dauden erraztasunak... [+]


Azterketa %90ek suspenditu dute eta Zupiriak esan du: “Ertzain izateko ikasi egin behar da”

3.600 pertsona aurkeztu dira ertzain edo udaltzain izateko lan eskaintza publikoko deialdira, eta 2.800 hautagaiek ez dute proba psikosoziala edota atal teorikoa gainditu. Segurtasun sailburuak defendatu egin du Polizia izateko "exijentzia maila".


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Nila Heredia
“Evo Moralesek ingurune toxikoa du, eta ezinbestekotzat jo du bere burua”

Boliviako ezkerreko militante historikoa da Nila Heredia, bi aldiz Evo Moralesen Osasun ministro izandakoa. Abuztuan hauteskunde orokorrak izango dituzte, eta herrialdearen egoera politikoa aztertu du elkarrizketa honetan.


Guggenheim Urdaibai Stop plataformak museoaren proiektua bertan behera uzteko eskatu die instituzioei

Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


Ergelkeria

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]


2025-07-30 | Inma Errea Cleix
Kaka

Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]


Eguneraketa berriak daude