Josu Abrisketa

"Burgos aurre eta Burgos oste bat dago gure borrokaren historian"

  • 40 urte, joan den abenduan Burgoseko epaiketa handia egin zenetik. Historiara igaro den makroepaiketa, Josu Abrisketa Txutxok darabilen hitzaren arabera. Hamasei auzipetu ziren, eta haietan gazteena zen bera. 19 urte zituen atxilotu zutenean, 21 epaiketa hasi zen garaian, 1970eko abenduan…
Miel Anjel Elustondo
2011ko urtarrilaren 16a
Zaldi Ero

Burgoseko epaiketa, 1970. Hamasei lagun auzipeturik.


40 urte! Azkar pasatu dira. Pentsatzen jartzen naiz zergatik ginen gu prozesu hartan, eta zergatik ari den gaur egun jendea borrokan, eta arrazoiak berak direla iruditzen zait. Euskal Herria zapalduta zegoen, eta zapalduta baino gehiago, erabat desegiteko bidean. Eta horren aurka altxatu ginen. Gure nazioaren desegitea gerarazi nahi genuen. Gerra ostetik ari ziren horretan, gure herria akabatu nahian.  Hamasei lagun ginen auzipetuta, baina adibide bat baino ez ginen, berdin izan gintezkeen bostehun! Herria zegoen han. Herri borrokaren berpiztea izan zen, nazio borrokarena. Han egin genituen diskurtsoak hartu eta garbi ageri da hori. Itziarrek [Aizpurua] euskararen defentsa egin zuen, Jokinek [Gorostidi] langile borrokarena, Lopez Irasuegik gerra presoa zela esan zuen, Enrike Gesalagak bezala. Mario Onaindiak aurre egin zion  tribunalari Eusko gudariak kantatuz, ez Internazionala kantatuz, edota Gora eta gora Euzkadi… Erabateko enfrentamendu totala!

Zuen mintzaldi eta parte-hartzeak antolatuta zenituzten.


Bai. Atxilotu gintuztenetik epaiketara bitarte, hogei hilabete joan ziren. Denbora horretan, behin baino gehiagotan aldatu ziren gauzak.  Laster konturatu ginen epaiketa ez baina makroepaiketa handi bat prestatzen ari zirela, zentzagarri izateko asmotan, erresistentziaren kontra. Eta garai hartan geu ginen erresistentzia. EAJk ez zuen ekimenik.

Nola planteatu zenuten epaiketa?


Abokatuetako batzuek defentsa juridikoaren alde egin nahi zuten. “Zuk hau eta hura egin dituzu, halako egunetan, halako lekutan. Pistola zeneraman…”. Era horretako kontuak. Guk uko egin genion bide horri. Bestela nahi genuen. Abokatu euskaldunak nahi genituen, baina ez genuen Espainiako Estatuko herrien borroka isilarazi nahi eta, beraz, penintsulako beste nazioetako abokatuak ere hartu genituen, adieraziz ez ginela ari Espainiako herriaren kontra, estatuaren kontra baino. Ni Creixek torturatu ninduen, Bilboko poliziaren buruak. Katalana, torturatzaile frankista, ondo gaiztoa gero! Aulkia apurtu zuen ni jota! Ni ez nengoen Kataluniaren kontra, torturatzaile haren kontra baizik. Epaiketa prestatu genuenean, defentsa ezberdinak garatzea erabaki genuen, galdera-erantzun bidez zapalketaren alderdi ezberdinak bistara ekartzeko asmotan. Horrela, abokatuen galderak guk munduari esan nahi geniona esateko bide izango ziren. Eta munduari bezala, Euskal Herriari, eta Espainiari. Niri, adibidez, galdetu zidatenean: “Zergatik zeneraman pistola soinean?”. Nik “polizia espainolaren kontra neure burua babesteko” erantzun nuen. Euskal nazioaren defentsan ari nintzen. Haiek, berriz, espainiar nazioa defendatzeko zeramaten pistola. Alegia, gu ez ginen kapritxoz ari, niri behin ere ez zait pistola gustatu, baina erabakia hartuta zegoen: “Euskal Herria desegin nahi duen estatu horren kontra borrokatuko gara, ahal dugun moduan, ahal dugun bide guztiak erabiliz”.

“Bide guztiak”.


Bai. Eta denok bat gentozen horretan, hamaseiok. Momentu hartan denok bat ginen euskal nazioaren defentsan. Gaur egun bestelako bide politikoak bilatzen ari gara, baina estatua –orduko estatu bera, berdina–, zapalketa modua aldatu badu ere, lehengo hartan ari da, euskal nazioa ukatzen, eta ahal bada, haren existentzia desegiten. Gaur egun esaten da: “Ez dugu ETA behar”, eta egia da. borroka armatuak ezin du gauza asko lortu. Ezin izan du inoiz. Guk ere bagenekien. Behin ere ez genuen pentsatu ETAk boterea hartzeko indarra zuenik. Erresistentzia ginen, botereaz jabetzeko indarrik ez genuen. Gaur egun, bada alderik, gaur egun eraiki egin behar da nazioa. Berrogeitaka urte honetako borrokak estatuaren dinamika geraraztea lortu du, euskal nazioa desegiteko asmoa, alegia.

Nork eraiki behar du nazioa, nola?


Herria behar da horretarako. Gutxiengo batek ezin du herririk eraiki. Gutxiengo batek estatuaren asmoa geraraziko du, baina ez besterik. Denborarekin, eta denon borrokarekin (borroka armatua, sindikatuak, masa mugimendua eta bestelako guztiak) estatuaren asmo suntsitzailea gerarazi dugu. Baina orain herria eraiki behar dugu, eta herria eraikitzen ez badugu ez dugu ezer egin. Herria eraiki, nork eta nola galdetu didazu. Guk geuk, batetik, eta nazioarteko laguntzak, bestetik. Nazioarteko laguntza behar dugu euskal nazioa eraikitzeko. Borroka armatuak hor ez du egitekorik, ezin du ezer lortu.

Borroka armatua, kito, esaten ari zara...


Nazioarte mailan izen ona duen intelektual batek esan zidan behin: “Borroka armatuak estatuari kalte egiten baldin badio, baliagarria da, izan Euskal Herrian edo Kuban. Baina, halako batean, estatua borroka armatua bera interesen alde erabiltzera heltzen baldin bada, besterik da kontua, bi aldiz pentsatu behar da!”. Horretan nago ni.


Eraikitzerakoan ere, ordea, nor bere bidean dabil, indarra ezin metatuta.


Preso sartu gintuztenetik hasi zen dispertsioa. Alacanten egon nintzen ni, hogeita sei hilabetez, ziega batean. Besteak, han eta hemen. Amnistia legearekin irten ginen kartzelatik eta gehienok borrokari segitu genion, era batera edo bestera… Abertzale eta independentista izan ginen geroan ere, gehienok, autodeterminazioaren alde, Euskal Herriak, eta herri guztiek, beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde borrokan. Dena dela, batzuk espainol egin ziren, bazter utzi zuten euskal nazioaren asmoa. Horra Mario Onaindia, Teo Uriarte, Xabier Markiegi... Ez ziren, besterik gabe, Burgosen aldarrikatu genituen printzipioen kontra jarri, ez, euskal nazioaren existentzia bera ukatzera heldu ziren. Zergatik jokatu zuten horrela? Mario, Burgos baino lehen, bitartean eta ostean ere, abertzale izan zen, Euskal Herriaren independentziaren alde borrokatu zen, era guztietako borrokak baliatu zituen, guk denok bezala. Burgos eta gero ere dinamika politiko-militarra bultzatu zuen. Halako batean, gogoetaren bat egingo zuen, antza, eta ez zela euskal nazionalista erabaki zuen: “Ni ez naiz abertzale, ni espainola naiz. Kito”. Aukera egin zuen.

Auzipetuetan gazteena zinen zu.


Bai, eta zaharrena Jon Etxabe, abadea. Uste dut. 19 urte nituen jausi nintzenean, Artekalen, Bilboko parte zaharrean. Epaiketa hasi zenean, 21 urte nituen.


Atxilotu osteko torturak aipatu izan dituzu inoiz.


Tortura itzelak egiten zituzten garai hartan. Poliziak ez zuen batere problemarik arrastoak uzteko ere. Ez genuen modurik torturaren berri kanpoan emateko. Entzun, berriz, handiak entzuten ziren kalean. “Abertzale bat hil ditek, Bilboko errioan agertu duk”. Poliziak, berriz, esamesa horiek baliatzen zituen gu komisariatik atera eta beldurtzeko. Ni, esaterako, hiru aldiz atera ninduten, tiroa jo eta erriora botako nindutela esanez…


Zer diozu abokatuez? Jose Antonio Etxebarrieta, Juan Maria Bandres, Migel Castells…


Nork bere abokatua zuen. Jose Antonio Etxebarrieta, jakina, Txabiren anaia zen, eta hori ere politikoki erabili nahi izan genuen. Nik katalan bat nuen abokatu, oso ona, iraultzailea, Sole Barbera. Komunista zen. Gerra garaian, edo ostean, kartzelan eduki zutela uste dut. Epaiketa hautsi genuenean, Mario Eusko gudariak kantatzen hasi zenean-eta, diskoetan entzuten den zera hori, gogoratzen dut Sole Barberak negarrari eman ziola, hunkituta. Ez nuen harrezkero ikusi. Abokatuekin harremanik izatea galarazi ziguten, eta Alacantera bidali ninduten gero. Epaiketa prestatzeko lanean behin baino gehiagotan hitz egin behar izan genuen elkarrekin, eta estimu handitan neukan. Hark ere asko erakutsi zidan. Ni 21 urteko mutikoa nintzen, eta gauzak azaltzen erakutsi zidan. Jose Antonio Etxebarrieta, berriz, gure lagunik handiena zen. Etxebarrietak eta guk, auzipetuok, prestatu genuen epaiketa, politikoa izan zedin. Guk geuk zuzendu genuen epaiketaren estrategia, zein galdera egin, nola erantzun eta beste. Dudarik ez izan horretan.


Zein izan zen estrategia hura?


Epaiketa apurtzera joan ginen, baina ez genuen hasieratik apurtu nahi, apurtuz gero ezingo genuen-eta azalpenik eman. Alfabetoaren arabera hasi zirenez, neu izan nintzen deklaratzen lehena. Militarrek uste zuten builaka eta hoska hasiko nintzela, baina ez zen horrelakorik. Fiskalari, dena ezetz erantzun nion, ez nuela ezagutzen esan gabe, bestela nire mintzaldia galaraziko zidaten-eta. Abokatuaren txanda heldu zenean, mintzaldia egiteko aukera izan nuen; ordubete egon nintzen azalpena egiten. Itziar Aizpurua etorri zen nire atzetik. Azalpen magistrala egin zuen, euskararena eta euskal kulturarena… Militarrek alfabetoaren arabera segitu zuten tarte batean, gure asmoaz konturatu ziren arte. Ordena aldatu egin zuten, orduan. Gure estrategiaren arabera, Uriarteri zegokion epaiketa apurtzea, zerrendan azkena zen eta halaxe zegoen prestatuta. Baina epaileek ordena aldatu, eta Mariori egokitu zitzaion. Gerra presoa zela, ez zuela tribunala ezagutzen esan behar zuen, eta Gora Euskadi Askatuta! oihu egin, eta huraxe izango zen denok harekin bat egin, altxatu eta kantatzen hasteko unea. Horrela gertatu zen, eta guardiak hamaseiok handik ateratzen hasi ziren, bultzaka eta kolpeka.

Zer duzu Burgoseko epaiketa handi hura, 40 urte eta gero?


Nazioarte mailan oihartzuna izan zuen borroka gauzatu genuela esango nuke. Epaiketa hura, berriz, elementu inportantea izan zen gure historian. Euskal Herriaren borrokaren historian Burgos aurre eta Burgos oste bat dago. Burgosen erresistentzia berri bat loratu zen, suntsitu nahi zuten herriaren berpizte halako bat, euskal nazioarena. Burgosen hamasei lagun ginen, baina berdin izan gintezkeen milioi erdia! Burgosek erresistentziaren helduaroa ekarri zuen, handik atzera estatuaren dinamika apurtu arteko onik ez zen izango. Horrela segitu dugu.


Estatuaren biolentziaren kontrako borrokan kokatzen duzu Burgos.


Burgosen, borroka armatuaren aldeko militante eta kolaboratzaile zenbait epaitu zituzten, baina, batez ere, estatuak Euskal Herria desegiteko zerabilen borrokaren kontrako erresistenteak epaitu zituzten. Burgosek esnaera ekarri zuen, 1959az gero zetorren dinamikaren puntu gorena izan zen: herria, euskara, ikastolak, unibertsitatea, langile mugimendua… Estatuak borroka bide haiek denak apurtu nahi izan zituen. Burgosen, aurre egin genion estatuari, bide hartan segitu genuela esanez. Horregatik apurtu zen epaiketa Eusko gudariak kantatuz, ez besteren bat...
Nortasun agiria
Josu Txutxo Abrisketa Korta (Ugao, Bizkaia, 1949). Derrigorrezko ikasketak egin eta lanean zen 14 urte zituela. Laster egin zuen bat 60ko hamarkadan biziberritu zen langile mugimenduarekin eta bertatik bertara parte hartu zuen Etxebarriko Bandak laminazio-fabrikako greba gogorretan. ETAko kide zelarik atxilotu zuen Espainiako poliziak Bilboko Artekalen 1969ko apirilean, Bittor Arana eta Mario Onaindiarekin batera. Auzipeturik gazteena zen Burgoseko epaiketa garaian. Franco hil ondoko amnistia legearekin irten zen kartzelatik 1977an. 1983an atxilotu zuen Frantziako poliziak eta Panamara deportatu, nahiz eta Kuba izan zuen azken helmuga. Habanan da harrezkero, lanean.
Metxa pizten militarrak
“Gutxi hitz egiten zen garai hartan gerraz. Gure ama Gernikako Omakoa zen, zubipean igaro zuen bonbardaketa, 14 urteko neba galdu zuen han. Aita kartzelan eduki zuten, gerran hil zioten anaia bat… Errepublikaren alde, faxismoaren kontra konprometitu zen gure familia, baina hala ere, gure etxean ez zen hartaz hitz egiten, beldurragatik. Burgos ostean jendea hitz egiten hasi zen, eta gazteak ordu arte ez bezala mugitzen, erakunde berriak sortzen, berpizten. Militarrek eskarmentagarria eman nahi izan zioten gure herriari eta, aldiz, beste metxa bat piztu zuten”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude