Ilunetan babestutako piztia, harribitxia

  • Mursego ::Bi (2)

    Bidehuts

    iraupena ::49´46´´

    prezioa ::10€

Mursego
Maite Arroitajauregi eibartarrak Anari, Lisabö, Ibon Rodriguez (Eten) eta bestelakoekin txeloa jo izan du, baina Mursego proiektu pertsonal bezain bereziarekin buru-belarri dabil. Ia oharkabean hasi zen berak idatzitako piezak erakusten, eta ordutik ez da gelditu. Honako hau bigarren lana du. Txeloa jotzeko era ohiko eta ezohikoak uztartzen ditu; eta bestelako instrumentuak ere jolaskide ditu: casio teklatua, marakak, txirula… Baita loop edo errepikapenak egiten dituen aparailu bat ere. Azken horrekin, pertsona bakarrak kanta baten hasieratik abiatuta orkestratxo bat sortu eta batzeko aukera duela erakusten digu. Diskoan malenkonia, umorea, pop-a, ukitu arabiarra eta Gainsbourgen pareko xuxurlak batzen ditu modu entretenigarri eta askean.

www.myspace.com/mursego
Musikak nire lekuan mantentzen nau, zentzua daukan zerbait egiten ari naizela sentitzen dut

Zuk, loop-ak eginda, do it yourself (zuk zeuk egizu) argiena errealitate bihurtzen duzu?


Bakarrik lan egiteko tresna egokia da eta, gainera, konposatzeko orduan aukera asko ematen dizkizu. Dena den, niretzat DIY-a haratago dago, jarrera izan behar du. Norbere burua autogestionatzea ez da erraza; ni neu hainbeste urteren bueltan oraindik ere horretan nabil.

Musika jolasa al da zuretzat?


Momentu honetan beharra da, euskarri bat; musika egiteak eta jotzeak nire lekuan mantentzen nau, benetan zentzua daukan zerbait egiten ari naizela sentitzen dut.

Txeloa, casioa, loop-ak, theremina… Bada baztertzen duzun instrumenturik?


Tronpeta, tronpa, tronboia, steel gitarra, arpa eta bateria joko nituzke, ez dakit ordea.


Zure emanaldiak oso didaktikoak iruditzen zaizkit; abestiak nola eraikitzen dituzun ikus-entzun daiteke. Ados zaude?


Ez dut uste hori didaktikoa denik. Horrela egin behar izaten dut beste aukerarik ez daukadalako. Dena den, jende askok esan dit zuzenekoa interesgarriagoa dela justu horrexegatik.

Hain exkaxak al gara sukaldean? Errezetak belarrira abestu behar izateko premia daukagu?


Sukaldari trebez inguratuta nago, atunzale amorratua naiz eta ondo jatea plazera da niretzat… Nola ez diot bada abesti bat egingo sukalde errezeta bati? Belarrira abesteko badago abesti egokiagorik…


Mursego pertsona bakarrak osatuko du beti? Saguzaharrak hobeto moldatzen dira bakarrik?


Hau proiektu pertsonala da, nire-nirea, nahiz eta batzuetan faltan botatzen dudan norbait ondoan izatea: hurrengo kontzertuetan guest starringak izango dira. Saguzaharrak taldean bizi dira, ez legoke denontzat nahiko kobazulo bestela.


Erlojurik ez duzu inoiz erabiltzen?


Bai, lo ere erlojuarekin egiten dut, langilerion “rolex”-a daukat, casio bat. Txeloa jotzeko kentzen dut, zaratarik ez egiteko.

ASTEKARIA
2011ko urtarrilaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mursego
2017-10-01 | Kepa Matxain
Mursego
"Konfort eremutik ateratzen zaituen artea da benetan eraginkorra"

Bizikidetzaren alde eta aurreiritzi arrazisten zein klasisten aurka egindako diskoa da 100% Oion. Mursegoren arrastoa galdu gabe, letra politiko argiak dituena. Diskoa osatu bitarteko prozesuaz hasi, eta hizketagai gehiago ere sortu dira: musikaren ahalmen mobilizatzailea edota... [+]


2015-04-26 | Kepa Matxain
Panfletotik harago, nola kantatu politikoki?

Kantu politikoak ezaugarri eta gaitegi jakin batzuekin lotu izan dira betidanik Euskal Herrian. Eskema horiek oraindik indarrean badaude ere, bestelako apustuak agertzearekin bat mahaigaineratu da musikan eraldatzaile izateko moduei buruzko eztabaida. Orain eta hemen politikoki... [+]


2014-06-01 | Iker Barandiaran
Mursego
"Ez dut uste jendea nire kontzertuetara modernoarena egitera datorrenik"

Maite Arroitajauregi eibartarrak bizitza osoa darama musika instrumentuen artean. Kontserbatorioko ikasketak egiten ari zela konturatu zen musika kultuaz gain rocka eta beste estilo batzuk ere gustuko zituela. Zubirik gabeko bi mundu horiek itzulera gabe zeharkatu zituen eta... [+]


Zu, euskal cumbia esperimentala

Mursegoren Hiru diskoko zenbait kantatan antzematen da erabaki politiko bat, Europa zaharrean degradatutzat jotzen ditugun estilo musikalak integratzeko koktel esperimentalean.


Eguneraketa berriak daude