Bizkaia nagusi


2013ko maiatzaren 07an
Oztopo eta zailtasun artean abiatu zena zankalatraba, estropezu, sator-lan, espioitza bideetatik sartu zuten, azpi-jan eta elkarri lurra kentzetik segi eta makina bat taktika aldaketen ondoren liskar epelak eta borroka hotzilak alde batera utzi eta guda piztu da. Piztu eta lehertu da. Eta Bizkaia nagusi eta ni pozik.

Sagardoaren panoramaz ari naiz. Hobe esanda, sagardogileez ari naiz. Urteak dira hemengo sagardoarentzako label bat sortzearen aldeko lanak abiatu zirela. Administrazioak eta sagardogileak elkarri proposamenka aritu dira tira-biran, ezin aurrera jo.

Eztabaidaren mamia label beraren izaera da. Label batek sagardoa babestu eta bere kalitatea bermatu behar du. Zein sagardo ordea? Hortxe dago koska.
Sasiaren adar guztiak azaldu ezinda, gatazka samur ulertzeko hona bi lubakien arteko tartea zein den: batzuk hemen egindako sagardoa sustatu nahi dute eta besteek hemengo sagarrarekin egindakoa.

Aldea ikaragarria da. Hemen egindako sagardoa jatorri ezezaguneko sagarrarekin egin ohi da eta bere sustapenak onuradun gutxi batzuk ditu: sagardotegiak soilik. Bertako sagarrarekin egindako sagardoa bultzatzeak, aldiz, onura barra-barra zabaltzen du: nekazariak, sagardotegiak, sagardozaleak, gure paisaia, gure identitatea, gure kultura, eta abar luze bat.

Labelaren oinarrizko ezaugarria administrazio publikoek sustatua izatea denez, etorkizuneko Sagardoaren Eusko Labelak zeinen alde egin behar duen ez dago zalantza izpirik: bertako sagarra erabili nahi dutenen alde, alegia. Aukera honen alde buru-belarri ari da Bizkaian sagardogintzari lotutako jende guztia: sagardotegiak, teknikariak eta baita Foru Aldundia bera ere. Hauekin batera ari da Gipuzkoako sagardogile mordo bat.

Gipuzkoan lehertu da, baina, guda. Edozein tokitatik ekarritako sagarraz sagardoa egiten jarraitu nahi duten hamalau sagardotegiko taldeak bere marka pribatu bat sortuko du. Hau da, beraiek ikuskatuko dute bere burua eta bere produktua. Nahi duten sagarrarekin, nahi duten sagardoa egingo dute eta kalitatezkoa dela beraiek esango dute.

Eta gipuzkoarra izaki, zalantza izpi bat sumatzen dut: ikuspegi publikoa, denon onura, bertako nekazaritza, ekonomia orokorrean, kultura eta identitatea zuzenean sustatzen duen bertako sagarrarekin egindako Sagardoaren Eusko Labelaren alde argi eta garbi azaldu beharrean jarrera epel samarra antzematen diot Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Nik zalantzarik ez dut. Bertako sagarra da etorkizunaren berme bakarra. Aspaldi hartua dute sagardotegiek sagardo estandar “edateko moduko” bat egiteko bidea eta horretan gu adina iaio den asko da munduan. Aurten Asturiesko sagardogile handienetako bat gure merkatua “kolonizatzera” dator. Bide hori oso motza da eta hortik gure sagardoa pikutara doa. Bertako sagarretik abiatzeak bermatuko du geroa: bertako sagarrak jaso eta jagotea, sagastietako teknikak berreskuratzea eta zabaltzea, nekazaritza suspertzea, dolareko eta upategiko lanak egokitzea eta sustapen aproposa. Honek soilik ziurtatuko du gure sagardoaren etorkizuna. Gure burdina eta gure itsasontziak ezagutuz munduak euskaldunoi aitortu digun sona izateko ezin bestekoa izan den gure sagardoa.

Dema honetan Bizkaia nagusi, eta ni bere alde.

Azkenak
Ukrainak Europar Batasuneko armamentuarekin Errusiako lurraldeari eraso egitea babestu du Borrellek

Borrellen hitzak azken asteotako eskalada elikatzera datoz. Azkenaldian Mendebaldeko hainbat agintarik egin dituzte adierazpenak zentzu berean. Errusiak iragan astean ohartarazi zuen Ukrainari beren armamentua Errusiako lurraldearen aurka erabiltzeko baimena ematen dioten... [+]


Herriari bizitza ematen dion Zigako eskolak itxi egin beharko du ume faltagatik

Lehen Hezkuntzako adin ezberdinetako zortzi ikasle baino ez ditu Zigako (Nafarroa) eskolak. Aukera baliatzen dute elkarbizitza lantzeko, tokiko curriculuma sustatzeko, landa ingurunea pedagogikoki aprobetxatzeko eta herria bera bizi eta dinamiko mantentzeko. Hori bai, ume... [+]


2024-05-28 | ARGIA
Hil egin da iragan astean Bergaran zauritutako langilea

Iragan asteko ostegunean zauritu zen larri Bergarako (Gipuzkoa) Embalan 3 lantegiko langilea, zama bat gainera erorita. 2024 urtean hiltzen den 26. langilea da.


Eguneraketa berriak daude