Harekin solasean ginela, Enrique Antolinek behin baino gehiagotan esan digu Donostia hiri eredugarria dela peatonalizazio kontuetan. Izan ere, Bizkaiko Ekologistak Martxanek Gipuzkoako hiriburuko adituengana jo du xehetasunen bila, beren proposamena guztiz burutze aldera.
Eredugarri bakarrik ez, Euskal Herrian aitzindaria izan zen Donostia oinezkoentzako guneak sortzen. 80ko hamarkadako amaieran hasi ziren lehenbiziko planak egiten, eta 90eko hamarkadaren erdian hirian hainbat aldaketa gauzatzen hasi ziren, motordun ibilgailu pribatuen presentzia mugatzeko helburuz. Aldi berean, bestelako garraiobideak sustatu nahi zituzten. Irakur bedi oinez ibiltzea eta txirrindua. “Hiri barruko garraioaren ardatza oinezkoa izatea zen helburua”, adierazi digu Manu Gonzalezek, Kristina Enea Fundazioko Jasangarritasunaren Behatokiko zuzendari teknikoak. Hain zuzen ere, une honetan oinezkoei buruzko jardunaldiak egiten ari dira Kristina Enean, zein eta Oinezkoa goiburupean. Abenduaren 9ra bitartean, oinezkoen eskubideak aldarrikatzeko egindako afixen erakusketa izango da ikusgai, eta nazioarteko hainbat adituk hitzaldiak emango dituzte peatonalizazioari buruz. Dagoeneko egin diren hitzaldietako batzuk webgunean dituzue entzungai.