Orekarako eredua: familia, instituzioak eta inguru soziala

  • Gero eta zaharragoak, eta gero eta gehiago. Hori da datorkiguna. Zaintza hitza pil-pilean dago, adineko asko mendekotasun egoeran bizi delako. Etxeko kontutzat genuen adinekoen zaintza. Orain ere, ia erabat familian zaintzen dira zaharrak, baina emakumeak gero eta gehiago dira lan merkatuan, eta “oreka” hausten hasia da. Adinekoak egoki zaintzeko eredu idealaz eztabaidatu dute hiru mahaikideek, eta ikuspegi desberdinak izan arren, ados dira kontu batean: zerbitzu publikoek askoz ere parte handiagoa izan behar dute adinekoen arretan. Dena den, mahai-inguruko ardatza zaintza lanen feminizazioa izan da. Etxean emakumeak segitzen du izaten zaintzaile, gizonak ez dio zezenari adarretatik heldu. Etxeko emakumearen tokia hartu duten langile zaintzaileak ere emakumeak dira, eta gaizki ordainduak.

2010ko urriaren 31n
adinekoen zaintza
Iñigo Azkona
Menpeko diren adinekoen zaintzaz hitz egingo dugu. Alabaina, zaintza diogunean zer ari gara esaten?

Maria Rosario Arrizabalaga. Oinarrizko gauzak egiteko laguntza behar duten pertsonak artatzeaz ari gara. Segituan datozkigu burura mendekotasun egoeran daudenak, zaharrak, gaixoak, funtzio aniztasuna dutenak... Batzuetan umeekin ere akordatzen gara. Baina inoiz ez dugu pentsatzen pertsona heldu osasuntsuengan. Alabaina, uste dut denok bizitzako momentu oro behar dugula zaindua izatea. Arazoa da, lanaren sexu banaketan, emakumeei mandatuz ezarri zaizkigula zaintza lanak. Matxismoagatik edo arduragabekeriagatik batzuek ez dituzte bereganatzen euren zaintzak, eta gutxiago ingurukoenak. Lan horiek familiako emakumeen esku uzten dituzte. Biztanle eredu hori pentsaezina da familia fusionalik ez badago, alegia, norbanako autonomo eta produktibo horrek egitura domestikoa behar du iritzi publikoaren aurrean gizaki autosufiziente eta independente agertzeko. Autonomo eta buruaskiarena, ez da egia, beti dago norbait haien zaintza lanak egiten. Horregatik diogu; guztiok, beti, zainduak izatea behar dugu, garai batzuetan, noski, askoz gehiago.
Dependentzia aipatzen dugunean ez gara hainbeste akordatzen haurtzaroarekin, eta oso dependienteak dira, baina gizarteak onartuagoa dauka zaindu egin behar direla. Mendekotasun egoeran dauden adinekoen munduan sartzen garenean datoz arazoak.

Ainhoa Arrillaga. Dependentzia maila hartzen da batik bat kontuan, eguneroko ekintza fisikoak egiteko gai den ala ez, baina ezin dira ahaztu zaintzan eta eguneroko harremanetan sortzen diren behar sozialak, psikikoak eta emozionalak. Badira mendekotasun fisikorik eragiten ez duten gaixotasunak, gizartean ondo onartuak ez direnak, adibidez, gaixotasun mentalak.

Maria Silvestre. Gizarte zerbitzuen eta ongizate estatuaren giroan hitz egiten ari garela, zaintza hitzak oso ondo biltzen du esan nahi duguna. MariaRok esan duen moduan, zaintza dependentziarekin lotzen da, hau da, dependentzia bizi dugu oso txikiak garenean edo oso zaharrak garenean, eta gure bizi kalitatea beherantz hasten denean. Hori gezurra da. Guztiok gara menpeko, era batera edo bestera, ez gara pertsona autonomoak. Gizakia izaki soziala da, bakarrik ez du bizirauten. Garrantzitsua da kontuan hartzea dependentzia jarraia dela.

Dependentzia, zaintza eta adinekoak kontuan hartuta, oraintxe bertan fenomeno sozial berri baten aurrean gaude, agian ez gaude prestatuta ez familian ezta maila instituzionalean ere erantzuteko, baina datu demografikoak hor daude: populazio zahartua gara, ez dago belaunaldi erreleborik, jaiotze tasa baxua da, bizitza itxaropena esanguratsuki igo da, 30 urte barru 65 urtetik gorakoak populazioaren %30 izango dira. Eskari eta populazio-egitura berri hori artikulatzen eta aurreikusten ari al gara? Nik uste dut ezetz. Gauzak egiten ari dira, baina epe ertain-luzeko pentsaerarekin ez gara ari. Eredu berria behar da, familiarra eta instituzionala.

A. Arrillaga. Batik bat azkeneko hori. Erakunde eta baliabide asko dago, baina ezin gara ahaztu mendekotasun egoeran dagoen adineko gehiena etxean zaintzen dela.

M. Silvestre. Emakumeek zaintzen dituzte, hori ere gaietako bat da.

Zaintza krisian al dago?


M. R. Arrizabalaga. Oso garbi dago familiak aldatu direla: kide bakarreko familia asko dago, 65 urtetik gorako bi kidek osatutakoak, jendea dibortziatu eta berriro ezkontzen da, dependentzia egoeran dagoen jende ugari dago... hori dena, baina nik nire buruari galdetzen diot: norainokoa da zaintzaren krisia? Krisiaz hitz egiteak badirudi esan nahi duela emakumeok zaintzeari utzi diogula eta hori ez da egia. Eredu informala ez dago krisian, segitzen du mantentzen herrialde honetako ongizate eredua, eredu familista, alegia. Krisiaz hitz egitea ez zait ondo iruditzen zeren badirudi emakumeok zaintzeari utzi diogula; nahiko nuke hala gertatuko balitz! Zein mugituko ziren orduan? Erakundeak? Gizonak?
Esaten da gizartea aldatzen ari dela, eta hala da, emakumeak lan merkatuan sartzen ari gara, baina era berean, gizonak ez dira ari zaintzaren ardura hartzen, ezta gutxiagorik ere.

A. Arrillaga. Gizona ez da hasi ez zaintza lanetan ezta etxeko lanetan ere. Belaunaldiak beharko dira aldaketa sumatzeko. Emakumea da ia beti zaintzaile nagusia, hala ikusi duelako eta hala hezi dutelako.

M. Silvestre. Nik ez dakit zaintzaren krisiaz hitz egin behar dugun ala zaintzaren egoera kritikoaz. Ordainik gabeko ongizate-belaunaldiak segitzen du adinekoen zaintzaren kargu. Orain dela gutxi arte, teoria ekonomikoek edo politika publikoek, ongizate estatuaz hitz egiten zutenean, ongizate belaunaldi ez produktiboa alde batera uzten zuten. Beraz, politika publikoak, gizarte zerbitzuak edo balantze ekonomikoak egiten ziren kontuan hartu gabe esparru horrek sortzen zuen lana. Eremu pribatuan egiten den zaintza lan hori, alegia, gizarte zerbitzuek, boluntario taldeek, estatuak, edo merkatuak artikulatzen ez duten hori aitortzera dator Dependentzia Legea. Zaintza egoera kritikoan dago lanaren feminizazioagatik eta ardura banaketa ezagatik. Zaintzaren gaian ardura banaketaz kontuz hitz egin behar da. Zergatik? Zeren badirudi ari garela esaten zaintzaren feminizazioaren eta emakume askok duen gain zamaren arrazoi bakarra gizonek ardurak hartu ez izana dela. Ardura banaketan gizonak sartzeak ez du arazoa konponduko.

Ez gara ari esaten zaintza eremu pribatukoa baino ez dela, eta emakume eta gizonek hori artikulatzeko lanak banatu behar dituztela, ari gara esaten arlo publikoa, etxekoa eta sare sozialak integratuko dituen eredua eraiki behar dela. Izan dadila eredu malgua, eta gizona edo emakumea izan dadila zaindu behar duen horren kudeatzailea, erakunde sozialetan eta irabazi asmorik gabeko elkarteetan babesa aurkituz.

A. Arrillaga. Egoera sozialak eskatzen du erakundeak moldatzea. Egia da urte gutxitan asko aurreratu dela eta orain babeserako dauden aukerak lehen ez zeudela. Emakumeek, gizonek eta familiek sostengu garrantzitsua sentitzen dute, baina oraindik asko dago egiteko.

M. Silvestre. Maria Angeles Duranek [soziologian katedratikoa] esan izan du gizonak hiltzen direla gazte, aberats eta konpainian, hau da, zainduta. Emakumeak bakarrik, pobre eta babesgabe hiltzen dira. Gizarte langile batek esan zidan lehengoan, emakumeak kolpeko gaixotasunen bat izateko desgrazia baldin badu, adinagatik oraindik egokitzen ez zaiona, senarrak ez dakiela nola zaindu, gizon hori ez da sozializatu zaintzaren alorrean. Semeak eta alabak agertzen dira orduan, gizona andrea zaintzeko gai ez delako. Zaintzaren feminizazioak emakumeari lan karga eragiteaz gain, beraiek zaindu behar direnean, ez daude ondo zainduta.

M. R. Arrizabalaga. Zaintza denei bermatzeko, laguntzarako zerbitzu sozialak behar direla argi dago. Dependentziaren Arretarako Sistema Publiko Unibertsala eskatzen dugu talde feminista askok, osasun edo hezkuntza sistema bezalaxe. Dena dela, sare horrek inoiz ez du beharren ehuneko ehun estaliko.

[Silvestre eta Arrillagak, biek batera, esan dute, baietz, ez duela sekula ehuneko ehun estaliko eta ezta egin behar ere].

A. Arrillaga. Ekonomikoki ez da sostengarria, muga nagusia ekonomia da.

Zaintzaren ardura banaketa nola dago gaur egun? Zein esparrutan dago pisu gehien?


A. Arrillaga. Bi talderekin egiten dut lan, adinekoekin eta dependentzia fisiko eta mentalak dituzten gazteekin. Adinekoen zaintzaileak nabarmen alabak dira. Semea zaintzaile izan ohi da alabarik ez dagoenean. Seme horien emazteek ardura handiak hartzen dituzte, eta ez da alderantzizkoa gertatzen, alegia, alabak zaintzaileak direnean senarrek ere ardurak hartzea. Gazteen zaintzaileak berriz, amak edo alabak izaten dira.

M. Silvestre. Beraz, emakume horien bikoteek ez dute ardurarik hartzen.

A. Arrillaga. Batzuetan bai, baina gizonak blokeatu egiten dira eta laguntza handia behar izaten dute gertatu dena onartzeko eta zaintzan hasteko. Emakumeengan ez da hainbeste nabaritzen horrelako blokeo egoerarik.

M. R. Arrizabalaga. Erakundeek, akademikoek eta era guztietako datuek esaten dute portzentaia oso altua dela emakume zaintzaileena. Daniel de la Parra Alicanteko Unibertsitateko soziologoak Osakidetzak antolatutako jardunaldi batzuetan aipatu zituen zaintza gauzatzen den hiru esparruak. Azpimarratu zuen oinarria familia dela. Ez da beraz, lehengo kontua, orain ere hala gertatzen da. Gaixotasun kronikoen kasuan zaintzaileen % 73 emakumeak dira eta gaixoak 25 urte baino gutxiago baldin baditu emakumeak zaintzaileen ehuneko ehun dira. Historikoki hala izan da, eta emakumeoi hori esan beharrik ez dago, bizi dugu.

Nik hemen aipatu nahi nuen etxeko langilearen gaia. Zaintza formalaren alorreko langileak dira, baina familien lana ordezkatzen dute. Espainiako Estatuan, lehenengo hiruhilekoan 759.300 pertsona aritu dira etxeko zerbitzuan, % 90 emakumeak. Horrek esan nahi du 759.300 familiak pertsona bat kontratatuta dutela zaintzarako, asko adinekoak zaintzeko. Horrek, batzuetan, etxez etxeko gizarte zerbitzua ordezkatzen du, zerbitzu publikoa.

Zer esan nahi duzu ordezkatzearekin?



M. R. Arrizabalaga. Etxez etxeko gizarte zerbitzua oso txikia da, adibidez dependentzia maila handia dutenentzat hilean 70 ordu da muga.

A. Arrillaga. Egunean hiru ordu. Eta gero tarifa dago...

M. R. Arrizabalaga. Horretara nindoan. Udaletako gizarte langileek bultzatzen dute etxeko langileen “kontratazioa” (askotan ez daude kontratatuta).

A. Arrillaga. Langilea zure kabuz kontratatzea batzuetan merkeago ateratzen da. Gizarte zerbitzuetako sistemaren kostuak elkarbanatu egiten dira, erabiltzaileak ahal duena ordaintzen du balorazio ekonomikoaren arabera, eta gainontzekoa udalak [kopagoa]. Baina norberaren egoera ekonomikoaren arabera, batzuetan merkeagoa da zaintzaile pribatua kontratatzea.

M. R. Arrizabalaga. Ohikoena da kopagoan askoz gehiago ordaintzea. Erakundeak ari dira ezkutuko lana bultzatzen eta salatzekoa iruditzen zait.

M. Silvestre. Kopagoak, definizioz, ez luke zertan txarra izan behar. Banaketarako sistema da: etxeko diru-sarrera mailagatik zerbitzu bat ordaindu dezake batek, eta horrela, kostu horiek ordaindu ezin dituenari zerbitzua jasotzen laguntzen dio.

M.R. Arrizabalaga. Kopagoaren kuota ezartzeko familiaren diru sarrerak hartzen dira kontuan, bada, erreferentzia moduan hartzen den diru sarrera hori orekatu eta doitu egin behar da.

M. Silvestre. Ez dut uste ezkutuko lana eragiten ari denik.

A. Arrillaga. Niretzako justua da, baina egia da badirela egoerak non harri eta zur geratzen zaren, adibidez, zaintza zerbitzua ordaindu eta gero, hilean 50 euro ere geratzen ez zaizkion adinekoarena.

M. R. Arrizabalaga. Etxeko langileen soldaten gutxienekoak hain dira baxuak, edozer gauza egiten duzula beti izango da garestiagoa.

A. Arrillaga
. Oso gaizki ordaindutako lana da eta batere onarpenik gabea.

M. Silvestre. Aitortzarena da giltza. Balio soziala eman behar zaio lan horri, balio ekonomikoa ere bai, baina ekonomikoa sozialarekin oso lotuta dago. Gainera, ezingo dugu ihes egin kontu honetatik, urte luzez bizitzeko zortea izango dugu eta menpekoak izateko aukerak dauzkagu. Ez zaio besteari gertatuko, guri gertatuko zaigu.


Nondik jo behar da zaintzaren gaia bideratzeko?


A. Arrillaga. Zaintzaren ikuspegi positiboa falta da. Jendea itxaropena galtzen ari da, zaintzeko gogoa galtzen. Adinekoa zaintzea ona dela zabaldu behar dugu eta laguntza txikiekin atsegina izan daitekeela. Erakundeen aldetik diru asko eta inbertsioa behar dira.

M. Silvestre. Elementu bat baino gehiago harremanetan jarriko dituen eredua behar dugu, lehen esan dut. Estatuak bere gain hartu behar du dagokiona, eta krisi garai honetan gainera, ez dadila gertatu krisia arlo sozialak ordaintzea. Europako ongizate estatuak indartu egin behar du, eredu politiko-instituzional positiboa da. Adibideak dauzkagu Danimarkan, Suedian, Norvegian, Finlandian eta baita Islandian ere. Ereduak askoz malguagoak dira, zerbitzu sozial oso sendoak dira, zergak ere altuak dira. Alabaina, ez du estatuak bakarrik hartzen parte. Gure inguruko pertsonen arduradunak izan behar dugu familiok, ezin diogu utzi estatuari, ez merkatuari gure seme-alaben eta zaharren ardura. Batetik, ardura horrek gizon eta emakumeena izan behar du, feminizaziotik atera behar dugu. Bestetik, eskaera berriak egongo dira eta erantzun berriak beharko dituzte. Zaintzan ere artikulatu daiteke erantzun bat, zeinak hazkunde ekonomikoa eragingo duen eta familiei lagunduko dien etxekoen zaintza kudeatzen. Diskurtso horretatik urruti gaude. Mendekotasun Legeak, neurri batean, onartzen du produktiboa ez den ongizate belaunaldi hori. Zaintzaileei diru-sarrerak ematen dizkie.

A. Arrillaga. Sarrera txikitxoak.

M. Silvestre. Baina aitortzen dio egiten duen lana, alegia, bestela estatuak egin beharko lukeen lana. Krisi garaian efektu perbertsoa izaten ari da, zeren legeak alor sozialaren presentzia bultzatu nahi zuen, baina emakume zaintzaileek nahiago dute diru-sarrera jaso eta beraiek zaintzen segitzea, zerbitzu sozialekin batera egoera kudeatzea baino. Ereduak malgua izan behar du: erdian familia kudeatzaile moduan, eta jaso ahal ditzala zerbitzu sozialen laguntza eta irabazi asmorik gabekoen laguntza.

A. Arrillaga. Emakumea lan munduan sartu denez, gizonarentzako eta emakumearentzako neurri erraztaileak erabili behar dira kanpoko lana eta familia ondo kudeatzeko.

M. R. Arrizabalaga. Zein den irtenbidea? Funtsezkoa da estatuak gizabanako guztiei zaintza bermatzea. Hori nola egiten den? Gehiago inbertituz. Eta gainera, ezinbestekoa da emakume eta gizonen artean ardurak banatzea.

M. Silvestre. Nahitaezkoa da, baina ez dira lanak banatuko gero enpresetan eta bestelakoetan horretarako bideak jartzen ez badira.

M. R. Arrizabalaga. Hortara nindoan ni. Ardura banaketaren azken dekretuaren arabera, prestazioak gehitu dira, baina gizonentzako neurri sustatzaileak kendu dira (adibidez, eszedentzia hartuz gero gizonari gehiago ordaintzea).

M. Silvestre. Ondo iruditzen zait hori.

M. R. Arrizabalaga. Niri ez zait iruditzen ez gaizki ez ondo. Jakin beharrekoa da neurri horiekin zein helburu lortu nahi ziren, horri zenbat gizonek helduko ziotela uste zuten, zenbat urtean... ez dago horrelako analisirik.

M. Silvestre. Badago MariaRo. Neurri sustatzaile horiek hartzen zituzten %98 emakumeak ziren. Diru kantitate bat ari zara inbertitzen gizonek parte hartu dezaten eta neurri horrek ez du funtzionatu.

M. Silvestre. Emakumeei eman diezaiekezu diru hori. Gizonek neurria derrigorrezkoa eta utziezina denean, orduan bai, hartzen dute, bada goazen era horretako neurrietara.

M. R. Arrizabalaga. Ados. Aitatasun baimena izan dadila derrigorrezkoa eta inori utzi ezin zaiona. Baina, hala ere, ez dut uste horrela egin behar zenik, zeren argi dagoena da emakumeek hartzen ditugula eszedentziak eta gainerako guztiak, eta dekretu berri horrek hori bultzatzen segiko du.

M. Silvestre. Gizonentzako neurriekin ez ginen konpontzen ari!

M. R. Arrizabalaga. Zer espero zen, bost urtean konpontzea? Hamar urtean? Ala hogeita bost urtean?

M. Silvestre. Ni diskriminazio positiboaren aldekoa naiz ba! baina datuak dauzkat esateko Suedia, Finlandia, Espainiako gizonek zenbateraino hartzen dituzten etxeko ardurak sustapen ekonomikoa baldin badago, eta hazkundea ez da % 2ra iristen. Derrigorrezkoa eta inori utzi ezinezkoa denean % 70ak edo %80ak neurriari heltzen dio. Goazen eredu horretara!
Gure gizartean lan produktiboa da ardatza eta horren inguruan mugitzen da dena. Funtsezkoena dirudi, eta gezurra da! Egiazki guretzat ez da garrantzitsuena. Miguel Lorente Genero Biolentziako Espainiako gobernu ordezkariak lehengoan gizonen ardura hartzeaz hitz egiterakoan, gizonak garrantzitsua dena nola galtzen ari diren aipatu zuen eta adibide bat jarri zuen: Ramon jauna, enpresa bateko zuzendari nagusia hiltzen denean hurrengo egunean Jose Mari jauna dator eta ordezkatzen du, baina aitona Ramon, aita Ramon, osaba Ramon edo Ramon senarra inork ez ditu ordezkatuko, horiek desagertu dira.

A. Arrillaga. Horiek betetzen zuten funtzio soziala galdu da.

M. Silvestre. Funtzio produktiboari garrantzi gehiago ari gara ematen eta hor askoz ordezkagarriagoak gara, beste esparru batzuetan baino. Hor klik bat egin behar dugu, baina klik horretan egitura denak iraultzen dira.

M. R. Arrizabalaga. Maria, lehen familiaz hitz egin duzu eta nik uste familia terminoa zabaldu egin behar dugula. Familiak hemendik aurrera ez dira izango orain arte izan diren bezalakoak.

A. Arrillaga. Gero eta nuklearragoak dira. Gero eta indibidualistagoak ere bagara, eta senide arteko harremanak eta ardurak aldatzen ditu horrek ere.

M. Silvestre. Sare sozialez hitz egin behar da.

M. R. Arrizabalaga. Zaintza informalean bai, baina gainera, saiatu behar dugu adibidez lan eremuak ere kontuan har dezan ingurune soziala. Norbait zaintzeko baimena hartzeko ez dadila derrigorrezkoa izan zuzeneko senidea izatea, izan daiteke ingurukoren bat. Adibide bat ematearren, 30 urteko moja batek 80koa zaintzea, hori ia familia da, baina legeak ez du horrela ulertzen. Lagunekin senideekin baino harreman estuagoa duten pertsonei ere gauza bera gerta dakieke.

M. Silvestre. Sare sozialak.

M. R. Arrizabalaga. Enpresetan edo Mendekotasun Legean jasota egon beharko luke horrek.

Adinekoez ari gara hitz egiten. Beraiek nola bizi dute menpekotasun hori?


A. Arrillaga. Egoitzan eta eguneko zentroetan daudenekin egiten dut lan. Asko tristuraz iristen dira, baina behin probatutakoan gustura geratzen dira. Ikusten dute familia hor dagoela. Eguneko zentroan edo egoitzan egoteak ez du esan nahi familiak haietaz ahaztu behar duenik. Matia Fundazioan hori oso argi daukagu, saiatzen gara familia hor egon dadin, zaintzan eta bestelakoetan erabakiak har ditzan. Familien % 90 buru-belarri egoten da, bi egunetik behin-edo hara doaz, baina egia da zaintza mota diferentea dela.

Batzuetan, zaintza kontuengatik familiako egoerak hautsita egoten dira, gainezka egin dielako egoerak, nekatuta daudelako senideak. Edozein modutara, familiarentzat hasieran oso gogorra da zaintza beste baten eskuetan uztea, uste duzu ondoen zuk egin dezakezula eta ez duzu konfiantzarik besteengan, baina gero erlaxatzen dira. Adinekoa eta senideak elkarrekin daudenean, batik bat aisialdirako izaten da, eta hori ona da, bi aldeek probetxua atera diote denbora horri.

M. Silvestre. Tratu txar egoerak gertatzen dira etxeetan, lanez gainezka dagoenean zaintzailea, adibidez. Batzuetan norabide bietakoak dira, zaindutakoa oso exijentea da, legitimatua sentitzen da horretarako eta zaintzailea errudun sentitzen da eskatutakoa ematen ez badu. Dinamika perbertsoa sortzen da.

M. R. Arrizabalaga. Badago beste menpekotasun bat, askotan esaten ez dena. Zaintzaileak berak duen menpekotasuna.

A. Arrillaga. Asko kostatzen da beste baten esku uztea, eta bai, senide batzuek benetako dependentzia dute adinekoarekiko.

M. R. Arrizabalaga. Egoera oso perbertsoa da hori, zaintzaileak zainduarekiko menpekotasun emozionala du, eta batzuetan ekonomikoa ere bai, senideak espoliatzen dituzte zaintzaileek. Oso harreman txarra da hori.

A. Arrillaga. Esate baterako: “Ama zaintzen dut etxean eta eguneko zentrora doa. Etxean zaintzeagatik hainbeste diru jasotzen dut. Ez zait interesatzen egoitzara eramatea, zeren hori ordaindu egin behar da. Gainera, langabezian geratu naiz”. Horrelakoak asko daude.

Matia Fundazioan ere tratu txarrak detektatu izan ditugu. Askotan ez dira tratu txar fisikoak, emozionalak baizik: zaindua bere erroetatik ateratzen da, erabakiak ezin dituela hartu pentsatzen dugu... Egoeraren arabera, batzuetan ezin dituzte erabaki inportanteak hartu, baina bai erabaki txikiak. Askotan adinekoa baliogabetzeko joera daukagu.

M. Silvestre. Ainhoa, gertatzen al da familiak umeak bezala tratatzea zaharrak, nahiz eta intelektualki oso ondo egon? Zaharra bera konturatzen al da egoera horretaz?

A. Arrillaga. Batzuetan bai.

M. Silvestre. Horrek sufrimendua eragiten al du?

A. Arrillaga. Asko sufritzen dute. Baina batzuetan onartu egiten dute eta esaten dute: “Zer gehiago eska diezaioket familiari?”. Konsziente badira eta beraien erabakitxoak hartu nahi badituzte mugatuta sentitzen dira, gaur bai eta bihar ere bai. Egia da baita ere oso berekoiak bihurtzen direla, beren erara nahi dute dena. Zaintzaileak ezin du hortik ihes egin. Ohikoena da zaintzaile nagusia egotea karga ia dena bere gain hartzen duena, eta gero laguntzaile batzuk izatea inguruan.

M. Silvestre. Sortzen dira oso harreman...

A. Arrillaga. Patologikoak.

M. Silvestre. Harreman gaixoberak. Emakume heldu, arduratsu eta inteligenteak ikusten dituzu exijentzia harreman batera makurtuak, eta egiten ez badute errudun sentitzen dira.

M. R. Arrizabalaga. Nik ez daukat gertuko harremanik jende zahar dependientearekin, pentsatzen dut mota guztietakoak izango direla, batzuek etxean egon nahiko dute, beste batzuek egoitzan. Guk oso garbi daukaguna da eztabaida ezina dirudien esaldi hori erauzi behar dugula, alegia, inon ezin dela egon etxean baino hobeto.

M. Silvestre. Hori aldatu egingo da.

M. R. Arrizabalaga. Baina gaur egun oraindik...

M. Silvestre. Ustea da adineko menpekoak etxean hobeto daudela, eta gainera, etxetik ateratzen badituzu ia-ia delitua egin duzu.

A. Arrillaga. Hori aldatu egingo da, bai.

M. R. Arrizabalaga. Begira, begira, zer dioen Menpekotasun Legeak: prestazioen helburuetako bat da, menpeko horri existentzia autonomoa erraztea ohiko bere ingurunean, nahi duen denbora guztian eta ahal den neurrian. Hori tranpa da. Adineko hori autonomoa izan dadin, hor atzean beste pertsona batek egon behar du. Eta zein dago atzean? Emakumea. Beste era batera idatzi behar da legea.

M. Silvestre. EAEko Gizarte Zerbitzuen Legeak sare instituzionala bultzatzen du etxetik irtetea errazteko. Agian gehiegi errepikatzen ari naiz, baina nire ustez zaintzaileak, familiako emakumea izan ohi denak, izan behar du zaintza horren kudeatzailea.

M. R. Arrizabalaga. Ni ez nago ados horrekin.

A. Arrillaga. Kudeatzailea, gizona ala emakumea...

M. R. Arrizabalaga. Hori da arazoa, erdi eta erdi balitz... Valentziako soziologoak esaten zuen kudeatzaile nagusiaren figura kendu beharko litzatekeela.

M. Silvestre. Orain figura hori ulertzen dugun moduan bai. Marko batean kokatuta ulertu behar dugu kudeaketa.

M. R. Arrizabalaga. Bai, eta hori nola egiten da?

M. Silvestre. Zerbitzu sozial onak egonda...

M. R. Arrizabalaga. Baina gaur egun...

A. Arrillaga. Delegatzea konplikatua da. Beti, beti egongo da kudeatzaile nagusia, zaharra etxean egonda, egoitzan egonda... Daukazun arazo bakoitzeko hiru semeri deitzen ezin zara ibili. Arlo ekonomikoa batekin, bestearekin osasun kontuak... gutxitan egiten da horrela.

M. R. Arrizabalaga. Nik gauza sinpleagoa esan nahi nuen esaldi horrekin, alegia etxean baino hobeto inon ez dagoela ez dela egia.

A. Arrillaga. Ez, hori ez da egia.

M. R. Arrizabalaga. Hala ere, emakumeak zaharrak zaintzera sustatzen segitzen dugu, maitasunaren izenean edo esanda hobe duzuela dirua jasotzea.

[Ainhoak buruarekin ezetz esan du].

M. R. Arrizabalaga. Bai, bai, ziurtatzen dizut baietz.

A. Arrillaga. Nik ez nizuke hain garbi esango. Familia batzuk oso garbi dute zer egin eta gizarte zerbitzuetara jotzen dute galdetzeko ea zer eskaintzen dioten etxerako. Matia Fundaziora askotan deitzen dute informazio eske. Nik beti animatzen ditut etxetik atera daitezen, probatu dezaten, utz ditzatela adinekoak beste pertsonen eskuetan. Ez gara perfektuak 24 orduz zaintzen aritzeko, beti behar da laguntza.

M. Silvestre. Zuk esan duzu legeak hau eta beste bultzatzen duela. Legeak bultzatzea baino gehiago da, sustraitua dagoela ohitura hori. Zaintzeko barruko beharra sentitzen dugu. Emakumeak zaintzan sozializatuak izan gara eta zaintza hori egiten ez baduzu errudun sentitzen zara. Umea haurtzaindegian uzten duen amaren barruko harra bezala da. Hori edan dugu!

M. R. Arrizabalaga. Zuk badakizu zein ondo etortzen zaien hori erakundeei? Hilean 300 euro ematen dizkigute, eta badakizu hori nolako gozoki ederra den? Erakunde publikoek, maila guztietakoek, emakumeak bultza behar dituzte ardura eta errudun sentimendu hori kentzeko. Erakunde publikoek zerbitzu onak eta nahikoak izan behar dituzte, eta familiak sustatu zerbitzu horiek erabiltzeko. Zerbitzu horiek ez dauden egoeretan etxekoek zainduko dituzte adinekoak. Guk salatzen duguna da hori ez dela gauzatu eta guk hau guztia badakigu, baina gizarte zerbitzu oinarrizkoetara doan emakumeari ez zaio horrela azaltzen. Zaintzaile horiei esaten zaie, “nola zuk hala nahi duzun...” diruz lagundu eta kito.

M. Silvestre. Udaleko gizarte langilearen lana ez da emakume hori bergizarteratzea.

A. Arrillaga. Ezin duzu inor derrigortu.

M. R. Arrizabalaga. Baina ezin diozu esan, “har ezazu diru hau, zeren egoitzan sartzerako...”.

A. Arrillaga.
Seguruasko esango diote, “hartu diru hau eta bitartean egoitzarako eskaera egingo dugu”.


Rosario, zu mentalitate aldaketaz ari zara.


M. R. Arrizabalaga. Adibide zehatza emango dut. Duela urte batzuk, legea martxan jarri zenean, Ermuko Udalak jardunaldiak egin zituen informazioa emateko eta zaintzarako eskaerak berrikusi zituen. Zaintzaile gehienek dirua eskatu zuten. Garai hartan, Ermuko Emakume Asanbladan emakume zaintzaileekin ari ginen lanean eta bileretan gehienek norberarentzako denbora eskatzen zuten! Gainera honelakoak esaten zituzten: “Ordaintzen badigute gehiago exijituko digute...”. Guregana zetozenek ez zuten dirurik nahi eta Udalera joandakoek dirua nahi zuten. Nola ulertzen da hori?

A. Arrillaga. Emakumeok zaintzea hain daukagu barneratuta, oso konplikatua da ideia hori burutik kentzea. Guk lana egiten dugu zahar horrek zerbitzuren bat edo beste erabil dezan, zeren oso zaila egiten zaigu emakumeekin hitz egin eta konbentzitzea anaia edo senarra inplikatzeko. Emakume zaintzaile horien zama arintzeko egiten dugu lan. Hori horrela da, denera ez gara iristen.


Emakumeen frustrazioa ohikoa al da?


A. Arrillaga. Puff! Oso indartsua da.

M. R. Arrizabalaga. Autolaguntzako ikastaroak egiten ditugu duela sei urtez geroztik. Azken pare bat urteotan talde terapeutikoak dirudite.

M. Silvestre.
Estres emozionala.

A. Arrillaga. Batzuek sendagaiak hartzen dituzte egoerari aurre egin ahal izateko.

Dirudienez, emakumea bera ere oztopo da zaintza etxetik ateratzeko.


A. Arrillaga. Guri emakume zaintzaileak esan izan digu: “Nola utziko dut ordubetez autolaguntzako taldera joan behar dudalako?”. Eta zergatik ez? Ez zara konturatzen ordubete zuretzako hartzen ez baldin baduzu ezingo duzula bera zaintzen segitu? Hain daude blokeatuta, elkarrekiko halako menpekotasuna daukate...

M. R. Arrizabalaga. Ez da norabide bakarrekoa.

M. Silvestre. Maitasun eta gorrotozko harreman hori nekagarria da, estresantea, tristea...

A. Arrillaga. Ez da horrela bizi behar gure bizitzako azken garaia. Hiru ume zaintzeko gai sentitzen gara, baina ez zaharrak zaintzeko.

M. Silvestre. Baina gizartea bizkarra emanda bizi da. Batetik, zahartzeari, alegia fisikoki eta intelektualki oso menpekoak izatera irits gaitezkeela ez dugu onartzen, eta bestetik, guztiz bizkarra emanda heriotzari.

A. Arrillaga. Lehen zaharra hobeto ikusia zegoen, baloratuagoa, orain asko galdu da hori.

M. R. Arrizabalaga. Duela urte batzuk “Zaintzea kosta egiten da” kanpaina eta jardunaldiak egin genituen. Diru asko kostatzen da, eta emakumeoi asko kostatzen zaigu zaintzea: osasun arazoak eta arazo emozionalak ditugu, ondorioak ditu gure autonomian, ondorioak ditu lan bizitzan. Emakume zaintzaileari bai, baina orokorrean emakumeari eragiten dio egoera horrek. Lan ez produktiboaren banaketa diskriminatzaileak emakumeak urrutiratu egiten gaitu boteretik eta aberastasunetik. Femeninotzat kodetutako jarduerak gutxietsi egiten dira, eta horren adibide dira zaintzaile langileen soldata baxuak. Gero esaten dugu gure zaharrek zaintza asko behar dutela eta horrelakoak, eta langileei kaka zaharra ordaintzen zaie.

M. Silvestre. Lanbidearen feminizazioak zerikusi handia du horretan.

M. R. Arrizabalaga. Hori da gaia! Lan horiek derrigorrezkoak dira, baina ez zaie balio sozialik ematen.

M. Silvestre. Ezta ekonomikorik ere.

M. R. Arrizabalaga. Noski. Oso-oso ona zara zu nire ama zaintzen duzulako, eta kito.

A. Arrillaga. Profesional horiei dena eskatzen zaie. Senideek zaintzaile perfektua nahi izaten dute.

Espainiako Estatuak onartutako Mendekotasun Legearen balorazioa egin ezazue mesedez.


A. Arrillaga.
Espektatiba handiak sortu zituen eta jendeak uste zuen inbertsio ekonomiko handia izango zela, eta aldaketak etorriko zirela, baina egia esan, gauzak ez dira hainbeste aldatu. Adibidez, etxe giroan zaintzeko laguntza ekonomikoak daude, baina laguntza hori nahiko txikia da, ez dizu aukerarik ematen, esate baterako, lana uzteko.

Laguntza ekonomiko batzuk baino ez, orduan.


A. Arrillaga. Bai. Begira, adibidez, gerta daiteke jubilatuta dagoen emakume batek norbait zaintzea eta nola diru sarreren muga gainditzen duen ez du laguntza horietarako aukerarik ere. Edo zaintzeko lana utzi duenaren kasua. 1.400 euro irabaziko zituen agian lehen eta orain 400 euro emango dizkiote zaintzeagatik. Legeak aitortzen du egiten duten lana, baina ekonomikoki ez du orekatzen. Gainerako zerbitzuek lehen bezala funtzionatzen dute. EAEko Gizarte Zerbitzuen Legea berria da eta ikusiko dugu zer edo zer aldatzen duen ala ez. Beno, egia esan gauza batzuk aldatu dira baina gutxi.

M. Silvestre. Legea egotea ondo baloratzen dut. Legea egoteagatik, ordea, ez dira arazoak konpontzen. Mendekotasun Legeak behar bati erantzuten dio, orain x graduan dago behar hori, eta laster esponentzialki haziko da. Gai hori arautzea aproposa, aipagarria eta beharrezkoa iruditzen zait.

Egia da espektatiba asko sortu zituela, eta Euskadin dugun konpetentzia sare korapilatsuan integratzerakoan eta krisi ekonomikoa kontuan hartuta, frustrazioa eragin du. Oinarrian, lege ona dela uste dut eta baita Gizarte Zerbitzuen Legea ere. Funtsezkoa da gizarte zibila egokitzea, jakinda inbertsio publikoak lehentasunezkoa izan behar duela. Lehen esan dut, jendeak diru-laguntza eskatzera jo du, nahiz eta txikia izan, eta legeak jasotzen dituen bestelako neurriak albo batera utzi. Krisi ekonomikoak eragin du hori batik bat: batere ez ala 400 euro, nahiago dut 400 euro izan, konsziente izan gabe zer esan nahi duen norberak bere gain hartzea zaintza lan osoa. Legeak sortu nahi ez lituzkeen egoerak agertu dira.

M. R. Arrizabalaga. Esan dituzuen gauza askorekin ados nago. Noski, legerik ez egotea baino egotea hobe da. Alabaina, Legeak ez du bermatzen emakume zaintzailearen posizio aldaketa. Lehen ere esan dut, helburua da adinekoari bizitza autonomoa erraztea, bere ohiko giroan eta nahi duen denboran. Helburu laudagarri horrek tranpa dauka, nork bermatuko du hori horrela izatea? Berriz ere begirada familiara daramagu, alegia, emakumearengana.

1998an Maria Teresa Bazok idatzi zuen horretan gaude: “Paradoxa bat gertatzen da horrela, populazioaren zati bat gizarteratzeko, adineko menpekoak, gizarteko beste zati bat kanpoan uzten da, zaintzaileak. Espero behar dugu politika sozialek ez dutela hori azpimarratzen segiko, zeren zaintzaileak eremu pribatuan eta publikoan menpeko bihurtzen dira”. Hamabi urte ondoren, zaintzaileak Maria Teresa Bazok deskribatzen duen egoeran daudela esango nuke. Lege horrek prestazio ekonomikoak lehenesten ditu, familiari eskainitako kanpo laguntzaren aurrean, zaintzaileak betikotuz. Eta Legeak berak dio, etxean zaintzeko laguntza ekonomikoak salbuespen beharko lukeela.

M. Silvestre
. Salbuespena arrunta bihurtu da. Legearen asmoa ez zen hori.

M. R. Arrizabalaga. Emakumeek krisiagatik laguntza ekonomikoei heltzea gauza bat da, baina kontua da ez dagoela denentzako adina zerbitzu ere. Laguntza ekonomiko horiek gainera, zailak dira kontrolatzen eta ez dute bermatzen helburu publikoa izango dutenik. Laguntzek balio izan dute askotan Gizarte Segurantzarik gabe lan egingo duten langileak kontratatzeko. Diru horrek izan behar zuen etxean zaintzaile diren emakume horiek Gizarte Segurantzan alta emateko, eta ez da hori lortzen.

A. Arrillaga. Hori ez da Legearen arazoa, familia bakoitzak jakingo du nola kudeatu diru hori.

M. R. Arrizabalaga. Legeak hori bultzatzen du, ordea.

[Ainhoa eta Maria batera: “Legeak ez du bultzatzen!”]

M. Silvestre.
Errealitateak gain hartzen duela, Legea aurreraegi joan dela eta ez duela aurreikusi... ados.

M. R. Arrizabalaga. Paperak edozeri eusten dio...

M. Silvestre. Eta zuk zer egingo zenukeen? Diru-laguntzak kendu?

M. R. Arrizabalaga. Agian udaletara bideratu behar da diru hori, etxeko arreta zerbitzura. Badakit askoz merkeagoa dela 300 euro ematea emakumeei, haientzako lanpostu duinak sortzea baino. Isabel Otxoak [Menpekotasunaren Arretarako Euskal Sistema Publikoaren aldeko Plataformako kidea] aipatu zuen artikulu batean nola dagoeneko Mendekotasun Legeari murrizketak etorri zaizkion. Ikusiko dugu hemendik aurrera zertan geratzen den, krisia tarteko... ezerezean geratuko da.

M. Silvestre. Lehen esan dugu nora bideratuko diren estatuen ahaleginak krisi ekonomikoari erantzuterakoan. Hemendik ezin du izan.

Ez zaituztet oso baikor ikusten.


M. R. Arrizabalaga. Ez.


M. Silvestre. Nik baietz uste dut, gauzak aldatuko direla.

M. R. Arrizabalaga. Nik ez, ez badugu borrokatzen behintzat.

M. Silvestre. Bai, aldatuko dira.

M. R. Arrizabalaga. Beste erremediorik ez dagoelako?

M. Silvestre. Bai, beharragatik. Borroka egin beharko dugula ukatu gabe, eta behatza zaurian sartu. Eskaera soziala izango da, ez emakumeena, edo talde minorizatu batena soilik.
Hizlariak
Ainhoa Arrillaga, Matia Fundazioko gizarte langilea
1981eko urriaren 8an jaio zen Donostian eta bertan bizi da. EHUn Gizarte Lanean graduatua da eta Soziologian lizentziatua. Bost urte daramatza Matia Fundazioan lanean. Fundazio horrek dituen hainbat zerbitzutan aritu da lanean, hala nola, adinekoen eguneko zentroan, egoitzan, apartamentu babestuetan eta egonaldi ertaineko ospitalean. Adinekoez gain, ezintasun fisikoak dituzten gazteen egoitzan egin du lan eta baita gaixotasun mentalak dituzten gazteekin elkarbizitza pisuetan ere.
 
 
 
 
 
 

Maria Rosario Arrizabalaga, Ermuko Emakume Asanbladako kidea

Ermuan (Gipuzkoa) jaio zen 1949ko urriaren 18an eta bertan bizi da. Feminista ermuarrak urte asko daramatza herriko Emakume Asanbladan. Kontuan hartuz mendekotasuna dutenak zaintzeaz batik bat emakumeak arduratzen direla, mendekotasuna dutenei eta zaintzaileei zerbitzu hobea eskaini asmoz plataforma bat sortu zuten, Mendekotasun egoeran bizi diren Ermuko bizilagunei arreta integraleko zerbitzua emateko Plataforma. Urte hauetan hainbat jarduera prestatu dute zaintzaren gaia lantzeko, eta besteak beste mendekotasun egoeran dauden bizilagunei laguntza emateko baliabide gida egin dute, eta baita zaintzaileentzako batzar ugari ere.
 
 
 
 
 

Maria Silvestre, Eusko Jaurlaritzako Emakundeko zuzendaria

1967an jaio zen Bartzelonan eta urte asko daramatza Bilbon. Politika Zientzietan eta Soziologian doktore. Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako eta Soziologiako Fakultateko dekanoa izan da (2004-2009), eta Emakumeen kontrako Indarkerian Esku Hartzeko Masterreko zuzendari, 2003an sortu zenez geroztik. Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietan, genero-ikasketetako ikerketa-ildoaren bultzatzaile. 2008ko irailean, ikasturte hasierako irekitze-hitzaldia egin zuen Deustuko Unibertsitatean, “Unibertsitatea berdintasunaren erronkaren aurrean” gaiaren inguruan.
Jose Luis Elosua, Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluko lehendakariordea
“Adinekoen %96k etxean bizi nahi du”
Zumaiarrak 64 urterekin hartu zuen erretiroa eta orduz geroztik boluntario lanean dabil. Herrian bertan hasi zen jubilatuen elkartean lanean eta orain Gipuzkoako Nagusilan elkarteko lehendakaria da eta baita probintzia horretako Adinekoen Kontseiluko lehendakariordea ere. Kontseiluaren egitekoa Foru Aldundiari gomendioak ematea da; Elosuak garbi dauka adinekoentzat ezer egiteko, adinekoek izan behar dutela protagonista.

Nagusilanen adineko boluntarioak biltzen zarete. Zertarako sortu zen elkarte hori?


Mende honetan aurre egin behar diogun gauza garrantzitsuenetakoa bakardadea da. Nik esaten dut 110 bat urte biziko naizela, eta esango dizut zergatik: nire aitona 76 urterekin hil zen, aita bizi dut 97rekin, orduan niri 110 edo 115 bat tokatzen zaizkit [barrez hasi da]. Nire broma honek badauka sakontasuna: askoz denbora gehiagoz bizi gara, hori konkista handia da, baina behar handiak dakartza, bai gizartearentzat eta baita administrazioarentzat ere. Behar horietako bat da bakardadea. Adinekoen %95-96k etxean bizi nahi dute, ez dute egoitzetara joan nahi.

Inkestek portzentaje horiek erakusten al dituzte?


Eusko Jaurlaritzako azkeneko inkestak ere antzeko zifra erakutsi du. Horrek dakarren ondorena da adinekoak etxean zaindu behar direla, eta zahar denak etxean zaintzeko langileak ez dira ailegatzen. Hori ari gara borrokatzen Adinekoen Kontseiluan, Eusko Jaurlaritzan... Gure lanik garrantzitsuenetakoa da etxez etxeko laguntza zerbitzuetan indarra jar dezaten eskatzea.

Bakardadea aipatu duzu eta zaharrek etxean egon nahi dutela. Era berean etxean zaintzeko gero eta arazo gehiago dago.
Noski. Denbora ikaragarri pasatzen dute bakarrik, etxeetan, eguneko zentroetan eta egoitzetan. Hori garbi-garbi ikusten dugu. Nagusilanen misioa bakardadeari aurre egitea da.


Zuek non egiten duzue lan?


Egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxeetan aritzen gara. Gure kontura ez dugu ezer egiten. Herri batean taldea sortzen baldin badugu egoitzara joaten gara eta sei-zortzi lagun prest egoten gara han daudenei konpainia egiteko. Egoitzak berak esaten digu gutako bakoitzak zein egoiliarri lagunduko diogun. Hortik aparte ordea, eta horri garrantzi handia ematen diogu, animazioa egiten da, alegia, abesbatzak, antzerki taldeak, bingoa, karta jokoak antolatu, Gabonak, Erregeak, iñauteriak ospatu... Banan-banako laguntza zerbitzua eskaintzen baduzu dozena batekin egotea lortzen duzu, baina ehunka lagun daude egoitzetan. Saiatzen gara egoitzako kide guztiek parte hartzeko modua egiten. Eguneko zentroetan ere berdin.

Eta etxeetan?


Etxeetan konplikatuagoa da. Ez dugu ezer egiten Udaletako Gizarte Zerbitzuen ardurapean ez bada. Ez gara behin ere gure kasa ibiltzen, izugarrizko hankasartzeak egin daitezke-eta, agian seme batek nahi du gu joatea, eta alabak ez du nahi... Familiek eskaerak egiten dituzte Udaletxean eta gero guri laguntza eskatzen digute. Adibidez, sendi batek eska dezake adinekoa astean pare bat aldiz paseatzera ateratzea. Gure taldeetan aipatzen ditugu eskaerak eta boluntarioak prest egoten dira bati eta besteari laguntzeko.

Dena dela, oso diferentea da boluntarioa izan egoitzarako ala etxerako.


Zergatik?


Egoitzan taldean zaude, boluntarioek elkarren babesean egiten dute lan, baina adineko baten etxera bazoaz beste izaera bat izan behar duzu, beste ziurtasun bat zeure buruarekin... ez du edonork nahi izaten etxeetara joatea. Gauza bat da gurpildun aulkian kalera ateratzen laguntzea, eta beste bat, aldamenean eseri eta kontuak esaten eta periodikoa leitzen egotea.

Elkartean emakumeak eta gizonak pareko al dira kopuruz?


Boluntariotza denean bezala, emakumeak gehiago dira gurean ere, baina ez dago alde handirik, %60 inguru emakumeak eta gizonak %40 inguru. Gizonezkoak asko dauzkagu, herri batzuetan gizonak gehiago dira emakumeak baino. Gipuzkoan 900 boluntariora urreratu gara eta beste bi herri lotzeko bidean gaude. Orain 28 herritan dago Nagusilan.

Adinekoak laguntzen berdin moldatzen al dira gizonak eta emakumeak?


Bai. Beno, nahiago izaten dute gizonak gizonekin eta emakumeak emakumeekin. Emakumeek erreparo pixka bat jartzen dute gizasemeak laguntzaile izateko, alderantziz gutxiago.

Hasieratik aipatu duzu bakardadea, ezintasun fisikoak baino lehenago.


Guk oso gutxi egin dezakegu menpeko diren adinekoei laguntzeko. Horretarako etxez etxeko zerbitzua behar da. Etxeetara boluntarioak joatea ondo dago, baina ez da nahikoa. Gai horrek kapitulu osoa behar du: lehenbizi etxeak baldintza onetan egon behar du, eta horrek zer esan nahi du? Jende askok bainuontzia dauka oraindik, eta lurraren mailako plataforma jarri beharko litzateke. Jende askok ez dauka berogailurik; hozkailurik; etxera sartzeko aukerarik, igogailurik ez daukalako... hori da bat. Eta halako gabeziez gain, adineko horrek laguntza behar badu, pentsa ezazu... Zahar horrek arreta soziosanitarioa behar du etxean. Administrazioa konturatuta dago hori guztia egin behar duela, baina oraindik hori dena lotzeko dago.

Eusko Jaurlaritzak esan du, etxean egon nahi duten zaharren datu horiek adierazten diotela nondik jo behar duten. Guri oso ondo iruditzen zaigu adinekoentzako zerbitzuak antolatzea, baina zaharrak kontuan hartu gabe ez. Guk hor egon nahi dugu.

Bakardadea bai, baina etxeetarako orain kontatu ditudan baldintzak lotzen ez baditugu, orain datorrenarekin ez dakit zer gertatuko den.

Behar handia dago eta administrazioa atzetik dabil?


Konturatu dira Gizarte Zerbitzua ez dela gastua, inbertsioa baizik. Bazen garaia horra iristeko! Gizarte Zerbitzuan jartzen den euro bakoitzeko bueltan 1,30 euro etortzen omen da. Beraz, “zeren zain zaudete?” galdetuko nieke.

Zahartzaroa eta lagundu beharra, arazotzat eta gastutzat ikusi ohi dira oraindik ere.


Lehen ez ginen orain beste bizitzen eta etxean zaintzen gintuzten. 60 urtekoa jubilatu eta 70ekin zerraldo zegoen. Orain 70 urterekin jubilatzea nahi dute.

Erabakiak hartzeko zuek hor egotea nahi duzuela esan duzu.


Guk ez dugu nahi ezer egiterik gurekin kontatu gabe.

Administrazioari zer eskatzen diozue?


Batetik, etxebizitzak baldintza onetan jarri. Bestetik, etxez etxeko laguntza uste dut batez bestekoa astean hiru ordukoa dela. Askoz ere ordu gehiago behar dira, langile gehiago, hor inbertitu behar da.

Eskaerak beti zaharrak etxean zaintzeko egiten dituzue.


Hori nahi dute zaharrek.


Oso garbi daukazue.


%95-96ak etxean egon nahi du. Horrek konplikazio asko ekartzen ditu, lehen aipatu ditudan horiek denak. Adibidez igogailurik ez daukala etxe horrek? Ezin al zaio jarri? Eta ezin bazaio jarri ezin du zaharrak beste etxe batera joan bizitzera? Babes ofizialeko etxebizitza zergatik ezingo du bada eskuratu zaharrak? Edo trukea egin daiteke, zaharra igogailua duen gaztearen etxera joan dadila eta gaztea igogailurik gabeko zaharraren etxera. Gauza horiek denak mahai gainean daude.


Mendekotasun Legeari buruz zein iritzi duzu?


Oso beharrezko legea da. Ez du behar adina eman, ez dutelako behar adina diru inbertitu. Hori Espainia kontuan hartuta esango nuke. Gipuzkoan adibidez, nik uste dut legea beste toki askotan baino hobeto ari dela garatzen, eta pentsatzen dut gure bultzadak zerikusi pixka bat izango zuela.

Gabezia zehatzen bat aipatzekotan zein esango zenuke?


Adinekoaren menpekotasun maila baloratzen da eta balorazio horretan aldeak egoten dira, nork egiten dituenaren arabera. Ez dira ados jartzen balorazioan. Eta gero, zerbitzu horiei guztiei segi egin behar zaie, alegia, ikusi behar da ea adinekoari eskainitako laguntza ondo betetzen den ala ez.

Badira ikuskaritza batzuk, baina guk uste dugu gutxiegi dela. Hor tartean tratu txarrak ageri dira, etxeetan, egoitzetan eta eguneko zentroetan, toki guztietan. Detektatzen zailak dira, baina badakigu hor daudela.

Mahai gainean jarri duzue gai hori.


Bai. Administrazioak, bai Eusko Jaurlaritzak eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere badakite tratu txarrak hor daudela, baina zaila da atzematen. Horregatik diot Mendekotasun Legearen hutsuneetako bat jarraipena dela, zerbitzuak abian jartzen dira, baina gero ez dakigu zahar bakoitzari ematen zaion laguntza hori ondo gauzatzen ari diren ala ez, ez dakigu etxera laguntzera joan den horrek lagundu beharrean jo egin duen, garbitu beharrean zikindu egin duen... ebaluaketa sistema behar da.

LARRUN
2010ko urriaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Eguneraketa berriak daude