Hernan Cortesek zapaldutakoen memoria

aztec
Aztec. Gary Jennings. Atheneum Books (1980).

Gary Jennings (1928-1999) estatubatuar idazleak hamabi urte eman zituen Mexikon, herrialde hartako historia ikertzen, eta emaitza “trilogia azteka” deritzona izan zen. Hirukoteko lehenengo alea Aztec nobela bikaina da, 1980koa; hurrengo biekin ez zuen maila bera erdietsi, baina lasai, ez zaitzala “trilogia” berbak nahastu: Aztec-en kontatzen den istorioa beregaina da eta ez dauka, zorionez, ondorengo bi saio ustelagoen beharrik.

Zorroztasun historikoari ez dio ezer zor Jenningsen eleberriak. Izan ere, Virginian jaiotako egilea gehiago nabarmendu zen zorroztasun horregatik, bere idazle dohainengatik baino. Hala ere, eta esku artean hartzean ikaratuko zaituen arren –ia 900 orrialdeko haritzarra da–, hasi eta berehala harrapatuko zaitu liburuak. Higuina sortzeraino bortitzak diren pasarteak maiz tartekatuta, Aztec-ek mexika herriko gizon baten bizitza kontatzen du –zuzenagoa zatekeen Mexic izenburua–; beraren bitartez Jenningsek gaur Mexiko esaten zaion lurralde horretako herrien bizimodua deskribatzen digu, espainiarrak iritsi aurreko urteetan eta baita konkistaren hasieran ere.

Historia ofizialak dioenaren kontrakorik esan gabe, gertatutakoa konkistatuaren ikuspuntutik azalduz haize berria eskaintzen du nobelak. Gainera, zirrikitu bat aurkitzen duen bakoitzean Jenningsek bestelako bertsioa eskaintzen du: esaterako, bere ustez Motecuzoma benetan nork hil zuen esaten digu –Historiak argitzeke dauka–, eta Malintzin traidorearen jatorria testu-liburuetan aipaezina litzatekeen eran agertzen du. Kasik esango nuke traidore modura aurkezte hutsa eskertzekoa dela, beti espainiarren bertsioa entzutera ohituta gaudenontzat.

Eguneraketa berriak daude