Ureztatu liteke baratzea zementuarekin?

  • Artezpideak, lurraldea antolatzen duten gidalerro nagusienak, birmoldatu egin behar ditu EAEko administrazioak. Hirigintza operazio ororen “manamenduak” eta ingurumenaren babeserako balizko aterpea dira. Birmoldaketa horrek, garraio azpiegitura handiak eta hirien arteko lotuneak lehenetsiko dituela salatu dute sindikatu eta gizarte kolektiboek.

Tunela
TunelaDani Blanco

Bilboko Euskalduna jauregian 2009ko azaroan egindako Euskal Hiria kongresuak apenas izan zuen lerro batzuetako tartea hedabide nagusietan. Kongresu horretan baina, hurrengo urteetako lurralde politika arautzeko gidalerroen zirriborroa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak: Lurralde Antolamendurako Artezpideak (LAA). Besteak beste, plataforma logistikoei eta mugikortasunari garrantzi gehiago ematen die.

Egun indarrean dauden LAAk 1997an sortu ziren, EAEko antolaketa planen (sektorialak nahiz partzialak) erreferentzia gisa erabil zitzaten. Udal batek polikiroldegi bat egin nahi badu, edo aldundi batek errepide bat, edo Jaurlaritzak aisialdirako natur parke bat, hori guztia egin behar du LAAetan jartzen duena kontuan edukita. Populazioa, turismoa, etxebizitza, hondakinak, ura, azpiegiturak, ingurumena... bakoitzari funtzionaltasun bat ematen die LAAek. Artezpideok ordea, oharkabean pasa dira.

Artezpideak berrikusteko ordua

LAAk zortzi urtean behin errebisatu edo birmoldatu behar dira legez, eta Eusko Jaurlaritza horretan hasi da. Alfonso Sanz Lurralde Antolamendurako zuzendariaren esanetan, arrazoiak badaude birmoldaketa egiteko: “Gure lurraldearen estruktura ez da oinarrian aldatu, baina azken urteetan hainbat erronka sortu dira, LAAk idatzi zirenean ez zeudenak: aldaketa klimatikoa, berrikuntza, hondakinen birziklapena...”.

Oraingoz, Berrikusketa izeneko erreflexiorako txostena soilik eskura liteke Euskadi.net atarian –Bilboko kongresuan aurkeztutako bera–.Txostena Fundación Metrópolik egina da, Alfonso Vegara arkitekto entzutetsu buru den elkarteak. Vegarak badu esperientziarik arlo horretan, Espainiako hainbat erkidegotako lurralde gidalerroak idatzi izan baititu Taller de Ideas enpresaren bidez, tartean egungo EAEkoak. Bestalde, Euskal Hiria Net proiektuarekin 2006ko Hirigintzako Europako Saria jaso zuen Vegarak. Aurrekari horiek ikusita, adituek lupaz begiratu diote Berrikusketa-ri, dokumentu horretan tankera hartu baitaiteke hurrengo LAAk zer filosofia izango duten.

Fundación Metrópoliren oinarrizko teoria “hirien mundua” da eta EAErako egindako proiektuak horixe islatzen du: Euskal Herria Milan-Lisboa eta Paris-Madrid ardatzen “errotula” izango litzateke. Ondorioz, txostenak garrantzi handia ematen dio garraiorako eta logistikarako azpiegiturak garatzeari (AHT, superportuak, autopista berriak...). Horrez gain, konpetentzia “globalari” aurre egiteko, berrikuntzatz eta “jakintzaren gizarteaz” hitz egiten du txostenak.

Dena den, Alfonso Sanzen arabera Berriskusketak ez ditu aurreko LAAk ordezkatuko, hauek “proposamen berriekin gaurkotu eta zabaldu” baizik. Esaterako, aurreko artezpideetan ere definitzen zen “Hiriburuen Sistema Polinuklearra” eta oraingo birmoldaketak figura hori indartuko du, baina era berean, erdi-mailako herriak ere bultzatuko ei dituzte artezpideek eta modu horretan “orekatuago, anitzago eta interkonektatuagoa” egongo den “hiri-eskualde polizentrikoa” sortuko da, Sanz-en esanetan.

Kritikak berrikuspenari

Gizarte kolektibo, alderdi eta sindikatuek euren iragazia pasa diote Berriskusketa-ren hitz eta kontzeptu urbanistikoei. Euren ondorioa da artezpide berriek hiria bultzatuko dutela eta azpiegiturak lehenetsi. Urbanistikaz aritzen den Hiripublika blog kritikoan honela idatzi dute Hiriburuen Sistema Polinuklearraz: “Hiriburuak, sistemaren erpinak, jarduera nagusien jatorri eta helmuga bihurtzen dira, eta obsesioa orduan erpinen arteko distantzia murriztea da”. Blog honetako kideek azaldu dutenez, ez 1997ko artezpideek, ez oraingo birmoldaketak, dituzte kontuan hartzen eskualdeak egitura organiko moduan, eta hirien arteko lurraldea “trantsizio-eremu” soil bilakatu dute.

Hain zuzen, EHNE sindikatuak artezpideen birmoldaketari egindako kritika nagusietako bat da nekazal lurraldeak “aisialdi” gune bilakatuko dituela: “Lurralde osoa zementu eta porlanez beteko dute –dio Iratxe Arriola sindikatuko abokatuak–. 240.000 hektarea ditugu nekazaritzarako, eta hori baino lau aldiz gehiago beharko genuke. 2000. urtean 26.000 hektarea artifizialdurik zeuden eta 2009an 56.000 hektarea ziren... Hori bateraezina da behar dugun elikadura ereduarekin”. Arriolaren esanetan herri txikienak aterako dira kaltetuen LAA hauekin, “sistema polinuklearrak nortasun galera handia ekarriko die”. Baina EHNEren kritikak ez dira horretara mugatzen. Sindikatuak azaldu duenez, LAAak birmoldatu dituztenek merkatu “globala” aurreikusten dute merkatu “lokalaren” gainetik, eta erregioen arteko fluxua handituko denez, “garraio azpiegitura berriak eraiki beharko dira, gero eta trinkoagoak eta gaitasun handiagokoak”. EHNEk adibide gisara jartzen du Bilboko aireportuarentzat proposatzen dena. Vegararen txostenak hub –transferentzia ugari egiten diren aireportuak izendatzeko anglizismoa– intermodal handi bat, begiztatu du aireportu horretan, AHTaren geltokiarekin eta itsas portuarekin lotua.

Eusko Jaurlaritzak ukatu egin du birmoldaketak hiritartze prozesua bizkortuko duenik: “Berrikusketak espresuki dio nekazaritzarako guneentzako desiragarriena dela egungo erabilera mantentzea”. Horrez gain, Alfonso Sanzek azaldu du birmoldaketak ez duela lehendik ez zegoen azpiegitura handirik egitea proposatzen, egungoen “funtzionaltasuna eta integrazioa” hobetzea baizik.

LAAen birmoldaketa ez ezik, orain arteko aplikazioa ere auzitan jarri dute askok, sortu ziren helburuen justu kontrakorako erabili  direla diote. Dani Maeztu ingurumen gaietan adituak eta Aralarreko kideak kritika gogorra egin dio orain arteko artezpideen garapenari. Bere esanetan LAAk “txinerazko Kixote bat edukitzea bezala dira”. Maeztuk dio itxaropena zutela LAAekin nekazal guneak mantentzeko estrategiak landuko zirela: “Baina gai horiek erregulatu beharko lituzketen plan sektorialek ez dute argirik ikusi. Hori beharrean, LAAek balio izan dute egungo garapen eredua elikatzen duten aktibitateak babesteko”.
Nola egin da parte-hartzea?

LAAen birmoldaketa instituzioen artean ezagutarazi du Jaurlaritzak: Lurralde Politikarako Aholku Batzordean, Adituen Foroan, Udal Foroan... Oraingoz, artezpideen birmoldaketa ezagutzeko aukera ireki bakarra joan den urtean Bilbon egindako Euskal Hiria kongresua izan zen. Herritarren parte-hartze eskasa oso kritikatua izan da birmoldaketa horren kontra daudenen aldetik. Dena den, Lurralde Plangintzarako sailak esan du prozesua oraindik ez dela hasi eta herritarren parte-hartzea oraindik ez dela ireki, “hori bere momentuan egingo da” dio Alfonso Sanz zuzendariak, eta horretarako “gaur egungo lan tresna berriak” erabiliko direla gaineratu du.

Artezpideen Berrikusketa osatu aurretik, Ingurumen sailak  txosten bana eskatu zien bost adituri, LAAen bilakaera eta balorazioa jakiteko. Txosten horiek Berrikusketa egiteko kontuan hartu zirela dio Jaurlaritzak. Aditu guztiak bat datoz esatean LAAk garrantzi handia dutela lurralde politika aurrera eramateko, eta birmoldatu beharra daudela. Dena den, zorrotzago ageri dira txostenok zenbait konturekin. Esaterako, Jon Leonardo soziologia katedradunaren arabera nekazal guneak babesteko arauei izkin egin izan zaie orain arte: “Modu horretan, gure nekazal herriak standing altuko lotarako gune bihurtu dira”. Jose Allende EHUko irakasleak ere nekazaritzarako lurrak berreskuratu beharraz hitz egiten du, eta horrez gain, “produkzio lokala, kontsumo lokala” maximari jarraitu behar zaiola dio.

LAAk ez dira “aldatuko”, baizik eta “birmoldatu”. Ondorioz, eman beharreko pausoak askoz sinpleagoak dira: behin moldatu beharreko puntuak definituta, eta Gobernu Kontseilutik pasa ondoren, dekretu bidez onartuko da. Lurralde Plangintza sailak astekari honi azaldu dioenez urtebete inguru igaro liteke tramitazio guztia burutu arte.

 

Zein da alternatiba?
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) LAAen birmoldaketaren alternatiba idatzi du (www.egk.org/argitalpenak helbidean). EGK erakunde publikoan parte hartzen dute arlo ezberdinetako 55 elkarte, sindikatu eta erakundek. Ordezko dokumentuak honako galderari erantzuna eman nahi izan dio: “Zer eratako garapena nahi dugu?”. Hona zehaztutako gai batzuk:

- Ekoizpena:  Produktuen banaketa kanalak ahalik eta laburrena izan behar du, arrasto ekologikoa txikitzeko. Garraio azpiegituretan tokiko biztanleen beharrak kontuan eduki eta garraio kolektiboa bultzatu. Hondakinak atez ate bildu, erraustegien beharrik ez izateko.

- Etxebizitza: Etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairu soziala bultzatu. Etxebizitzen eraberritzea eta iraunkortasuna bermatu, hirigintza jasangarri eta integratzailea sustatuz.

- Industria: Industria ekoizpen-sarea lurralde osoan modu orekatuan dentsifikatu behar da.

- Energia: Kontsumoa gutxitu eta eraginkortasuna handitu. Energia garbiak erabili.

- Nekazaritza: Elikadura subiranotasunaren alde egin. Azpiegitura komunak sortu. Herri-lurren arautze zehatzagoa. Transgenikoen kontrako borroka.

- Giza eta kultura garapena: Demokrazia parte-hartzailea sustatu. Genero ikuspegia eduki. Pertsonen oinarrizko beharrak asebete.

- Gizarte-ardura: Dumping sozial, ekonomiko eta ekologikoa alde batera utzi. Ertura edo desazkundearekin balioa eta zoriontasuna sortu, materia eta energia gutxiago erabiliz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


Galizian 13 parke eolikoren proiektuak geldiarazi ditu justizia auzitegiak, ingurumenean izan ditzaketen ondorioengatik

Berriztagarriek Galizian ere sukarra bizi dute eta proiektu ugari justizia auzitegietan dira momentu honetan. Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak haietako hamahiruren gaineko suspentsioa agindu du, eta horretarako bere irizpideak egokitu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Antzuolan 200 metroko haize errota irudikatu dute giza katean

Irimo mendian Cilda Energy SLU enpresak 200 metroko bi haize errota ezarri nahi ditu, Trekutz izeneko proiektuaren baitan. Dimentsioaz jabetzeko giza katea egin dute Antzuolan otsailaren 25ean, Meaka-Irimo herri plataformak deituta "berriztagarriak bai, horrela ez!"... [+]


Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Eguneraketa berriak daude