Ordainpeko lanak segitzen du agintzen

  • 2008ko EAEko datuak dira: lan ez ordainduaren %75 emakumeek egiten dute eta lan ordainduaren %62 gizonek. Beraz, emakumeek lan karga osoaren %54 hartzen dute bere gain. Ordutan esanda, batez beste emakumeek 6 ordu eta 35 minutuz egiten dute lan egunero (ordaindua zein ez ordaindua), eta gizonek 5 ordu eta 36 minutuz. Denbora kudeatzerakoan, sexuen arteko banaketa nabarmena da. Alabaina, zer dago ehunekoen eta ordu-minutuen atzean?
Denbora nola kudeatzen eta banatzen dugu gure gizartean, genero ikuspegia kontuan hartuta? Batera eta bestera begira hasi, eta Euskal Herrian bederen, maila teorikoan gutxi landu dela iruditu zaigu. Joan den ekainean begia luzatu genuen EHUko Udako Ikastaroetan Emakundek antolatutako jardunaldietara. Ondoko izenburua zuen: Berdintasunaren garaia? Denborari, generoari eta giza antolaketari buruzko hausnarketak. Sei hizlarietatik bakarra zen Euskal Herrikoa, pentsa genezake gai hori lantzeko bertako askoz aditu gehiago ez dagoela. Denetarik izan zen, hitzaldi batzuk bikainak eta beste batzuk soziologia ikuspegitik bai, baina genero ikuspegitik oso gutxi landutakoak. Matxalen Legarreta artearra (Bizkaia, 1977) domestizitatearen inguruko tesia prestatzen ari da. Hark denbora eta generoa elkarrekin aztertzeko proposamen berezia egin zigun. Artearraren proposamena, edo berak esan bezala probokazioa, azaltzen saiatuko gara.

Errudun sentsazioa ez da zenbakitan neurtzen

Gizonek eta emakumeek denbora zertan igarotzen duten azaltzeko estatistikak ezagunak ditugu. Tartean behin sarreran aipatu ditugun moduko datuak helarazten dizkigute hedabideek. Balio dute, nolabait, denbora nola banatzen den kuantifikatzeko, eta ikusteko nola genero banaketaren balantza alde batera dagoen erorita. Era horretako inkestak gutxi eta garestiak direla nabarmendu zuen Udako Ikastaroetako hizlari batek baino gehiagok. Legarretaren ustez, gutxi eta garesti izateaz gain mugatuak dira, gauza batzuk neurtzeko balio dute, baina beste askok ihes egiten du. Soziologo artearrak eztabaida taldeak osatu zituen tesia prestatzeko eta han jasotako adibide batzuk erakutsi zizkigun estatistikei ihes egiten dien hori azaltzeko: emakume batek kontatu zuen nola goizez eta arratsaldez umea eskolara eramaten zuen, denbora tarte horietan etxetik lana egiten zuen enpresa batentzat eta gainerako denbora umearekin pasatzen zuen. Gauez ere lan egiten zuen. Bizi erritmoaren ondorioz 43 urterekin menopausia etorri zitzaion. Leher eginda zegoen emakumea, baina aitortu zuen ordu horietan umearekin egon ez bazen errudun sentituko zela. Bigarren adibidea: beste emakume batek kontatzen du nola bere amak hezi zuen umeak ondo hazteko eta etxea hautsaren arrastorik gabe edukitzeko. Gaur egun, egongelako hautsa astebetez kendu gabe lasai egoten da, baina orain arte errudun sentsazioa ikaragarria izan da. Bi adibide baino ez. Denboraren kudeaketaz ari dira. Nola neurtzen dira emakume zein gizonen sentipenak? Estatistikek ez dituzte denboraren kudeaketan ageri diren alde moral eta afektiboak neurtzen, ezta botere harremanak ere.

Dohaintza

Legarretak, eztabaida taldeei entzun eta gero, denbora dohaintzaren ikuspegitik begiratzea proposatu zuen, beti ere etxeko lanetan eta familian oinarrituta. Dohaintza Marcel Mauss antropologoak azaltzen duen eran erabili du Legarretak. Alegia, eman, jaso eta itzuli egiten dira objektuak edo zerbitzuak. Auzolana da horren adibide, txerri hiltze garaian auzotarrak baserri batetik bestera dabiltza elkarri laguntzen, gaur zurean eta bihar nirean. Txerria ere hala banatzen da, hau niretzat eta hori zuretzat. Zerbait ematen duzun momentutik zirkulua ireki da eta norbanakoak espero du, denbora batera, zirkulu hori itxiko dela, hots, gaur emandakoak edo eskainitakoak buelta izango duela halakoren batean. Denbora bi eratara ulertzen da dohaintzaren joko honetan: batetik, nik nire denbora eskaintzen dizut –arropa garbitu, amona zaindu, umearekin egon– eta testuinguru horretan denbora norbanako guztiok dugun baliabidea da. Eta bestetik, hasitako denbora horren bukaeraren zain geratzen zara –nik nire haurra zainduko dut orain eta zahartzen naizenean berak ni zainduko nau–. Esan dugu denbora norbanakoaren baliabidea dela, baina dohaintzaz ari garela denbora ez da saltzen dugun baliabidea –lan merkatuan hala egiten dugu– ezta oparitu ere –enpresak ordaindu ez dizkigun lan orduak adibidez–.

Denbora baliabide ekonomiko gisa neurtzen da lehen aipatutako estatistiketan, hainbeste ordu aisialdia, hainbeste ordainpeko lana, horrenbeste ordaindu gabeko etxeko lanak... Dohaintzak baliabide morala hartzen du kontuan, jendeari ez dio galdetzen zenbat minutu igarotzen dituen egunero etxea garbitzen edo umea zaintzen, garrantzia daukana da nola sentitzen zaren haurra haurtzaindegian utzi duzunean, edo bilobak zaindu behar dituzunean, edo aita eguneko zentrora eramaten duzunean.

Eta oreka apurtu bada?

Legarretari batek baino gehiagok esan dio dohaintzaren logika hori jada apurtua dagoela, orain beste logika baten bidez mugitzen garela. Artearra ez dago ados eta eztabaida taldeetan entzundakoak ekarri ditu gogora. Horietako pasarte hau argigarria da: “Hemen gauden belaunaldia ziurrenik okerren biziko garenena da. Gure seme-alabak zaindu ditugu, gurasoen esana bete dugu eta zaindu ditugu, eta seme-alabek ostikada emango digute”. Gizon jubilatuak esan du hori, katea apurtuta ikusten du gizon horrek, ez dauka seme-alabek zainduko duten esperantzarik, baina hala izatea espero zuen. Katea apurtuta ikusteak esan nahi du kate hori kontuan hartzen dugula. Gizon jubilatuen taldean ezezik gazteenen eztabaida taldeetan ere gai hori atera da, alegia, nork zainduko gaitu etorkizunean? Ez baitaukagu barneratuta zahartutakoan etxekoek ez gaituztela zainduko.

Italiako Alderdi Komunistako emakumeak

Hasieran esan dugu, Legarretarena denboraren kudeaketa genero ikuspegitik aztertzeko proposamena edo probokazioa da. Beste kontu bat da nola eragin denbora kudeaketan banaketa parekideagoa izan dadin.

Denboran oinarritutako politikek urte gutxitako bizitza dute Europan, eta aurrekariak Italian daude. 1980. urtean Italiako Alderdi Komunistako emakumeek Le donne cambiano il tempo (Emakumeok denbora aldatzen dugu) izeneko lege proposamena jarri zuten abian. Proposamenak gizartean eskubideak eta betebeharrak berdin banatzea eskatzen zuen, eta abiaburu gisa hartzen zuten tradizioz emakumeek etxea eta familia zaintzan egin duten lan ez ordaindua. Alor hori bizitza sozialaren, ekonomikoaren eta politikoaren erdigunean ezarri nahi zuten. Gizarte antolaketa berria aldarrikatzen zen, non emakumeen eta gizonen arteko oreka egongo zen. Era berean, lan ordainduak egituratzen duen denbora banaketa ezbaian jarri zuten, alegia, zortzi ordu lana, zortzi ordu aisia eta zortzi ordu atsedena. 24 orduko egitura horrek ez du beregan hartzen bizitza sortzea, hau da, etxeko eta familiako beharrei erantzutea. Oraindik, gizarte antolaketak genero rolen banaketa mantentzen du: gizona lan merkatuan dago eta emakumeak jarraitzen du etxearen eta familiaren ardura izaten; lan ordaindua egiten badu osagarria baino ez da. Italiako emakume komunisten aldarria zen denboren duintasuna azpimarratzea eta eguneroko bizitzari balio handiagoa ematea, jarrerak eta gizon-emakumeen arteko botere harremanak aldatuz.

30 urteko ibilbidea duen proposamenak denbora hiru dimentsiotan ulertzen du; gizakiaren bizi zikloa kontuan hartzen duen denbora, lanean oinarritutako denbora –ordainpekoa eta ordaindu gabekoa– eta hirietako denbora. Italian lehen pausoak eman zituen aldarriak adarrak hedatu ditu Frantzian, Alemanian eta Espainian. Alabaina, denbora politikak gauza berria dira gure gizarteetan eta Italiako proposamenak halamoduz jarri dira praktikan batean eta bestean. Batzuetan saiakera zehatzak egin dira eta gero ez dira garatu, besteetan genero ikuspegia ahaztu egin zaie.

Denbora ulertzeko hiru dimentsioetatik, gutxien landutakoak eta emaitza kaxkarrenak eman dituztenak gizakiaren bizi zikloa eta lan denbora kontuan hartzen dituztenak izan dira. Bigarren multzo horretan sartzen dira Frantziako 35 orduena, Finlandiako 6+6 eredua eta Erresuma Batuko Lana eta Bizitza Oreka neurri sorta.

Arrakasta gehien maila lokaleko denbora politikek izan dute. Hainbat udalek denbora eta espazioa kontuan hartuta, eta genero ikuspegia alboratu gabe, politika interesgarriak egin dituzte. Katalunia izan da Italiako arrastoari segika ibili denetakoa eta Bartzelonako Udalak berak Denboraren Erabilera Sozial Berriak izeneko egitasmoa du abian. Ondoko orrian elkarrizketatu dugu programaren arduradun Carme Freixa.



Matxalen Legarretak egin dituen talde eztabaidetako testigantzak honako testuetatik jaso ditugu:
- Legarreta, Matxalen (2008) El tiempo donado en el ámbito doméstico. Reflexiones para el análisis del trabajo doméstico y los cuidados. Cuaderno de Relaciones Laborales, 26, 2 zbk. (49-73).
- Legarreta, Matxalen (2010) Lógicas temporales y desigualdades de género. El tiempo donado en el ámbito doméstico. Monzón, Mª Eugenia; Chivite de León, Mª José eta Hernández, Beatriz, Frontera y género. Plaza y Valdés.
Carme Freixa, Denboraren Erabilera Sozial Berriak egitasmoaren arduraduna
“Lantegiko sirenak dagoeneko ez du jotzen, baina joko balu bezala bizi gara”
Bartzelonako Udalak (Katalunia) Espainiako Estatuko, eta ia Europako, lehenengo Denboraren Zinegotzigoa jarri zuen abian 2003an. Krisiaren ondotiko murrizketak direla-eta zinegotzigoa desagertu da, baina NUSTek (Nous Usos Socials del Temps edo Denboraren Erabilera Sozial Berriak) egitasmo gisa aurrera segitzen du.


Zein da NUSTen egitekoa?


Denbora baliabide urria da eta horren banaketa, sexista. Administrazio demokratikoaren egitekoa da baliabide urri hori zuzen eta berdintasunean banatzea.

2003an hasi zineten.

Emakumeek eta elkarteek hausnarketak egin dituzte denboraren banaketa sexistaz. Tradizio hori jaso genuen sorreran, eta administrazio eta ideologia ikuspegitik landu dugu. Alegia, denbora modu sexistan banatua baldin badago, ikus dezagun zergatik gertatzen den hori.

Nola banatzen da denbora?


Lan denborak segitzen du baldintzatzen gizakion denbora. Lan denbora horrek, ia herrialde denetan, presentzia lehenesten du efizientzia baino. Lan denborak hiriko denbora ere baldintzatzen du, dezimononikoa baita: ordutegi oso zehatzak, goizez edo arratsaldez egiten da lan... Lan denbora horrek ahazten du, ongizatearen estatuan, hiria erabiltzeko eskubidea duela herritarrak, lana noiz egiten duen kontuan izan gabe. Lantegiko sirenak dagoeneko ez du jotzen, baina joko balu bezala bizi gara. Gizakiak denbora kudeatzeko duen eskubidea bermatzeko, politika publikoek hiriko denboretan eta lan denboretan eragin behar dute.
Europako ordutegiak ez dituzu gustuko eta mitotzat dauzkazu.
Proposamen sexista eta zaharra da. Ustez 7:30ean hasten da eta 17:00etan bukatu. Eredu horrekin lanaldi murriztua emakumeek hartuko lukete eta umeak zaindu. Eta mitoa da Europako ordutegia, zeren izatekotan ere gureak baino ordutegi trinkoagoak dira. Askotan ez dira hori ere, adibidez Parisen hirutik batek gauez egiten du lan. Horregatik diogu 24x24 orduz irekita egongo diren hiriak (osasuna, segurtasuna, garbitasuna, garraioa) behar dituela ongizatearen estatuak. Lana egiten den ordutegian egiten dela, herritarrak hiriaz baliatzeko eskubidea dauka. Hiriak herritar guztien beharretara moldatutako denbora eduki behar du.


Ardatza lan denbora da, orduan.


Adibidez, familia kontziliazioaz hitz egiten dugunean, segitzen dugu norberaren denbora eta hiriko denbora lan denboraren arabera kudeatzen. Lan denbora da ardatza eta horren arabera moldatzen da gainerakoa.
NUSTen alderantziz da: lan denbora ez da ardatz, denbora kudeatzeko norberaren eskubidea baizik. Lortu nahi dena da bateragarri egitea norberaren beharrak eta behar profesionalak.
Denboraren banaketa txarrak desberdintasun sozial handiak sortzen ditu, eta ez gizon eta emakumeen artean bakarrik, baita bertako populazioaren eta kanpotik etorritakoaren artean ere.

Nola aldatu lan denboraren kultura?


Batik bat Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiliz, hau da, norbanakoaren zerbitzura jarri, eta bide batez, enpresen leihakortasunari on egiten diola ulertuz. Enpresek ulertu behar dute leihakortasunean irabaziko dutela eta langileak askoz gusturago egongo direla. Sindikatuek ere mahai gainean jarri behar dute gai hau.


Zazpi urteko lana zer moduzkoa izan da?


Denboraren erabileraz hitz egiten hasi ginenean, herrialde honetan kontziliazioaz baino ez ziren mintzatzen; emakumeentzako kontziliazioaz. Guk emakumeak ibilbide profesionaletik eta lan merkatutik ateratzeko arriskua ikusten genuen. Zazpi urte hauetan jende askok ulertu du kontziliazioaz baino askoz harago joan behar dugula. Ulertu dute gure teknologia/denbora bikotea.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude