Hamar urteko hutsunearen ondoren, estatistika berriak

  • Frantziako estatistika eta ikerketa ekonomikoen erakundeak, INSEEk, Ipar Euskal Herriko udalerrien errolda eguneratu du. Zehazki, 2006ko datuak kaleratu ditu, eta hamar urteko hutsunearen ondoren, lurraldearen bilakaera sozio-demografikoa zein izan den ezagutzeko tenorean gara.
Errolda batek ez du soilik biztanle kopuruaren edo migrazio mugimenduen berri ematen. Enplegua, etxebizitza, familia egitura, ikasketak... horren guztiaren inguruko datuak jakin daitezke zentsuak bildutako informazioaren bidez. INSEEk 2006ko datuak kaleratu zituen iaz, azkeneko eguneraketa egin eta hamar urtera. Datuok udalerri bakoitzari dagozkie, eta ondorioz Ipar Euskal Herria bere osotasunean aztertzeko parada ematen du.

Gisa horretan, azken urteetan Ipar Euskal Herriko zonaldeetan izandako bilakaera sozio-demografikoa agerian geratu da, lehengo joerak berretsiz batzuetan, jite berriak azalduz bestetan. Esaterako, Xabier Isasi Gaindegiako zuzendariaren hitzetan, kezkagarriak dira barnealdea jasaten ari den hustutze demografikoa –datu absolutuetan, joera hori emekitu egin den arren azken hamarkadan– edota industria egiturak izan duen ahultzea.

Hori guztia aztertzeko bi adituk artikulu bana ekarri dute gurera. Daniel Udalaitz ekonomialari eta kazetariak Iparraldeko azkeneko datu objektiboak aurkezten ditu; eta Eguzki Urteaga soziologoak adierazle horien gaineko iruzkina egin du.



Gaindegiak egindako Ipar Euskal Herriko argazkia txostena irakurtzeko lotura ondorengoa da. Bertan laburbildu dituzte datu guztiak:
http://www.gaindegia.org/eu/txostenak/Ipar-Euskal-Herriko-argazki-sozio-demografikoa
Iparraldeko argazki berritua
Ipar Euskal Herriko zentsua 2009an eguneratu da. Horrek posible egin du lurralde horren argazki sozio-demografikoa berritzea, 1999tik ez baitzen horrelakorik gertatzen. Gaindegia gizarte eta ekonomia behategiak, txosten batean eta +i Data buletin estatistikoan laburbildu ditu datuon gakoak. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko argazkia Baionako Merkataritza eta Industria ganberak helarazitako informazioarekin osa liteke.

Errealitatetik gertuago dagoen argazkia

Ez da erraza Euskal Herriko argazki globala egitea angelu estatistiko guztiak erakutsiz. Ez da batere erraza, ezta ere, herrialdeko bakoitzeko argazkia egitea. Arrazoi nagusia da gure lurraldea administrazio ezberdinen menpe dagoela, Espainiakoa, Frantziakoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroako Foru Erkidegokoa; eta badaude lokalagoak diren beste hesi batzuk. Beraz, zaila izaten da berezko nazio estatistika aurkitzea, eta horrek oztopatu egiten du Euskal Herriaren ikuspegi globala aurkeztea.

Testuinguru horretan, Gaindegiak Iparraldeko errealitatera hurbiltzeko argazkia aurkeztu berri du. Orain arte genituen datuak 1999koak ziren, eta orain, 2009an eguneratutako erroldaren bidez, Gaindegiak argazki hori berritu du. +i Data publikazio sintetikoan Biztanleria, Familia, Formazioa, Enplegua eta Etxebizitzari buruzko estatistikak kaleratu dituzte eta www.gaindegia.org helbidean daude ikusgai.

Despopulazioa barnealdean

Iparraldeko biztanleria 2006an 280.046 pertsonak osatzen zuten. Horietatik, 165.541 kostaldean bizi ziren, beste 73.627 bitarteko zonaldean, eta 40.878 barnealdean. Datu horien azkeneko 40 urtetako bilakaeraren analisia eginez ondoriozta liteke kostaldeko populazioa %1,3 hazi dela (35.512 pertsona gehiago) eta bitarteko zonaldekoa %1,8 (32.882 pertsona gehiago). Aldiz, barnealdean duela 40 urte baino 7.000 pertsona gutxiago bizi dira.

Bertako eta atzerriko biztanleriari dagokionez, INSEEren (Frantziako estatitiska eta ikerketa ekonomikoen erakundea) arabera, momentu honetan gisa honetan dago: kostaldean 155.521 lagun dira bertakoak eta 10.020 atzerrikoak. Bitarteko zonaldean bertakoak 72.264 dira eta atzerrikoak 1.363. Barnealdean, berriz, bertako 45.150 pertsona bizi dira eta atzerriko 813 besterik ez. Hego Euskal Herriarekin, konparazione, Hegoaldean 2.593.201 pertsona dira bertakoak (2007ko datuak dira) eta kanpokoak, aldiz, 154.445. Hau da, Hegoaldeko biztanleriaren %5,6 atzerritarra da.

Gazteria tasa eta zahartzea

Iparraldeko kostaldean populazioaren %30,7a 30 urtetik beherakoa da eta %28,5a 60 urtetik gorakoa. Bitarteko zonaldean, 30 urtetik gorako biztanleak %33,5 dira eta 60tik gorakoak soilik %22,7. Barnealdean, %29,6 dira 30 urtetik behera dituzten biztanleak eta %23,7 60 urtetik gora dituztenak. Hegoaldeko kasuarekin alderatuz –30 urtetik beherakoak %24 eta 60tik gorakoak %23,7– ikus daiteke gazteria tasa altuagoa dela Iparraldean, eta zahartzea aldiz, antzekoa.

Adinaren araberako enpleguaren datuak ere eskura dauzkagu. Eta garbi ikusten da langileen gehiengoa 25-65 urte tartean dagoela, %80,1 hain zuzen. Profesioaren araberako enplegua honakoa da: 35.914 lagun enplegatuak dira; 26.302 bitarteko langileak; 25.068 beharginak; 11.522 goi mailako langileak; 9.775 merkatariak; eta 4.592 laborariak.

Enpleguaren feminizazio tasa eta ezberdintasunak soldatetan

Iparraldeko datu berriek adierazten dutenez, enplegatuen %52,3 gizonezkoak dira eta %47,3 emakumeak. Hegoaldean, aldiz, gutxiago dira emakume enplegatuak (%43,1, 2008ko datuen arabera). Baina ezberdintasunak nabarmenak dira sektore bakoitzari begiratuz gero: laborantzan, esaterako, gizonezkoak %70,5 dira Iparraldean, eta emakumeak soilik %29,5; industrian ere askoz gehiago dira gizonezkoak (%69,7) emakumeak baino (%30,3), baina feminizazio tasa Hegoaldekoa baino hamar puntu gorago dago (Hegoaldean industrian aritzen diren emakumeak %20,8 dira).

Eraikuntzan gizonezkoen tasa izugarria handia da (%91,5), aldiz, zerbitzuetan gehiago dira emakumeak (%55,8) gizonezkoak baino (%44,2).

Eta soldatei dagokienez zer? Diferentziak eskandalagarriak dira. Gizonezkoek, batez beste 1,7 euro gehiago jasotzen duten lan orduko. Adibidez, bitarteko lanetan 13,7 euro kobratzen dute orduko gizonek eta 11,7 emakumeen; gizon enplegatuek 9,2 euro orduko eta emakume enplegatuek 8,7 euro; beharginek, berriz, 9,2 euro kobratzen dute gizonak badira, eta 7,9 euro emakumeak izanez gero. Baina ezberdintasun horiek are nabarmenagoak dira koadroetan. Kasu honetan, gizonek 5,7 euro gehiago kobratzen dute orduko, emakumeek baino: 24,1 euro 18,4 euroren aldean.

Zerbitzuak, lehen aktibitate ekonomikoa
Zerbitzuen sektorea Ipar Euskal Herriko aktibitate ekonomikoen artean lehena da, enpleguen %46,4rekin. Horrela azaltzen du Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak 2009an kaleratutako Le Pays Basque en chiffres-Ipar Aldeko Zenbakiak txostenak.
Sektore horretan 50.577 lagunek egiten zuten lan, 12.907 enpresatan. 50 lagunetik gorako 115 lantegi daude eta guztira 17.650 langile enplegatzen dituzte.  Zerbitzuen sektoreak aniztasun handia du, baina aldi berean zerbitzu espezializatuak dira, batez ere osasunarekin eta higiezinekin lotutako aktibitateetan.

Merkataritzan lan egiten dutenak %17,9 dira, eta Iparraldean enplegu gehien duen bigarren sektorea da. Guztira 19.514 langile ari dira merkataritzan, 4.708 enpresatan banatuak. Batez ere, merkataritza orokorra gailentzen da. Sektoreak merkatal dentsitate nabarmena du: 1,25 mtro koadro biztanleko (Akitaniako batez bestekoa 1,30 metro koadrotan dago eta Frantziakoa 1,10 metro koadrotan). Baiona-Biarritz-Angelu ardatzak 350.000 biztanle ditu eta Iparraldeko merkatal erakargune nagusiena da.

Industriak enpleguaren %13,5 biltzen du, 14.725 lanpostu 1.825 enpresetan, eta enpresa horietatik 37tan 50 langile baino gehiago ari dira (6.425 langile guztira). Industriaren barruan aeronautika sektorea aipatzekoa da, Dassault Aviation korporazioari atxikitako 2.000 enplegu eta 40 enpresa baitaude. Horrez gain, metalgintza ere garrantzitsua da Ipar Euskal Herrian, batez ere siderurgia eta altzarigintzarekin lotuta, 3.000 langile ari baitira zeregin horretan. Elikagaien industriak ere pisu handia du Iparraldeko barnealdean, haragia, esnea eta gozogintzaren arloan, 3.000 lanpostu inguru sortuak ditu sektore honek, ehun enpresa baino gehiagotan banaturik.

Turismoa uztaila eta abuztuko oporraldian biltzen da batez ere, 2.082 lantokitan 9.000 lagun ari dira lanean arlo horretan. Iparraldeko eskaintza turistikoak garrantzi handia du. 86.740 oheko gaitasuna dute bertako ostatuek, baina 2006tik %1,5 murriztu da kopurua. Dena den, turismoa mantendu egin da ,eta batez beste egunean 33.000 bisitari izaten ditu lurraldeak. Hain zuzen, 580 enpresa inguru GOazen klusterrean bildu dira.

Arrantzak ere badu eraginik, izan ere, 11,7 milioi euro sortzen ditu, 4.626 tona arrain salduz urtero. Baina kopuru hori gutxituz doa, nahiz eta itsasontzien kopurua mantendu egin den 2006an flota murriztu zenetik. Arrantzaleen kopurua 2.260tik 1.905era jaitsi da.

Azkenik, artisautzaren sektoreak hala nolako dinamismoa erakutsi du, enpresen kopurua %2 igo baita urtero. Horrela, 2006an 5.653 langile ari ziren eta 5.896 2008an. Artisautzako hazkundea eraikuntzari lotutako aktibitateengatik uler liteke, baina sektorearen etorkizuna aurrikusteko garrantzitsua izan litekeen datu bat kontuan eduki behar da: 2008an Iparraldeko artisauen %17,6k 55 urte baino gehiago zituen.
Gabeziak eta baliabideak Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herriaren egoera soziala, ekonomikoa eta demografikoa aztertzerakoan, aurreiritziak eta hautemateak nagusi dira, maiz ez baitago estadistika fidagarririk. Hori dela eta, ñabarduraz betetako azterketa zuhur bat egitea komeni da. Joera batzuk ezagunak dira, hala nola, barnealdearen hustutzea eta biztanleriaren kontzentrazioa Iparraldeko kostaldean eta Lapurdi barnealdean, turismoak daukan garrantzia eta industriaren ahulezia, erdi mailako enpleguen nagusitzea eta prekarietatearen areagotzea, higiezinen espekulazioa eta bigarren etxeen toki oparoa. Beste joera batzuk Hego Euskal Herriarekiko amankomunak dira, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, lan merkatuaren feminizazioa, natalitate tasaren gorakada beherakada baten ostean ala gazteek pairatzen duten langabezi tasa garaia.

Baina, Ipar Euskal Herriaren berezitasunak ulertzeko, hainbat osagai gogoan izan behar dira: (1) ez daukala izaera politiko-administratiborik Voynet legeak (1997) onartzen dion herri izaera izan ezik, esan nahi baita ez daukala eskumen eta aurrekontu propiorik berak erabakitako politika publikoak osatzeko eta gauzatzeko, (2) ez duela unibertsitate berezirik Paueko Unibertsitateko anexoaz aparte, enplegu kalifikatuen sorrera eta sustraitzea galaraziz, (3) historikoki garapen ekonomiko guneetatik urrun kokatu dela, industria baten garapena zailduz, ala (4) Estatu zentralizatu bateko partaide dela non administrazio publikoa oso kohesionatua den eta non gizarte politikak modu uniformean gauzatuak diren. Une berean, muga egoera batean izateaz gain, beste lurraldeekin ongi komunikatuta dago eta bizi kalitate oparoa eskaintzen du. Fenomeno horiek, lurralde horren bilakaera baldintzatu dute.

Oro har, Ipar Euskal Herria lurralde erakargarria da, 1968tik 2006 arte 61.407 biztanle gehiago zenbatzen baititu, kopuru orokorra 280.044 pertsonetan kokatuz. Proiekzioen arabera, 2020an 317.000 biztanle izan beharko lituzke. Egia da, garapen horrek batez ere kostaldeari eta bitarteko zonaldeari mesede egiten diela, lehenaren populazioa 1,3 aldiz handitu baita eta bigarrenarena 1,8 bider. Lapurdiko zonaldeko biztanleriaren hazkundea batik bat etxebizitzaren prezioaren garestitzearen ondorioa da, zonalde horretan prezioak kostaldean baino eskuragarriagoak baitira. Biztanle gehigarri hori, batez ere, kanpotik dator, kontutan izanik, azken hamarkadetan, migrazio saldoa emendatu dela saldo naturala jaitsi den une berean. Duela 40 urte gertatzen ez zen gisan, gaur egun heriotza gehiago daude sortzeak baino. Halaber, kanpotik datozen pertsonak adin batekoak badira, Frantzia osoan bezala, Ipar Euskal Herriko biztanleen %31,7ak 30 urte baino gutxiago dauzka. Horrek agerian uzten du natalitate tasa nahiko garaia dela, azken hamarkadetan garatuak izan diren politika natalisten ondorioz.

Bestalde, goi mailako ikasketak dituzten pertsonen kopurua Hego Euskal Herrikoarena baino apalagoa da, bai emakumezkoen bai gizonezkoen kasuan, nahiz eta 8.000 ikasle inguruk kanpora joan behar izaten duten Unibertsitatean ikasketak jarraitu ahal izateko. Egoera hori, besteak beste, lan merkatuaren ezaugarriei lotua dago. Izan ere, behe eta erdi mailako enpleguak nagusi dira, bitarteko lanbideek, enplegatuek eta langileek biztanleri aktiboaren %77,1a osatzen baitute, koadro eta goi mailako lanbide intelektualek %10,2 osatzen duten bitartean. Aitzitik, biztanleri aktiboaren banaketa ezberdina da probintzien arabera eta adin klase zein gizatalde batzuek langabezia besteak baino gehiago pairatzen dute, gazteen eta atzerritazen kasuan lez. Izan ere, 2008an, atzerritarren langabezia tasa batez betekoa baino altuagoa da (%14,1a), emazte atzerritarren kasuan tasa hori %19,4era iristen denean.

Horrez gain, enpresen erdia baino gehiago zerbitzuen alorrean sortu da, higiezin eta eraikuntza sektoreek jarraitzen diote, eta sortze tasarik apalena industria alorrean kokatzen da. Ipar Euskal Herriko industria bereziki industria agroalimentarioan eta bitarteko ondasunetan oinarritzen da, eta soilik langileen %17,9a ukitzen du, EAEko tasaren erdia alegia. Enpresa gehienak txikiak dira, %92,5ak 10 langile baino gutxiago enplegatzen baititu eta bakarrik enpresen %1,2ak 50 langile baino gehiago dauzkalako. Eraikuntzaren sektoreak indar berezia dauka, 1968tik gaur egun arte eraiki diren etxebizitzen kopurua etengabe igo baita. Izan ere, 40 urtean bi aldiz biderkatu da; etxebizitza hutsena 1,2 bider goratu da eta bigarren eskuko etxebizitzena 3,6 aldiz. Kostaldean apartamentuak nagusi dira, barnealdean eta bitarteko zonaldean, aldiz, etxe gehiago daude.

Beraz, Iparraldeak gabeziak badauzka, baina gero oparoa osatzeko baliabideek ere bai.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude