"Armadak argi du nola jokatu gerrillari bat ikustean: erail eta desagerrarazi"

  • Kolonbiak ia 50 urte daramatza gatazka armatu bizian, eta urte hauetan guztietan zifra kezkagarriak utzi ditu: lau milioi barne desplazatu, 550.000 errefuxiatu, 90.000 hildako eta 7.000 preso politiko. Comité de Solidaridad con los Presos Políticos (Preso Politikoekin Elkartasun Batzordea) taldeko Tolima eskualdeko koordinatzailea da Isabel Cristina Pardo.


2010ko ekainaren 27an
Isabel Cristina Pardo
Isabel Cristina PardoIrantzu Pastor

Noiz sortu zen Kolonbiako preso politikoei elkartasuna adierazteko batzordea?


Errebolta akusaziopean atxilotu eta espetxeratuak izan direnei laguntza juridikoa eta elkartasuna ematea da elkartearen helburua. Horrez gain, presoen senideak laguntzen ditugu prozesuan eta presoak bizi duten egoeraren salaketa publikoa ere egiten dugu.

1970ean sortu zen batzordea. Kolonbian urte zailak bizi genituen, Turbay Ayala-ren Gobernu eskuindarrak gerra zikina hasi baitzuen bere ideologia partekatzen ez zuten guztien aurka. Mugimendu sozial handia zegoen eta gobernutik errepresio ikaragarria jasaten genuen; desagerpenak eta erailketak ematen ziren egunero, eta jende asko atxilotu zuten. Testuinguru horretan, Kolonbiako hainbat abokatu, intelektual eta politikari elkartu ziren Estatu-krimenetako biktimei elkartasuna eta laguntza emateko asmoz. Adibidez, Gabriel García Márquez idazleak Nobel saria irabazi zuen eta irabazitako diru guztia batzorde sortu berriari eman zion, abokatuak preso politikoekin lan egiten hasi zitezen.

Eta zein zeregin du zehazki?


Errebolta akusaziopean atxilotu eta espetxeratuak izan direnei laguntza juridikoa eta elkartasuna ematea da helburua. Horrez gain, presoen senideak laguntzen ditugu prozesuan eta presoak bizi duten egoeraren salaketa publikoa ere egiten dugu. Atxilotu gehienak ikasteko aukerarik izan ez duten nekazariak dira, beraz eurekin orientazio lana garrantzitsua da, preso bezala dituzten eskubideak ezagutu ditzaten. Azken urteetan, dena den, Uriberen Gobernupean geroz eta zailagoa egiten zaigu lanean jarraitzea.


Orduan zuentzat, errebolta akusaziopean espetxeratuak izan diren guztiak dira preso politiko?


Bai, gure herrian errebolta akusazioa Estatuaren politikaren aurka lan egiten eta borrokatzen duen orori ezartzen zaio. Horietako asko nekazariak dira, beraien eskualdetan eskubide politiko eta sozialen errespetuagatik borrokatzen dute, erresistentzia baketsuaren bidez. Gerrillariak berriz, preso politikoen %50a dira, 3.500 gutxi gorabehera. Jakina denez, Kolonbia etengabeko gatazkan bizi da eta gerrillari asko atxilotzen dituzte, baina armadak argi du nola jokatu gerrillari bat ikustean eta normalena da berau erail eta desagerraraztea. Preso politikoak dira baita ere sindikatuetako kideak, baina hauek errazago lortzen dute abokatuen laguntza, sindikatuen bidez.


Desberdindu egiten al du Estatu kolonbiarrak preso politiko eta sozialen artean?


Ofizialki ez, preso politikoak terroristatzat eta kriminaltzat hartzen dira, ez zaie estatus politikoa inolaz ere onartzen, baina egunerokoan desberdintzen dituzte: besteek jasaten ez dituzten zigorrak ezartzen zaizkie etengabe. Preso politiko gehienak beraien ideologiarengatik izan dira espetxeratuak eta pentsamendua aldaraztea dute helburu, baina argi dago hori indarrez ez dutela lortuko. Preso politikoek eskatzen dute estatus politikoa aitortzea eta espetxeetan preso bezala dituzten eskubideak errespetatzea eta bermatzea.


Atxiloketaren unetik, zein dira preso politikoak jasaten dituzten eskubide urraketak?


Kolonbian, atxiloketen %80a Armada Nazionalak burutzen ditu, baina ez dute horretarako eskubiderik eta gainera inolako agindu judizialik gabe egiten dituzte. Ez dizkizute eskubideak irakurtzen, torturak pairatzen ditugu, inkomunikazioa... Mota guztietako indarkeria. Hori, baldin eta atxilotzen bazaituzte, goitik duten agindua baita gerrillaria ikusiz gero zuzenean erailtzea. Noski, ilegala da, baina horrela da kasu gehienetan. Kartzeletan berriz, tortura psikologikoa ohikoa da: irainak, bisitak murriztea edo sakabanaketa. Kolonbiako espetxe urrunenetara eramaten dituzte familiaren bisitarik ez jasotzeko, senideek ez baitute dirurik izaten bidaiatzeko.


Eta espetxe barruan antolatzeko aukera al dute preso horiek?


Hasieran ikaragarria zen antolakuntza espetxeetan; patioetan elkartzen ziren eta protestak antolatzen zituzten euren eskubideak aldarrikatzeko. Gerrillariek giza-eskubideei buruzko mahai-inguruak antolatzen zituzten, preso politiko eta sozialek hartzen zuten parte eta funtzionarioei euren kexak helarazten zizkieten. Álvaro Uriberekin ordea, murrizketa erabatekoa izan da, inoiz baino okerrago dago presoen egoera. Lider izandako edo perfil hori duten presoak isolatuta daude 24 orduz, eta bestelako estrategiak asmatu dituzte inolako antolakuntzarik eman ez dadin.
 

Nola bizi dute hori guztia presoen senideek?


Gogorra da, preso politikoen %80ak ez du inoiz bisitarik jasotzen. Alde batetik, presoak horrela aukeratzen duelako, urrundu egiten dira senideak babesteko, hauek ere mehatxuak eta jazarpenak jasan ez ditzaten. Laguntza psikologikoa eta elkartasuna eskaintzen diegu guk. Horrez gain, bestelako proiektuak ere baditugu. Nire eskualdean esaterako, memoria ariketak deiturikoak egiten ditugu estrajudizialki eraildako herritar eta gerrillarien senideekin. Fiskaltzetara laguntzen ditugu hobi komunak irekitzeko eskatzera –eraildako gerrillarien gorpuak ez dizkiete senideei ematen, hobi komunetan botatzen dituzte– eta ondoan gaituzte gorpua identifikatzeko edo jasotzeko orduan. Senideentzat oso garrantzitsua da ehorzketa eta agur duina egitea.


Presoen iritziz, zein urrats eman beharko lirateke Kolonbian bake prozesuak aurrera egiteko?


Garbi dute preso eta bahituen arteko trukea ez dela nahikoa gatazkarekin bukatzeko. Gobernu politikan aldaketa sakona eman behar dela uste dute, herriari oinarrizko beharrak bermatuko dizkion aldaketa, guda egoeragatik orain ematen ez diren zerbitzuak: hezkuntza, osasuna, giza-eskubideen errespetua... Argi diote gure herrian beti egongo dela gatazka sistema aldatzen ez den bitartean, Estatu sozialistan sinesten dute, oso zaila da, baina fedea dute noizbait denek eskubide berdinak izango dituguna.

Bake prozesu saiakerak eman dira Kolonbian, baina huts egin dute beti. Orain badirudi arazoa Gobernuaren eta FARC-EPren artean dagoela... Azken horiek, mendian gordeta, adierazi dute geroz eta urrutiago daudela herriarengandik, baina gaur egun ez dutela inongo aukerarik Kolonbiako bizitza publiko eta politikoan parte hartzeko eta euren Estatu proiektua aurkeztu ahal izateko. Hori horrela, zaila dirudi bake prozesuetan sinestea. 


Orain gutxi Errepublikaren Kongresurako hauteskundeak izan dira Kolonbian eta eskuindarrek irabazi dute berriz. Nola eragingo du?


Ikaragarria izan da, ez dira eskuindarrak, ultraeskuindarrak baizik! Lotsagarria da paramilitarismoarekin zerikusia izateagatik epaituak izan diren politikari guztiak berriro ere kongresuan eserita ikustea. Emaitzek zein ondorio ekarriko dituzten? Erailketa gehiago, exekuzio estrajudizial gehiago, mehatxuak, errepresioa, jazarpena, militarizazioa, atxiloketak... Nik beti erran izan dut nire herrian gauzak horrela jarraituz gero, erail egingo nautela edo preso sartu. Baina bizirik utzi nazaten espero dut, preso politiko gisa borrokan segitu ahalko nuke, baina hila zoritxarrez ez.


Nola amesten duzu zure herria?


Aktibista eta ezkertiar bezala argia da bidea: sozialismoa. Gobernu berri bat sortzeko beharra dago, herriarekin eta herriarentzat proiektu politikoak burutuko dituena. Giza-eskubide guztiak bermatzea, egia aitortzea, justizia, egiazko berdintasuna... beharrezkoak dira. Tristea da, gaur egun bost familia aberatsen esku dago Kolonbia, herriak pobrezian eta gerran bizirauten duen bitartean.


Mehatxuen gainetik, borrokan jarraitzea hautatu duzu zuk.


Beti sinetsi izan dut noizbait gauzek aldatu egin beharko dutela Kolonbian, eta giza-eskubideen defendatzaile naizen aldetik, aldaketa horretarako gogor lan egiten saiatu naiz betidanik, ez naiz inoiz geldirik geratuko gauzak berdin jarraitzen duten bitartean. Une zaila da hau, baina ezkertiarra eta iraultzailea naiz, eta beraz ameslaria. Aldaketaren aldeko apustua egiten dut, borrokaren bidez. Nik ez nuen hona etorri nahi [Espainian dago, duela hilabete batzuetatik], ez nuen nire herria utzi nahi eta lehen egunak gogorrak izan ziren. Baina egoera oso zaila da han, mehatxuak eta jarraipenak etengabeak dira, dagoeneko batzordeko hamabi lagun erail dituzte. “Pobrea naiz Jainkoak ala nahi duelako” diskurtsoa baztertu egin dut, bizitzan konturatu naiz borroka dela gauzak aldatzeko bide bakarra, konbentzituta gaudenok beti lagunduko dugu egoera eraldatzen. Aldaketa horretan sinestea da nire lana, eta besteei sinestaraztea, hori baita aldaketarako lehen urratsa.


ASTEKARIA
2010ko ekainaren 27a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude