Bigarren Mundu Gerra

1940: Eskual Reicha

  • Gerra zibiletik ihes egindakoek gerra handiagoa topatu zuten mugaz bestaldean. 1940ko udaberrian alemanek Frantzia osoa okupatu eta zatitu zuten, eta itsasontzia hartzeko zoria izan ez zuenak, lan-batailoietan edo Mauthausenen amaitu zuen, edo klandestinitatean, kasurik hoberenean. Ipar Euskal Herria Vichyko erregimenaren eta nazien artean harrapatuta geratu zen: “Eskual Reicharen” aroaren hasiera zen.
Josu Chueca
2010ko ekainaren 27a
Frantziarrak naziei armak entregatzen
Frantziarrak naziei armak entregatzen
Amatatu gabe zeuden Espainiako Gerra Zibilaren txinpartak, gatazka askoz larriagoa hasi zenean: Bigarren Mundu Gerra. Orduan ere, batek baino gehiagok bi gerren arteko lotura azpimarratu zuen. Esate baterako, Espainiako Kanpo ministro izan zen Julio Alvarez del Vayok, honela zioen 1940an argitaratutako La guerra empezó en España liburuan: “Espainiako Errepublikaren porrota, oraingo gerraren abiapuntua izan da”. Zuzen ari zen diplomatiko eta politikari espainiarra. Izan ere, 1936-1939ko gerrak Bigarren Mundu Gerraren hainbat osagai aurreratu zituen, eta Espainiako gatazka mundu gerraren entsegutzat jo izan dute historialari askok. Bi gatazka horien arteko lokarri nabarmenetako bat ditugu Pirinioez iparraldera jo zuten milaka errefuxiatuak. Jakina denez, 1936az geroztik frankisten aurrerakadaren ondorioz, erbesteratuen multzoak biderkatu egin ziren, batez ere gerraren amaiera aldean. 1939ko otsailean, frankistek Katalunia hartu ostean, adin eta klase guztietako milaka iheslarik erbestera jo zuten, Perthus, Le Boulou eta La Tour de Carol-eko pasalekuetatik.

Milioi erdi lagun inguru mugaz bestaldera joan zirela uste da. Euskaldunei dagokienez, 40.000 eta 60.000 pertsona izan zirela azaldu ohi da geroago egindako txostenetan. Kopuru horien munta zehatzari buruzko eztabaida aparte lagata, erabat objektiboa eta eztabaida ezina da Frantziako Gobernuak horien guztien aurka politika zehatza erabili zuen. Daladier gobernuburua eta Sarraut Barne ministroa ahalik eta errefuxiatu gehien espainiaratzen saiatu ziren, lehenik kontzentrazio zelaietan barneratuz. Zenbakiak zenbaki, 200.000tik gora lagunek usatu zuten espainaratzearen aukera. Hori dela eta, horientzat kontzentrazio zelai berriak atondu behar izan zituzten agintari frantziarrek, Agden, Bramen, Rivesaltesen… 1938az geroztik indarrean zuten desbideraketa errepresiboari eutsiz. Latzena etortzekoa bazen ere, errepresioaren gogortzea gero eta nabarmenagoa zen Daladierren eta Reynauden agintaldietan, 1938 eta 1940 artean, alegia. Alde batetik, dekretu batzuen bitartez, indesirable  edo “zitalen” esparrua zigortu nahi zuten; abanikoa nabarmen zabaldu zuten, judutarrak, komunistak eta beste herrialdetatik iritsitako errefuxiatuak zanpatzeko asmoz. Bestetik, Espainiatik alde egindakoentzat ireki zituzten kontzentrazio esparruak ugaritzeaz gain, hauek gero eta latzagoak bilakatu ziren, bertan egondako askoren testigantzek adierazi duten legez.

Itunen gainetik gerra nagusi

Nazioarteko politikan, 1938ko irailean sinatutako Municheko Itunek argiro azaldu zuten  britainiarrak eta frantziarrak Hitlerren aurrean makurtu egin zirela. Horri esker, Alemaniako armada Sudeteen lurraldea eskuratzen hasi zen eta geroxeago Txekoslovakia osoa hartu zuen bere menpe. Hilabete batzuren ondoren, Hitlerrek eta Stalinek adosturikoari jarraituz, Poloniaren zatiketaren txanda  iritsi zenean, Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Jakina denez, orduan, Frantziak eta Britainia Handiak gerra adierazi zioten Alemaniari. 30 urte eskas pasa ziren Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik, eta orduan bezala, Frantzian mobilizazio orokorra jarri zuten indarrean, gudarosteak Iparraldeko mugetara bideratuz.

Hala ere, 1914-1918ko “Batasun Sakratua” ez zen errepikatu 1939-1940ko abagunean, eskuin muturrekoek begi onez ikusten baitzuten bakea Italia eta Alemaniarekiko, baita itun politiko eta militarrak adostea ere. Ozenki zioten De la Rocquek, Ybarnegarayk eta enparauek: “Hobe Hitler, Blum baino”. Nahiago zuten eskuin muturreko diktadura –nazien erregimenaren tankerakoa eta ezkertiarren aurkako harresia izanen omen zena–, ezkerren kutsu ñimiñoena izan zezakeen edozein aginte koalizio baino.

Komunistei dagokienez, erabat nahasita eta lotuta gelditu ziren Stalinek eta Hitlerrek gerraren bezperan egindako hitzarmenarekin. Ondorioz, egun batetik bestera, estrategia antifaxista pikutara joan zen. Izan ere, nazismoaren ikur eta buru nagusia, Hitler, euren korrontearen gidari zen Stalinen lagun bihurtu zen, eta ondorioz, ezin zuten Alemaniaren aurkako gerra sostengatu. Gainera, jarrera susmagarri horrekin, aukera galanta eman zioten Frantziako agintariei beren alderdia legez kanpo jartzeko. Eta hilabete beranduago horrela gertatu zen: 1939ko irailaren 27tik aurrera, PCF debekatzeaz gain, militanteak eta buruzagiak “zitalen” esparruan sartu zituzten. Hori dela eta, hexagonoko kartzelak eta kontzentrazio zelaiak komunistez betetzen hasi ziren.

Gerra Bitxitik... Tximista Gerrara

Hala eta guztiz ere, gerra adierazita zegoen arren, hilabete luzez ez zen inolako borroka saiorik izan. Frantziako armada iparraldeko mugetan kokatu ostean, hor gelditu zen mugitu gabe, Maginot lerroaren babesean. Gerra Bitxia deitu zioten borrokarik gabeko gatazka aro horri. Polonian, Norvegian eta Finlandian borrokan ari ziren bitartean, Frantzian, baita Herbeheretan ere, soldaduak aspertu egiten omen ziren adierazitako guduaren zain. Jean-Paul Sartrek berak, fronteko soldadu zenean, zera idatzi zuen: “Sekula ez da izan holako gerra ikustezinik. Faltan sumatzen dut, zeren eta ez badago, zer egiten dut nik hemen?”.

Baina barealdi bitxi hori amaitu zen alemaniarrek beren armada indartsua mendebalderantz begira jarri zuten egunean, 1940ko maiatzaren 10ean. Egun horretan borrokarik gabeko gatazka gerra orokor eta azkarra bihurtu zen. Armada naziak buruturiko erasoaldiarekin, Blitzkrieg edo Gerra Tximista abiatu zen eta 40 egunerako kanpaina nahikoa izan zuten Hitlerren soldaduek armada belgikarra zein frantziarra makurrarazteko eta Reichen agintea Berlinetik Hendaiaraino eramateko.

Gerra aspaldidanik aurreikusita zegoen arren –Maginot bezalako defentsa lerroak egin zituzten–, eraso horrek lur jota utzi zituen armada frantziarra, belgikarra eta britainiarra. Maiatzaren 10ean hasitako erasoaldia, ekainaren erdialdean amaitzear zegoen. Dunkerketik milaka soldadu britainiarrek eta frantziarrek alde egin ostean, Wehrmachtek eta Luftwaffek abiada bizian jo zuten Paris aldera. Milaka frantziarrek ihesari ekin behar izan zioten ahal bezala, 1914-1918ko oroimenak berpiztutako beldurraren eraginez eta Herbeheretan alemaniarrek egindako demasien oihartzunak akuilaturik. Iparraldetik hegoaldera eta ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zihoazen herritarrek soldadu saldoak zituzten bidaide, Frantziako armadaren porrotaren lekuko.

Ihesari eman ziotenen artean Gobernua bera zegoen. Paul Reynauden taldeak Parisetik Bordelera jo zuen, eta ondoren, Philippe Petainen agindupean, Vichyra. Izan ere, egoitzaz aldatzeaz gain, Gobernua buruzagiz aldatzera behartu zuen III. Errepublikaren porrot militar-politikoak. Petain Lehen Mundu Gerrako garailea zen eta Espainiako Burgosko enbaxada utzita bueltatu zen Frantziara, militar gisa zer edo zer egiteko. Baina beranduegi izateaz gain, lehen gerran erabilitako defentsa taktikak bera bezain zaharkiturik zeuden; desegokiak eta eskasak ziren erabat, alemaniarren hegazkinerian eta panzer dibisioetan oinarritutako erasoei aurre egiteko. Mugetan eta barne aldean zeuden defentsa-lerroak gainditu ostean, alemaniarrek azkar jo zuten Sedan, Abbeville eta Paris aldera.

1918ko garaileak, 1940ko garaituak

Petainen ekimena dagoeneko ez zen militarra, politikoa baizik. Gudari zegokionez, hexagono frantziarrean dena galduta zegoen eta berak, kapitulazioaren ala armistizioaren arteko eztabaidan, bigarrenaren alde egin zuen. Hainbat politikari prest zeuden borrokari kolonietatik eusteko –Pierres Mendes France, Georges Mandel…– eta militar apur batzuk –De Gaulle nabarmenki– Afrika aldera edo Britainia Handira jo zuten; baina Petain armistizioa adosten hasi zen naziekin. Horrela, Espainiako enbaxadorea zen Jose Felix Lequericaren laguntzaz errendizioa prestatzeko lehen harremanak izan zituen Alemaniako buruzagiekin. Tratu horiek aurrera egin zuten eta laster lortu zituzten lehenengo emaitzak, nazien alde noski. Hitlerrek mendekuaren ozpina dastatzera gonbidatu zituen agintari militar frantziarrak, 1918an Lehen Mundu Gerra amaitzeko erabili zuten tren bagoian sinatzera eraman baitzituen 1940ko bakea. Baina, jakina, orduko galtzaileak orain garaile ziren.  Dena den, okerrena ez zen umiliazio hura izan, armistizioan zeuden puntuak halabeharrez onartzea baizik. Frantzia, bere burujabetza erabat galtzeaz gain, Reichen gatibu eta morroi bilakatu zen, nahiz eta Vichyko erregimen xelebreak eskualde librean jarrai. Beraz, Petain, Laval eta Darlanen eskutik hil zen III. Errepublika eta jaio zen Estatu faxistazalea. Britainia Handiari bizkarra eman zioten bitartean, erregimen berriaren funtsa adostu zuten Hitlerrekin eta bere ordezkariekin, Travail, Famille, Patrie lelo faxistan bilduta.

Euskaldunak “Eskual Reicharen” menpe

Egitura politiko-militar eta faxistizazio testuinguru horretan, Espainiatik alde egindako errefuxiatuen aurkako neurriak larriagotu ziren. Lan batailoien bidez kontzentrazio zelaietatik atera zirenak ipar mugetara edo Maginot lerrora bidali zituzten. Alemanen erasoaldia gertatu zenean, gehienak preso egin zituzten. Alsaziatik edo Pikardiatik, nahita nahiez, Mauthausengo bide ezezaguna hartu zuten askok, milaka europar gatiburen patuari jarraituz.

Era berean, gerra frontetik urrun zeuden errefuxiatuek Frantziako erregimen zaharraren azken zartako errepresiboak jasan zituzten, iparraldetik nazien erasoak jotzen zuen bitartean, komunisten, judutarren eta kanpotik iritsitako errefuxiatu guztien aurkako paranoia zabalduz joan baitzen. Eskuin muturrak aspaldidanik erein zuen talde horien aurkako gorrotoa lege bilakatu zen. Hori zela eta, sarekadak eta atxiloketak ugaritu ziren errefuxiatuak zeuden eskualde orotan. Ipar Euskal Herrian, esate baterako, bertako diputatua zen Jean Ybarnegarayk indar handiz hauspotu zituen erbesteratuen aurkako neurriak. Parlamentuan zein komunikabideetan, frankisten mezulari oldarkorrena izan zen, Lequerica enbaxadore frankistak eskatzen zuena gauza zedin: erbesteratuak atxilotzea. Jakinaren gainean egonen zen Ybarnegaray garaztarra, 1940ko maiatzaren erdialdean, inolako lotsarik gabe, aldarrikatu zuenean errefuxiatuak kontzentrazio zelaietara edo Espainaira deportatuak izanen zirela. Izan ere, egun batzuk geroago, horrelako neurriak hasi ziren hartzen erbesteratuen aurka. Ligue Internationale des Amis des Basques-en egoitza ixteaz gain, hainbat lantokitatik kanporatuak izan ziren –Breguet-etik, esate baterako–. Larriena, maiatzaren 25etik aurrera egindako atxiloketa masiboak izan ziren. Oloruen, La Roseraieko ospitalean, Donibane Lohitzunen, Baionan, Hendaian, baita Landatako herrietan ere, errefuxiatu asko atxilotu –800 inguru– eta Gurseko kontzentrazio zelaira eraman zituzten Frantziako jendarmeek. 1936ko Irungo exodoa gertatu zenetik Ybarnegarayk eskatzen zituen errefuxiatuen aurkako neurri errepresibo orokorrak egia bihurtu ziren frankisten pozerako. Izan ere, Frantziako Gobernuak Francorena onetsi zuenetik, horrelako erabakiak etengabe eskatzen ari ziren azken hauek.
 
Baina ekimen errepresibo horren oinarrian nolabaiteko porrota ere bazegoen.    Reynauden Gobernuak armada nazia geldiarazteko zuen ezintasunaren ondorioa izan zen gorrien aurkako ehiza bultzatzea; porrot militarrak erregimenaren kolapsoa ekarri zuen. Hori dela eta, alemaniarrek Petainen aldekoei armistizioa sinarazi zieten bitartean, France libre-ren partaide apurrak hexagonotik alde egiten saiatu ziren. Esate baterako, Espainiako errefuxiatuak 1939an Ameriketara joateko erabilitako hainbat barkuk –Massilia izenekoa, adibidez–, 80 diputatu eta goi mailako politikari inguru hartu zituzten Bordelen, naziengandik alde egiteko eta Frantziako kolonietatik nola edo hala borrokari eusteko asmoz.

Euskaldun ugarik, Iparraldeko zein Hegoaldeko, Britainia Handira jo zuen beste itsas portuetatik –Donibane Lohitzunetik batez ere–, Kelso, Tsratt eta Ettrick bezalako ontzietan. Ekainaren 20 eta 24 artean gertatu zen hori, naziak Euskal Herriratu baino hiru egun lehenago. Hilaren 27an, Baionatik eta Miarritzetik desfilatu ostean, Wehrmachteko soldaduek bat egin zuten Hendaiako mugan beren aliatu frankistekin. Armistizioak erabakitakoaren ondorioz, Vichyren eta Alemaniaren menpe zeuden lurraldeen arteko muga-lerroak Ipar Euskal Herria ere goitik behera zatitzen zuen. Donapaleutik Arnegiraino zihoan marrak Lapurdi osoa eta Nafarroa Behereko puska bat nazien menpe utzi zuen. Eskualde horretako ekialdea eta Zuberoa, aldiz, Vichyren pean gelditu ziren. Baina 1940ko abagunean, egoera oso berdintsuak ziren lerro muga horren bi aldeetan: Vichy zaleen collaborationismoak berdintzen zuen nazien menpe zeudenen egoera, eta makien zein erresistentziaren ekimenak oraindik antolatu gabe zeuden. 1940an beraz, Eskual Herriak, Eskual Reicha zirudien.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude