Krisiaren terminoak ulertzen

  • Azken aste hauetan ekonomiari eta finantzari buruzko terminoak nola ugaritu diren ikusi dugu, 2008an hasi zen munduko ekonomia eta gizarte krisia aztertzeko, salatzeko eta adierazteko. Artikulu honen helburua da termino horiek ahalik eta modurik errazenean ulertaraztea.
Betaurrekoak
www.dalje.com
Herrialde eta estatuen funtzionamenduak diru sarrera eta gastu publikoen premia du. Horregatik bihurtu da defizit publikoa eta zorraren arazoa Euskal Herriko euskaldunak beren pean hartzen gaituzten Espainiako Estatuak eta Frantziako Estatuak bizi duten kezka ekonomikoaren ardatz nagusi; baita gainerako Europan eta munduan ere, gauza bera gertatzen baita. Diru irteerak diru sarrerak baino nabarmen handiagoak badira, zorpetzeari heldu behar zaio funtzionatzen jarraitu ahal izateko, osasungintzak, hezkuntzak, segurtasun publikoak, pentsio sistemak funtzionatzen jarraitu nahi badute. Zorpetuta egon ahal izateko, bankuetara jo behar da, nazioarteko bankuetara bereziki, eta haiei interesak ordaindu behar zaizkie. Hartutako konpromisoak betetzen ez badituzu –eta bankuek ez dute barkatzen– ito egiten zaituzte eta zure ekonomia eta gizartearen funtzionamendua kolapsatzeko gai dira. Eta bankuek –nazioartekoek bereziki– bermeak eskatzen dituzte, zor zaiena eta beren interes garestiak jasoko dituztela ziurtatzeko. Horrek ekarri du, egun hauetan ikusi ahal izan dugun bezala, langileen, pentsionisten eta enplegatu publikoen eskubideen aurkako erasoa. Horregatik, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), Munduko Bankuak eta Europako Banku Zentralak (EBZ), bankuen bozgorailu modura, egokitzeko neurriak eskatzen eta exijitzen dituzte. Gauzak horrela, zenbait termino azaltzen saiatuko gara: zor publikoa, defizit publikoa, politika fiskala, finantza merkatuak, etab.

Zer da zor publikoa?

Zor publikoa Estatuak bere gastu eta inbertsioak finantzatzeko eskatu duen dirua da. Estatuaren zor publikoaz ari garenean, Gobernu Zentralarena bertan sartu behar da, baita autonomia erkidegoena ere; Hego Euskal Herriko kasuan, Gasteizko eta Nafarroako gobernuena, diputazio probintzial edo foru aldundiena, udalena, eta abarrena. Bat baino gehiago dira zor publikoaren formak. Espainiako Estatuaren kasuan Altxorraren letrak, Altxorraren Obligazioak eta Bonoak. Baina ez dira horiek bakarrik zor publikoak hartzen dituen formak. Egin zezaketen, baina udalek ez dute zor publikorik jaulkitzen, finantza erakundeengana jotzen dute finantzazio bila, enpresa batek egingo lukeen antzera. Batzuetan, administrazioak ere, oroz gain udalerrikoak, hornitzaileen kontura zorpetzen dira.

Espainiako Estatuan, zor publikoa, adituen arabera, BPGaren %70 izango da urte amaieran, gure inguruko estatu gehienetan baino askoz txikiagoa. Hala ere, ez da hori larriena, gizartearen zorpetze orokorra baizik. 2009. urte amaieran, administrazio publikoen (Estatu zentrala, autonomia erkidegoak eta udalak) nahiz pribatuen (enpresak, etxebizitzak eta banku sektoreak) baterako zorra lau bilioi eurokoa zen ia-ia, BPGaren %390. Enpresa ez-finantzarioek BPGaren %143 zor zuten; bankuek eta aurrezki kutxek BPGaren %107; eta etxebizitzek %89. Egoera horren ondorioz, arriskua neurtzeko agentziek Espainiako Estatuaren zorraren kalitatea beheratzen badute, diruaren prezioa garestitzeak sektore horiei guztiei eragingo die, eta ez Estatuari bakarrik, beren kredituak berriz negoziatzera edota maileguan diru gehiago eskatzera joaten direnean.

Zer da defizit publikoa?

Defizit publikoak islatzen du denboraldi jakin batean estatu baten gastuak handiagoak direla diru sarrerak baino. Defizit publikoaz ari garenean, administrazio publiko guztiak sartu behar ditugu bertan (autonomia erkidegoak, udalak, gizarte segurantza). Defizit publikoa miliarka eurotan neurtzen da (1 miliar = mila milioi), baita BPGaren ehuneko gisa ere. 2008an Estatuak 300 miliar euroko diru sarrerak izan zituen; defizita 40 miliar ingurukoa izan zen; hau da, %13ko defizita. 2009an, defizita BPGaren %11tik gorakoa izan zen, 120 miliar gutxi gorabehera. Eta Espainiako Gobernuak BPGaren %9,8ko defizita aurreikusten du 2010erako. Orobat, planteatu diren egokitze neurriak kontuan hartuta, BPGa %3 dela iritsi nahi da 2013. urtera, baina lehenengo %7,5 lortu behar da 2011n, eta %5,3 2012an.

Murrizketak eta politika fiskala

Espainiako eta Frantziako gobernuek, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek, eta gainerako Europako gobernuek egokitze planak martxan jarri dituzte, beren defizit publikoa murrizteko, finantza merkatuek hala behartuta: langile publikoen soldatak murriztea, pentsioak izoztea, jubilazioa atzeratzea, lan arloko erreforma –kanporatzeak merkatzeko– eta beste neurri antisozial batzuk. Krisiaren arduradunak ez direnak ari dira krisiaren ondorioak gehien jasaten, eta krisiaren arduradunek irabaziak biltzen eta beren politika antisozialak ezartzen segitzen dute. Adibidez, Europakoa bezalako presio fiskala Hego Euskal Herrian aplikatuko balitz, 5.300 milioi euro bilduko lirateke urtero –4.000 EAEn eta 1.300 Nafarroan–. ELAk egin berri duen azterketak hala dio, eta, Espainiako Estatuaren kasuan, diru biltzea beste 90.000 milioi gehiagokoa izango zela gaineratzen du. Modu horretan Espainiako Estatuaren defizit publikoa gainditu egingo litzateke, murrizketa antisozialak ezartzeko beharrik gabe.
Finantza merkatuen diktadura
Defizit publikoa murrizte aldera egokitze neurriak hartu behar direnean, gobernariek “finantza merkatuen” presioa argudiatzen dute: politika latzak aplikatzeko garaia dela, eta beren defizitak eta zor publikoak murriztu egin behar dituztela haien konfiantza berreskuratzeko –baldintza ezinbestekoa baita hori ekonomiaren susperraldia bideratzeko–. Haiek dira gobernuak politika antisozialak egitera behartzen dituztenak, defizit publikoa hobetzeko. “Finantza merkatuak” guztiz babestutako bankuak dira –batik bat alemaniarrak, frantziarrak eta estatubatuarrak–, eta haiek eta haien aliatu politikoak dira gastu publikoaren austeritatea inposatzen dutenak, beren irabaziak ziurtatzeko. “Merkatu” horiek diru kutxa publikoetatik edaten jarraitu ahalko dutela baieztatu nahi dute. NDFk eta EBk zailtasunak dituzten herrialdeentzat ekarri duten 750.000 milioi euroko “diru laguntza” ez da herri horietako biztanleek aurki ditzaketen zailtasunak gainditzeko, bankuei laguntzeko baizik –alemaniarrak eta frantziarrak bereziki–, modu horretan seguru baitakite estatuek zorrak ordainduko dizkietela, eskatutako interes konfiskagarriak eta guzti.

Finantza merkatu horiek, Vicenc Navarro katedradunaren ustetan, hainbat erakunderen babesa jasotzen dute. Horien artean NDF da garrantzitsuena, estatuei dirua uzten baitie bankuei ordaintzeko. Horregatik ez dute bankuek inoiz galtzen. Langileak eta herri xehea dira galtzaileak, gero bankuei ordaintzeko dirua herritar horien gizarte zerbitzuetatik izaera publikoko zerbitzuak murrizten lortzeko agintzen baitie NDFk gobernuei. Beraz, errua ez dator merkatuetatik. Banku interesak eta beren aliatuak dira –NDF eta EBZ, besteak beste– sakrifizio eta murrizketa antisozial horiek inposatzen ari direnak.

ASTEKARIA
2010ko ekainaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude