Amsterdamera bidaiatu behar izan da, orain arte, Anne Frank eta senitartekoak naziengandik ezkutatu ziren etxea, “atzeko etxea” deritzona, ikusteko. Baina Anne Frank Museo-etxearen webgunean (www.annefrank.org) bisita birtuala egin daiteke hemendik aurrera.
Argi dago ez dela berdin ezkutalekuaren irudikapen interaktiboan sartzea eta benetako zorua zapaltzea. Baina bisita birtual berriak badu abantailarik: Amsterdameko Prinsengracht kaleko etxea hutsik dago egun –Annek horman itsatsitako argazkiak baino ez dira geratzen–, eta webguneko etxean, aldiz, ezkutalekuko jatorrizko elementu guztiak daude: arropa, jakiak, altzariak... Anne Frankek berak egunkarian deskribatu bezala.