Urtean 700.000 milioi euro aurrezteko mundu zerga

  • Mundu osoko krisi ekonomiko finantzario larriak alarma joarazi du eta gero eta gehiago dira Tobin tasa ezartzearen aldeko ahotsak. Tobin tasa munduko kapitalen fluxuaren gaineko zerga da eta, ezarriz gero, urtean 700.000 milioi euro inguru bilduko lirateke planetaren behar larrienei erantzuteko. Hil honen bukaeran Kanadan bilduko den G-20ak gai hori landuko du.
Tobin tasaren inguruko ingelesezko afixa
Tobin tasaren inguruko ingelesezko afixa; askok zerga horri "Robin Hood tasa" deitzen diote.
Nazioarteko transakzio finantzarioetan zerga bat sartzea, hau da, Tobin tasa deritzona ezartzea, ezker erradikalenaren, globalizazio kapitalistaren aurkako taldeen kontua zen duela urte gutxi arte. Proposamena erradikaltzat jotzen zen eta aldekoak, iraultzailetzat. Ondorioz, munduko gobernuetako jardunetatik urrun zeudenen utopiatzat zuten. Baina munduko azken krisialdiak gauza asko aldatu ditu, nazioarteko arkitektura finantzario berri bat barne, egonkorragoa eta aurreikusten errazagoa. Horrenbestez, Kanadan ekainean burutuko den munduko G-20 gailurrak gaia jorratzea aurreikusten du. Baina askok susmoa du gaia funtsik gabe eta baztertuta utziko dutela, paradisu fiskalak desagerrarazteko konpromisoarekin egin duten moduan.

Mundu osoko ekonomialariak, Jeffrey Sachs-ek esaterako, G-20ari zuzendutako gutun bat sinatu dute, transakzio finantzarioen gaineko zerga sortzearen alde. Murrikaz, zerga horri “Robin Hood tasa” esaten diote, pobreei laguntzeko aberatsei lapurtzen zien Sherwoodeko basoko bidelapurra gogoan.

Zer da?

Tobin tasa munduko kapitalen fluxuaren gaineko balizko zerga da eta James Tobin ekonomialariak, 1981ean Ekonomiako Nobel saria jaso zuenak, eman zuen aditzera 1971n. ATTAC mugimenduak proposatu eta bultzatu zuen zerga ezartzea. Dibisen arteko truke eragiketa bakoitzeko zerga ordaintzean datza, moneta batetik bestera pasatzea geldiarazteko eta, Tobinen arabera, nazioarteko moneta eta finantza merkatuen “engranaje koipeztatuegietan area botatzeko”. Tasak baxua behar zuen izan, %0,1 ingurukoa, moneten arteko epe oso laburreko joan-etorriko eragiketa espekulatiboak zigortzeko, inbertsioei eragin gabe. Gaur egun, Tobin tasa ez litzateke soilik dibisen arteko eragiketetan ezarriko, nazioarteko transakzio finantzario guztietan baizik.

Nazioartean egindako zenbait kalkuluren arabera, Tobin tasaren bidez bildutako kopurua munduko BPGren %0,6 eta %1 artean legoke. Horixe dio Jesús Lizcano Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradun eta Transparencia Internacional España erakundeko presidenteak, El País egunkarian argitaratutako artikulu batean (2010eko otsailaren 14an). Zenbateko absolutuetan, bildutako kopurua urteko 300.000 eta 700.000 milioi euro artean legoke, beti ere Lizcanoren esanetan; %0,05eko ala %0,1eko tipoa ezartzearen arabera, eta soilik dibisen eragiketetan ala finantza eragiketa guztietan ezartzearen baitan egongo litzateke kopuru bat ala bestea.

UNCTAD Merkataritzari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziak Tobin tasak urteko 720.000 milioi dolar biltzea ahalbidetuko zuela ondorioztatu zuen, zati berdinetan gobernu biltzaileen eta herrialde txiroenen artean banatzeko. Nazioarteko zenbait eragileren arabera, bildutako zenbatekoaren %10 nahikoa litzateke, planetako biztanle guztiei osasun laguntza emateko, malnutrizio larriena desagerrarazteko eta mundu guztian edateko ura eskura izateko; eta %35ari esker biztanle helduen analfabetismo tasa erdira jaitsi liteke eta lehen mailako hezkuntza unibertsal bihurtu.

Tobin tasaren sustatzaile berriak

Orain arte Tobin tasaren aldekoak globalizazio kapitalistaren aurkako taldeen inguruan zeuden. Zalantzarik gabe, 1970eko hamarkadan Le Monde Diplomatique aldizkarian Ignacio Ramonet zuzendariak azaldutako ikuspuntuek eragin handia izan zuten horretan. Tobin tasa sortzeari buruzko eztabaida eragin zuen eta tasa sustatzeko elkartea sortu zuen, ATTAC (Herritarrei Laguntzeko Transakzio Finantzarioak Zergapetzearen aldeko Elkartea). Hala, talde altermundistak tasaren alde hasi ziren; eta urte horietan eztabaida kalean eta zenbait parlamentutan zabaldu zuten. Jacques Chirac Frantziako orduko presidenteak berak tasa defendatu zuen partzialki. Bestalde, Venezuelako presidente Hugo Chavezek eta Argentinako Nestor Kirchnerrek abiarazitako Hegoaldeko Banku berriak eskualde mailan ezarritako Tobin tasa baten bidez lortutako diru-sarrerekin kapitalizatzeko aukera aztertu du. Munduko Bankuarekiko (MB), Nazioarteko Diru Funtsarekiko (NDF) eta Garapenerako Banku inter-amerikarrarekiko duten autonomiari eustsiko liokete horrekin.

Azken hilabeteotan, Gordon Brown britainiar lehen ministro izandakoak ekimena berrabiarazi du, azken G-20 gailurrean tasa hori dibisez gain transakzio finantzario guztien gainean ezartzea proposatu baitzuen. Sarkozyk, Merkelek, Barrosok eta Almuniak proposamena babestu zuten. Eta, hala, joan den abenduan, EBk tasa hori praktikan ezartzeko eskatu zion NDFri. Ikusteko dago Kanadako ekaineko G-20 gailurrean, azkenean, ezartzea erabakiko duten ala ez. Paradisu fiskalak desagerrarazteko hartu zituzten erabakiek ez dute oraindik emaitzarik izan eta horrek Tobin tasaren gaian oso zuhurrak izatera behartzen gaitu.
Nork kontrolatuko luke tasaren bilketa eta banaketa?
Galdera hau ez da berriketa, are gutxiago munduko ustelkeriaren gaitzaren jakitun garenean. Horrez gain, aintzat hartu behar da egun Tobin tasaren alde dauden zenbait eragilek, Davoseko Foroak, esaterako, uste dutela dirua zailtasunak dituzten bankuak erreskatatzeko erabili beharko litzatekeela. Globalizazio kapitalistaren aurkako mugimenduek zerga horrek sortuko lituzkeen diru-sarrerak munduko pobreziari aurre egiteko finantzazio iturri garrantzitsua izango liratekeela deritzote. Sektore liberalek neurri interbentzionista bereziki kaltegarritzat jo dute merkataritza librea oztopatzen duelako. Hala, herrialde pobreenen aurka ari dira eta funtsak biltzeko, kudeatzeko eta erabiltzeko zailtasun handiak ipintzen dituzte.

Horregatik, funtsezkoa da zerga biltzeaz eta, ondoren, bildutakoa banatzeaz nazioarteko zer erakunde arduratuko den zehaztea. Oraindik erantzunik ez duen giltzarria da. Globalizazioaren aurkako mugimenduek NDF eta MB baztertu dituzte zeregin horretarako, kapitalismo basatienaren ordezkaritzat baitituzte. Beraz, Tobin tasa biltzea nahiz ondoren banatzea nazioarteko zein erakundek bermatuko luketen aztertu beharko da.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude